32. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

12/2003 FORU LEGEA, martxoaren 7koa, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, INDARKERIA SEXISTAREN AURKAKO NEURRI INTEGRALAK HARTZEARI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 22/2002 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Parlamentuko Osoko Bilkurak Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea onetsi zuen 2002ko ekainaren 27an. Foru legeak hainbat neurri jasotzen ditu gizartearen hainbat alorretan hezkuntza, osasuna, informazioa, lana eta abar indarkeria sexistari aurrea hartzeko eta haren biktimei babesa emateko.

Halere, aipatu foru legean ezarritako neurriak ez dira aski mota horretako indarkeriarekin lotutako alderdi guztiak arautzeko. Hori dela-eta, onesten da foru lege proposamen hau.

Artikulu bakarra.

Ondotik adierazten diren aldaketak ondotik ematen den testuarekin hain zuzen ere eginen dira Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legeko artikulu, idatz-zati eta xedapenetan.

Bat._1. artikuluari ondoko testua eransten zaio:

"Foru lege honen helburua da ere erasogileak berrezitzeko eta bergizarteratzeko mekanismoak ezartzea."

Bi._3. artikuluko 3. idatz-zatian ondokoa eransten da:

"Aipatu planek izanen dituzte, halaber, erasogileak berregokitzeko aurrera eramandako jarduketak".

Hiru._5. artikuluko 3. idatz-zatian lerroalde berri bat eransten da. Hona testua:

"Material hauek sistematikoki berrikusiak izanen dira hezkuntza maila guztietan, helduen hezkuntza barne. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Departamentua eta Nafarroako Emakumearen Institutua inplikatuko dira, eta administrazio publikoak behar diren baliabideak emanen ditu."

Lau._5. artikuluari bi idatz-zati berriak eransten zaizkio:

"5. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Hezkidetzako Aholkularitza Berariazkoa berreskuratuko du Pedagogi Berrikuntzako Atalean eta irakasleentzako laguntza zentroetan.

6. Nafarroako Eskola Kontseiluak aldiro emanen du txosten bat aukera berdintasunaren garapenaz eskola sisteman. Era berean, genero eta hezkidetzaren ikuspegia txertatuko du urteko txostenean."

Bost._6. artikuluari bi idatz-zatiak gehitzen zaizkio. Hona testua:

"5. Egoki iritziz gero, Nafarroako Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak foru lege honetan hezkuntza arlorako ezarritako neurrien garapenari buruzko informazioa jaso ahal izanen du Nafarroako hezkuntza sistemari buruzko urteko txostenean, edo bestela, informazio berariazkoa eman ahalko du.

6. Ikastetxeko barne araudian espresuki azalduko dira bizikidetasunari buruzko oinarrizko arauak ondokoetan oinarrituta: pertsona guztienganako errespetua, giza harremanetatik indarkeria oro desagerraraztea eta, horrenbestez, sexu indarkeriazko jarrerekiko arbuio erabatekoa, jarrera horiek zigortu edo zuzentzeko neurriak eta jarrera sexisten kritika esplizitua."

Sei._9 bis artikulu berri bat eransten da:

"9 bis artikulua. Emakumeari laguntzeko zentroak.

1. Nafarroako Gobernuak bermatu eginen du egungo emakumeei laguntzeko zentroei eutsiko zaiela, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean laguntza orekatua emateko behar den zerbitzu espezializatuen egiturarekin.

2. Hogei mila biztanle baino gehiago dituzten herriek emakumeari laguntzeko zentro bat edukiko dute gutxienez ere. Merindade buruetan ere zentroak egonen dira. Emakumeari laguntzeko zentroaren jendearentzako ordutegiak goizetan eta arratsaldeetan joateko aukera eman beharko du, eta bertan laguntza emanen dutenak diziplinarteko talde esperientziadun eta espezializatuak izan beharko dira.

3. Emakumeari laguntzeko zentroak lankidetza estuan arituko dira gizarte zerbitzuekin, osasun zerbitzuekin, eskola orientazioko zerbitzuekin eta larrialdietarako eta herritarren segurtasunerako zerbitzuekin, indarkeria-egoerak antzeman eta haiei aurrea hartzeko. Halaber, herritar guztiei zuzenduriko genero berdintasuneko programak eginen dira."

Zazpi._12 bis artikulu berri bat eransten da:

"12 bis artikulua. Indarkeria sexista kontrolatzeko arazoak dauzkaten pertsonentzako laguntza psikologikoko zerbitzua.

Foru Komunitateko administrazioak abian jarriko du indarkeria sexista kontrolatzeko arazoak dauzkaten pertsonentzako doako laguntza psikologikoko zerbitzu bat, haiek berrezi eta gizartean berregokitzeko.

Jarraitu beharreko tratamenduaren mota eta iraupena programaren profesional arduradunek erabakitzen dituztenak izanen dira."

Zortzi._12 ter artikulu berri bat eransten da:

"12 ter artikulua. Familia-bitartekotza.

1. Familiaren arloko departamentu eskudunak doako bitartekotza-programak eskainiko ditu ezkontideen arteko krisi egoeran edo bikotea hausten denean gerta daitezkeen arazoei konponbidea emateko.

2. Familia-bitartekotza izanen da, ondorio hauetarako, espezialistek arlo psiko- sozio-familiarrean egiten duten jarduketa, bikotearen bereiztearekin, dibortziatzearekin, ezkontzaren deuseztasunarekin edo bikotearen batasuna haustearekin loturiko alderdietan adostasun puntuak bilatzera bideratua, aldeen arteko balizko arazo edo gorabeherak saihesteko."

Bederatzi._15 bis artikulu berri bat eransten da:

"15 bis artikulua. Doako laguntza juridikorako eskubidea.

1. Indarkeria sexistaren edo eraso sexualen biktima guztiei laguntza eta ordezkaritza juridikorako, izaera horretako delituengatiko prozeduretarako akusazio ekintzarako eta faltengatiko epaiketetan abokatu baten laguntza doakoa izateko eskubidea aitortzen zaie.

2. Halaber, eskubide horretan sartzen dira bikotea bereizteko, ezkontza deuseztatzeko edo dibortziatzeko aldez aurretiko behin-behineko neurrien eskaria, egitatezko bikoteetan zuhurtasunezko neurrien eskaria eta babes neurrien eskaria.

3. Halaber, laguntza juridikoa doakoa izanen da xede nagusia delitu ekintza baten ondorioz aitorturiko eskubideak administrazioari eskatzea xede duten prozeduretan.

4. Ahaleginak eginen dira biktimaren defentsa juridikoaz legelari bera arduratzeko indarkeria ekintzaren ondoriozko prozesu guztietan.

5. Doako laguntza juridikoa biktimaren baten heriotzaren ondorioz kalteturiko oinordekoei edo, biktima ezgaiturik badago, legezko ordezkariei aplikatuko zaie.

6. Zerbitzua abokatuen elkargo ofizialekin itunduz gero, horiek indarkeria sexistako kasuetarako ofiziozko txanda bat eduki beharko dute. Txanda horretan sartzeko, prestakuntza edo trebakuntza ikastaro batzuk gainditu beharko dira, derrigorrez ezarriko direnak."

Hamar._16 ter artikulu berri bat eransten da:

"16 ter artikulua. Herri ekintza.

Foru Komunitateko administrazioa eta toki entitateak, berdintasunaren aldeko organismoen edo beren xedeen artean emakumearen eskubideen defentsa duten entitate eta elkarteen bitartez, herri-ekintzaz baliatuko dira indarkeria sexistako kasu larrienetan, baldin eta biktimak hori eskatzen badu edo delitu ekintzak biktimaren heriotza badakar."

Hamaika._18 bis artikulu berri bat eransten da:

"18 bis artikulua. Abegi etxeak edo larrialdietarako pisu edo zentroak.

1. Abegi etxeak edo presako larrialdietarako pisu edo zentroak familia etxea abandonatzea erabaki edo babesik gabe egon eta indarkeria sexistaren biktima diren emakumeentzako eta haien karguko adingabeentzako abegi baliabideak dira.

2. Baliabide horiek erabiltzeko, ez da beharrezkoa izanen eraso-egilearen aurkako salaketarik jartzea.

3. Bi baliabide horietan, diziplinarteko taldeak arituko dira lanean. Talde horiek laguntza emozional eta psikologikoa eman, egin beharreko kudeaketei buruz aholkatu eta etengabeko lagun egitea eskainiko dute biktima bertan dagoen bitartean.

4. Abegi etxeak edo larrialdietarako pisu edo zentroak gutxienez Iruñean, merindade buruetan eta mendi eskualdeetan ezarriko dira.

5. Abegi etxeek eta larrialdietako pisu edo zentroek bermatu egin beharko dute bertan hartutako emakume eta adingabeei beharrezkoa duten konpainia egiteko eta esku hartzeko izanen direla profesionalak hogeita lau orduz.

Hamabi._18 ter artikulu berri bat eransten da:

"18 ter artikulua. Tratu txarrak izan dituzten emakumeentzako laguntza, errekuperazio eta bergizarteratze zentroak.

Tratu txarrak izan dituzten emakumeentzako laguntza, errekuperazio eta bergizarteratze zentroak indarkeria sexistaren biktima izan diren emakumeei laguntza integrala emateko sortuko dira, eta helburua izanen dute emakume horiei laguntza ematea bizitzari beregain aurre egin ahal izan diezaioten.

Baliabide hori abegi etxeetan egon ondoko laguntza gisa erabiliko da, eta laguntza diziplinarteko talde batek emanen du, bereziki arlo juridiko, psikologiko, prestakuntzako eta bergizarteratzeko baliagarria den edozein arloko pertsonek osatutako talde batek hain zuzen."

Hamahiru._21 bis artikulu berri bat eransten da:

"21 bis artikulua. Etxebizitza eskuratzea.

1. Indarkeria sexistaren biktima izan eta egonaldia bukaturik abegi etxeetatik joaten diren emakumeek doako behin-behineko lojamendu bat edukitzeko laguntza ekonomikoetarako eskubidea izanen dute, haien gizarte- eta lan-egoerak hala eskatzen badu. Laguntza horien zenbatekoa eta haiek emateko prozedura erregelamendu bidez ezarriko dira.

2. Tratu txarren biktima izan diren emakumeei lehentasunezko eskubidea babes publikoko etxebizitzak erosi eta alokatzeko, eta babes sistema berezi bat ere bai, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan."

Hamalau._Azken xedapen berri bi gehitzen dira aldatu nahi den testuko lehenbizikoa eta bigarrena izanen lirateke, eta horrenbestez, azken xedapena azken xedapenetan hirugarrena izatera pasako litzateke.

"Azen xedapena

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Foru lege hau argitaratu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak legea garatzeko erregelamendu bat emanen du.

Aldez aurretik, erregelamendu proiektua hilabetez jendaurrean jarriko da.

Azken xedapenetan bigarrena._Nafarroako Gobernuak urtebeteko epea izanen du gehienez ere, foru lege hau argitaratzen denetik aitzina, bertan jasotzen diren neurriak garatzeko. Horretarako, foru lege hau garatzeko beharrezkoak diren diru-aurreikuspenak eginen ditu urteko aurrekontu orokorretan Nafarroako Gobernuak.

Azken xedapenetan hirugarrena._Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iragarkiaren kodea: A0302666