I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
14/2003 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Ondare Zerbitzuan bulegoak sortu, kendu eta haien eginkizunak aldatzen dituena.
Ondare Zerbitzuan gertatu diren premia berriek beharrezko egiten dute bulegoetakoren baten eginkizun zehatz batzuk aldatu eta zenbait bulego sortu eta kentzea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 50.2 artikuluak emandako gaikuntzaz baliatuz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Ondarea Kudeatzeko Atalari atxikitako Arkitektura eta Kontserbazio Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak ondasun higiezinen arloan duen politika planak betetzeko egiten diren lanen proiektuak gainbegiratu, lanak zuzendu eta haien gastuak kontrolatzea; eginkizun horiek langile kualifikaturik ez duen Departamentuetarako eta Ekonomi eta Ogasun Departamenturako ere burutuko ditu.
b) Departamentu horiei atxikiriko eraikin eta instalazioak zaintzea, beren ezaugarriak direla eta, proiektua eta lanen zuzendaritza behar duten jarduketetan, eta erabilpen, egokitze eta zaintze arloetako laguntza teknikoa ematea.
c) Ekonomi eta Ogasun Departamentuari aholkularitza teknikoa ematea, Nafarroako Foru Komunitatearen higiezinen ondarea kudeatzeko.
d) Proiektu eta lanetarako aholku teknikoak ematea gainerako Departamentuei, eta Gobernuak 1996ko ekainaren 10ean hartutako Erabakiari jarraikiz Ondare Zerbitzuaren aldez aurreko baimena behar duten kontratazioak gainbegiratzea.
e) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
2. artikulua. Ondarea Kudeatzeko Atalari atxikitako Ondasun Higiezinen Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ondasun higiezinei buruzko eragiketak aztertu, tasatu eta analizatzea.
b) Foru Komunitatearen ondasun higiezinen eta eskubideen balorazioa egitea.
c) Foru Komunitatearen ondasunak edo eskubideak ukitzen dituzten hirigintzako espedienteen jarraipena egitea.
d) Bere titulartasuneko ondasun higiezinen gaineko eragiketen jarraipena egitea, alokairuak, atxikpenak eta lagapenak kontrolatu eta gaurkotzea.
e) Ondasunak erregistro publikoetan inskribatzeko prestakuntza teknikoa.
f) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
3. artikulua. Ondarea Kudeatzeko Atalari atxikitako Inbentario Orokorraren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Foru Komunitatearen ondareko ondasun eta eskubideen inbentario orokorra egin eta eguneratzea.
b) Foru Komunitatearen ondasun higiezinak berreskuratu eta haien mugak jartzeko espedienteak izapidatu, formalizatu eta burutzea.
c) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
4. artikulua. Kontratazio eta Aseguruen Atalari atxikitako Erosketa Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Horniduretarako kontratazio espedienteak izapidatzea, haien adjudikazioa Ekonomi eta Ogasun Departamentuari baldin badagokio.
b) Prestazio eta zerbitzu zentralizatuak ezarri eta kudeatzea.
c) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
5. artikulua. Kontratazio eta Aseguruen Atalari atxikitako Hornidura Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Bulegoko materialaren eta paper gauzen horniduraren arloan ematen zaizkion eskurantzak betetzea, eta horiek erosi, administratu eta Departamentuei ematea.
b) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
6. artikulua. Laguntza Juridikoaren Bulegoa sortu da, Kontratazio eta Aseguruen Atalari atxikirik. Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kontratazio Administratiboko Batzordeko Idazkaritzari laguntza juridikoa ematea.
b) Ondare Zerbitzuak tramitatzen dituen kontratazio espedienteetan laguntza juridikoa ematea.
c) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
7. artikulua. Laguntza Administratiboaren Bulegoak, Afera Ekonomikoen eta Araubide Administratiboaren Atalari atxikirik dagoenak, ondoko eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ondare Zerbitzuan izapidatzen diren espedienteen prestakuntza administratiboa eta jarraipena egitea, gastuak onetsi eta ordaintzeko espedienteenak izan ezik.
b) Atalaren antolaketa administratiboa.
c) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
8. artikulua. Ekonomi Aferetarako Bulegoa sortu da, Afera Ekonomikoen eta Araubide Administratiboaren Atalari atxikirik. Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ondare Zerbitzuan sortutako gastuak onetsi eta ordaintzeko espedienteen prestakuntza administratiboa eta jarraipena egitea.
b) Ondare Zerbitzuaren aurrekontua kontrolatzea.
c) Ondare Zerbitzuaren kontabilizazioa, orokorra eta aurrekontuena.
d) Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu dira Foru Agindu honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak abenduaren 2an eman 237/1999 Foru Agindua, Ondare Zerbitzuan bulegoak sortu, kendu eta haien eginkizunak aldatzen dituena.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa._Ekonomi eta Ogasun Departamentuak aurrekontuan aldaketak eginen ditu, Foru Agindu honetan xedatutakoa betearazteko behar diren kredituak sortzeko.
Bigarrena._Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita zortzian._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.
Iragarkiaren kodea: A0301117