25. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 26a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B E R I A I N

Beriaingo Udalaren Auto-taxien zerbitzu publikoaren erregelamendua behin betikoz onetsirik

Beriaingo Udalak, 2002ko irailaren 30ean, hasiera batean onetsi zuen Beriaingo Udalaren Auto-taxien zerbitzu publikoaren erregelamendua.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez iragarkia herriko iragarkien oholean eta 2002ko 136. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, azaroaren 11koan argitara eman eta gero, eta inork ez du haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan ezarritarko prozedura betez, Udal honek, 2002ko abenduaren 27an egin bilkuran, behin betikoz onetsi zuen ondotik ematen den erregelamendua, aipatu Foru Lege horretako 326. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Beriainen, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita zazpian. Alkate udalburua, Tomás Prieto Blanco.

BERIAINGO AUTOTAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ERREGELAMENDUA

ATARIKO XEDAPENAK

1. artikulua. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten eskurantzez baliaturik, Beriaingo Udalak taximetroa duten alokatzeko ibilgailu arinetako bidaiarien garraio zerbitzua antolatu du, agindu hauei jarraikiz antolatu ere: erregelamendu hau, Zirkulazio Kodea, Ibilgailu arinetako hiri eta hiriarteko garraio zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/79 Errege Dekretua eta horiekin bat etorririk geroan ere erregelamendu honi aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenak.

I. KAPITULUA

Erregelamenduaren xedea

2. art. Beriaingo udal mugapean gidaria eta taximetroa dituzten alokatzeko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua orokorki arautzea da erregelamendu honen xedea.

Autotaxien arloan, zerbitzuaren antolaketa eta antolamendua Beriaingo Udalari dagozkio, aldez aurretik arlo honetako lanbide elkarteendako entzunaldia izanda.

3. art. Taximetroa delako kontagailuaren bidez neurtutako zerbitzuak egiten dituen ibilgailuari erraten zaio auto-taxi. Taximetroak eginiko bidearen eta geldirik eginiko denboraren balioaren berri emanen du, automatikoki eta bidaiariek ikusteko maneran, indarra duten unean uneko tarifei jarraikiz.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak, haien jabetza eta zerbitzu egiteko baldintzak

LEHEN SAILA

Autotaxi ibilgailuak

4. art. Ibilgailu guztiek balio izanen dute ibilgailuak alokatzeko zerbitzu publikorako, baldin eta, potentzia, segurtasun eta itxura aldetik, erregelamenduaren baldintzak betetzen badituzte, eta zerbitzu hori egiteko Udalaren baimena badute.

Ibilgailu horiek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera errazeko ateak ere, zeinetan eta gibelaldean lehiatilak izan beharko baitituzte, ahalik eta ikuspen, argitasun eta aireztapen handiena lortzeko adina, eta beira garden eta ezpaldu ezinezkoez hornituak.

Ibilgailuen barrenean beharrezko argiteria elektrikoa ezarri beharko da.

Ateek beti modu onean egon beharko dute, ibilgailuan aise sartu eta atera ahal izateko, eta behar den mekanismoa eduki beharko dute, beren lehiatilak goiti eta beheiti mugiarazteko.

5. art. Autotaxi ibilgailuek 9 HP baino potentzia handiagoa izan beharko dute, eta beren edukiera erreala Industri Departamentuak mota bakoitzerako zehazten duena izanen da. Nolanahi ere, ibilgailuaren edukiera ez da inoiz 5 leku baino gutiagokoa eta 7 baino gehiagokoa izanen, gidariarena barne.

Ez da baimenik emanen urtebete baino zaharragoko ibilgailurik zerbitzuan jartzeko, eta ibilgailu hauek ez dira batere ibiltzen ahal, Alkatetzaren beharrezko baimenik ez badute. Baimena emanen du, ordea, Industri Departamentuak taximetroa delako kontagailua ikuskatu duela egiaztatzen duen agiria eta Udalaren teknikariek miratu eta adostasun txostena eman ondotik.

6. art. Auto-taxiak zuriak izanen dira eta, aitzineko ateetan, zerrenda gorri etzan bat izanen dute, 10 cmko zabalera duena, Nafarroako ikurraren kolorekoa, eta aitzineko kristalean Beriain izena eramanen dute, 6 cm-ko garaiera izanen duten letra zurietan.

Ateko goialdean, erdi-erdian, Udalaren lizentziaren zenbakia ezarriko da. Zenbakiak 5 zentimetro garai izanen dira eta horren arabera zabal.

Gainaldean, karrozeriaren erdi-erdian, kaxola bat eramanen dute, aitzinaldean nahiz gibelaldean "Taxi" hitza erakutsiko duena.

Karrozeriaren gainaldeko aitzinaldean, eskuin partean, argi berde bat izanen dute. Bai argi berde hori bai erdiko kaxola argiztaturik egonen dira ibilgailua gauaz ibiltzen denean, "Libre" hitzarekin.

Karrozeriaren aitzinaldean nahiz gibelaldean, plaka bat eramanen dute, "S.P." letrak agerian dituena.

7. art. Autoek matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua adierazten dituen plaka eramanen dute barrenean, baita behar bezala homologatutako su-itzalgailu bat ere.

Ibilgailuak baimenaren titularraren izenean agertuko dira zirkulazio baimenean eta agiri hauetaz horniturik egon beharko dute:

1._Ibilgailuari dagozkion agiriak:

Lizentzia.

Ibilgailuaren udal lizentziaren zenbakia eta plaza kopurua agertzen dituen plaka.

Ibilgailuaren zirkulazio baimena.

Aseguru poliza, indarrean.

2._Gidariari dagozkion agiriak:

Gidabaimena, Zirkulazio Kodeak eskatzen duen motakoa eta erakunde eskudunak luzatua.

3._Zerbitzuari dagozkion agiriak:

Erreklamazio liburua.

Erregelamendu honen ale bat.

Hauen helbide eta kokapenak: osasun etxea, anbulantziak, ospitaleak, Guardia Zibila, suhiltzaileak eta larrialdiko gainerako zerbitzuak.

Herriko planoa eta karriken zerrenda.

Toki entitateak baimendutako ordainagirien talonarioak.

Indarra duten tarifen ale ofiziala.

4._Indarra duen legeriak eskatzen dituen gainerako guztiak.

8. art. Ibilgailuak desinfektatu eta desintsektatu beharko dira, gutxienez, urtean behin eta Alkatetzak hala agintzen duen aldiro, Osasun arloko Ikuskatzailetzak proposatuta. Hori horrela, erakunde horren egiaztagiria eraman beharko da.

9. art. Autotaxi ibilgailuaren azterketa bat eginen da urtero, Alkatetzak edo Industri Departamentuk beharrezkotzat joz gero agindu ditzaketenez gainera, eta ibilgailuen titularrei zehapena paratzen ahalko zaie, baita lizentzia kendu ere, arauak behin eta berriz hautsiz gero, alegia, zainketa, itxura eta garbitasun aldetik beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako bereizgarriak eta agiriak falta badituzte.

Auto-taxi ibilgailuen urteko ikuskapena Udalak horretarako erabakitzen duen epean eginen da.

BIGARREN SAILA

Lizentziak

10. art. Lizentzia kopuruaren erabakia indarra duen legeriak ezarritakoari lotuko zaio.

Zerbitzu egiteko ahalmena ematen dute, udal lizentzia zer herritan eman zen, hartantxe nahiz handixe, baita bidaiariak portuetan eta aireportuetan biltzeko zerbitzuetarako, betiere lehenagotik eta espresuki kontratatu badira eta zerbitzu horien helmuga udalerri horretan bada.

Lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira eta Udalak eginen du horren baremoa; plaza hutsak gelditzen direnean bide bera erabiliko da.

11. art. Helbidea herri honetan daukaten pertsona fisikoek baizik ez dute eskatzen ahal auto-taxiendako udal lizentzia, bertan eskaera egin baino bi urte lehenago gutienez bizi badira.

Lizentziarako eskabidea Beriaingo Udalari idatziz zuzenduko zaio. Hartan eskatzaileak adieraziko du baduela erregelamendu honen xedapen guztien berri eta onartzen dituela. Horrekin batera agiri hauek ere aurkeztuko ditu:

1. Behar den motako ibilgailuendako gidabaimena, agintaritza eskudunak emana.

2. Udal ziurtagiria, eskatzailea udal erroldan eskaera egin aitzineko bi urtez bederen inskribatua dagoela egiaztatzen duena.

3. NANaren fotokopia.

4. Hiru argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

5. Zinpeko aitorpena, ez administrazio bidean ez zigor bidean gidabaimena kenduz zehatu ez dutela dioena.

6. Bertze edozein agiri, indarra duen legeriarekin bat.

Eskatutako baimena lortuz gero, onuraduna behartuta egonen da, jakinarazpen egunetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztera:

a) Zerbitzua eginen duen ibilgailuaren zirkulazio baimena, urtebete baino gutiagoko antzinatasuna duena.

b) Hirugarrenen eta garraiatutako lagunen aldeko kalteen erantzukizun mugagabearen aseguru poliza.

Aipatu epean agiri horiek auzkeztu ezean, lizentzia iraungitzat joko da, eta berriz ere lehiaketa publikorako deialdia eginen da, arestian adierazitako prozedura erabiliz.

12. art. Plazaren bat hutsik gelditzen bada, Udalak xedatutakoaren arabera beteko da, huts hori Udal honen iragarki oholean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta prentsan argitaratuko den ediktuaren bidez iragarri ondoan. Ediktu horretan deialdi publikoaren baldintzak zehaztuko dira, aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituzten izangaiek plaza huts hori eskatu ahal izan dezaten.

Artikulu honek aipatzen dituen plaza hutsak adjudikatuko dira 10. artikuluan zehazten den baremoan oinarriturik.

13. art. Udalak honako hauen gaineko azterketa eginen die lizentzia eskatzen dutenei:

a) Erregelamendu honen edukia.

b) Herria eta inguruak; hurbileko leku edo herrietara joateko bideak; probintziako hiriburuko laguntza zentroetara eta ospitaleetara nahiz bertze zerbitzu interesgarrietara joateko bideak.

c) Ibilgailuen mekanika eta zirkulazio seinaleak jakitea.

d) Azterketa medikoa.

e) Ariketa praktikoak eta test psikoteknikoak.

14. art. Ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta titularrek debekatuta izanen dute izenak eta zenbakiak elkarrekin trukatzea, baita lizentzia eskuz aldatzea, lagatzea edo saltzea ere.

Hargatik ere, Udalak lizentzia ematea baimenduko du, berau erabiltzeko eskatzen diren betebeharrak dituzten lagunei, honako kasu eta baldintzetan:

a) Titularraren heriotzagatik.

b) Taxista lanetan aritzeko erabateko ezintasun iraunkorragatik.

Erabateko ezintasun iraunkorra Gizarte Segurantzako organo adituak emandako ebazpenean zehaztuko da.

Honelako kasuetan, pertsona hauei lizentzia ematen ahalko zaie, lehentasun ordena honi jarraikiz:

1. Ezkontide alargunari.

2. Seme-alabei.

Asignazio eskubidea iraungiko da eskabidea eta erregelamendua bete dela frogatzeko beharrezko diren agiriak Herriko Etxean formalizatu eta aurkezten ez badira, bera sortu duen kausa gertatu eta hurrengo sei hilabeteetan, epe hori aski jotzen baita izan daitezkeen goiti-beheitiak argitzeko.

15. art. Lizentziaren titularrek ibilgailuaren titular izan beharko dute eta behartuta daude beren lizentzia pertsonalki eta dedikazio oso eta bakarraz ustiatzera, bertze edozein lan ordainduren gainetik.

Udal lizentziaren titularrek debeku dute beti ibilgailua bertze pertsona bati gidatzera uztea.

Dagokion udal baimenaz, noiznahi trukatzen ahalko da ibilgailu bat bertze batekin, baldin erregelamendu honetan eskatutako beharrezko baldintza guztiak baditu eta baimenean ezartzen duen edukiaz bezainbatean aldaketarik ez bada.

Kasu berezietan, eta lizentziaren titularra lanean aritzen ahal ez bada, Udalak, interesatuak emandako egiaztagiria jaso ondoren, epe zehatz baterako laguntzaile baten lankidetza onartzen ahalko du. Orobat, 24 orduko lan jarraitua behar duen zerbitzuaren kasuan, ordezko bat baimenduko da titularraren kontura, erregelamendu honetan eskatutako beharrezko baldintza guztiak baditu.

16. art. Beriaingo Udalak emandako lizentzien erregistro edo fitxategi bat eramanen du eta bertan titular, ibilgailu, ordezkatze eta abarrei buruzko goiti-beheitiak idatziko dira.

HIRUGARREN SAILA

Tarifak eta kontagailu-taximetroa

17. art. Lizentzien titularrek, betiere, indarra duten tarifen zenbatekoa eskatu beharko diete zerbitzuaren erabiltzaileei, hutsik gabe eskatu ere. Horiek administrazioak onetsiko ditu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

Administrazioko organo eskudunak zehaztuko ditu tarifak, aldez aurretik Beriaingo Udalak adostasun txostena emanda eta herriko Taxilarien Elkarte Profesionalen iritzia jakinda, horrelakorik balitz.

18. art. Tarifak begiratzea beharrezkoa izanen da, bai taxilariendako, bai erabiltzailearendako, eta indarra izanen dute udal mugapearen barnean. Taxilariek, hiri arteko zerbitzurako, finkatutako tarifak aplikatzen ahal dituzte, zerbitzuak udal mugapetik kanpora egiten badira.

Eskola garraioa egiten bada, lehiaketaren edo formalizatzen den kontratuaren baldintzei jarraikiz fakturatuko da.

19. art. Kontagailu-taximetroak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Indarra duen tarifa baimendua ekartzea.

b) Ibilgailuaren karrozeriaren barneko aitzinaldean ezarrita egotea, zerbitzuaren tarifa edo zenbatekoa bidaiariarendako agerian egon dadin beti.

c) Arrastiritik aitzina, egokiro argiztaturik egonen da, adierazten duen zenbatekoa gauez aise ikus dadin. Gidariek debeku dute bidaiariak dagokion zenbatekoa ordaindu baino lehen erreferentziako argia itzaltzea.

d) Bandera edo horren ordezko elementu mekanikoa beheratzerakoan abiaraziko da kontagailu-taximetroa. Ibilgailua lokagunean badago, kontagailuak ez du gehiago aurrera eginen, behin betikoz, zerbitzua amaitzen denean, eta behin-behinekoz, istripua edo matxura gertatuz gero, erregaiaz hornitu behar izanez gero eta erabiltzaileari egozten ahal ez zaion bertze arrazoirik gertatuz gero, egoerak zenbat iraun eta tarte horretan. Hura iragandakoan, aparatua abiaraziko du berriz, eta ibiltzen hasiko da bandera arrabeheratu behar izan gabe.

e) Alkatetzak edo Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak horrela agintzen duten guztietan, berrikusi eta ikuskatuko dira kontagailu-taximetroak.

f) Kontagailu-taximetroak egokiro prezintaturik egon beharko du, Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak aldi bakoitzean eskatzen dituen prozedura eta baldintzak erabiliz.

20. art. Kontagailu-taximetroko koadroak beti garbi eta hautsi gabe egon beharko du. Koadroaren zikinkeriak zenbatekoaren irakurketa argia eragozten badu, edota aparatua kolpatua edo bortxatua izan dela erakusten duen azterrenik bada, hura zer ibilgailutan dagoen paratua, haren gidaria ondorioen erantzule zuzentzat hartuko da, eta behar diren zehapenak ezarriko zaizkio, horrela behar izanez gero.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

LEHEN SAILA

Baldintza orokorrak

21. art. Erabiltzaileek lizentziaren titularrari horrela eskatzen diotenean hasiko da zerbitzua, eta taximetroa delako kontagailuaren bandera beheratuz eta hura abiaraziz hasiko da nahitaez. Betebehar hori ez betetzea hutsegite larritzat hartuko da.

Beren geralekuan, erabiltzaileen esperoan dauden taxiek ordenari hertsiki jarraikiz hartuko dituzte bidaiariak. Geralekutik 100 metro baino gutiagoko tartean ezin geldituko dira, bidaiariak hartzeko, eta, tarte horretan egonik, erabiltzaileak geralekuko burura joan beharko du eta bertan, zerbitzuaren eskariak bertan gelditutako taxilarien kopurua gainditzen duenean, taxia hartzeko txandaren zain egonen da. Horretarako, geralekuaren hasieran errotulu bat paratuko da, "Taxia. Geralekuaren burua" dakarrena.

Bidaiari minusbaliatuendako egokitutako taxiek gurpil-aulkien erabiltzaileei edo mugitzeko beste eragozpen larriren bat dutenei lehentasuna emanen diete bertze bidaiarien aldean.

22. art. Lizentziaren titularrak, zerbitzua akituta, gertuen dagoen geralekura abiatu beharko du. Han ibilgailurik batere aurkitzen ez badu, aparkatu beharko du. Ibilgailuren bat aurkitzen badu, harengana joko du, lekutu nahi ote duen, eta ez da ibilgailu bat baino gehiago horretarako seinalatutako toki bakoitzean aparkatzen ahalko.

23. art. Udal zerbitzuek geraleku guztiak seinalatuko dituzte.

Ailegatzen diren ordenari jarraikiz hartuko dira bidaiariak, gurpil-aulkien erabiltzaileek edo mugitzeko bertze eragozpen larriren bat dutenek taxi egokituetan bidaiatzeko duten lehentasuna deusetan ukatu gabe.

Betiere igande, jaiegun eta jatorduetako zerbitzu iraunkorra bermatuko da.

Matxura, autoaren baja, asteko atsedenaldia, oporrak, eritasuna edo bertze edozein arrazoirengatik zerbitzutik kanpo dauden auto-taxien kopurua ez da emandako lizentzia guztien herena baino gehiago izanen.

Udal honen iduriz, zerbitzua aski ziurtatua ez badago, eskatzen ahalko die lizentzien titularrei egun horietan zerbitzua egin behar duen titularraren zerrenda igor dezaten.

24. art. Gaueko zerbitzu arruntaren ordutegia goiti-beheiti, eta zerbitzu iraunkorra ziurtatu nahirik, gaueko zerbitzu berezia izanen da, baldintza hauetan eskainiko dena:

1. 0:00tik 7:00ak arte eginen da.

2. Zerbitzua egiteko modua eta tokia udal erabaki baten bidez zehaztuko dira.

3. Betiere ibilgailu batek hartuko du, egunero, zerbitzu hau bere gain, eta nahitaezkoa denez titular guztiek txanda hertsian eginen dute, eta horretarako salbuespen bakarra eritasun-bajak izanen dira, behar bezala justifikatuak.

BIGARREN SAILA

Zerbitzua emateko modua

25. art. Geralekuan egonik, bandera altxata edo, gauaz, argi berdea piztuta daramaten auto guztiak alokatugabekotzat joko dira, eta gidariak behartuta egonen dira hala eskatzen duena hartzera, erregelamendu honetan aurreikusitako kasuak kenduta. Artikulu hau ez betetzea oso hutsegite larritzat joko da.

26. art. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada.

Bidezko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

1. Polizia ondotik segika duten lagunek zerbitzua eskatzea.

2. Ibilgailurako baimendutako lekuak baino lagun gehiago eramateko eskatzea.

3. Bidaiaria mozkorturik edo sorgorkarien eraginpean badago, haren bizirako arriskurik dagoenean izan ezik.

4. Bidaiariaren arropek edo aldean daramatzan balixek, fardelek edo animaliek ibilgailuaren barnekaldea higatu edo kalteak eragin ditzaketenean. Egokitu gabeko ibilgailuetan gurpil-aulki elektrikoak garraiatzeari uko egiten ahal zaio. Dena den, elektrikoak ez diren gurpil-aulkiak mota guztietako taxietan onartu beharko dira.

5. Ibili ezin den bideetan barna joateko eskatzen zaionean, alegia, erabiltzaileen eta gidariaren nahiz ibilgailuaren beraren segurtasunerako arriskua ekar lezaketen tokietan barna. Ordea, trafikoarendako irekitako bideetan zerbitzua egiteko eskatzen zaionean, ez dio uko egiten ahalko.

27. art. Taxilarien eginbeharra da, noiznahi agintzaritzako agenteek agindutako zerbitzua betetzea, istripuan zauritutakoak edo laguntza behar duten pertsonak eramateko.

Kasu horietan ibilgailuek jasaten dituzten kalteak Udalaren kontura konponduko dira, Udalak laguntza hartu duen pertsonari gastuen ordaina eskatzea deusetan galarazi gabe, baina horretarako, nahitaezkoa izanen da ibilgailua Udalean aurkeztea, ezbeharra gertatu eta 24 orduko epearen barrenean.

28. art. Orokorrean gidariei galarazi zaie autoak eritasun kutsagarri eta infekziosoek jotako lagunei alokatzea; baina, behin eskatu eta onartuz gero, zerbitzua eginen du eta bukatu eta berehala, gidariak Alkatetzari jakinarazi beharko dio falta gabe, ibilgailua berehala desinfektatzeko. Sor daitezkeen gastuak autoa alokatzen duen lagunak ordaindu beharko ditu.

29. art. Gidariek eskatu zaien helmugara iristeko ibilbiderik zuzenena hartu beharko dute, salbu eta erabiltzaileak bertze bat hartzeko guraria adierazten dionean. Salbuespentzat joko dira, ezinbertzez, ibilbide laburrena hartu ezinezko kasuak.

30. art. Zerbitzua aurrera eramatea ezinezko egiten duten istripu edo matxurak gertatuz gero, bidaiariak agintzaritzako agente bat etortzeko eska dezake, egiazta dezan, eta zerbitzuaren zenbatekoa ordaindu beharko du, matxura edo istripu momentura arte, bandera beheratzekoa kenduta.

31. art. Bidaiariek berek alokatutako ibilgailutik behin-behinekoz atera behar eta gidariek haien zain egon behar badute, eskatzen ahalko dizkiete, berme gisa, egindako ibilbideari dagokion zenbatekoa eta ordu erdiko itxoiteari dagokiona. Denbora hori iraganez gero, zerbitzuarekiko loturatik aske egonen dira.

32. art. Gidariek aparkaldi mugatuko lekuetan bidaiarien zain egon behar badute, egindako zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko diete, eta ez dute zerbitzua aurrera eramateko obligaziorik izanen.

33. art. Ibilgailuen gidariak behartuta egonen dira bezeroari 20 euro bitarteko xeheak, txanpon nahiz billetetan, itzultzera. Xehe bila joateko autotik atera behar badute, bandera lokagunean paratuko dute.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuko langileak eta titularren erantzukizunak

LEHEN SAILA

Zerbitzuari lotutako langileak

34. art. Taxilari guztiek, gutienez ere, zortzi orduz eginen dute lan, erregelamendu honetan zehaztutako ordutegi guztiak bermatuta geldituko direla.

35. art. Lizentziaren titularrak urteko 30 egun naturaleko oporretarako eskubidea izanen du. Batera ezin egonen dira oporretan lizentzien titular bat baino gehiago. Beriaingo Udalari opor horien berri emanen zaio.

36. art. Gidariek modu egokian jantzi beharko dute, arropak hautatzeko askatasunaz, eta txukuntasunez. Gidariek jendetasun handiz jokatu beharko dute bezeroekin

37. art. Gidariek erabiltzaileei erretzea debekatzen dien kartel bat eramaten ahal dute auto barrenean. Halaberean, gidariek ez dute erre behar, erabiltzaileek hala eskatzen badiete.

38. art. Gidariek beren autoetan galdurik aurkitzen dituzten gauzak Beriaingo Herriko Etxera eraman beharko dituzte, jabeei zuzenean itzultzerik ez badute, eta ahal dela ibilgailua erabili zuten bidaiarien berri emanez, itzultzea errezteko. Herriko Etxera eramaten diren gauzen agiria eskatu behar dute.

BIGARREN SAILA

Arau-hausteak eta zehapenak

39. art. Erregelamendu honetako aginduen aurkako arau-hausteak honela sailkatuko dira: arinak, larriak eta oso larriak. Halakotzat joko dira, bakoitzak dagokion gradua duela, testu honetako aginduetan zehaztu direnak.

40. art. Hutsegite arinak:

a) Zerbitzuan egonik erretzea, erabiltzaileak ez erretzeko eskatuta.

b) Ibilgailua, kanpotik nahiz barnetik, behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Norberaren txukuntasun falta.

41. art. Hutsegite larriak:

a) Bi hilabeteko epearen barrenean lau hutsegite arin edo urtebetean hamar egitea.

b) Erabiltzaileak aukeratutako ibilbiderako aginduei kasu ez egitea, beharrik gabe ibilbide luzeagoak eginez.

c) Norbera edo ibilgailua egoera txarrean dagoela zerbitzu egitea.

d) Zerbitzu egitea ukatzea justifikatutako arrazoirik gabe.

e) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz bertze ibilgailuen gidarien edo lankideen kontra hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea.

f) Bertze udal mugape batean bidaiariak biltzea.

g) Ibilgailuen ikustaldi arrunt nahiz berezietako batera ez joatea.

h) Astebete jarraian geralekuetara justifikatutako arrazoirik gabe ez agertzea.

42. art. Hutsegite oso larriak:

a) Bidaiaria abandonatzea, eskatu duen zerbitzua egin gabe, justifikatutako arrazoirik gabe.

b) Zerbitzura alkoholaren edo sorgorkarien eraginpean agertzea.

c) Erabiltzaileei sobera edo baimendu baino merkeagoko tarifak kobratzea.

d) Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

e) Zirkulazio Kodearen 289. artikuluan zehaztutako arau-hausteak.

f) Ibilgailuan ahantzitako edozein gauza ezgalkor bereganatu eta Beriaingo Udalari horren berri ez ematea.

g) Lanbidean aritzerakoan, doluzkotzat hartutako delituak egitea.

43. art. Alkatetzak zehatuko ditu hutsegite arin, larri eta oso larriak. Hutsegite arinengatik lizentzia 15 egun natural bitarte etenen da; hutsegite larriengatik, berriz, 6 hilabete bitarte, eta hutsegite oso larriengatik, azkenik, urtebete bitarte edo behin betikoz kenduko da lizentzia.

Nolanahi ere, lizentzia behin betikoz kenduz zehatuko dira 42. artikuluaren b), e) eta g) ataletako kasuak.

44. art. Zehapen prozedura Administrazio prozedurari buruzko Legean xedatutakoaren ariora tramitatuko da, interesatuari aldez aurretik entzutea emanez, eta Alkatetzak irekiko du: ustezko arau-hauste baten gaztigua edo salaketa jasoz gero, instruktore bat eta idazkari bat izendatuko ditu eta espedientatuari jakinaraziko dio.

Instruktoreak behar adina froga eta jarduketa aginduko ditu, gertatutakoa argitu eta zehatu beharreko erantzukizunak aurkitze aldera.

Egindako jarduketak ikusirik, kargu plegu bat aurkeztuko da eta jakinaraziko zaie interesatuei, eta hauek zortzi egun naturaleko epea izanen dute erantzuteko.

Kargu pleguari erantzun edo hori egiteko epea bukatu ondoan, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, interesatuak bertze zortzi egun naturaleko epearen barrenean bere defentsarako egokia iruditzen zaion guztia alega dezan.

Ebazpen proposamena, egindako guztiak jasoko dituena, Alkatetzari igorriko zaio, eta hark behin betikoz ebatziko ditu irekitako zehapen espedienteak eta dagokien zehapena, salbu eta lizentzia behin betikoz kentzen denean, orduan Udalak izanen baitu osoko bilkuran ebazteko eskumena.

Hartutako erabakien aurka, Zuzenbidean onartutako errekurtsoak para daitezke.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu hau Nafarroa Gobernuak gero batean onesten dituen xedapen menpe egonen da eta aurreikusita ez dagoen orotan, berriz, Ibilgailu Arinetako Hiri edo Hiriarteko Garraio Zerbitzuei buruzko Arautegi Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuaren edo gerora ordezka lezakeen xedapenaren menpe.

Iragarkiaren kodea: A0300992