38. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 28a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C I N T R U E N I G O

Zangak eta bestelakoak irekitzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala

Udalak, 2003ko otsailaren 5ean egin osoko bilkura arruntean, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuen, besteak beste.

ZANGAK ETA BESTELAKOAK IREKITZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Obra Batzordeak urtarrilaren 15ean eman zuen txostena irakurri da. Ordenantza onestearekin ados dagoela dio.

Udalbatzak, gehiengo osoz, erabaki du:

1. Zangak eta bestelakoak irekitzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala onestea.

2. Erabaki hau, ordenantzaren testu osoarekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta haren kopia igortzea Ordenantza Fiskalen Erregistrora.

Cintruenigon, bi mila eta hiruko otsailaren hogeita bostean. Alkatea, Faustino León Chivite.

ERABILERA PUBLIKOKO LURRETAN ZANGAK, LAGINKETAK ETA ZULOAK IREKI ETA EREMU PUBLIKOKO ZORUAN EDO ESPALOIETAN EDOZEIN MUGIMENDU EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Honako ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoari jarraikiz, eta haren 12. artikuluan ageri den baimenaren babesean.

Zergagaia

2. art. Zergagaia da erabilera publikoko tokiko lurretan, tokiko errepide, bide eta gainontzeko eremu publikoak barne, zangak, laginketak eta zul6oak irekitzea, tutueria, hodiak eta bestelako instalazioak jarri eta konpontzeko, bai eta eremu publikoko zoruan edo espaloietan edozein mugimendu egitea ere.

Tasa ordaindu beharra

3. art. Tasa ordaindu beharra toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten denean sortzen da.

Ordaindu beharra dutenak

4. art. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta Ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, toki entitatearen jabari publikoa beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. art. Tasaren oinarritzat hartuko da egin beharreko aprobetxamendu berezia burutu ahal izateko ireki, mugitu edo irauli beharreko toki entitatearen jabari publikoko azalera.

Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egindako aprobetxamendu bereziei zein erabilera pribatiboari dagozkien tasak, horien gaineko ordenantza fiskalek edo horiek arautzeko udal erabakiek gobernatuko dituzte.

Ondasunak eta instalazioak berreraiki, berrezarri edo konpontzea.

6. art. Ordaindu beharra duenak aprobetxamendua egin den tokietako ondasun eta instalazioak berreraiki, berrezarri eta konpondu beharko ditu.

7. art. Konponezinak diren kalteak egiten badira, interesatuak ordaindu beharko ditu. Udal teknikariek zehaztuko dute kalteordainaren zenbatekoa, desegindako gaiek balio dutenaren edo kaltetutakoen balio galeraren arabera, aplikagarri den legeriari jarraikiz.

8. art. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, ordaindu beharra duenak gordailu bat egin beharko du, lehenik eta behin, zanga behar bezala betetzeko erabiliko dena eta, behar izanez gero, zoladura emateko, eta pasabideen kasuan, hurrengo batean berreraikitzeko, hala nola konponezinak gerta daitezkeen kalteak ordaintzeko.

Gordailua lotu daiteke indarra duen arauteria edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezartzen diren zehapenekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arauteriak eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

9. art. Gordailuen zenbatekoa aprobetxamendurako har daitekeen azaleraren arabera kalkulatuko da, tarifen eranskinean xedatutakoari jarraikiz.

Etxebizitzetako edo lurpeko garajeetako sarbideen kasuan, administrazio kontzesioak eta planeamenduan garajeetako aurreikusitako lurzatiak direnean, ez da beharrezkoa izanen gordailurik zintarri berriak jartzeko, kasu hauetan zintarriak apaldua egon behar baitu eraikuntza zutik dagoen bitartean.

Zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren babesean zaharberritze lanak egiten direnean, gordailuaren zenbatekoa onuradunei dagozkien diru-laguntzen arabera zehaztuko da.

Kudeaketa arauak

10. art. Edozein arrazoi dela medio, tokiko erabilera publikoko lurretan, zangak, laginketak edo zuloak ireki edo zoladura edo espaloiak kendu nahi dituen pertsona natural edo juridikoak, behar den baimena eskatuko dio Udalari, eta horretarako "Hirigintza Prozedurari buruzko Ordenantzak eta Urbanizazio Ordenantza" izenekoetan eskatutako baldintzak bete beharko ditu eta, hala egokitzen bada, "Eremu publikoetako espaloietan eta erreserbatutako lekuetan barna ibilgailuak pasatzeko lizentziari buruzko ordenantza" izenekoan eskatutakoak ere bete beharko ditu.

11. art. Lizentziak ematen diren unean behar diren tasak ordaindu beharko dira. Pasabideak egiten direnean, lizentziaren eraginkortasuna lotua geldituko da espaloia zeharkatzeko baimenari.

12. art. Baimenak indarra galduko du hura eman eta sei hilabetetan ez badira obrak hasi edo ezarri epean ez badira bukatu.

TARIFEN ERANSKINA

Ordenantza fiskal honetan aplikatuko diren tarifak honakoak dira:

I. epigrafea._Zangak irekitzea.

I.1. Zanga, laginketa edo zuloaren metro bakoitzeko: 18,75 euro.

I.2. Zanga, laginketa edo zuloak irekitzea, etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren babesean obrak egiteko; zanga, laginketa edo zulo bakoitzeko (luzera edozein izanik ere): 17,20 euro.

I.3. Zanga, laginketa edo zuloa irekitzeko beharrezkoa bada ibilgailuei pasabidea galaraztea, bai osorik bai norabide bat edota gune zabal samarra ixten denean, aurreko epigrafeetako tarifak %20 igoko dira.

II. epigrafea._Ibilgailuen pasabideak, karga-ahoak, aireztapenak, lukanak, kalapatxak egin edo deuseztea eta zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egitea:

_Metro lineal bakoitzeko, alderik handienean: 18,15 euro.

III. epigrafea._Zanga, laginketa edo zuloak ireki eta zoruan edo espaloietan edozein mugimendu egin ahal izateko jarri behar diren gordailuak.

III.1. Zanga, laginketa edo zuloaren zabalera metro bat baino txikiagoa bada, luzerako metro bakoitzeko:

.Harrizko zoladura den lekuetan: 168,50 euro.

.Zoladura orokorra den lekuetan: 115,75 euro.

.Zoladurarik gabeko lekuetan: 66,45 euro.

III.2. Zanga, laginketa edo zuloaren zabalera metro batekoa edo handiagoa denean, m2 bakoitzeko:

.Harrizko zoladura den lekuetan: 203,05 euro.

.Zoladura orokorra den lekuetan: 137,65 euro.

.Zoladurarik gabeko lekuetan: 77,50 euro.

III.3. Zoladuran edo espaloietan mugitzen den guneak alderik luzeenean duen metro lineal bakoitzeko, 298,45 euroko gordailua jarriko da, ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzeko eta eremu publikoetan lekuak erreserbatzeko lizentzietan.

Iragarkiaren kodea: a0302438