23. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

5/2003 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Nafarroako Hortz-protesigileen Elkargo Ofiziala sortzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO HORTZ-PROTESIGILEEN ELKARGO OFIZIALA SORTZEKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Foru Legeko 44. artikuluko 26. idatz-zatiak adierazten du Nafarroak eskumen esklusiboa duela lanbide elkargoen eta lanbide tituludunetako jardunaren arloetan, legeria orokorrarekin bat.

Artikulu horretan xedaturikoaren arabera, eta Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu dituen eskumenak ikusirik, Nafarroako lanbide elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen.

Foru lege horri erregelamenduzko garapena abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez eman zitzaion, aipatu Foru Dekretuak Nafarroako lanbide elkargoei buruzko foru legea garatzen duen erregelamendua onetsi baitzuen. Hori horrela, eskaera bat aurkeztu da Nafarroako Hortz-protesigileen Elkargoa sortzeko.

Eskaera Foru Komunitatean aritzen diren eta titulu ofiziala duten profesionalik gehienek izenpetu dute.

Izan ere, lanbide horretantxe jarduteko eskatu dute elkargoa sortzea, eta foru lege hau eskari horren izapidaketaren ondoriozkoa da.

Martxoaren 17ko 10/1986 Legeak, odontologia eta hortz-haginen osasunarekin ikustekoa duten beste lanbide batzuk arautzen baititu, 2.1 artikuluan hortz-protesigileen lanbidea ezagutzen du, bigarren mailako lanbide heziketako tituludunei dagokiena, eta arlo honetara zabaltzen du jarduteko eremua: produktu, gai, teknika eta prozedura egokiak erabiliz hortz-protesiak diseinatu, prestatu, taxutu, egin eta konpontzea, mediku estomatologoen eta odontologoen jarraibide eta aginduei jarraituz.

Bestetik, martxoaren 17ko 10/1986 Legea garatzeko uztailaren 15eko 1594/1994 Errege Dekretuak hortz-protesigileen lanbidearen edukia zehaztu zuen, eginkizunei dagokienez. Lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarri zuenez, prozedura bat ezarri beharra zegoen arau horrek indarra hartu aurretik lanbidean ari ziren hortz-protesigileei lanean segitzeko baimena emateko. Prozedura hori eta lanbiderako baimena emateko irizpide nagusiak. Lehendakaritza Ministerioaren 1997ko maiatzaren 14ko Aginduaren bidez finkatu ziren.

Ondotik, apirilaren 7ko 541/1995 Errege Dekretuak Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera emana hortz-protesietako goi mailako teknikari titulua ezarri zuen, lanbide heziketakoa.

Lehenago aipatu den arau eta lanbide autonomia kontuan hartuz, komenigarritzat eta beharrezkotzat jo da lanbide elkargo bat sortzea Nafarroako Foru Komunitateko hortz-protesigileak bildu eta lanbide horren eta bazkideen lanbide-interesen ordezkari eta defendatzaile izanen dena, gizartearen interes orokorrekin bat, eta legeen arabera lanbide horretan jarduteko era antolatuko duena.

Horrenbestez, Nafarroako Hortz-protesigileen Elkargo Ofiziala sortzeko interes publikoko arrazoiak daudela jotzen denez, foru lege honen bidez elkargo hori sortzen da.

1. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Hortz-protesigileen Elkargo Ofiziala sortzen da, zuzenbide publikoko korporazio gisa. Nortasun juridiko propioa du, eta gaitasun osoa bere helburuak eta eginkizunak betetzeko.

2. Lanbide elkargoak nortasun juridikoa izanen du foru lege honek indarra hartzen duenetik eta jarduteko gaitasuna gobernu-organoak eratzen direnetik.

2. artikulua. Jarduteko eremua.

Nafarroako Hortz-protesigileen Elkargo Ofizialaren jarduteko eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

3. artikulua. Elkargoko kide egiteko eskubidea.

Ondokoak egin daitezke Nafarroako Hortz-protesigileen Elkargo Ofizialeko kide:

1. Hortz-protesikoen arloko Lanbide Heziketako Bigarren Mailako titulua dutenak, odontologoei eta hortz-haginen osasunarekin ikustekoa duten beste profesional batzuei buruzko martxoaren 17ko 10/1986 Legean xedatutakoari jarraikiz.

2. Hortz-protesietako goi mailako teknikari titulua dutenak apirilaren 7ko 541/1995 Errege Dekretuaren arabera, zeina Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoari jarraikiz eman baitzen.

3. Lanbidean aritzeko baimena eman zaien pertsonak, uztailaren 15eko 1594/1994 Errege Dekretuak eta martxoaren 17ko 10/1986 Legea garatzen duen Lehendakaritza Ministerioaren 1997ko maiatzaren 14ko Aginduak ezarritako moduan.

4. artikulua. Lanbidean aritzea.

Nafarroako Foru Komunitatean hortz-protesigile lanetan aritzeko ezinbesteko betebeharra da Nafarroako Hortz-protesigileen Elkargo Ofizialeko kidea izatea, salbu eta beste lurralde bateko Hortz-protesigileen Elkargoko kidea dela frogatzen bada.

5. artikulua. Arautegia.

Nafarroako Hortz-protesigileen Elkargo Ofizialari aplikatuko zaizkio lanbide elkargoei buruzko legedia, bere estatutuak eta, kasua bada, barne araubideko erregelamendua.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Eratzeko prozedura

1. Nafarroako Hortz-protesigileen elkarteak, foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Hortz-protesigileen Elkargo ofizialaren behin-behineko estatutuak onetsi beharko ditu, honakoak arautzen dituztenak:

a) Elkargoko kide bihurtzeko betebeharrak. Kide izateak elkargoa eratzeko biltzarrean parte hartzeko ahalmena emanen du.

b) Elkargoa eratzeko biltzarrerako deialdia egiteko prozedura eta biltzar haren funtzionamendua. Deialdi hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Hortz-protesigileen Elkargo Ofiziala eratzeko biltzarrak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.

b) Elkargoko gobernu-organoetako kideak hautatzea.

3. Elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsi ondoren, elkargoa eratzeko biltzarraren aktaren ziurtagiriarekin batera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko dira. Kontseilariak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du, Departamentuko organo eskudunak haiek legeekin bat datozela adierazi ondoren.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarrean sartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamalauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0301664