I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
FORU AGINDUA, 2003ko otsailaren 3koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko lau fitxategiri segurtasun maila ezartzen diena, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetzeko.
Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu pertsonalak automatikoki tratatzeko fitxategitzat Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko fitxategi hauek onetsi ziren, datu pertsonalak automatikoki nola tratatu arautzeko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoaren babesean: "Nafarroako nekazaritzako fitxategia", "Zehazpena", "Mendiko kalteordain konpentsatorioa" eta "Uztea".
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez honako fitxategi hauek aldatu ziren: "Nafarroako nekazaritzako fitxategia", "Mendiko kalteordain konpentsatorioa" eta "Uztea".
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bere hirugarren xedapen iragankorrean, ezartzen du Lege hori aplikatu eta garatzeko erregelamenduzko xedapenak onesten ez diren bitartean, indarra izaten segituko dutela, zuten maila berean, datu pertsonalen tratamendu automatikoaren alderdi batzuk garatzen dituen ekainaren 20ko 1332/1994 Errege Dekretua, eta datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun neurriei buruzko erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretua, betiere, 15/1999 Lege Organikoari kontra egiten ez badiote.
Lege Organiko horren lehen xedapen gehigarrian xedatzen da fitxategi eta tratamendu automatizatuak, Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribaturik egon ala ez, Lege Organikoari egokitu beharko zaizkiola, indarra hartu eta hiru urteko epean. Epe horretan, titulartasun publikoko fitxategien ardura duten administrazio publikoek fitxategia arautzeko xedapen bat onetsi beharko dute edo, bestela, dagoena egokitu. Automatizatu gabeko fitxategi edo tratamenduen kasuan, Legeari egokitzeko epea hamabi urtekoa izanen da, 1995eko urriaren 24tik aurrera, pertsona ukituen eskubidea datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko deusetan galarazi gabe.
Uztailaren 22ko 152/2002 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eskuko fitxategi informatizatuak aldatu ziren, zeinetan zilegi baitzen datu pertsonalak besteri lagatzea. Hala ere, arau horretan ez zen zehazten Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko fitxategi batzuen segurtasun maila.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak emandako eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko ondoko fitxategiei dagokien segurtasun maila ezartzea, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuari jarraikiz:
_Nafarroako nekazaritzako fitxategia: 1942456752.
Oinarrizko mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.
_Uztea: 1942456755.
Oinarrizko mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.
_Mendiko kalteordain konpentsatorioa: 1942456754.
Erdiko mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.
_Zehapenak: 1942456749.
Erdiko mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.
2. Informazio hori Datuak Babesteko Agentziari jakinaraztea Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean behar bezala jaso dezan.
3. Foru Agindu hau jakinaraztea Lehendaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Datuak Babesteko Atalari, Informazioa Kudeatzeko Atalari eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hiruan._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.
Iragarkiaren kodea: C3034041