III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
F I T E R O
Ordenantza behin betikoz onetsirik
Fiteroko Udalak Inbertsiorako eta enplegurako laguntzen ordenantza hasiera batean onestea erabaki zuen, 2002ko urriaren 31n egin osoko bilkuran.
Hasierako onespena 2002ko abenduaren 2ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, eta inork ez du Udal honetan alegaziorik aurkeztu.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluaren indarrez, bidezkoa da hura behin betikoz onestea.
Fiteron, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita hamarrean. Alkate udalburua, Manuel Angel Fernández Andrés.
INBERTSIORAKO ETA ENPLEGURAKO LAGUNTZEN ORDENANTZA
SARRERA:
Udal hau ohartzen da gure herrian enpresa munduan gertatzen ari diren aldaketez. Horregatik, komenigarri ikusten da neurri batzuk ezartzea, enpresen lehiakortasuna handitzeko.
Horretarako, hartu beharreko neurrietariko bat finantza-laguntza batzuk sortzea da.
Laguntza guztiak bateragarriak izateaz gain, administrazio publikoek emandako bertze edozein dirulaguntzarekin batera hartzen ahalko dira.
Laguntzak herri honetan egiten den edozein jarduera ekonomikotarako dira.
Finantza-laguntza hauen onuradunek espedienteak ebazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak utzi beharko dituzte, gehienez ere 15 eguneko epean, Udalaren eskuetan. Eskatutako agiriak eskatutako epean utzi ezean, espedientea deuseztu eta artxibatuko da.
Laguntzak ordaintzeko baldintza izanen da haren onuradunak Udalarekiko betebeharrak eguneraturik izatea, zenbatekoa galdatzen ahal diren zorrak kitatzeko izaten ahal baitira.
Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak (egiaztatutakoan itzuliko dira) edo Udal honek konpultsatutako fotokopiak.
Urteko aurrekontuan kontusailak zenbatekoak, hainbertzekoak izanen dira laguntzak. Laguntzak emateko, eskaeren sarrera egunari jarraituko zaio hertsiki.
Finantza-Laguntzen Toki Plan honetan aipatzen diren egunak naturalak dira betiere.
Indarrik gabe gelditu dira maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, testu honi kontra egiten badiote.
I. KAPITULUA
Enplegua sortzeko finantza-laguntzak
1. artikulua. Aplikazio esparrua.
Enpresa mota hauek guztiek hartzen ahalko dituzte finantza-laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Epe mugarik gabeko lanpostuak sortzea edo epe muga duten kontratudunak epe mugarik gabeko langile bilakatzea, Fiteron erroldaturik badaude eta bizi badira eta baldintza hauetariko bat betetzen badute:
1._25 urteko edo gutiagoko gazteak.
2._Langabeek enplegu bulegoan etengabe gutienez hamabi hilabetez izen emanak egon direla egiaztatu beharko dute.
3._50 urte baino gehiagoko langabeak.
4._Emakumeak, edozein izanik ere haren adina.
b) Helbide fiskala Fiteron izatea.
c) Diruz lagunduko den kontratazio horren bidez epe mugarik gabeko kontratuen kopurua handitzea.
2. art. Eskabidea eta agiriak.
Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten enpresek agiri hauek ekarri beharko dituzte Herriko Etxe honetara:
a) Eskabide idatzia (kontratatu ondoko 40 egunean).
b) Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.
c) Kontratatu aitzineko hamabi hilabeteetako Tc1 etaTc2 orriak, lan kontratudun finko eta aldi baterakoen xehetasunak ematen dituztenak.
d) Diruz laguntzen ahal diren epe mugarik gabeko lan-kontratuak edo, halakorik bada, alta Gizarte Segurantzako araubide berezian.
e) Kontratatuaren N.A.N.
f) Gizarte Segurantzaren ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.
g) Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua dagoela dioen ziurtagiria.
h) Erroldatze eta bizileku ziurtagiria.
i) Lehengo kontratua, halakorik bada.
j) Langilearen lan bizitzaren ziurtagiria.
3. art. Bertzelako onuradunak.
Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako jardueraren bat nahiz jarduera profesional edo artistikoren bat ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina abiarazten duten lagunek eskuratzen ahalko dituzte laguntzak, betiere Gizarte Segurantzako araubide berezi egokian izena eman eta baldintza hauetariko bat betetzen badute:
_25 urte edo beheragoko gazteak eta lehen enplegua.
_Enplegu bulegoan etengabe gutienez hamabi hilabetez izen emanak egon direla egiaztatzen duten langabeak.
_50 urtetik goitiko langabeak.
_Emakumeak, edozein izanik ere haien adina.
Gainera baldintza hauek bete beharko dituzte:
_Helbide fiskala Fiteron izatea.
_Azken hamabi hilabetetan araubide berezi berean egon ez izana.
_Fiteron bizi eta erroldatuta egotea.
_Gizarte Segurantzako bertzelako araubideetan ez kotizatzea.
_Ustiapenaren titularrak izatea.
Artikulutik kanpora geldituko dira lan-harreman baten ondorioz Gizarte Segurarantzako araubide berezian izen emanak daudenak, 1. artikuluan sartuko baitira.
Aurkeztu beharreko agiriak:
a) Eskabide idatzia (Gizarte Segurantzako Araubide Berezian izen eman ondoko 40 egunetan).
b) Gauzatuko den jardueraren txostena.
c) Alta lizentzia fiskalean.
d) Nortasun Agiri Nazionala.
e) Zinpeko aitorpena, azken hamabi hilabeteetan Araubide Berezian egon ez dela dioena.
f) Erroldatze eta bizileku ziurtagiria.
g) Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua dagoela dioen ziurtagiria.
h) Langilearen lan bizitzaren ziurtagiria.
4. art. Aplika daitezkeen onurak.
1.000 euro bitarte, epe mugarik gabeko kontratuarekin edo Gizarte Segurantzako Araubide Berezian izena emanda plantillari gehitzen zaion lagun bakoitzetik.
Ondoko baldintza hauetariko bat betez gero, enplegua sortzeagatik eskuratuko diren zenbatekoak hauek dira:
Emakume baten lanpostua: 1.200 euro bitarte.
Gazte baten lanpostua (25 urtekoa edo gazteagoa): 1.200 euro bitarte.
50 urte baino gehiagoko baten lanpostua: 1.200 euro bitarte.
Lanaldi partzialeko eta epe mugarik gabeko kontratuak badira, proportzioz dagokiona aterako da.
1._Bertzelako onuradunak:
Fiteroko Udala tokian tokiko enplegu ekimenen finantzatzaile kidea da, Tokian Tokiko Enplegu Ekimenei buruzko 1994ko apirilaren 12ko Ministerio Aginduan ezarritakoari jarraikiz (1994ko maiatzaren 4ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala") eta, beraz, Ministerio Agindu horretan ezarritakoa betetzen duten eskatzaileek I. eranskineko laguntzak edo geroago argitaratzen direnak eskuratzen ahalko dituzte.
5. art. Oharrak.
a) Laguntzak Udalbatzak emanen ditu, osoko bilkuran erabakita, aldez aurretik Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeak irizpena emanda.
b) Enpresek lan-kontratudun finkoak eta Gizarte Segurantzako araubidean izena emanda daudenak gutienez ere 37 hilabetz atxikitzeko hitza emanen dute.
c) Kontratudun edo autoenplegatu bakoitzetik, dirulaguntza bakarra biltzen ahalko da.
d) Laguntzen ordainketa honela eginen da:
1._Osorik, finantza-entitate batek emandako abala aurkeztuz gero.
e) Langileak Gizarte Segurantzan alta egin eta 36 hilabete iraganez geroztik itzuliko da abala, eta langilearen lan bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
6. art. Bazterketak.
a) Epe mugarik gabeko kontratu batzuk finantza-laguntza honetatik bazterturik geldituko dira, baldin eta kontratudunak 1000 egun baino gehiagotan egin badu zerbitzu enpresa eskatzailean, azken kontratuaren dataren aurreko lau urtean.
b) Epe mugarik gabeko kontratu batzuk finantza-laguntza honetatik bazterturik geldituko dira, baldin eta kontratudunak eskabidekoa ez bezalako epe mugarik gabeko kontratuarekin egin badu zerbitzu enpresa eskatzailean edo hari atxikitako batean.
c) Finantza-laguntza honetatik bazterturik geldituko dira kontratu egilearen eta kontratudunaren artean odolkidetasun loturak dituztenen kontratazioak, odolkidetasunaren eta ahaidetasunaren bigarren mailaraino (aita-amak, seme-alabak, anai-arrebak, neba-ahizpak, suhi-errainak eta koinatu-koinatak).
Enpresa atxikitzat hartzen da enpresak edo bazkideek kapital sozialaren % 20 baino gehiago ordezkatzen badute, edo enpresa atxikian zuzendaritza karguak betetzen dituztenek bertze enpresaren kapital sozialaren % 20 baino gehiago badituzte.
7. art. Ez betetzea.
5. artikuluko b) atalean ezarritakoa betetzen ez bada, enpresa onuradunak berak emandako datu eta argibideak faltsutu edo aldatzen baditu, egiaztapen lanak oztopatzen badira edo laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate edo inguruabarrak ezkutatzen badira, Udalak erabaki dezake emandako onurak deuseztea eta, hala behar bada, erabilitakoak hilabetean itzultzea eta laguntzak ordaindu direnetik berandutza korrituak eskatzea.
Negozioa itxi eta jarduera uzten bada, lana hiru hilabetez edo gehiago geldiarazten bada, jarduera herri honetatik kanpora eramaten bada, krisiaren espedientea edo lanaren edo lanaldiaren erregulazioa egitea erabakitzen bada, ordainketak eteten badira edo enpresak porrot egiten badu, Udalak erabaki dezake emandako laguntzak osorik edo partez murriztea eta jasotako diru guztia Udalari itzultzea hilabeteko epean eta laguntzak ordaindu direnetik berandutza korrituak eskatzea, betiere inguruabar horiek laguntza eman ondoko hiru urteko epean gertatzen baldin badira, laguntzak behin betikoz emateko erabakiaren datatik aitzina. Nolanahi ere, enpresa behartuta dago Udal honi goiti-beheiti horien berri ematera, gertatzen diren unetik beretik.
II. KAPITULUA
Inbertsiorako finantza-laguntzak
1. artikulua. Aplikazio esparrua.
Enpresa mota hauek guztiek biltzen ahalko dituzte finantza-laguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako eraikin berriak egin, handitu edo zaharberritzeko inbertsioak egitea.
b) Helbide fiskala Fiteron izatea.
2. art. Eskabidea eta agiriak.
Laguntza hauek hartu nahi dituzten enpresek Herriko Etxean ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte, irekitzeko lizentzia eskuratu eta urtebeteko epean.
a) Eskaera idatzia.
b) Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.
c) Gauzatuko den jardueraren txostena.
d) Gizarte Segurantzaren ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.
e) Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua dagoela dioen ziurtagiria.
3. art. Aplika daitezkeen onurak.
30.050,61 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dituzte finantza-laguntzak.
Eskatzaileak saltokiak baldin badira, 12.020,24 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dituzte finantza-laguntzak.
Finantza-laguntzaren zenbatekoa inbertsioaren % 1 izan daiteke gehienez.
Finantza-laguntza kalkulatzeko oinarria egin beharreko obra gauzatzeko aurrekontua izanen da.
4. art. Oharrak.
a) Laguntzak Udalbatzak emanen ditu, osoko bilkuran erabakita, aldez aurretik Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeak irizpena emanda.
b) Enpresek inbertsioa eta jarduera gutienez hiru urtean mantentzeko hitza ematen dute.
c) Osoko bilkuran laguntza horiek ematea erabaki ondotik ordainduko dira.
d) Inbertsioak burututzat hartuko dira udal arkitektoak obrak ikusi eta haien gaineko balorazio txostena ematen duenean.
5. artikulua. Ez betetzea.
Aitzineko artikuluko b) atalean ezarritakoa betetzen ez bada, enpresa onuradunak berak emandako datu eta argibideak faltsutu edo aldatzen baditu, egiaztapen lanak oztopatzen badira edo laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate edo inguruabarrak ezkutatzen badira, Udalak erabaki dezake emandako onurak deuseztea eta, hala behar bada, erabilitakoak hilabetean itzultzea eta laguntzak ordaindu direnetik berandutza korrituak eskatzea.
Negozioa itxi eta jarduera uzten bada, lana hiru hilabetez edo gehiago geldiarazten bada, jarduera herri honetatik kanpora eramaten bada, krisiaren espedientea edo lanaren edo lanaldiaren erregulazioa egitea erabakitzen bada, ordainketak eteten badira edo enpresak porrot egiten badu, Udalak erabaki dezake emandako laguntzak osorik edo partez murriztea eta jasotako diru guztia Udalari itzultzea hilabeteko epean eta laguntzak ordaindu direnetik berandutza korrituak eskatzea, betiere inguruabar horiek laguntza eman ondoko hiru urteko epean gertatzen baldin badira, laguntzak behin betikoz emateko erabakiaren datatik aitzina. Nolanahi ere, enpresa behartuta dago Udal honi egoera horien berri ematera, gertatzen diren unetik beretik.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: A0301068