38. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 28a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C A S T E J O N

"Castejongo Udalaren Musika Eskola"ren estatutuak. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2002ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Castejongo Udalaren Musika Eskola"ren estatutuak. Hasierako onespenaren iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (10 zenbakia, 2003ko urtarrilaren 22koa). Alegaziorik aurkeztu ez zenez, Udalak, 2003ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, estatutuak behin betiko onestea erabaki zuen.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak sor ditzan.

Castejonen, bi mila eta hiruko otsailaren hogeita zortzian. Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

CASTEJONGO UDALAREN MUSIKA ESKOLAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera eta xedea

1. artikulua).

"Castejongo Udalaren Musika Eskola" entitatea administrazio izaerako erakunde autonomoa da, Casejongo Udalaren menpekoa. Nortasun juridiko propioa du estatutu hauetan azaltzen diren eginkizunetan aritzeko.

2. art.

Erakunde autonomo honen xedea Castejongo Udalaren Musika Eskola sortu, sustatu eta kudeatzea da. Castejongo bizilagun guztiak joan ahal izanen dira eskolara, baita beste herri batzuetakoak ere, onartuak izanez gero.

3. art.

Aipatu helburua lortzeko, erakunde autonomoak, ahal duen heinean, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Musika Eskolaren beharrak une oro ezagutzea, plangintzaren oinarri izanen diren azterketa egokiak eginez.

b) Eskolako jarduerari eustea.

c) Eskolako jardunbidea kontrolatu eta zaintzea, administrazioaren, instalazioen eta zerbitzuen arloetan.

4. art.

Bere jarduera goian aipatu xedeei egokitzeko, erakunde autonomoak ondokoak egiten ahalko ditu:

a) Mota guztietako ondasunak eskuratu, eduki, besterendu eta kargatu.

b) Bere ondarea eta beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek lagatzen dizkioten ondasunak administratu.

c) Tasak edo prezio publikoak kobratu.

d) Herentzia, legatu eta dohaintzak onartu; diru-laguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak jaso erakunde publiko edo pribatuengandik, baita pertsona fisikoengandik ere.

e) Edozein motatako kontratu, hitzarmen eta lankidetza-akordioak egin.

f) Zerbitzua egiteko behar dituen langileak kontratatu.

g) Aurrekontuak eta urteko kontuak egin eta hasiera batean onetsi.

h) Ekintza judizial eta administratiboak burutu.

5. art.

Erakunde autonomoaren helbidea Castejongo Julián Gayarre kalea, z.g. izanen da. Castejongo udal mugapeko beste toki batera aldatu ahal izanen du egoitza, Udalaren Musika Eskolako Gobernu Batzordeak aurretik hala erabakitzen badu.

6. art.

Erakunde autonomaren iraupenak ez du epemugarik izanen. Castejongo Udalak noiznahi erabaki ahalko du erakundea desegitea, eta horretarako arrazoiak izan daitezke likideziarik eza, Eskolaren funtzionamendu txarra, ikasle gutxi izatea, edo Udalak, osoko bilkuran, larritzat jo lezakeen beste edozein.

II. TITULUA

Gobernu organoak

7. art.

Honako hauek izanen dira erakunde autonomoaren gobernu organoak:

_Lehendakaria eta lehendakariordea.

_Castejongo Musika Eskolako Gobernu Batzordea.

_Kudeaketa Pedagogikorako Batzordea.

8. art.

Gobernu Batzordea erakunde autonomoa zuzendu eta administratzeko organoa da.

Gobernu Batzordeko kideak honakoak izanen dira:

_Alkate udalburua,

_Buruordea,

_Udal taldeen ordezkari bana,

_Eskolako zuzendaria,

_Irakasle bat,

_Ikasleen gurasoen ordezkari bat, eta

_Ikasle bat.

Alkate udalburua izanen da Gobernu Batzordeko burua.

Udaleko idazkaria edo hark izendatzen duena arituko da idazkari. Udalaren Musika Eskolako gobernu organoen bilkuretako aktak eginen ditu eta haien egintzak eta erabakiak ziurtatuko ditu. Idazkariaren eginkizun eta eskumenak Toki Araudiari lotuko zaizkio eta Udalekoekin parekatuko dira.

Gobernu Batzordearen bilkuretan parte hartzen ahalko dute, hizpidearekin baina botorik gabe, bilkurako aztergairen baterako batzordeburuak berariaz deitzen dituen pertsonek, erakunde autonomoaren zerbitzuko langileak izan nahiz ez.

9. art.

Gobernu Batzordearen eginkizunak honakoak izanen dira:

a) Castejongo Udalaren Musika Eskola zuzendu eta administratzea.

b) Castejongo Udalaren Musika Eskolaren barne-araubideari buruzko erregelamendua onestea.

c) Jardueraren eta ekonomiaren kudeaketari buruzko Memoria onestea.

d) Aurrekontua eta urteko kontuak hasiera batean onestea.

e) Tasak edo prezio publikoak onesteko proposamena aurkeztea Udalari, osoko bilkuran.

f) Eskola kentzeko edo berregituratzeko proposamena aurkeztea Udalari, osoko bilkuran.

g) Langileak kontratatzea eta langileak kontratatzeko deialdi publikoa onestea.

h) Aurrekontuko kreditu transferentziak onestea.

i) Edozein eratako ekintza judizialak aurkeztea eta horietan agertzea.

j) Edozein eratako ondasunak saldu eta erostea, kredituak ituntzea eta dohaintza, legatu eta herentziak onartzea.

k) Baimenak eta aginduak ematea gastuak egiteko 18.000 eurotik gorako zenbatekoan, edo, hala egokitzen bada, Udalak osoko bilkuran erabakitako zenbatekoan.

l) Oro har, Udalean osoko bilkurak beteko lituzkeen eginkizun guztiak.

10. art.

Gobernu Batzordeak bilkura arruntak eginen ditu aurretik ezarritako egunetan, eta, gutxienez ere, hiru hilean behin.

Gobernu Batzordeak bilkura bereziak eginen ditu batzordeburuak hala erabakitzen duenean, bere ekimenez edo batzordeko kideen herenak eskaturik.

Bilkuren araubideari dagokionez, Castejongo Udalaren osoko bilkuretarako erabiltzen diren arauak aplikatuko dira beti ere.

11. art.

Erakunde autonomoko lehendakaria alkate udalburua izanen da, baina Gobernu Batzordeko kideetako bat izendatzen ahalko du lehendakaritzan bere ordez aritzeko.

12. art.

Ondokoak dira lehendakariaren eginkizunak:

a) Udalaren Musika Eskola ordezkatzea.

b) Gobernu Batzordeko kideak bilkurara deitzea, bilkuretan mahaiburu jardutea eta bilkurak etetea.

c) Gobernu Batzordearen erabakiak betearaztea.

d) Presa dagoenean, ekintza judizialak aurkezteko eta haietan agertzeko eskumenak erabiltzea. Hala eginez gero, hurrengo bileran Gobernu Batzordeari jakinarazi beharko dio.

e) Zerbitzuaren goi mailako ikuskapen eta zuzendaritza lanetan aritzea.

f) Erakundearen egintzak eta erabakiak jakinarazteko eta espedienteak zaindu eta artxibatzeko ardura izanen duten langileak izendatzea.

g) Baimenak eta aginduak ematea gastuak egiteko 3 milioi pezetarainoko zenbatekoan, edo, hala egokitzen bada, Udalak osoko bilkuran ezartzen duen zenbatekoan; ordaindu beharrak aitortu eta likidatzea eta ordaintzeko aginduak ematea.

h) Zerbitzuagatik herritarrek ordaindu beharreko tasa edo prezio publikoen likidazioak onestea.

i) Oro har, Udalean alkateak beteko lituzkeen gainerako eginkizunak.

13. art.

Erakunde autonomoko lehendakariordea alkate jaunak izendatuko du, berak nahi duena hautaturik, hezkuntzako eskumenak dituen batzordeko kideen artetik. Lehendakaria kanpoan edo eri dagoenean lehendakariordeak ordeztuko du.

14. art.

Udalaren Musika Eskolako Kudeaketa Pedagogikorako Batzordeak Musika Eskolako Pedagogi Plana onetsiko du eta plan hori nola betetzen den kontrolatuko du.

Batzorde horren ardurapean egonen dira musikaren irakaskuntzarekin zerikusia duten gai guztiak.

15. art.

Kudeaketa Pedagogikorako Batzordeko kideak honakoak izanen dira:

_Alkate udalburua.

_Udaleko Hezkuntza Batzordeko burua.

_Musika Eskolako zuzendaria.

_Bi irakasle.

_Gurasoen bi ordezkari.

_Ikasleen ordezkari bat.

Batzordeko kide bat idazkari arituko da, berariaz hautaturik.

Bilkura arruntak hiru hilean behin eginen dira. Bilkura bereziak batzordeburuak beharrezkotzat jotzen duenean eginen dira, deialdia behar bezala egin ondotik.

Udal karguak lau urtean behin berrituko dira, eta ikasle eta irakasleen ordezkari karguak bi urtean behin.

Musika Eskolako zuzendaria izanen da Kudeaketa Pedagogikorako Batzordeko burua, eta Castejongo alkate udalburua izanen da buruordea.

16. art.

Kudeaketa Pedagogikorako Batzordearen eskumeneko eginkizunak honakoak izanen dira:

a) Zentroko Funtzio Pedagogikoaren ildoak ezartzea eta aldi berean haren kudeaketa kontrolatzea.

b) Irakasleen Klaustroak zentroko jardueretarako urteko planari buruz egiten duen proposamena onestea.

c) Espezialitateen eta jarduera osagarrien urteko programazioa onestea.

d) Plantillako langileen organigrama ezartzea.

e) Ikasleak onartzeko irizpideak proposatzea.

f) Eskolako Barne Araubideari buruzko Erregelamenduko arauak garatu eta betearaztea.

g) Ordutegi akademikoak eta ikasleen antolaketa onestea, Irakasleen Klaustroaren eta Ikasketaburuaren proposamena aztertu ondotik.

h) Gobernu Batzordeari langileak kontratatzeko proposamenak egitea.

III. TITULUA

Ondasunak, baliabide ekonomikoak, aurrekontuak eta kontuak

17. art.

Erakunde autonomoaren ondareak osagai hauek izanen ditu:

1. Udalak esleitzen dizkion ondasunak, beren jatorrizko kalifikazio juridikoa galdu gabe ordea.

2. Beste ondasun batzuk, Udal Eskolak legebidezko edozein tituluren bidez eskuratzen dituenak.

18. art.

Castejongo Udalaren Musika Eskolak baliabide hauek izanen ditu:

_Bere ondareko produktu, aprobetxamendu, fruitu eta etekinak.

_Udalak bere aurrekontuetatik ekartzen diona.

_Erakunde publiko nahiz pribatuen eta banakoen diru-laguntzak eta ekarpenak.

_Ituntzen dituen mailegu eta kredituak.

_Erabiltzaileek ordaintzen dituzten tasak eta prezio publikoak.

_Egozten ahal zaion beste edozein.

19. art.

Lehendakariak eginen du aurrekontuaren proiektua, idazkariaren laguntzaz, eta, behin Gobernu Batzordeak onetsi ondoren, Udalari bidaliko zaio osoko bilkuran behin betiko onets dezan, urtero urriaren bata baino lehenago. Ustiapen eta kapital aurrekontua prestatuko da, toki entitateen aurrekontuen egiturari egokitua, eta eranskin gisa batuko zaio Udalaren aurrekontu orokorrari.

Udalak bere gain hartuko du Musika Eskolaren mantenu ekonomikoa.

20. art.

Kontuak Udalaren kontuetara bilduko dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

IV. TITULUA

Langileak

21. art.

Erakunde autonomoak bere langile kontratudunak izanen ditu eta langileok une bakoitzean indarra duen araudiari loturik egonen dira.

22. art.

Erakunde autonomoko lehendakariak langileen goi-burutzari dagozkion eskumenak izanen ditu.

23. art.

Urtero Gobernu Batzordeak hasiera batean onetsiko du Castejongo Udalaren Musika Eskolako langileen plantilla organikoa, eta bai lan eskaintza publikoa ere, eta alkateari aurkeztuko dizkio, Udalak osoko bilkuran behin betiko onets ditzan.

V. TITULUA

Udalak esku hartzeko duen ahalmena

24. art.

Udalak eginkizun hauek izanen ditu erakunde autonomoarekiko:

a) Aurrekontua behin betiko onestea.

b) Urteko kontuak behin betiko onestea.

c) Plantilla organikoa eta lan eskaintza publikoa behin betiko onestea.

d) Erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio publikoak onestea.

e) Ondasun higiezinak eskuratu, besterendu edo kargatu aurretik baimena ematea.

f) Kreditu eta maileguak itundu aurretik baimena ematea.

g) Pertsona fisiko edo juridikoekin egin beharreko hitzarmen edo akordioak onestea, horien indarraldia Udalbatzaren agintaldia baino luzeagoa bada.

25. art.

Erakunde autonomoak eta Udalak programa-kontratua eginen dute eta bertan ezarriko dituzte lehenbizikoak bete beharreko helburuak eta bigarrenak egin beharreko ekarpenak.

26. art.

Estatutu hauek aldatzekotan Udalak eginen du, ofizioz edo erakunde autonomoko Gobernu Batzordeak proposaturik.

VI. TITULUA

Araubide juridikoa

27. art.

1. Erakunde autonomoko lehendakariaren eta Gobernu Batzordearen egintzek amaiera emanen diote administrazio bideari.

2. Erakunde autonomoko organoen ebazpenen aurka errekurtsoak paratzen ahalko dira, une bakoitzean Nafarroako Toki Entitateen egintzei aurka egiteko zilegi direnak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egun baliodunean hartuko du indarra erregelamendu honek.

Iragarkiaren kodea: A0302442