32. ALDIZKARIA - 2003ko martxoaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

11/2003 FORU LEGEA, alargun pentsioetarako laguntza bereziei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, ALARGUN PENTSIOETARAKO LAGUNTZA BEREZIEI BURUZKOA

Espainiako Konstituzioak ezartzen duenez, botere publikoen betebeharra da gizarte laguntzako araubide bat mantentzea, beharrizan egoeretan prestazio aski bermatuko duena. Betebehar hori dela-eta, Espainiako eskualdeetan dauden gizarte desorekak konpentsatu behar dira, bizitzaren kostua batetik bestera aldatzen dela kontuan izanik. Horregatik eskualdeen arteko desoreka hori zuzendu beharra dago, eta metodo orokor eta uniformeen bidez konpontzen ez diren desberdintasun-egoerei irtenbide bat eman behar zaie.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan eskumen osoa bereganatua du. Arau horretan oinarriturik, Nafarroako Parlamentuak Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea onetsi zuen.

Foru lege horrek xedatzen du Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak direla Nafarroako foru zuzenbidepeko herritarren gizarte- ongizatea neurririk handienean sustatzea xedetzat duten gizarte ekintza eta zerbitzuak, eta, halaber, adierazten du gizarte ongizatearen helbururantz joko dela gizarte ekintzako sistema orokor baten bitartez, zeina nortasunaren garapen duinerako beharrezkoak diren zerbitzu, bitarteko eta laguntzak pertsona, talde eta erkidegoen eskueran jartzera bideratua egonen baita.

Gizarte-ekintza da gizarte-babesaren hirugarren graduko mota bat, ordezkoa, Gizarte Segurantzak dituen kotizaziopeko eta kotizazio gabeko atalek ematen duten babes urritik at suertatzen diren babes- hutsuneak estaltzekoa; osagarria ere izan daiteke, hau da, Gizarte Segurantzatik heldutako prestazioak, batzuetan apalak, hobetzekoa.

Nafarroako Foru Komunitateko alargunen egoerari aurre egiteko ezar daitezkeen laguntza ekonomikoen muga dira Espainiako Konstituzioak Estatuari esleitzen dizkion eskumen esklusiboak, hala nola Gizarte Segurantzaren oinarrizko legedia eta araubide ekonomikoa.

Beraz, foru lege honek arautzen duena da Gizarte Segurantzaren sisteman Estatuak arauturikoez bestelako laguntza ekonomikoak jasotzea; hain zuzen, jasotzen hasten dira Estatuaren babesa amaitzen den puntutik aurrera. Arauketa horrek ez ditu aldatzen alargun pentsioak jasotzeko eskaturiko baldintzak, ez eta pentsioen zenbatekoa ere; horrela, bada, oinarrizko legediaren gain Estatuari gordetzen zaion eskumen esklusiboa ez da zapaltzen, eta Gizarte Segurantzaren sistemako aurrekontu-batasunaren printzipioa ere ez da urratzen.

Ondorioz, foru lege honek proposatzen du Gizarte Segurantzako prestazio baten osagarria izanen den laguntza bat ezar dadila, Gizarte Segurantzarenak ez diren funtsetatik ordaindua; beraz, bertako kutxa bakarra ez da hausten, eta bertako araubide ekonomikoak ere ez du esku-sartzerik pairatzen.

Horixe izan da Nafarroako Foru Komunitatearen jokabidea; hain zuzen, abenduaren 24ko 20/1991 Foru Legearen bitartez ez-ohiko kreditu bat gaitu zen, kontribuzio gabeko pentsioen hartzaileentzat osagarri bat ezartzeko. Ez foru lege hori, ez bera betearazteko emandako kasuan kasuko xedapenak, ez dira Konstituzio Auzitegian inpugnatu.

Asmoa ez da, hortaz, Gizarte Segurantzaren aplikazio-eremua hedatu edo osatzea, baizik eta pertsona-talde baten egoera aintzat hartzea. Talde horrek ezaugarri jakin batzuk ditu, zehatzak eta errepikaezinak.

Neurri horiek sistemaren babespetik kanpo gelditzen diren taldeek sentituriko beharrizan-egoera berezietarako babes- mekanismo gisa agertzen dira, Gizarte Segurantzarenak ez bezalako teknikak erabiltzen dituzte, kontribuzio-betebehar orotik at eusten zaie, edo hartzaile nahiz onuradunen aurretiazko lankidetza ekonomikoa tartean dagoela, eta ez dira Gizarte Segurantzaren aplikazio-eremua hedatu edo osatzea xede duten neurriak, baizik eta neurri orokorrak dira, Nafarroako Foru Komunitateko bizitzaren, prezioen eta inflazioaren maila altuaren ondorioz ageriko beharrizan-egoeran dagoen biztanle-sektore zehatz bati zuzenduak.

Gainera, Eskubide sozialen gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legeak aldarrikatzen du Nafarroako herritarrek oinarrizko errenta izan dezatela, dituzten eskubideez bere osotasunean baliatzeko aukera izan dezaten. Legearen artikuluetan, oinarrizko errenta horren zenbatekoa eta jasotzen dutenen betebeharrak ezartzen dira.

1. artikulua. Xedea.

1. Laguntza osagarri bat ezarriko da, urritasun ekonomikoko egoerak arintzeko bideratua, lanbide arteko gutxieneko soldata (LAGS) baino alargun pentsio baxuagoak jasotzen dituzten pertsonen oinarrizko beharrizanei erantzuteko. Laguntza horren zenbatekoa izanen da honakoen artean dagoen aldea: LAGSaren ehuneko ehun, batetik, eta alargun pentsioagatik dagokien kopurua gehi Gizarte Segurantzaren kargura doan gutxienekoen osagarria, bestetik.

2. Dirulaguntza horren helburua da alargun pentsioen titular diren pertsonek pairatzen duten behar adinako dirusarrerarik eza gainditzeko modua ematea, biziraupenerako gutxieneko bat bermatzeko eta gizartearen baitako nahiz eskualdeen arteko desorekak zelaitzeko; beraz, beharrezkoa izanen da Nafarroako forupekoaren izaera zibila izatea eta aldez aurretik Foru Komunitatean gutxienez hiru urtez errotuta egotea.

2. artikulua. Zenbatekoa.

Alargun pentsioak jasotzen dituztenen baliabide ekonomikoak osatu eta lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko ehun egin dezaten behar den zenbatekoa izanen du prestazio osagarri honek.

Prestazio honen izaera subsidiario eta osagarria dela-eta, bakar-bakarrik aplikatzen ahalko zaie gizarte babes publikoaren sistemako gutxieneko osagarria jasotzeko eskubidea izateko baldintzak betetzen dituztenei, sistema horretan urtero ezartzen diren kapital nahiz lan errenten mugekin. Pentsioaren zenbatekoa alargun pentsio gutxienekoaren eta lanbide arteko gutxieneko soldataren artekoa bada, bi zenbateko horien arteko aldea izanen da prestazio osagarria, kapital nahiz lan errenten bidez lortutako bestelako dirusarreren mugak kontuan hartu eta gero. Urtero ezarriko da zenbat diru jasoko duten prestazio osagarri hori jaso behar duten pertsonek.

3. artikulua. Prestazio osagarria eskatu dutenen eta prestazio horren titularren erantzukizuna.

Interesdunek, betiere, eskabidean jartzen dituzten datuen erantzukizun pertsonala izanen dute. Nafarroako Gobernuak, emaniko informazioa benetakoa dela egiaztatzeko, datu guztiak egiaztatuko ditu, berak dituen fitxategiak erabilita.

4. artikulua. Prestazio osagarriaren amaiera.

Gutxieneko osagarria amaitzeko arrazoi berberengatik amaituko da alargun pentsioen prestazio osagarria, hark sorrarazten baitu honakoa, gehieneko mugari dagokiona salbu, unean-unean indarra duen lanbide arteko gutxieneko soldata izanen baita. Berrezarpena eskatu egin beharko da, eta eskaera egin ondoko hilaren lehen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

5. artikulua. Aurrekontuan esleitutako diru kopurua.

Alargun pentsioaren prestazio osagarriari aurre egiteko, kasuan kasuko kontusailaren kargura esleituko da aurreko artikuluetan ezarritako betebeharrei aurre egin ahal izateko beharrezkoa den diru kopurua.

6. artikulua. Ondorio ekonomikoak.

Ebazpenaren ondorio ekonomikoek hiru hilabeteko atzerako eragina izanen dute, eskabidea egiten den unetik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko dio, foru lege hau onesten denetik gehienez ere bi hilabeteko epean, kotizaziopeko pentsioak, kotizazio gabekoak eta asistentzialak jasotzen dituzten pertsonei buruzko txosten sektorial bat, laguntza ekonomiko osagarriak emateko xedez, dauden desoreka sozioekonomikoak eta foru legeak bilatzen ez dituen bidegabekeriak zuzentzeko.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Gizarte Ongizate kontseilariari esku ematen zaio foru lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2003ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ditu ondorio ekonomikoak.

Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iragarkiaren kodea: A0302665