32. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 14a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A L T S A S U

Behin betiko onespena, kamioiendako aparkalekua erabiltzeko prezio publikoak finkatzeko arauari, eta kontzeptu horri dagozkion prezio publikoen finkapena

Altsasuko Udalak, 2002ko azaroaren 29an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen kamioiendako aparkalekua erabiltzeko prezio publikoak finkatzeko araua.

Onespenari buruzko erabakia 2003ko urtarrilaren 8ko 4. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Orobat, osorik argitaratzeko agindua eman da, behar diren ondorioak sor ditzan.

Altsasun, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita hamarrean. Alkatea, Camino Mendiluze.

KAMIOIENDAKO APARKALEKUA ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK FINKATZEKO ARAUA ETA KONTZEPTU HORREN GAINEKO PREZIOEN FINKAPENA

ATARIKO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Ordenantzaren xedea. Honako arau honek Kamioiendako udal aparkalekuaren erabilera arautu eta bertako prezio publikoak finkatzea du xede.

2. art. Oinarria. Honako arau hau ondoko xedapenei jarraikiz onetsi da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 99 eta 262. artikuluak; 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 100. artikulua eta hurrengoak; eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 93. artikulua eta hurrengoak.

3. art. Arauaren aplikazio eremua. Kamioiendako udal aparkalekuan aplikatuko da.

I. KAPITULUA

Udal aparkalekuaren erabilera zedarritzen duten arauak

4. art. Arau honek arautzen duen udal aparkalekua, bakar-bakarrik kamioiak aparkatzeko erabiltzen ahalko da. Aparkalekua jabari publikoko ondasuna da, eta Altsasuko Udala da haren titularra.

5. art. Udal aparkalekua erabiltzeko interesa dutenek Udalaren lizentzia eskuratu beharko dute.

Lizentzia emanen da aparkalekuko plaza bakoitzarentzat, erabilera pribatu arrunterako, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 93. artikuluak arautzen duen bezala, erabileraren intentsitatearen arabera.

Lizentziak urtebeterako emanen dira, gero luzatzeko aukerarekin, behin-behinekotasunez, hirugarrenei kalterik egin gabe, hartzaileak derrigor bete beharko dituelarik baldintzak, eta errebokatzen ahalko dira edozein unetan, baldintzak betetzen ez badira edo interes publikoko arrazoiak direla medio.

6. art. Lizentzia ematearekin batera, dagokion urteko prezioa ordaindu ondotik, hartzaileari aginte elektroniko bat emanen zaio, aparkalekuko atea ireki ahal izateko. Aginte horren jabea, nolanahi dela ere, Altsasuko Udala izanen da.

7. art. Lizentzia eskuratzeko lehentasuna izanen dute zirkulazioaren gaineko zerga eta lizentzia fiskala herri honetan ordaintzen dituzten Altsasuko herritarrek eta, nolanahi dela ere, baldintza horiek betetzen dituztenen artean, aparkaleku gisa erabiltzeko moduan dagoen lurzatirik ez dutenek. Plazaren bat eman gabe gelditzen bada, lizentzia adjudikatzen ahalko da, nahiz eta eskatzailea aparkaleku gisa erabiltzeko moduan dagoen lurzati baten jabe izan.

8. art. Lizentzia eskuratzen duten eskatzaileek aparkalekua erabili beharko dute haren izaera eta xedea kontuan harturik, haiek kaltetu edo mendratu gabe, betiere lizentzia eskaeraren xede datekeen erabilera arrunt, egoki eta zentzuzkoak eragin dezakeen higadura onartuz.

9. art. Udal aparkalekua ezin izanen da inola ere erabili lizentziak aipatzen zituenak ez-bezalako xedeetarako.

10. art. Udal aparkalekua erabili nahi duten pertsona edo entitateek idatziz eskatuko diote Udalari, identifikazio datu pertsonalak eta ibilgailuari dagozkionak adierazita. Lehentasuna izanen dute Udal honen erroldan sarturiko pertsonek, zeinek, gainera, ibilgailua zirkulazioaren gaineko zergarako nahiz J.E.Z.rako izena emana beharko dute, herri honetan, nahitaez.

11. art. Udalak eskatzen ahalko du fidantza era dadin, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantza horrek bermatuko du udal aparkalekuko lurzatiak ongi erabiltzeko eta lagapenaren aurreko uneko egoerara lehengoratzeko betebeharrak zuzen betetzen direla. Bermea izanen da, halaber, udal aparkalekuan egiazki gertatzen diren kalte eta galeretan, erabiltzaileek erantzun dezaten. Horretaz gain, arau honen aplikazioaren ondorioz ezartzen diren zehapenak ordaintzeko erabiltzen ahalko da.

Fidantzaren zenbatekoa izanen da kontzesioaren denbora guztiarengatik likidatutako prezioaren erditik osora bitartekoa.

12. art. Ematen den lizentziaren epea amaitzen denean, Udalak nahi adina egiaztapen egiten ahalko du, arau honetan eta kontzesio-hartzaileen lizentzietan ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen ote diren ikusteko.

Kontzesio-hartzaileek arau honetan ezarritako betebeharrak eta lizentziaren baldintzak betetzen dituztela, kalte-galerarik ez dagoela eta zehapenak jartzeko arrazoirik ez dagoela ikusi ondoren, Udalak fidantza itzuliko du, baldin eta lehendik hura eratzeko eskatu bazen.

Bestela gertatzen bada, behar diren erantzukizunak eskatzeari ekinen dio. Horrelakoetan, fidantza erabiliko da diruz ordaintzeko arau honetako betebeharrak eta lizentzien baldintzak ez betetzeagatik, kalte eta galerak eragiteagatik eta ezarritako zehapenengatik, bidezkotzat jotzen den erantzukizuna.

II. KAPITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak

13. art. Kamioiendako udal aparkalekuko kontzesio-hartzaileek eta/edo erabiltzeko lizentziaren titularrek erantzun beharko dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragindako kalte eta galerengatik.

14. art. Aparkalekua erabiltzeko lizentziaren titularrak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki erantzun beharko dute, ordainduz prezio publikoak, aparkalekuan eta instalazioetan eragindako kalte eta galerak eta ezartzen diren zehapenak, halakorik gertatuz gero.

15. art. Arau-haustetzat hartuko da kamioiendako aparkaleku izatea ez den bestelako edozein jarduera, eta bereziki ingurunea hondatu eta ingurumena kaltetzen dutenak. Arau-hauste larritzat joko dira, besteak beste, edozein objektu bertan utzi edo abandonatzea eta aparkalekua zikintzen duen edozein lan mekaniko egitea.

16. art. Goian aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek jarriko dira: kamioiendako Altsasuko udal aparkalekua erabiltzeko lizentzia kentzea.

17. art. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak jarriko dira kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak bide exekutiboaren bitartez gauzatu eta betearaziko dira.

III. KAPITULUA

Kamioiendako udal aparkalekua erabiltzeko prezioak:

18. art. Zergagaia. Udal lizentzia eskuratu ondoren, pertsona fisiko edo juridikoek kamioiendako udal aparkalekua erabiltzeko prezioaren zergagaia da.

19. art. Subjektu pasiboa. Prezio hauen subjektu pasiboak izanen dira, Udalak lizentzia eman ondoren, kamioiendako udal aparkalekua erabiltzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.

20. art. Karga oinarria. Karga-oinarria izanen da kamioiendako udal aparkalekua erabiltzen den hilabeteen kopurua.

21. art. Tarifak. Arau honen eranskinean agertzen dira.

22. art. Zerga-kuota. Tributu kuota aterako da karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatzetik.

23. art. Sortzapena. Prezio publikoen sortzapena gertatuko da kamioiendako udal aparkalekua erabiltzeko lizentzia eskatzen den unean.

24. art. Ordainarazpena zer motatakoa den kontuan hartuz, ez da inoiz kuotarik itzuliko eta ez da onartuko beste erabiltzaileei eskualdaturiko ordainagiririk.

AZKEN XEDAPENA

Arau honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako baldintzak bete ondoren hartuko du indarra.

E R A N S K I N A

Prezioak

Plaza handia: 200 euro urtean.

Aipatu prezioak dagokien BEZarekin igoko dira.

Iragarkiaren kodea: A0301423