39. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 31

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

F O N T E L L A S

Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko nahiz hango zerbitzuak hartzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Fontellasko Udalak, 2002ko azaroaren 26an egin bilkuran, Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko nahiz hango zerbitzuak hartzeko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen hasiera batean.

Onespen horren iragarkia urtarrilaren 17an argitaratu zen, 2003ko 8. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, baita hogeita hamar egunean ikusgai eduki ere Fontellasko Udalaren iragarki oholean, interesatuek azter zezaten eta erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko aldia iragan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsirik gelditu da delako ordenantza eta ondotik ematen, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren ariora.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Fontellasen, bi mila eta hiruko otsailaren hemeretzian. Alkate udalburua, Andrés Agorreta Arriazu.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO NAHIZ HANGO ZERBITZUAK HARTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Fontellasko Udalaren hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren aginduen menpekoa, hari baitagozkio bere administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, bertze agintaritza eta erakundeen esku den hartan izan ezik.

2. art. Udalari dagokio:

a) Hilerriaren antolaketa, zainketa eta egokitzapena.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian edozein motatako obrak edo muntadurak egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea.

d) Legez ezarririko eskubideak eta tasak eskuratzea.

e) Higieneari dagokionez, eman diren edo etorkizunean emanen diren neurriak betetzea.

f) Lursailen eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

3. art. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hori ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. art. Hilerrian behar adina hilobi huts izanen dira, udalerriko biztanleen erroldaren arabera, edo haiek egiteko behar adina lur, bederen.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

5. art. Hilerriko seriotasunari eta antolamendu egokiari traba egin diezaiekeen animalia orori ez zaio hilerrian sartzen utziko. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira zerbitzuko udal ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuaren esleipena hartu duen enpresarenak edo hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak, betiere gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badauzkate.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izanen dira hilerriko bide eta muntaduretan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, erantzukizun hori bera kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari eskatzen ahalko zaio berehalaxe.

6. art. Obrak egiteko materialen sarrera Udalak horrexetarako finkatzen duen ordutegian baizik ez da eginen. Partikularrek egin beharreko obrak aldez aurretik ezarritako orduetan egin beharko dira eta 5. artikuluak aipatzen dituen lizentzia eta baimenak izan beharko dituzte.

7. art. Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea, baita legarrak kentzea edo gisakoak egitea.

Inguruabar bereziak direla-eta horrelakoak egin behar badira, hilerriko langileei baimena eskatu beharko zaie, eta horiek zehaztu beharko dute zein tokitan eginen diren lan horiek.

8. art. Udal organo eskudunek hilerriaren zaintza eta garbiketa lan orokorren ardura dute.

Titularren betebeharra da hilobiak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesatuei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez eginez gero, hori aski izanen da ehorzketak egiteko baimena ez emateko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahal ditu lan horiek, interesatuen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren esku geldituko da. Hori guztia, titularrak ehorzketa-eskubideari bere borondatez uko egiten ahal diola ukatu gabe.

III. TITULUA

Gorputegia

9. art. Hilerrira ailegatu bezain laster ehortzi behar ez diren hilotzak gorputegian ezarriko dira.

10. art. Epaile eta osasun agintariek hilerrian ehortzi gogo diren hilotzak gorputegian sartzeko agindua eman dezakete, heriotzaz geroztik hogeita lau ordu iragan ez badira.

11. art. Partikularrei ez zaie gorputegian egoten utziko hilotzak hor dauden bitartean, agintariek halako denbora mugatu batean egiten dituzten bisitaldiak salbu.

IV. TITULUA

Hilotzak ehortzi, hobitik atera, lekuz aldatu eta haiei autopsiak egitea

12. art. Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauen ariora eta ondoko artikulu hauetan xedatutakoari jarraikiz dira hilotzak edo gorpuzkiak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko:

13. art. Hilerrian, ehorzketarako ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, betiere legezko izapideak bete badira.

14. art. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

15. art. Hilotzak hobitik zein egunetan eta zein ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udalean horren ardura dutenei, jarduketa hori ikusi ahal dezaten, lana gainbegiratzeko.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

16. art. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkiak ez dira gorputegira eramaten ahal.

17. art. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu ondotik gutxienez ere bi urte iraganda, panteoietan edo horma-hilobietan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bortz urte iragan arte.

b) Lurperatu ondotik gutxienez ere 8 urte iraganda, lurpean ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean. Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko. Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

18. art. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

19. art. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzteko, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian eta haren titularraren baimenaz.

V. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideak oro har

20. art. Ehorzketa-eskubidean titulu honek aipatzen dituen kontzesio eta errentamenduak sartzen dira. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen hastapenei jarraikiz.

21. art. Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro-liburuan inskribatuko dira eta kontzesioak behar den titulua luzatuz egiaztatuko dira.

22. art. Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobi edo horma-hilobiaren erabilpena baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. art. Gizakien hilotzak eta gorpuzkiak lurperatzea izanen da aitzineko artikuluan definituriko ehorzketa-eskubidearen arrazoi eta xede. Beraz, eskubide hori heriotzaren unean eskuratuko da bakarrik horma-hilobiak badira, salbu eta 70 urte edo gehiagotan hildakoek, horietariko batek horma-hilobiak erosten ahalko baititu bere senar edo emaztearendako, betiere hilarria bi horma-hilobietarako luze-zabaletan paratzen badituzte.

24. art. Horma-hilobiak edo hilerrian dagoen bertze edozein eraikuntza merkataritzarik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ezin dira salerosi, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

25. art. Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren esku geldituko dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ez dira udal hilerritik ateratzen ahal Udalaren baimenik gabe eta horrelakoetan ere bakarrik konponketak egiteko.

Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, artistikoa ez bada ere. Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den txikiena ere.

26. art. Titularra testamenturik utzi gabe eta ahaiderik gabe hiltzen bada, ehorzketa-eskubidea Udalaren esku geldituko da, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoan. Halaber, horma-hilobiekin, familiakoek ez badute kontzesioaren luzapenik eskatzen, epea iragan ondoan iraungiko da eta eskubidea Udalaren esku geldituko da.

27. art. Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berarekin, ordenantza honetako xedapenekin bat.

II. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideak eta, bereziki, kontzesioak

28. art. Kontzesioak eta errentamenduak honela ematen ahalko dira:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo babespekoek baizik ez erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek baizik ez erabiltzeko bada.

d) Bi ezkontideren izenean, lehen eskuraketaren unean.

29. art. Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez kontzesioen ez bestelako ehorzketa-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz beste eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

30. art. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira eta hura udal administrazioak luzatuko du.

Kontzesio tituluetan hauek jasoko dira:

_Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

_Udalak noiz eman zuen kontzesio ebazpena eta hori zer epetarako den.

_Hirugarren pertsonei eskualdatzea, halakorik bada.

31. art. Hilobi titulu bat hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia luzatuko da, interesatuak eskaria eginda.

Hilobi tituluetako izenetan edo bertzelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira titularrak eskabidea egin ondotik.

32. art. Alkateak, eskaeren ordenari jarraikiz, hilobien kontzesioa emanen du, interesatuek halaxe eskatzen badute.

Adinez nagusia bada, jende guztiak eskatzen ahal du hilobien kontzesioa.

33. art. Ehorzketa-eskubidearen kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Ez da inoiz-inola epemugarik gabeko kontzesiorik emanen.

Kontzesio mota bakarra egonen da:

_Nitxoak, ehorzketetarako eta gorpuzkiak lekualdatzeko.

Kontzesioak 50 urte iraunen du. Kontzesioaren luzapena eskatzen bada, gehienez ere 25 urterako emanen da, eta eskatu zen unean indarra zuen prezioaren % 25 ordaindu beharko da. Eskaera, mugaeguna baino bi hilabete lehenago egin beharko da eta gutienez ere 15 egun lehenago.

Hura bukatzean, titularrak edo heredentzia edo beste titulu baten bidez subrogatzen direnek hautara izanen dute, gorpuzkietarako nitxo baten kontzesioa eskatu edo kasuan kasuko hilobian diren gorpuzkiak hobi orokorrera eraman.

34. art. Nitxo berean hurrenez hurren egiten diren ehorzketek ez dute ehorzketa-eskubidea bestelakotuko. Hala ere, salbuespen bat egonen da, izan ere kontzesioa edo, bertzenaz, luzapena bukatzeko falta den epea hilotzak lekuz aldatu edo kentzeko legez ezarritako denbora baino ttikiagoa izan daiteke; beraz, hilotz bat orduan lurperatzen bada, epe hori 2 urtez luzatuko da, lurperatze egunetik hasita, edo 5 urtez, heriotza eritasun kutsagarriak eragin badu.

Salbuespeneko 2 edo 5 urteko luzapen hori bukatuta, 33. artikuluak dioena aplikatuko da.

35. art. Hilerrian ematen diren horma-hilobien kontzesio guztiak, ehorzketetarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesio hartzaileen eskubide guztiak.

36. art. Edozein arrazoi dela medio hilerria ixten bada oraindik kontzesio epea igaro gabe dagoenean, eskubideen titularrei horma-hilobia emanen zaie kontzesioaldia bukatu bitarte.

37. art. Hau izanen da kontzesioen tasa 2003. urtean:

_Horma-hilobiak: 427 euro/unitatea.

Kontzesio epea, aitzineko artikuluetan erran den bezala, 50 urtekoa da. Esandako prezio hori urtero aldatuko da, karga-tasak, tasak eta prezio publikoak eta gainerako ordainarazpenak onestearekin batean.

Luzapenaren tasa aitzineko erregela aplikatuz dagokiona izanen da.

Kontzesioaren prezioa 15 egun balioduneko epean ordainduko da, jakinarazpena egiten denetik. Kontzesioak ez du inolako ondoriorik izanen ordainketa egiaztatzen ez bada.

38. art. Ordenantza hau baino lehenagoko kontzesioen edukia bere hartan utziko da, eta titulua ez da aldatuko; halakorik ez badago, ordenantza honek arautuko ditu.

Ondorengo kontzesioek eta ordenantza honek arautu beharrekoek 33. artikuluan ezarritako iraupena izanen dute.

Halako familia batek hilobi bat erabili badu orain arte betiereko kontzesioa izateagatik, kontzesio hori frogatu ezin badu titulurik ez duelako, gaurko erabiltzaileek haien kontzesioa eskatzen ahal dute kontzesioetarako aipatu diren baldintza beretan.

III. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

39. art. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik batere ez duten lagunen hilotzak ehorzteko hobiak izanen dira.

Horiek ez dira kontzesioetan sartuko eta haien erabilpena ez da inolako eskubideren menpe egonen.

40. art. Hilobi hauetan ez da hilarririk edo hilartitzik paratuko eta udalarenak direla baizik ez du paratuko.

41. art. 17. artikuluan ezarritako epea beteta, gorpuzkiak hobi orokorrera eramanen dira.

42. art. Hildako baten jendakiek ezta beste pertsona interesatuek ez dute inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza erreklamatzen ahal.

Salbuespena egitea beharrezkoa izanen da agintari judizial edo sanitarioek horrela agintzen duten kasuetan.

IV. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

43. art. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.

44. art. Emandako horma-hilobiak eskualdatzen ahal dira inter-vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen delarik.

45. art. Eskualdaketa inter-vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, hilobia erabili izanagatik ere, behar diren baldintzak paratuz gero.

46. art. Mortis-causa eskualdaketari dagokionez, hots, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, hauena izanen da, hurrenez hurren, eskualdaketarako eskubidea: testamentuaren araberako ondorengoak, bizirik gelditzen den ezkontidea edo, halakorik ez bada, testamenturik gabeko ondorengotza nortzuei dagokien, haiexek.

Kausatzaileak jabe-ondorengoak uzten baditu edo bizirik irauten duen ezkontiderik ez bada, eta hainbat lagun gertatzen badira interesatuaren ondorengo, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Gehiengoa ezina bada, eskubidea ondorengoen artetik zaharrenaren alde onartuko da.

47. art. Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldioro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horrengandik abiatuta kontatuko dira betiere, 48. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere jasoko dira kontzesioaren tituluan.

48. art. Horma-hilobien kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta jendakiei, ordenantza honetako aginduei lotuz betiere.

Horma-hilobien kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien jendakiak ehorzten ahal dira, mugarik gabe, aurrekoak nahiz ondokoak izan, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak beste edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimenaren momentuan dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

49. art. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdaketek ez dute epe hori aldatuko.

50. art. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, betiere dagokion hilobian gorpuzki ehortzirik ez bada.

Horretarako eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi beharko da interesatua bera edo, halakorik bada, haren legezko ordezkaria agertuz.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

51. art. Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, honelakoetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoera dela eta, aldez aurretiko txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesatuari entzutea eman.

b) Hilobia abandonaturik uzten denean. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta urtebete geroago ondorengoek edo herentzia edo bertze titulu baten bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Ondorengoak edo herentzia edo bertze tituluren bidez subrogaturiko pertsonak eskualdaketa eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, 3 hilabete izanen dira hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko izapideak egindakoan, ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskura itzuliko da.

c) Eskubidea zer epetarako eman zen, haiek iragaten direnean.

d) Behar den epearen barrenean eskubideak edo tasak ordaintzen ez badira.

e) Aurreikusitako moduan titularrak berariaz uko egiten duenean.

f) Hilerria desagertzeagatik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, alor honetako legeriak aurreikusitakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta 30 egunetara hartuko du indarra, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: A0302000