38. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

179/2003 FORU AGINDUA, otsailaren 11koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Dirulaguntzak arautzen ditu, 2003. urterako, zuzenean toki entitate batek kudeatutako edo legez eratutako ehiztari-elkarte lokal batek esleitutako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidea dutenentzat, ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari egindako kalteen erantzule baitira, ehizarako basa faunak egindako kalteak ordaintzeko.

Nafarroan maiz aski gertatzen da ehizarako basa espezieren batek kalte egitea alorretan eta basoetan, bereziki basurdeak, oreinak eta orkatzak, ehiza larriaren kasuan, eta untxiak, ehiza xehearenean.

Ehizarako basa faunak alorretan izaten dituen ondorio kaltegarriak arintzeko eta, aldi berean, animalia horien babesa eta iraupena bermatzeko, neurri ekonomiko zenbait hartu behar dira, helburua delarik eragindako kalteak hein batean arintzea, ekonomikoki kontuan hartzeko modukoak badira eta argi badago ez direla beste motatako ezbehar batek eragindakoak.

1995az geroztik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak urtean-urtean finkatu izan ditu, Foru Aginduen bidez, bai ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak, ehiza espezieek nekazaritzari eragindako kaltearekiko erantzunbeharra bete dezaten, bai Gobernuaren zuzeneko kalte-ordainak, Nafarroako Gobernua jabe edo arduradun duten barrutietako ehiza espezieek ukitutako nekazariendako.

Eskarmentuak frogatzen duenez, beharrezkoa da ehizarako eskubidea dutenek nekazarienganako erantzukizuna beren gain hartzea.

Horregatik, 2002. urtean bezala, komeni da laguntza sistema aldatzea. Izan ere laguntzak loturik egonen dira kalteari aurrea hartzeko neurriei, foru agindu honen oinarrietan azalduko den bezala.

Behar-beharrezkoa da aurreneurriak hartzea ehiza espezieek sobera kalte handirik eragin ez diezaioten nekazaritzari. Horregatik, foru agindu honekin batera, beste foru agindu bat eman da, ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak finkatzen dituena, beren barrutietan nekazaritzari eragiten zaion kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta habitata hobetzeko lanak egiteko. Aurreneurrietarako aurreikusten den dirulaguntza aurrekontu betearen % 50 bitartekoa izanen da.

Horrekin batera, ehizarako eskubidea dutenei kalte tasatuaren % 75 bitarteko dirulaguntza emanen zaie, foru agindu honen oinarrietan adierazten diren baldintzak kontuan hartuta, ehiza espezieek nekazaritzari eragiten dizkioten kalteen erantzukizuna beren gain har dezaten. Hudo eta/edo eskopetaz, zakurrek lagunduta eta/edo, zenbait baldintzatan, sareen bidez untxiak harrapatzeko edozein sistema mota baimendurik daukaten ehiza-barrutietan eta Ingurumen zuzendari nagusiak 2002ko abenduaren 18an emandako 2876 Ebazpenak ukitutako ehiza-barrutietan, dirulaguntza hori lortu ahal izateko, kalteak saihesteko programa bat aurkeztu behar da, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak onetsia, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean. Hala egiten ez bada, Nafarroako Gobernuak kontratatutako peritu tasatzaileen taldeak tasatutako kaltearen % 50 artekoa izanen da laguntza. Hala ere, nekazariek kalte tasatuaren % 100 jaso beharko dute titularrengandik.

Barruti baten barruan dauden lurren jaberen batek bere lurrak barrutitik bereizi nahi baditu eta barrutian sartu ez, erantzukizuna ez da ehiza eskubidearen titularrarena izanen, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kaltea bere gain hartuko du baldin eta ukatzen bada, eskaria egin ondoren, Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, kaltea egin duten espezieen ehiza edo kontrola.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. 2003. urterako Nafarroan ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak emateko deialdia onestea, ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari eragindako kalteen arduradunak baitira, ehizarako basa faunak eragindako kaltea ordaintzeko.

2. Deialdi horretako arauak onestea, behar bezalako eginbideez horniturik espedientean baitira.

3. 225.000 euroko gastua onartzea, 2003. urtera luzatutako 2002ko gastuen aurrekontuko "Partikular eta elkarteentzako kalte-ordain, aseguru eta laguntzak" izeneko 330000-31200-4809-5331 kontusailaren bizkar.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru Agindu honen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1989 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

6. Foru Agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Ekonomiko-administratiboaren Atalera eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamaikan._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

O I N A R R I A K

Lehenbizikoa._Xedea.

2003. urterako, Nafarroan ehiza-barruti publikoetan ehizarako eskubidea dutenendako dirulaguntzak finkatzea, haiek baitira ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari egindako kalteen erantzule, ehizarako basa faunak egindako kaltea ordaintzeko duten erantzukizunari aurre egiteko.

Bigarrena._Betebeharrak.

Beharkizun hauek bete beharko dituzten ehiza-barrutiek eskatzen ahal dituzte dirulaguntzak:

a) Zuzenean toki entitate batek edo legez eratutako ehiztari-elkarte lokal batek kudeatuak izatea.

b) Barruti horiek onetsirik eta indarrean edukitzea, edo berraztertzeko bidean, Ehiza Antolatzeko Plan bat, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen araberakoa.

c) Barrutiaren aprobetxamenduaren titularrak hartuak izatea Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusitako neurriak, edo, horiek izan ezean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak nekazaritzaren gaineko kalteak galarazteko finkatu dituenak.

d) Ehiza-barrutiaren aprobetxamenduko titularrak egunean egon beharko du ez barrutirik ez horretarako eskubiderik ez duten nafar ehiztariak onartzeari buruzko beharkizunetan eta kasu bakoitzean kobratutako kuotei dagokienean ere; gainera, akta, bazkide eta kontuen liburuak eguneratuak eduki beharko ditu.

e) Barrutiak funtzionamendu egokia izan dezala, indarra duen arautegiari dagokionez eta ez dadila egon nahitaezko elkartzeari buruz ebatzi gabe dagoen espedienteren baten mende.

f) Zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

g) Departamentuaren bulegoetan transferentzia bidez ordaintzeko eskaria eta entitateen zentsuko txartelaren fotokopia (ehiza eskubidedunaren IFZ) aurkeztuak izatea. Baldintza hori nahitaez bete beharko dute dokumentazioa aldatu duten barrutiek, edo 2002an halako laguntzarik jaso ez dutenek.

Hirugarrena._Laguntzen zenbatekoa.

1._Laguntza horien zenbatekoa hauxe izanen da:

1.a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bere peritu-tasatzaileen bidez, ebaluatzen duen kaltearen zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost, gehienez ere, foru agindu honetako oinarriak betetzen dituzten ehiza-barrutiendako.

1.b) Ingurumen zuzendari nagusiak, 2003. urterako, untxiak hudoz edo/eta eskopetaz zakurraren laguntzarekin eta/edo sarez harrapatzeari buruz abenduaren 18an emandako 2876/2002 Ebazpenak ukitzen dituen barrutietan, % 50 bitartekoa. Ehiza-barruti hauek % 75eko dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa izanen da kalteen prebentziorako programa bat idatziz aurkeztea foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean. Programa horrek babes neurriak jasoko ditu, hesi fisikoak barne, sareak edo tutuak adibidez, kalteak eragiten dituzten ehiza-espezieen populazioa kontrolatzeko neurriak, eta ehiza-eskubidea dutenek zuzenean kudeatutako espazioak, kalteak gutxitzeko eta habitatak hobetzeko. Aurreneurrien programaren helburuekin lortu nahi den kalteen gutxitzea nahikotzat hartu beharko du betiere Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak.

Dirulaguntzen ebazpena eskaeren denborazko hurrenkerari jarraituz emanen da, baldin eta agiri guztiak aurkeztu badira. Egindako eskaeraren bati erantzuteko dirurik gelditzen ez bada, hurrengo urteko ekitaldian ordainduko da.

Nafarroako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidea dutenei dirulaguntzak emateko baldintza izanen da, betiere, behar adina diru egotea eta Administrazioak eskabidearen ebazpen administratiboa ematean gaitasun ekonomikoa izatea.

2._Laguntza hauen onuradunek kalte-ordain bat eman beharko diete nekazariei, kalteen tasazioaren ehuneko 100 eginen duena. Ehiza-eskubidedunek agirien bidez, zinpeko adierazpenaren bidez edo zuzenbidean onartzen den edozein baliabideren bidez nekazari ukituei kalte tasatuaren % 100 ordaindu dietela frogatu beharko dute. Halaber, frogagiri horiek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamenduko Erregistroan aurkeztu beharko dituzte, Iruñeko Alondegi kaleko 1eko 1. oinean, Nafarroako Ekonomi eta Ogasun Departamentuak dirulaguntzari dagokion dirusarrera egin eta gehienez hilabeteko epean.

3._Prezioa eta produkzioa.

3.1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontratatutako peritu-tasatzaileak tasatutako kaltearen zenbatekoa finkatzeko erabiliko den arautegia, nekazaritzako produktuen preziorako honako hau izanen da:

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan tasazioa egin den hilabetean produktu bakoitzarentzat finkaturik ageri den prezioa.

Tasatutako produktua ez bada argitalpen horretan ageri, argitalpenean produktu horretarako ageri den azken prezioa aplikatuko da. Ardotarako mahatsari dagokionez, prezioa erabakitzeko Nafarroako Gobernuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak diruz lagundutako aseguru etxeek finkatutakoa erabiliko da.

Landareen kasuan -esparragoak, mahastiak, olibondoak, bestelako frutarbolak eta oihan espezieak-, merkatuko prezioa erabakitzeko Nafarroako merkatuan diharduten enpresen fakturetakoak erabiliko dira.

3.2. Produkzioaren datuak biltzeko, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan argitaratuak hartuko dira kontuan. Mahatsaren kasuan "Nafarroa" eta "Errioxa" jatorrizko deiturentzat ezarritakoak jasoko dira.

Laugarrena._Salbuespenak.

Foru Agindu honi dagokionez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kasu hauek dirulaguntzetatik kanpo utziko ditu:

a) Foru Agindu honen 5. oinarriak ezarritako prozedura hertsiki betetzen ez dutenak edo 2. oinarrian eskatutako betebeharretara egokitzen ez direnak.

b) Foru agindu honen edo edota 340/2002 Foru Aginduaren 3. oinarriko 2. idatz-zatia betetzen ez dutenak.

c) Ehizarako espezieek egindakoak, barrutiko aprobetxamenduaren titularrak Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusitako neurri beharrezkoak edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak finkatutakoak hartu ez dituenean, neurri horiek kalteak saihesteko edo arintzeko askitzat jotzen badira.

d) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lehenagotik kontrolpean ehizatzea libre utzi duen espezieek sortutakoak, Ingurumen zuzendari nagusiaren abenduaren 18ko 2876/2002 Ebazpenak ukituriko barrutiak izan ezik.

e) Nekazaritzako laboreetan egindakoak, haiek konpontzea barrutiaren titularra edo esleipen-hartzailea ez den beste edozein pertsona edo entitateren erantzukizuna denean.

f) Kalteak izan dituenaren utzikeriatik edo borondatetik heldu direnak. Utzikeria izan dela ulertuko da baldin eta kalteak eragiten dituzten animaliak ugaltzeko eta bertan gelditzeko laguntzen ahal duten lanak egiten badira, hala nola barrutirako hartutako aurreneurriak egokiro mantentzen ez direnean.

g) Ustiategi industrialetan edo era artifizialean zein basa ez den era batean hazitako ehizako espezieek egindakoak.

h) 1999ko otsailaren 17ko 253 Foru Aginduaren bidez izurri deklaratu diren espezieek egindako kalteak.

i) Ukitutako nekazaritzako lurzatiei dagokienez, honako baldintza hauek bete beharko dira:

i.1) Laborantza lanak bere garaian egin behar dira eta ohiko teknikak erabiliz. Era berean, laborantzako lehen gaiak, hala nola, haziak, ongarriak eta fitosanitarioak egokiak izanen dira eta beharrezkoak laborea normal gara dadin. Nekazariak eskatzen dizkioten faktura eta agiri guztiak aurkeztu beharko ditu kaltea hartu duen laborean eginiko lanak eta aplikatutako produktuak justifikatu ahal izateko.

i.2) Untxiak eginiko kalteetan, eta kalte horiek handiak badira eta esparru zabal bat ukitzen badute, lekukoak edo itxitura txikiak jarri beharko dira, laborearen egoera erakusteko kaltea hartu duen esparruarekin alderatuta.

i.3) Mahasti, olibondo, almendrondo eta beste frutarbola batzuen landaketa berrietan eta hostozabalenetan, nahitaezkoa da landareak hodiekin babestea. Koniferoen landaketa berriak hesi elektrikoarekin babestu behar dira. Mahasti, olibondo, almendrondo eta beste frutarbola heldu batzuk dauden lurzatiak sare edo hesi elektriko batekin babestuko dira, egiten ahal den kaltea handia bada betiere. Hodiaren garaierak kalteetatik babesteko egokia izan beharko du.

i.4) Balio ekonomiko handikoak izanik iraunkorrak ez diren laboreak, hala nola hazitarako patata, brokoli, azalore eta beste barazkiak, kalterik izateko arrisku handia dagoenean, hesi elektriko batekin edo antzeko beste modu batekin babestuko dira.

Bosgarrena._Prozedura.

Foru agindu honek aipatzen dituen kalte-ordainak tramitatu eta ebazteko prozedura honelakoa izanen da:

a) Barrutiko ehiza-aprobetxamenduaren titularrak, kalteak gertatu eta gehienez ere hirurogeita hamabi orduko epean, kaltearen berri eman beharko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontrataturiko peritu-tasatzaileen taldeari (telefonoa/faxa: 948-452426); departamentu horrek kalteak izan direla egiaztatuko du eta ondoren ebaluatuko eta, egoki bada, kalteek ez irauteko behar diren neurriak hartuko ditu.

Peritu-tasatzaileen taldeari deitu aitzin, ehiza-aprobetxamenduaren titularrak kaltea baietsi beharko du eta foru agindu honen 6. oinarrian aipatutakoa aurreikusi.

Peritu-tasatzaileari, tasazioaren aurretik, datu hauek eman behar zaizkio:

_Dirulaguntza eskatzeko orria, osorik betea eta ehizarako eskubidedunak sinatua, eranskinean ageri den bezala.

_Kaltea izan duen nekazariaren izena eta bi deiturak, helbide osoa eta telefono zenbakia.

_Lurzatiaren datuak: poligono zenbakia; lurzati zenbakia; lurzatia zein udalerritan dagoen; kaltea hartu duen laborea; kaltea egin duen animalia; kaltea hartu duen lurzatiaren azalera osoa.

b) Onuradunak eta nekazariak kalteak erakutsi beharko dizkiote peritu-tasatzaileari lurzati kaltetuan bertan eta, gainera, PAC-eko deklarazioaren kopia eta katastroko planoaren edo lurzati-zedularen kopia aurkeztu beharko dituzte. Mahastien kasuan,jatorrizko deituran izena emateko mahastien zerrendaren kopia ere erantsiko da. Lurzatian bertan tasazioa egin ondoren, onuradunak eta nekazariak adostasuna adierazi beharko dute ezbeharraren aktan beren sinadura jarrita. Peritu-tasatzaileen taldeak txostenaren kopia bana emanen die kaltea hartu duenari eta onuradunari. Tasazioko txosten hori dirulaguntzaren eskabidetzat joko da.

c) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bidezko denean, dirulaguntza emanen dio ehiza-aprobetxamenduaren titularrari, azaldutako oinarrien arabera betiere.

Seigarrena._Betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Noiznahi Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari datu eta jarduerak egiaztatzen uztea.

b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari proiektuaren garapenean edo gastuan, gertatu den unean bertan, izan den edozein inguruabarren berri ematea. Aldaketa horrek ez dio erantzukizunik sortaraziko Foru Komunitateko Administrazioari, espresuki bere gain hartu ezean.

c) Nafarroako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidearen titularrak direnentzako dirulaguntzaren kasuan, peritu-tasatzaileak barruti eta denboraldi berean labore mota bera aztertzeko egiten duen bigarren ikustaldirako eta hurrengoetarako 120 euroko prezioa ezarri da.

Era berean, lurzatiaren azalerari dagokionez kalteen gutxieneko portzentajea gainditzen ez duen tasazioko lurzatiei ere ez zaie dirulaguntzarik emanen. Gainera, bertarako ikustaldiak kobratuko dira, honelaxe:

5,5 erregu bitarte; gutxieneko portzentajea: % 10; 24 euro.

5,6 erregutik 11ra; gutxieneko portzentajea: % 9; 30 euro.

11,1 erregutik 22ra; gutxieneko portzentajea: % 9; 36 euro.

22,1 erregutik 40ra; gutxieneko portzentajea: % 6; 40 euro.

40,1 erregutik 60ra; gutxieneko portzentajea: % 4,5; 60 euro.

60,1 erregutik 100era; gutxieneko portzentajea: % 3; 150 euro.

100 erregutik goiti; gutxieneko portzentajea: % 2; 180 euro.

Aipatu diru kopurua eskatzaileari kargatuko zaio, sortzapen gutunaren bitartez.

Zazpigarrena._Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita atzerapen-korrituak ere, dirulaguntza ordaintzen denetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Zortzigarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ardura hartuko du dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintzak bete daitezen eta aurreikusiriko inbertsioak behar bezala gauza daitezen. Horretarako ikuskapen eta egiaztapenak egiten ahal ditu eta onuradunei eskatzen ahal dizkie jarduerari buruz beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eta agiriak, baita haiek bertara ager daitezela ere.

Bederatzigarrena._Bestelako arauak.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedaturikoarekin bat onetsi da. Haren edukiak zuzentzen eta osatzen du deialdi honetakoa.

Hamargarrena._Helegiteak.

Deialdi honen, haren oinarriak eta hura aplikatzeko egintzen aurka bidezko da helegite arrunta paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114., 115., 116. eta 117. artikuluekin bat.

E R A N S K I N A

Dirulaguntza eskatzeko orria

................... jaunak/andreak, ehiza-aprobetxamenduaren eskubidearen titularra baita (lehendakaria, zuzenean ehiztari-elkarte bati esleitzen zaionean; alkatea, zuzeneko kudeaketa denean), ................ izeneko ehiza-barrutian, Na-10...................matrikula, IFZ: .................

Aditzera ematen du baduela ...../2003 Foru Aginduaren berri eta onartzen duela. Aipatu foru aginduak dirulaguntzak arautzen ditu, 2003. urterako, zuzenean toki entitate batek kudeatutako edo legez eratutako ehiztari-elkarte lokal batek esleitutako ehiza-barrutietan ehizarako eskubidea dutenentzat, ehiza-barrutietako ehiza espezieek nekazaritzari egindako kalteen erantzule baitira, ehizarako basa faunak egindako kalteak ordaintzeko.

Adierazten du, halaber, aipatu foru aginduaren 5. oinarriko a) atalean eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu diola Nafarroako Gobernuko peritu-tasatzaileen taldeari. Dokumentazio horren barrenean dira titularraren IFZ eta transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa.

Hori dela-eta, dagokion dirulaguntza eskatzen dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

...........(e)n, 2003ko ........aren ...........(e)an.

Sinatua: j/ak, ................

EHIZA-APROBETXAMENDUAREN ESKUBIDEAREN TITULARRA.

Iragarkiaren kodea: A0301695