23. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

2/2003 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako eta haren montepioetako pentsiodunendako ordainsarien arloko neurri batzuk ezartzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEENDAKO ETA HAREN MONTEPIOETAKO PENTSIODUNENDAKO ORDAINSARIEN ARLOKO NEURRI BATZUK EZARTZEN DITUENA.

ZIOEN AZALPENA

2002ko apirilaren 15ean izenpetu zen "Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta sindikatuen arteko Ituna, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen 2002. eta 2003. urteetarako lan baldintzei buruzkoa".

Itun horretako 2. puntuak hauxe dio:

"_Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lansariak, urtero, Estatu osorako aurreikusiriko KPI adina gehituko dira, Itunak indarrean diraueino. 2002rako gehitze hori 100eko 2koa izan da.

_Urte bakoitzean Nafarroan gertatzen den benetako KPI Estatu osorako aurreikusirikoa baino handiagoa izanez gero, eros-ahalmenari eutsiko zaio. Kasu horretan, alde hori zuzenean lansariei gaineratuko zaie. Finkatu eginen da eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak.

_Halaber, hurrengo urteko urtarril edo otsaileko nominan, sari bakar bat pagatuko da, ezin finkatuko dena, aurreko urtean guztira sorturiko lansarien arabera kalkulatua. Nafarroako benetako KPIk zenbat gainditzen duen aurreikusiriko KPI, horrenbestekoa izanen da sari hura."

Klasula hauek betearazteko legezko arautegi bat eman behar da, bai haien edukiagatik, bai burutuko badira behar duten finantzaketagatik, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 39. artikuluko 4. idatz-zatian eta 83. artikuluko 6. idatz-zatiko b) letran xedaturikoa betez. Idatz-zati horietan xedatzen da administrazio publikoetako funtzionarioen lansarien igoerak urte bakoitzeko Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legean agertu behar duela.

2003ko ekitaldian, 2001eko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legea bigarrengoz luzatu denez eta bertan espresuki 2002ko urtarrilaren 1az geroztik KPI espero zena baino gehiago handitzeagatik langileeen lansariak gaurkotzeko aipamenik ez dagoenez, bidezko da legezko araudia ematea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta sindikatuek 2002ko apirilaren 15ean izenpeturiko Ituneko klausula bete ahal izateko.

Horregatik beharrezkoa da foru lege hau onartzea.

1. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupeko langileen lansarien igoera orokorra.

1. 2003ko urtarrilaren 1az geroztik, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupeko langileen lansariak 100eko 2 handituko dira, langile haien 2002rako lansariei 100eko 1,9607843 gaineraturik.

2. Aurreko puntuan xedaturikoa betez, 2003rako, E mailako hasierako lansaria 11.547,76 eurokoa izanen da.

3. Foru lege honek indarra hartu eta hurrengo hilabeteko nominan, 100eko 1,9607843ko sari bakar bat pagatuko da, ezin finkatuko dena, langileek 2002an guztira sorturiko lansariei aplikaturik.

4. 2003an Nafarroako benetako KPI artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarririko 100eko 2ko igoera baino handiagoa bada, aldea zuzenean aplikatuko zaie 2003ko lansariei. Zenbateko hori finkatu eginen da eta 2004ko urtarrilaren 1az geroztik izanen ditu ondorioak. Halaber, aurreko urtean guztira sorturiko lansarien arabera kalkulaturiko sari bakar bat pagatuko da, finkatuko ez dena, desbideratze horren ehunekoa adinakoa.

2. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko lan-kontratudunen lansariak.

1. 2003ko urtarrilaren 1etik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratudunen lansariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen dira, betiere foru lege honetako 1. artikuluan ezarririko irizpideei jarraikiz.

2. Nafarroako gainerako Administrazio Publikoetako lan-kontratudunen lansariak, administrazio publiko bakoitzak bere aurrekontuetan ezartzen dituenak izanen dira, betiere foru lege honetako 1. artikuluan ezarririko irizpideei jarraikiz.

3. artikulua. Nafarroako Gobernuko kideak eta izendapen libreko behin-behineko langileak.

2003ko ekitaldirako, Nafarroako Gobernuko kideen eta izendapen libreko behin-behineko langileen lansariak foru lege honetako 1. artikuluan ezarririko ehuneko eta irizpideen arabera gehituko dira.

4. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko montepioetan babesturiko funtzionarioen eskubide pasiboak.

1. Foru lege honetako 1. artikuluan xedaturikoa Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko montepioetako pentsioei ere dagokie. Gaurkotzeko eskubidea izanen dute, baita montepio horietan babesturiko funtzionarioen eskubide pasiboetan eragina duten lansari-kontzeptuen zenbatekoa zehazteko ere.

2. Aurreko idatz-zatian xedaturikoa betez, eskubide pasiboetan eragina duten lansari-kontzeptuen zenbatekoak hauexek izanen dira 2003. urterako:

MAILA LANSARIA GARESTITZEA

1 10.321,70 7.622,76

2 8.491,13 7.231,76

3 7.558,95 7.032,95

4 7.184,51 6.953,27

5 6.868,78 6.886,01

6 6.577,88 6.823,75

7 6.302,20 6.921,24

8 6.110,02 7.136,99

9 5.831,82 7.077,51

10 5.668,03 6.912,96

11 5.520,60 6.826,74

12 5.203,91 6.639,76

13 4.987,97 6.533,91

14 4.594,01 6.332,88

15 4.231,22 6.042,94

16 4.009,99 5.912,65

17 3.644,32 5.782,63

_Sendagileak, botikariak eta albaitariak: Lansaria: 6.449,17 Fakultatiboaren lanpostuagatik: 4.214,67

_Osasun laguntzaile teknikoak: Lansaria: 3.727,37 Fakultatiboaren lanpostuagatik: 3.372,00

_Emaginak: Lansaria: 1.378,39

5. artikulua._1. Kreditu gehikuntza bat ematen da, 26.696.000 eurokoa, 2003rako luzaturiko 2002ko aurrekontuan "Langileekiko Hitzarmen indarduna aplikatzeko fondoa" izeneko 020000-04000-1620-122600 kontusailari, zeina handitu ahalko baita, aplikatuko zaiona, foru lege honetan xedaturikoa betetzeko.

2. Kreditu gehikuntza hori 2003rako luzaturiko 2002ko aurrekontutik finantzatuko da, "Aurreko ekitaldietako superabitaren aplikazioa" izeneko 112000-11400-8700-000000 kontusailetik.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamendu-arau guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamalauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma

Iragarkiaren kodea: a0301661