38. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

25/2003 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Hizkuntza Eskola Ofizialetako oinarrizko zikloa gainditzeko probaren formatua eta edukia zehazten dituena.

Uztailaren 16ko 196/2001 Dekretuak, hizkuntzen irakaskuntza espezializatuen oinarrizko zikloa eta haren curriculuma ezartzen dituenak, 4. artikuluan ezartzen duenaren arabera, oinarrizko zikloaren ziurtagiria erdiesteko hizkuntza eskola ofizial guztietarako proba bat gainditu beharko dute bai ikasle ofizialek nola libreek (Dekretua 2001eko 106. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 31n).

Foru Dekretu horren berean ebaluazioari buruzkoa den atalean, 13. artikuluak ezartzen du Hezkuntza eta Kultura Departamentuak arautuko duela proba hori nola itxuratu, deialdia nola egin eta nola garatu, foru dekretu horrek agintzen duenarekin bat.

Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetako (presentzialak nahiz urrutikoak) hizkuntza departamentu guztien adostasuna izanen duten formatua eta edukia ezartzearren, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak irakasle espezialisten batzorde bat osatu zuen, proposamen bat prestatzeko. Hizkuntza departamentu guztiei proposamen haren berri eman zitzaien, 2001-2002 ikasturtean aztertu eta bidera zezaten.

2002-2003 ikasturtean, oinarrizko zikloa koordinatzeko beste batzorde bat izendatu zen, probak prestatzeko eta proben prozesua koordinatu eta garatzeko, Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin batera.

Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, 2002-2003 ikasturterako ezartzen diren hizkuntzen irakaskuntza espezializatuen oinarrizko zikloko ziurtagiria lortzeko probek izan beharreko formatua eta oinarrizko edukia onets daitezen.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30eko 398/1996 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizial guztietan ofizialki irakasten diren hizkuntzen oinarrizko zikloaren ziurtagiria lortzeko probaren formatua eta definizioa onestea 2002-2003 ikasturterako, hala ikasle ofizialentzat nola libreentzat, Ebazpen honen eranskinean ageri denaren arabera.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Hizkuntzen Unitate Teknikora eta Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren lauan._Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

E R A N S K I N A

Oinarrizko zikloaren ziurtagiria lortzeko azterketa

Azterketaren zatiak:

Hizkuntzen irakaskuntza espezializatuen oinarrizko zikloaren ziurtagiria lortzeko probak bi zati izanen ditu:

1. Idatzizko proba.

2. Ahozko proba.

Ahozko proba egiteko idatzizko proba gainditu beharko da.

Bai idatzizko proba bai ahozkoa gainditzeko ezinbestekoa izanen da gutxienez ere guztiaren % 65 lortzea.

Idatzizko probaren ezaugarriak

Iraupena: 3 ordu.

Deskripzioa eta portzentajeak:

Idatziaren ulermena %20 %50 %65

Ahozkoaren ulermena %20

Test morfo-sintaktiko eta lexikoa %20

Idatzizko adierazpena %40 %40

Idatziaren ulermena:

Azterketa egin behar duenari benetakoak diren (edo antzeko ezaugarriak dituzten) hiru dokumentu proposatuko zaizkio gehienez, eta zenbait mota eta arlotakoak izanen dira: prentsako artikuluak, literatur testuak, dibulgazioko testuak, iragarkiak, inprimakiak, e.a.

Ariketen bidez bai ulermen orokorra bai berariazkoa ebaluatuko dira.

Ahozkoaren ulermena:

Azterketa egin behar duenak audio edo bideo euskarrian emanen diren hiru dokumentu entzun beharko ditu gehienez. Dokumentu bakoitza bi aldiz entzunen da:

Ariketen bidez bai ulermen orokorra bai berariazkoa ebaluatuko dira.

Test morfo-sintaktiko eta lexikoa:

Ariketek testuingurua izanen dute.

Testak ondoko arlo hauetako hizkuntz gaitasuna ebaluatuko du: sintaxia, morfologia, lexikoa eta hizketako egintzak.

Erantzun okerrak ez dira penalizatuko.

Idatzizko adierazpena:

Proba horretan bi edo hiru testu idatzi beharko dira, zenbait mota eta luzeratakoak, emanen den oinarri batetik abiatuta. Testuak 200 hitzetatik 300etara bitartekoak izanen dira.

Proposatzen diren ariketen bidez, azterketa egiten duenak honako arlo hauetan duen gaitasuna ebaluatuko da:

_Kontatzea (denboran eta espazioan kokatuta).

_Deskribatzea (tokiak, pertsonak, gauzak).

_Iritziak eta sentimenduak adieraztea.

_Kontrako eta aldeko argudioak ematea.

_Curriculum honen eduki kontzeptualetan ageri diren hizketaren gainerako egintzak eta funtzioak idatziz adieraztea.

Ahozko proba

Iraupena: 10 minutu.

Interes orokorreko gai bat azaltzea, oinarri batetik abiatuta (testua, argazkia, marrazkia, publizitatea, e.a.).

Azterketa egin behar duenak dokumentua aurkeztuko du eta hartan garatutako gaia azalduko.

Gidoi bat erabili ahalko du azalpena bideratzeko.

Bi dokumentu eman eta bat hautatu beharko du.

Epaimahaiko kideekin eta/edo azterketa egiten ari den beste batekin batera aritzea, azaldutako gaiaren inguruan.

Proba banaka edo binaka egin ahalko da, eta eguneroko bizitzako gaiei eta interes orokorreko gaiei buruz elkarrizketan aritzeko gaitasuna ebaluatuko da; kontuan hartuko da emandako lanari nola egokitzen zaion, edukia, etorria, zuzentasun gramatikala eta hiztegi aberastasuna.

Iragarkiaren kodea: A0301298