17. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Iruñeko San Gregorio kaleko 42an obrak egiteko errekerimendua

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuak ondoko ebazpena eman zuen 2002ko abenduaren 10ean:

RUV 02-ABE-10 (2/UV)

"Iruñeko San Gregorio kaleko 42ko eraikina 2002ko irailaren 16an eta urriaren 17an aztertu ondoren, Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko Udal Zerbitzu Teknikoek ikuskapenen txostena ikusirik, frogatu baita delako eraikinak honako hauek gaizki dituela:

_Fatxadetako estaldurak eta zurajeak egoera kaxkarrean daude, San Gregorio kale aldera eta barne-patiora ematen duten haietan.

_San Gregorio aldera ematen duen teilatu-hegala oso hondatuta dago, eta barne-patiokoa hondatu antzean.

_Estalki aldetik ur-filtrazio handiak badaude, haren egiturazko elementuak larriki kaltetzen dutenak, baita egun hutsik dauden azkeneko bi bizitzak ere.

_Eskailera-kaxaren egituran artesiak eta okerdurak badira.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 224. artikuluan eta Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legearen 19. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

Ebatzi dut:

1._Iruñeko San Gregorio kaleko 42ko eraikinaren jabeei agintzea honako lan hauek egin ditzatela, hiru hilabeteko epean:

_Estalkia eta teilatu-hegalak moldatzea, dituzten akats guztiak eta estankotasun eza konponduz, egituraren goitik beherako azterketa barne.

_Fatxadetako akats guztiak moldatzea, alegia, estaldurak, balkoiko harlauzak, zurajeak eta zorrotenak.

_Azken bizitzetako akatsak moldatzea, izan ere ur filtrazioak eta hezetasuna atzeman baitira. Halaber, eskailera kaxatakoak konpondu behar dira (artesiak eta okerdurak).

Eskatutako obrak egiten ez diren bitartean, biziezintzat hartuko dira azkeneko bi bizitzak. Bestetik ere, teknikari eskudunak berehala aztertu beharko du estalkiaren egitura, eta kautelazko neurriak hartu beharko dira, segurtasuna eta iragazgaitasuna bermatzeko bidezko jotzen direnak.

Obrak hasi aitzin, teknikari eskudun batek sinatutako proiektua eta obra zuzendaritzako kontratazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

2._Etxe horretako jabeei ohartaraztea ezen, aitzineko puntuan errekeritutako lanak ezarritako epean egiten ez badituzte, Udalak epea bukatu eta biharamunetik obrak haien ordez egin ahal izanen dituela eta, hori gertatuz gero, behar diren tasak, hau da, sortzen diren gastuen % 125 igorriko zaizkiela, edo bestela isun hertsatzaileak paratzen ahalko dituela hilabetero.

Jabetza Horizontalari buruzko Legearen 10.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, aginteak emaniko aginduen kontra egin edo haien betearazpena oztopatzen duten jabeek bakarka erantzun beharko diete ezartzen zaizkien zehapenei.

3._Era berean, jabeei ohartaraztea ezen, aipatu epean obrak egiten ez badira, zehapen espedientea abiaraziko dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.5 artikuluan sailkatutako hutsegite arinaren ustezko erantzule izateagatik. Hutsegite arina 300,51 eurotik 6.010,12 eurora bitarteko isunarekin zehaturik dago.

4._Jabeei ohartaraztea, orobat, konponketa obra horiek eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnetarik direla. Egokitzapen hori etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko indarra duen Foru Dekretuan zehazten da.

Obra horiei ekiteko zaharberritzeko dirulaguntzak eskura daitezke, betiere eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnekin batera egiten badira; horretarako, Etxebizitzak Zaharberritzeko Udalaren Bulegoan, Eslava karrikako 1.ean, argibideak eska daitezke."

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkezten ahal da, hautara:

_Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hamarrean. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0300427