17. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Iruñeko Udalaren Hirigintza Gerentziako arkitekto tekniko izateko hiru lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia

Udalaren Hirigintza Gerentziako Kontseiluak Iruñeko Udalaren Hirigintza Gerentziako arkitekto tekniko izateko hiru lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea erabaki zuen, 2002ko abenduaren 13an egin bilkuran.

1._Xedea:

Deialdia egin da arkitekto tekniko izateko hiru lanpostu huts, 200.003-1, 200.003-2 eta 200.003-3 zenbakikoak, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko, hasiera batean Iruñeko Udalaren Hirigintza Gerentziarako.

2._Aplikatu beharreko arauak.

Delako lehiaketa ondoko arauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, hura garatu eta betearazteko lanpostuak betetzeko azaroaren 6ko 215/285 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduko 10. artikuluak eta aplikatzekoak diren bertze arauak eta deialdiaren oinarriak.

3._Betebeharrak.

Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta esleitzen zaien lanpostuaz jabetzean hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Arkiteko teknikoaren edo gisako lanpostu baterako izendatua izatea.

d) Arkitekto tekniko edo aparejadore titulua edukitzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean iraunen dute.

4._Lansariak.

Lekualdatzearen xede den langileak, indarra duten xedapenek esleitzen dioten soldata jasoko du.

5._Eginkizunak.

Arkitekto teknikoek bete beharreko eginkizunak hauek dira:

_Hirigintza Gerentziako Zuzendaritzaren agindupean, bere titulazioak berezko dituen lanak eginen ditu, baita bere kategoria administratiborako egokiak izanik manatzen zaizkion guztiak ere.

_Txostenak, ikustaldiak, irizpenak, balorazioak, azterlanak, analisiak, proposamenak egitea.

_Eraikuntza lanetako segurtasun eta osasunei buruzko neurriak betetzen ote diren begiratu, ikuskatu eta eskatzea.

_Bere titulazioari dagozkion ikerketak, planak eta programak egitea.

_Arestian aipaturiko zereginei dagozkien txostenak egitea.

_Bilera, batzorde eta abarretara joatea eta haietan parte hartzea bere eskumenei dagokien neurrian, bai Gerentziakoetara bai kanpokoetara, baldin eta gobernuko organo eskudunari iruditzen bazaio Gerentziak bertan egon behar duela.

_Bere titulazioari dagozkion bertze zereginak, egiteko administratiboak eta horiek garatzeko direnak.

6._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Hirigintza Gerentziako Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabortz egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehenago. Eredua deialdia egiten duen Udalaren Hirigintza Gerentziaren bulegoetan eskura daiteke. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

b) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiri behar bezala kautotuak erantsiko zaizkio eskabideari.

7._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Hirigintza Gerentziako Kontseiluak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, eta ohartarazten da, hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Hirigintza Gerentziako Kontseiluak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Hirigintza Gerentziako Kontseiluak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

8._Epaimahaiaren osaketa.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Yolanda Barcina Angulo andrea, Hirigintza Gerentziako Kontseiluko burua.

Ordezkoa: Juan Luis Sánchez de Muniáin jauna, Hirigintza Gerentziako Kontseiluko buruordea.

Mahaikidea: José María Jiménez Gurucharri jauna, Hirigintza Gerentziako Planeamendu eta Hirigintza kudeaketarako zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: arkitekto tekniko edo aparejadore bat, Iruñeko Udalak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Jesús Morentin Abós, Hirigintza Gerentziako Hirigintzako Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: arkiteko tekniko bat, Iruñeko Udalak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: arkiteko tekniko bat, Iruñeko Udalak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: arkiteko tekniko bat, Iruñeko Udalak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkaria.

Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: María Soledad Alegría Ezquerra, A.P.T. adar juridikokoa, Hirigintza Gerentziakoa.

Ordezkoa: María Mendive Urtasun, Hirigintza Gerentziako legelaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9._Merezimenduen kalifikazioa.

Merezimendu hauek baloratuko dira hurrenez hurren:

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertzelako merezimenduak: gehienez 25 puntu.

Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino altuagorik.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

c) Lanpostuaren eduki eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez 25 puntu.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du proba praktikoa. Agerraldi horrek merezimenduei eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruzko aferak biltzen ahalko ditu.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Izangairen bat proba praktikoaren hitzezko azalpen eta defentsara ez aurkezteak berekin ekarriko du lehiaketatik bertzerik gabe baztertzea.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa jakiteko.

Lehiaketako atalen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udalaren Hirigintza Gerentziako iragarki oholean izangai bakoitzak lortutako puntuazioa eta bortz eguneko epea irekiko du izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten oro alega dezaten.

10._Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak, erreklamazioak ebatzi ondoan, lehiatzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udalaren Hirigintza Gerentziako iragarki oholean, deialdiko 9. oinarrian aipatzen den proba praktikoa gainditu duten lehiatzaileen zerrenda igorriko dio deialdia egin duen organoari, agiri guztiekin batera, lehiaketako atal gutzietan lorturiko puntuazio osoaren ordenari jarraituz, eta puntu gehien lortu dituena izenda dadila proposatuko du.

Lehiatzaileen puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoendako zerbitzuan antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Horrela ere berdinketak irauten baldin badu, berriz, lanpostuaren eduki eta funtzioei buruzko proba praktikoan puntuazio altuena lortu duen lehiatzailearen alde.

11._Lanpostuaren jabetza hartzea.

Hirigintza Gerentziako Kontseiluak, ebazpen baten bidez, lehiaketako lanpostua esleituko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Lehiatzaileak esleitutako lanpostua hartu beharko du ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean.

Behar bezala frogaturiko ezinbertzeko arrazoiengatik izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada horretan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Kasu horretan, lanpostua deialdiko 10. oinarrian aipatzen den zerrendan hurrengo dagoen lehiatzailearekin beteko da.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Hirigintza Gerentziako Kontseiluari edo Iruñeko Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hirigintza Gerentziako Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaria, arkitekto tekniko izateko hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian, data honetako ..... eta zenbaki honetako ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, parte hartzeko. ......................

1._Norberaren datuak:

Izen-deiturak:

N.A.N.: ......................

2._Administrazio datuak:

a) Egoera administratiboa:

Zer lanpostutarako izendatu zuten:

Erakunde autonomoa:

b) Zein maila edo taldetakoa den: ................

Izenpetzen duenak adierazten du, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

Horrenbertzez,

Arkitekto tekniko izateko hiru lanpostu huts betetzeko lekualdatze lehiaketara onar nazazuela eskatzen dut.

Iruñean, 2002ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO UDALAREN HIRIGINTZA GERENTZIAKO GERENTE JAUNA

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak:

1) Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan langile finko gisa egindako zerbitzuak: 1,50 puntu urte bakoitzetik.

2) Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan aldi baterako langile gisa egindako zerbitzuak: 1,12 puntu urte bakoitzetik.

3) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan langile finko gisa egindako zerbitzuak:

A mailan egindako urte bakoitzetik: 0,37 puntu.

B mailan egindako urte bakoitzetik: 0,32 puntu.

C mailan egindako urte bakoitzetik: 0,27 puntu.

D eta E mailetan egindako urte bakoitzetik: 0,22 puntu.

4) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean egindako zerbitzuak:

A mailan egindako urte bakoitzetik: 0,30 puntu.

B mailan egindako urte bakoitzetik: 0,25 puntu.

C mailan egindako urte bakoitzetik: 0, 20 puntu.

D eta E mailetan egindako urte bakoitzetik: 0,15 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta bertze merezimendu batzuk.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo haren baliokide (10 ikastordu) bakoitzeko; gehienez ere, 12 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo balioetsirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2) Kongresu edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, herrialdekoa, nazionala edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere, 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutakoak ez direnak: 4 puntu gehienez.

5) Bertzelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: bertzeak bertze, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikustekoa izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Honako b) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hogeian. Kontseiluko burua, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0213991