I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
254/2002 FORU DEKRETUA, abenduaren 16koa, atalen egitura organiko berria ezartzen duena Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Industri Segurtasunerako Zerbitzuan.
Industri Segurtasunerako Zerbitzuak prozesuetarako kudeaketa ezarriko du bere antolamenduan, bere jarduera garatzeko, etengabean jarduera hori hobetze aldera. Hori lortzeko, oraingo antolamendu administratiboa, jarduera arautuen arlotan oinarritua, gainditu beharra dago, eta bestelako antolamendua ezarri, kudeaketa modu berriari egokitua. Dena dela, atalak bi izanen dira, orain arte bezala, eta atal bakoitzari esleitzen zaizkion eginkizun eta baliabideak baizik ez dira aldatuko.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren eta Administrazioaren Araubide Juridikoari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 50.1.b) artikuluak xedatzen duenez, Gobernuari dagokio, aurrekontuetako diruaren arabera, kasuan kasuko kontseilariak proposaturik, erakunde autonomoak eta bulegotik gorako unitate organikoak sortu, aldatu eta kentzea.
Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hamaseian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Industri Segurtasunerako Zerbitzuak honako atal hauek izanen ditu:
_Industri Segurtasunaren Kontrolaren Atala.
_Industri Segurtasunaren Kudeaketaren Atala.
2. artikulua. Industri Segurtasunerako Kontrolaren Atalak eginkizun hauek ditu:
_Proposamen arau-emaileak egitea.
_Entitate laguntzaileekin lan egiteko tresnen definizioa eta horien segimendua.
_Kontrol jarduerak garatzea: azterketak eta ikuskapenak, salaketen segimendua, zehapen proposamenak.
3. artikulua. Industri Segurtasunerako Kudeaketaren Atalak eginkizun hauek ditu:
_Instalazioen tramitazioa eta erregistroa.
_Kudeaketa eta informazio sistemak koordinatzea.
AZKEN XEDAPENA
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hamaseian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.
Iragarkiaren kodea: A0214080