23. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

3/2003 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Nekazaritza azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeari beste xedapen gehigarri bat eransten diona.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, NEKAZARITZA AZPIEGITUREI BURUZKO MARTXOAREN 7KO 1/2002 FORU LEGEARI BESTE XEDAPEN GEHIGARRI BAT ERANSTEN DIONA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuak, martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen bidez, Nekazaritza azpiegiturei buruzko foru legea onetsi zuen, besteak beste, lurzatiak berrantolatzeko ohiko prozedura eta prozedura laburra arautzen dituena.

Arlo horri buruzko ordura arteko arautegiak honako hauek biltzen zituen: lehenbizi, Nekazaritza berritu eta garatzeko legearen testua onesten zuen urtarrilaren 12ko 118/1973 Dekretua eta gero Nekazaritzako azpiegituren berrikuntzari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legea. Arautegi hartan lurzati prozeduretan gertaturiko eskubide eskualdaketei edo bestelako aldaketei buruz arau bat bazegoen, baina oraingo arautegian aipatzen ez da ezer aipatzen.

Eragingarritasuna eta segurtasun juridikoa direla-eta, komeni da eskualdaketak eta aldaketak egiteko epe bat ezartzea, prozeduraren bukaerarekin bat datorrena. Bukaera hori, lurzati berrantolamenduetan, jabetzaren antolamendu berria daukan Erabakia irmo bihurtzen denean gertatzen da.

Bestetik, gaur egun berrantolamendu batzuk hasiak daude. Batzuetan 18/1994 Foru Legeak du indarra eta beste batzuetan 1973ko Legeak. Foru lege hark epe laburrago bat ezartzen zuen aldaketak egiteko, bakarrik erabakia argitaratu arte baimentzen baitzituen. Estatuko aurreko legeak, baina, ez zuen eperik ezartzen eta, beraz, ulertu behar zen erabakia irmo bihurtzean, lurzatiak berrantolatzeko prozedurarekin batera alegia, bukatzen zela.

Segurtasun juridikoko eta tratu administratibo bereko irizpideak direla-eta komeni da legerako proposaturiko aldaketa lurzatiak berrantolatzeko gaur egun izapidatzen ari diren prozedura guztietara zabaltzea. Haietarako guztietarako eperik zabalena ezarriko da, Erabakia irmo bihurtzen denekoa, alegia.

Lur-trukaketei dagokienez, lehen azaldu diren arrazoi berengatik, bidezko da arautegian aipatzen diren epe guztiak batzea. Horrela, izapidatzen ari diren berrantolamendu guztietan martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoa izanen da arau.

Artikulu bakarra.

1. Nekazaritza azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko xedapen gehigarri bakarra lehenbiziko xedapen gehigarri bihurtzen da.

2. Nekazaritza azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeari beste xedapen gehigarri bat eransten zaio, bigarrena, testu hau izanen duena:

"Foru lege honek indarra hartzean lurzatiak berrantolatzeko izapidatzen ari diren prozedura guztietan, zer arautegik zuzentzen dituen kontuan hartu gabe, baita hastekoak diren prozeduretan ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak oinarriak argitaratzen direnetik erabakia irmo bihurtu bitarte jakinarazten diren eskubide eskualdaketei edo bestelako aldaketei indar eman ahalko die, baldin eta behar bezala frogatzen badira.

Lur-trukaketetan, foru lege honetako 28. artikuluko 3. idatz-zatia izanen da arau".

3. Foru lege horretako "Xedapen Gehigarria" idazpurua "Xedapen Gehigarriak" bihurtzen da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamalauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0301662