38. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 28a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C I N T R U E N I G O

Zaintza bereziko zerbitzuak arautzen dituen ordenantza fiskala

Udalak, 2003ko otsailaren 5ean egin osoko bilkura arruntean, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuen, besteak beste.

ZAINTZA BEREZIKO ZERBITZUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Zerbitzu Orokorretako Batzordeak urtarrilaren 16an eman zuen txostena irakurri da. Ordenantza onestearekin ados dagoela dio.

Udalbatzak, gehiengo osoz, erabaki du:

1. Zaintza bereziko zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala onestea.

2. Erabaki hau, ordenantzaren testu osoarekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta haren kopia igortzea Ordenantza Fiskalen Erregistrora.

Cintruenigon, bi mila eta hiruko otsailaren hogeita bostean. Alkatea, Faustino León Chivite.

ZAINTZA BEREZIKO ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarriak

1. artikulua. Honako ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoari jarraikiz, eta haren 12. artikuluan ageri den baimenaren babesean.

Zergagaia

2. art. Zergagaia da hurrengo zerbitzuak eman edo administrazio jarduerak egitea:

a) Garraioetako ibilgailu handiak hirian barna gidatu, zaindu eta laguntzea. Ondorio horietarako, garraioetako ibilgailu astuntzat honakoak joko dira: Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan aipatzen den baimen berezia behar dutenak, haien masa, dimentsioak eta zoruaren gainean egiten duten presioa arauzkoak baino handiagoak izateagatik.

b) Hiriko trafikoa antolatu eta kontrolatzeko jarduera bereziak egitea, udaltzainen ohiko seinaleztapen eta antolaketa jarduerak ez, bestelakoak, ibilgailuen zirkulazioa errazteko.

Zerga ordaindu beharra

3. art. Zaintza berezia beharko duen garraioa egiteko baimena ematen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

4. art. Tasa ordaindu beharra izanen dute, solidarioki, garraioa egiten duen ibilgailuaren jabe diren pertsona natural edo juridikoek edo zerbitzua eskatzen dutenek.

5. art. Zaintza bereziko zerbitzua emateko tasak zerbitzuak dirauen denboraren eta hura egiteko erabiltzen diren bitartekoen arabera ezarriko dira, Ordenantza honen eranskineko tarifei jarraikiz.

TARIFEN ERANSKINA

I. Trafikoa antolatzeko jarduera bereziak:

_Esku hartzen duen udaltzain bakoitzeko: 25,75 euro orduko edo zatikiko.

_Erabiltzen den udaltzain-auto bakoitzeko: 3,40 euro orduko edo zatikiko.

_Erabiltzen den moto bakoitzeko: 2,95 euro orduko edo zatikiko.

II. Garraioetako ibilgailu handiak zaintzeko zerbitzua: 131,45 euro orduko edo zatikiko.

Iragarkiaren kodea: A0302439