Iragarkia
17. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 7a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
EBAZPENA, 2003ko urtarrilaren 20koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako foruzain izateko 35 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2003ko urtarrilaren 20an emandako Ebazpenaren bidez, Nafarroako foruzain izateko 35 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da. Lanpostu horiek plantillako zenbaki hauek izanen dituzte: 6541etik 6555era bitarte eta 6696tik 6715era bitarte, horiek barne.
1._Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako foruzain izateko 35 lanpostu betetzea, txanda irekian eta oposizio bidez. Lanpostuen plantillako zenbakiak 6541etik 6555era bitarte eta 6696tik 6715era bitartekoak dira, horiek barne. Dena den, deialdi hau ebatzi aurretik eginen den lekualdatze lehiaketaren ondorioz heldu direnek ordezkatuko dituzte.
1.2. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiak Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario eta Nafarroako Foruzaingoko kide izanen dira. Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duen urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako eginkizunak bete beharko dituzte eta bertan aipatutako eskubide eta betebeharrak izanen dituzte. Lanpostua ateratzen dutenak Iruñean edo Tuteran arituko dira.
1.3. Izangaiak, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.
1.4. Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.
2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) Adinez nagusia izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.
c) Batxiler titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.
d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta ez egotea deialdiaren IV. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetan.
e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera bederen izatea eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.
g) Izangaiek gutxienez A eta BTP, edo garai bateko A-2 eta B-2 motako gida-baimenak eduki beharko dituzte.
2.2. Baldintza horiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte, g) letrako baldintza izan ezik; azken hau, deiaren 5.2.1 eta 5.2.2 oinarrietan ezarritakoa betez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda publiko egiten den egunean eduki beharko dute.
3._Eskabideak
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak, deialdian argitaratutako ereduaren araberakoak, Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoan eskuratzen ahalko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, ataria), edo interneteko helbide honetan: www.cfnavarra.es/BON _BONE, (euskaraz nahi izanez gero hau erantsi behar da: -/BONIDIX.HTM), edo deialdia argitaratu den aldizkarian. Eskabide horietan izangaiek adierazi beharko dute epea bukatzen den egunean eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.
Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:
a) Izangaiek II. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen ziurtagiri mediko ofiziala.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 12 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa-eskubideak ordainduko dira. Salbuetsita dagoela frogatu ezean, tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Tasatik salbuetsirik daude:
_%33koa edo handik goitiko minusbaliotasun maila dutenak.
_Hautapen proben deialdia egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hau izateko baldintza izanen da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeko uko egin ez izana justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori dena Enplegu Bulegoak luzaturiko agirien bidez egiaztatuko da.
c) Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia, behar bezala konpultsatua.
d) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia konpul- tsatua.
4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.
5._Oposizioaren nondik norakoak.
5.1. Oposizioa 2003ko apirilean hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5.2. Oposizioak bi fase izanen ditu: lehenengoan gorputz egoera neurtzeko probak, orotariko kulturakoak, psikoteknikoak eta medikoak eginen dira, eta bigarrenean, berriz, oinarrizko prestakuntzako ikastaro bat gainditu beharko da.
5.2.1. Hautapenaldia.
Hautapenaldiak proba hauek izanen ditu:
a) Lehenbiziko proba: Idatzizko lau proba objektibo eginen dira, deialdi honen II. eranskinean agertzen den gai zerrendaren lau atalei buruzkoak.
b) Bigarren proba: III. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Ariketak epaimahaiak zehaztutako hurrenkeran eginen dira.
Proban zehar, 2.1.e) oinarriak jasotzen duen baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien luzera egiaztatuko da.
Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak antzeman edo egiaztatzeko egindako analisiak, dagokion organo berezituak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira debekatutako substantzia eta gai farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 2002ko abenduaren 10eko ebazpenaren eranskinean (2002ko 310. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27an, argitaratua) edo proba fisikoak egin behar direnean indarra duen ebazpenean heldu diren substantzia, gai farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak.
c) Hirugarren proba: Izangaiek ariketa psikoteknikoak eta buruz buruko eta/edo taldekako elkarrizketak egin beharko dituzte, lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko.
d) Laugarren proba: egungo gai bat idatziz garatzea. Epaimahaiak agindua ematen ahalko du proba hori lehen probako gainerako ariketa idatziekin batera egiteko. Kasu horretan, haren balorazioa izangaiek test psikoteknikoak gainditzen badituzte besterik ez da eginen.
e) Proba medikoak: Aurreko a), b), c) eta d) idatz-zatietako probak amaitu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko du oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatua. Gehienez ere 35 ikasle sartzen ahalko dira.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beharrezkoak diren proba mediko guztiak eginen dituzte, beren egoera psikofisikoa frogatzearren, deialdiaren IV. eranskineko bazterbide medikoetan ezarritakoari jarraikiz.
Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira erraten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.
5.2.2. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa.
Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta aplikagarriak diren erregelamenduzko xedapenek gobernatuko dute.
Prestakuntza Ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabortz egun naturaleko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako 2.1 oinarriko f) baldintza betetzen dutela egiaztatu beharko dute, eta, era berean, Oinarrizko Prestakuntza Ikastarora behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen denean, aipatutako 2.1 oinarriko g) baldintza betetzen dutela; hartarako, jarraian agertzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
_Gidatzeko baimenaren aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatuak.
_Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.
_Zin egin edo hitz eman Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta babestu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, sortutako bajak ezarriko ditu, bajak beteko ditu bazterturik gelditu gabe proba medikoak gainditu eta behin-behinekoz onartu ez diren izangaiekin, eta prestakuntza ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko du.
Prestakuntzako ikastaroa egiteko onartuak izan diren izangaiak praktikaldiko funtzionarioak izanen dira hura egin bitartean, aurretik Nafarroako Gobernuko funtzionarioak zirenen kasuan izan ezik. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko. Halaber, erregelamenduaren arabera ezarritako lansariak jasoko dituzte izangaiek.
Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenen kasuan, bertan segituko baitute.
Ikastaroan huts egiteak oposizioaldian jarraitzeko eta beka eskuratzeko eskubidea galtzea ekarriko du berekin.
Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa baino lehen, bitartean edo ondoren egindako azterketa medikoaz gain, izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak egin beharko dituzte, bazterbide medikoetan ezarritakoa betetzen dutela egiaztatzeko, apirilaren 27ko 101/1989 Foru Dekretuan eta deialdiaren IV. eranskinean agindu bezala. Proba horien bidez frogatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, organo arduradunak proposatzen ahalko du, eritasunaren edo ezintasun fisikoaren mailaren arabera, izangaia hautapen prozesutik baztertzea. Kasu horretan, izendapena egin behar duen organo eskudunari egokituko zaio bidezko den ebazpena ematea.
6._Proben balorazioa.
6.1. Lehen probako ariketak honela kalifikatuko dira: Nafarroako legeria, erakunde eta historiari buruzkoa, 0 eta 30 puntu bitartean. Nafarroako geografiari buruzkoa, 0 eta 30 puntu bitartean. Zientziei buruzkoa, 0 eta 20 puntu bitartean. Hizkuntzari buruzkoa, 0 eta 20 puntu bitartean.
Baztertuta geldituko dira ariketa guztietan guztira 50 puntu eskuratzen ez dutenak, baita horietako batean 0 puntu dituztenak ere.
6.2. Bigarren probako ariketetako kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, III. eranskinean ezarritako gutxienekoen arabera.
Edozein ariketatan "gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak hala nola dopajea galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak baztertuko dira.
Proba hau hirurogeita hamarretik gora izangaik gainditzen badute, hirugarren probara lehenengo hirurogeita hamarrak baino ez dira pasako. Hirurogeita hamargarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Hirurogeita hamargarrenetik behera dauden gainerako izangaiak baztertuko dira.
6.3. Hirugarren proba, psikoteknikoa, 0tik 60 puntura baloratuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.
6.4. Laugarren probako ariketa 0tik 40 puntura baloratuko da. 20 puntu lortzen ez dituztenak bazterturik geldituko dira.
6.5. Proba medikoetako kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.
6.6. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira.
Ikastaroa gainditzeko hura osatzen duten arlo guztiak gainditu beharko dira. Gainditutzat hartuko da ikastaroko programazioan arlo bakoitzerako finkatutako puntuazioaren % 50 lortu bada gutxienez.
6.7. Izangai bakoitzaren kalifikazioa hautapen aldian lortutako puntuazioei prestakuntza ikastarokoak gehituta aterako da.
7._Epaimahaia.
7.1. Ondokoek osatuko dute epaimahaia:
_Mahaiburua: José Ignacio Sánchez Trueba jauna, Foruzaingoko burua.
_Ordezkoa: José Miguel Gorricho Ochoa jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria.
_Mahaikidea: Mario Zunzarren Angós, Foruzaingoko ofiziala.
_Ordezkoa: Santiago Ongay Amadoz, Foruzaingoko sarjentua.
_Mahaikidea: Raúl López Merino jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Lankidetza, Segurtasun eta Udaltzaingoen Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendaria.
_Ordezkoa: Purificación González Merchán andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Arlo Juridikoaren atalburua.
_Mahaikidea: mahaikide bat, langileen ordezkaritza organoek proposatua.
_Ordezkoa: mahaikide bat, langileen ordezkaritza organoek proposatua.
_Mahaikide idazkaria: José María Canales Arana jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen atalburua.
_Ordezkoa: Pedro Segura Fernández jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko administraria.
7.2. Epaimahaia, probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.
7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
7.4. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.
7.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.
7.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.
8._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Oinarrizko prestakuntzako ikastaroa amaituta, Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiaren idazkariari igorriko dizkio ikastarotik heldutako emaitzak, bai eta azken emaitzerako proposamena ere.
Epaimahaiak izangaien kalifikazioa onetsi eta gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du, eskuratutako azken puntuazioaren arabera ordenaturik. Epaimahaiak probak gainditzen dituzten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari.
9._Izendapena eta jabetza hartzea.
9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak funtzionario eta Foruzaingoko kide izendatuko ditu aurreko oinarrian aipatutako proposameneko izangaiak eta haien izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza Langileriaren Erregistro Orokorrean, izendapena jakinarazten denetik aitzina.
Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, foruzain izateko eskubide guztiak galduko ditu.
10._Errekurtsoak.
Deialdiaren, haren oinarrien eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, helegitearen xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.
Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeian._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: ........................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren edo identitate-agiri baliokidearen zenbakia: ......., jaioteguna: ......(e)ko .............aren ............(e)a, jaioterria: ........... (............), nazionalitatea: ................, helbidea: .................., kalea: ................, posta kodea: .............., telefonoa: ............. laneko telefonoa: ..............
Zure aitzinera agertzen da eta adierazten du:
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko .............. izateko .....lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar dezatela eskatzen duela (deialdia ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).
f Txanda irekia
f Igoera txanda*
f Minusbaliatuendako txanda murriztua*
Karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela.
Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.
Ez dela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe dela.
Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela edo erantsitako agirien bidez frogatzen duela tasa ordaintzetik salbuetsita dagoela.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen dituela.
f Ezgaitasunik baduela eta, beraz, eransten den egokitzapena eskatzen duela, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaltzen dira eskatutako egokitzapenak eta horien zergatia).
f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten duela, erakunde eskudun batek emana.
f Euskara gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten duela.*
f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen duela.*
Horrenbestez,
Eskabide hau onartu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren zerbitzuko .............. izateko, .... lanpostu ...... bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen du.
Iruñean, ........(e)ko .........................aren .......(e)an.
(Sinadura)
(*) Bidezkoa bada.
NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.
II. ERANSKINA
Lehen probarako gai zerrenda
1._Nafarroako legeria, erakundeak eta historia.
1.1. Nafarroa Gaztelako Koroan sartzea. Historia, izaera eta ondorioak. Nafarroako Erresumako Eraentza. Nafarroako Gorteak. Erregeordea. Errege Kontseilua. Erresumako Diputazioa.
1.2. 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.
1.3. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.
1.4. Nafarroako Foru Erakundeak. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaera eta eginkizunak. Haren Erregelamendua. Funtzionamendua: osoko bilkura eta batzordeak. Kontuen Ganbara. Arartekoa.
1.5. Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua: eginkizunak, osaketa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Bere hautaketa. Nafarroako Parlamentuaren aitzinean duen erantzukizuna.
1.6. Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legea: edukiaren egitura eta azterketa.
1.7. Urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen testu bategina: edukiaren egitura eta azterketa.
1.8. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: edukiaren egitura eta azterketa.
1.9. Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Guztiendako administrazio prozeduraren faseak. Prozedura bereziak.
1.10. Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.
2._Nafarroako geografia.
2.1. Nafarroako geomorfologia: morfoegitura unitate nagusiak: Ebroren arroa eta Pirinioak.
2.2. Nafarroako orografia: ezaugarri nagusiak eta Iparraldeko eta Hegoaldeko Pirinioen adarrak. Biztanleriaren eta ekonomiaren gaineko eragina.
2.3. Nafarroako klimatologia: Nafarroan kliman eragiten duten faktoreak. Klima motak Nafarroan. Landaredia: motak eta banaketa.
2.4. Nafarroako hidrologia.Nafarroako ibaien ezaugarriak. Isurialdeak eta arro hidrografikoak: azterketa eta deskribapena. Unitate hidrogeologikoak.
2.5. Nafarroako nekazaritza:eskualdeak eta motak. Nafarroako abeltzaintza: espezieak, eskualdeak, produkzioa eta kokapena. Nafarroako meatzaritza.
2.6. Nafarroako industria: Nafarroako industriaren bilakaera, kokapena, arazoak.
2.7. Nafarroako hirugarren sektorea: hezkuntza. Komunikazioak, merkataritza. Nafarroako errepideen sarea. Mendateak.
2.8. Nafarroako biztanleria: ezaugarriak, bilakaera, sailkapena, eskualdeak, migrazio mugimenduak. Habitata Nafarroan. Biztanleen lanbide eta gizarte egitura.
2.9. Iparmendebaldeko eta Pirinioetako Nafarroa hezearen azterketa.
2.10. Pirinioetako arroen azterketa.
2.11. Nafarroaren erdialdeko ekialdearen eta mendebaldearen azterketa.
2.12. Ekialdeko eta mendebaldeko Erriberaren azterketa.
3._Zientziak
3.1. Ekologia: faktoreak, esku-hartzea, ekosistemak, oreka biologikoa. Dokumentazioa kontserbatzea.
3.2. Mugimendua: mota desberdinen azterketa problemak ebazteko aplikaturik.
3.3. Indarrak, masa eta azalerazioarekin lotuta. Indar unitateen erabilera.
3.4. Lana, potentzia, energia eta makinak. Problemetarako aplikazioa.
3.5. Berotasunaren azterketa eta makina termiko batzuetarako aplikazioak.
3.6. Elektrizitatea: motak, unitateak, zirkuitu baten osagaiak eta korronte elektrikoaren efektuak.
3.7. Materiaren egitura atomikoa eta molekularra.
3.8. Zatikiak. Eragiketetarako aplikazioak.
3.9. Proportzionaltasuna. Hiruko erregela bakun eta konposatua, ehuneko hainbat, banaketa proportzionala eta interes bakuna eta interes konposatua.
3.10. Nazioarteko neurri sistema.
3.11. Geometria: planoa, poligonoak. Ariketa praktikoak.
3.12. Geometria: espazioa, poliedroak, piramidea, konoa, esfera. Ariketa praktikoak.
4._Hizkuntza.
4.1. Substantiboaren, adjektiboaren eta aditzaren morfologia. Esaldi bakunaren sintaxia.
4.2. Esaldi konposatuaren sintaxia. Deskripzioa: hainbat mota. Deskripzioaren objektibotasuna eta subjektibotasuna.
4.3. Ortografia
4.4. Sinonimoak eta antonimoak.
III. ERANSKINA
Bigarren probari dagozkion ariketak
1._Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).
Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.
Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia urean murgildu eta 50 metro igerian eta hondo-igerian egitea, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora bi metrotan urpean eginen du igeri, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriro ere urpean eginen du igeri bi metrotan, eta paretaraino segituko du gero.
Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haien bidez bultzatzea.
b) Igerilekuaren hondoan indar egitea.
c) Kalez aldatzea.
d) Urpean ibiltzeko tartean burua uretik ateratzea.
Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).
Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.
GIZONAK EMAKUMEAK KALIFIKAZIOA
55" baino gehiago 58" baino gehiago ez gai
55" edo gutxiago 58" edo gutxiago gai
Marka ehunenak kenduta kalkulatuko da.
2._Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.
Izangaiek ahalik eta denbora laburrenean korritu beharko dute joan-etorrian 20 metro luzera duen tarte batean, magnetofoiaren bidez agintzen zaien erritmoan.
Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu behar dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean pibotatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa.
Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.
Honako kasu hauetan kanporatuko dira izangaiak:
a) Izangaia gelditu egiten bada.
b) Izangaia berari dagokion kaletik ateratzen bada
c) Izangaiak bazterreko lerroak zanpatuz tarte osoa korritzen ez badu.
d) Izangaiak hiru aldiz jarraian ez badu lerroa zanpatzea lortzen seinale akustikoak agintzen dionean (metro bateko tartea onartuko da marratik seinaleak jotzen duen unean).
Kalifikazioa: iraganiko aldien arabera emanen da.
GIZONAK EMAKUMEAK KALIFIKAZIOA
10" baino gutxiago 8" baino gutxiago ez gai
10" edo gehiago 8" edo gehiago gai
3._Besoetako indarraren testa.
Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.
Egiteko modua: helburua da hasierako posizioan exigitutako denbora gutxienezkoan egotea. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster.
Honako kasu hauetan kanporatuko dira izangaiak:
a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.
b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.
c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.
Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera emanen dira puntuak:
GIZONAK EMAKUMEAK KALIFIKAZIOA
40" baino gutxiago 25" baino gutxiago ez gai
40" edo gehiago 25" edo gehiago gai
Denbora kalkulatuko da ehunenak kontuan hartu gabe.
4._Gorako jauziaren testa.
Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.
Egiteko modua: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.
Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:
a) Izangaiaren oin bat edo biak plataformatik kanpora gelditzen badira erortzen denean.
b) Izangaiak plataforma ukitzen badu oinak ez diren gorputzaren beste edozein atalekin.
c) Izangaiak erortzean errebotatu egiten badu plataformatik.
Izangaiak nahi dituen saioak egin ahal izanen ditu bi jauzi teknikoki baliagarriak lortu arte.
Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.
GIZONAK EMAKUMEAK KALIFIKAZIOA
0"57 baino gutxiago 0"47 baino gutxiago ez gai
0"57 edo gehiago 0"47 edo gehiago gai
Denbora kalkulatuko da milarenak kontuan hartu gabe.
5._Zalutasun proba (Barrow testa)
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.
Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).
Abiadura -zalutasuna (Barrow testa)
Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Zutoinetako bat botatzen bada.
b) Izangaia ibilbidetik kanpora ateratzen bada.
Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek osatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.
GIZONAK EMAKUMEAK KALIFIKAZIOA
25"8 baino gehiago 27"8 baino gehiago ez gai
25"8 edo gutxiago 27"8 edo gutxiago gai
IV. ERANSKINA
Bazterbide medikoak
1._Garaiera.
Gutxieneko garaiera 1'70 m. izanen da gizonezkoen kasuan eta 1,65 emakumezkoenean.
2._Loditasuna.
Pisu teorikoaren ehuneko 15etik gorakoa, ondoko formularen bidez:
Pisu teorikoa = (taila cm-tan -100) x 1,1.
3._Behin-behineko baztertzeak.
Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo kalte larriak, azterketa egiten den momentuan ageri direnak, poliziaren eginkizunak egin ahal izatea oztopatu edo galaraz dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, azterketarako beste epe bat ematen ahal da.
4._Behin betiko baztertzeak.
4.1. Begiak eta ikusmena.
4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino txikiagoa bi begietan.
4.1.2. Keratomia erradiala.
4.1.3. Erretina erortzea.
4.1.4. Estrabismoa.
4.1.5. Hemianopsiak.
4.1.6. Diskromatopsiak.
4.1.7. Bestelako prozesu patologikoak, epaimahai medikoaren ustetan, begi zolitasunari nabarmenki traba egiten diotenak.
4.2. Belarria eta entzumena.
Belarri zolitasunari dagokiolarik, 35 dezibeliotan 1.000 eta 3.000 bitarteko hertzioko galera izatea eta 45 dezibeliotan 4.000 hertziokoa, belarri bakoitzean.
4.3. Bestelako baztertzeak
4.3.1. Lokomozio aparatua: lokomozio aparatuaren akatsak polizi lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, epaimahai medikoaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputz-adarretako hezur patologia, artikulazio edo giharretan sorburu duten atzerapen edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko akatsak eta bestelako hezur, gihar edo artikulazioetako beste gaitz batzuk).
4.3.2. Digestio aparatua: epaimahai medikoaren ustetan lanpostuan aritzea galarazten duen digestio-gaitza.
4.3.3. Zirkulazio aparatua.Edozein motatako hipertentsio arteriala, etzanda presio sistolikoak ez du 145 mm/Hg zifratik goiti izan behar ez eta presio diastolikoak 90 mm/Hg zifratik goiti; barizeak edo zain periferikoen gutxiegitasuna, baita ere edozein patologia edo zirkulazio-gaitz, Epaimahai Medikoaren ustetan lanpostuan aritzeko galarazten ahal dutenak.
4.3.4. Arnas aparatua: bronkio-asma, bronkopatia kroniko butxatzailea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta arnas aparatuko edozein gaitz polizia lanetan aritzeko eragozten ahal duena.
4.3.5. Nerbio sistema: epilepsia, depresioa, migrainak, edozerk eragindako dardara, alkoholismoa, toxikomaniak eta bestelako gaitz patologikoak, polizia lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.
4.3.6. Larruazala eta fanerak: psoriasia, ekzema, mugapen funtzionala sortzen duten orbainak eta bestelako gaitz patologikoak, polizia lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.
4.3.7. Bestelako gaitz patologikoak: diabetesa, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko eritasunak, eritasun inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta epaimahai medikoaren ustetan polizi lanpostuan aritzea galarazi edo oztopatzen duten bestelako prozesu patologikoak.
Iragarkiaren kodea: A0300793
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
