I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
278/2002 FORU DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, Monteagudoko 2. poligonoko 109. lurzatiaren puxka bat, Arrabal kalearen ondoan dagoena, okupatzea presakoa dela adierazten duena, nahitaezko desjabetzapena egiteko.
Monteagudoko Udalak, 2002ko martxoaren 1eko bilkuran harturiko Erabakiaren bidez, 2. poligonoko 109. lurzatia desjabetzeko prozedurari ekin zion eta proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean paratu zuen, hamabost egunez.
Ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda, aginduzkoa dena, jendaurrean egoteko epea bukatu da. Alegaziorik aurkeztu ez denez, Monteagudoko Udalak, 2002ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez, ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda behin betikoz onetsi zuen.
Obrak presakotzat jo dira, 2002ko otsailaren 21az geroztik indarra duen Udal Planaren helburuetariko bat baita kaleak zabaldu eta horrekin batera zolaberritzea. Jabe batzuekin itunak lortu dira, ez baina lurzati harenarekin. Lurzati hori kale bihurtzen ez denez, Arrabal kaleak estutze luze bat du eta horren ondorioz ibilgailuei iragatea eragozten die. Oinezkoak arrisku larrian daude, esan bezala, eremu hori oso hertsia baita. Gainera, kale horretatik makina asko pasatzen dira eta beraz larriagoa da eremuko egoera. Nahitaezkoa da kalearen estutasuna konpontzeko behar diren neurriak hartzea, gehienbat, eraikinik ez egoteagatik sendoturik ez dauden eremuetan, horietan errazagoa baita.
Nafarroako Gobernuak, Monteagudoko Udalak alegaturikoa ikusirik, uste du nahiko justifikatua dagoela desjabetzapenak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazteko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hogeita hamarreko bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra._Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Monteagudoko 2. poligonoko 109. lurzatiaren puxka bat, Arrabal kalearen ondoan dagoena, okupatzea presakoa dela adieraztea.
AZKEN XEDAPENA
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hogeita hamarrean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.
Iragarkiaren kodea: A0300356