Iragarkia
17. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 7a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
EBAZPENA, 2003ko urtarrilaren 20koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, mendi ingeniarien zerrenda bat hauta-proben bidez osatzeko deialdia onesten duena, 2003, 2004 eta 2005ean sortzen diren premien arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta, kasua bada, haren menpeko erakunde autonomoetan (Osasunbidean-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik).
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2003ko urtarrilaren 20an emandako Ebazpenaren bidez, mendi ingeniarien zerrenda bat hauta-proben bidez osatzeko deialdia onetsi da, 2003, 2004 eta 2005ean sortzen diren premien arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta, kasua bada, haren menpeko erakunde autonomoetan (Osasunbidean-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik), ondoko oinarriei jarraituz:
O I N A R R I A K
1._Deialdia egiten da mendi ingeniarien zerrenda bat hauta-proben bidez osatzeko, ondoren 2003, 2004 eta 2005. urteetan, aldi baterako kontratatu ahal izateko, Foru Komunitateko Administrazioan eta, hala bada, haren menpeko erakunde autonomoetan (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik) sortzen diren premien arabera. Hori eginen da honakootan xedatutakoari jarraikiz: Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko 1985eko 73. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 17an, argitaratu zen Erregelamenduko 42.2.c) artikulua eta Nafarroako Foru Komuniteko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lan-baldintzei buruzko Itunak.
Zerrenda horretako langileak aldi baterako kontratatu ahal izateko baldintza izanen da prestakuntzako lanpostuetan sartzeko mendi ingeniaririk ez egotea edo, badago, lanpostu horiei uko egitea, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Izan ere, Foru Dekretu horren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 24. artikuluko 2. idatz-zatia hein batean garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza eta hobekuntza profesionala errazten da.
Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da, zerrendako aldi baterako langileen kontratazioa egin aitzinetik, halako lanpostuan lan kontratupeko langile finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hauta-probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu den pertsonarik ba ote dagoen; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.
Eskaintza egin ostean edo gisa horretako langilerik ez dagoelako aukera horiek agorturik, aipatu zerrendan dauden pertsonei dei eginen zaie, erdietsitako puntuazioaren arabera.
2._Hautatutako izangaiak administrazio araubidean kontratatzen ahalko dira aldi baterako. Kontratua egiten denean honako hauek xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituen urtarrilaren 7ko 1/2002 Foru Dekretua eta aplikagarriak diren gainerako arauzko xedapenak. Lanpostu horri dagozkion lansariak jasoko dituzte, baina ez plantillako langile finkoek bakarrik jasotzen dituztenak, hala nola antzinatasuna, gradua eta familia laguntza.
Kontratatuak Gizarte Segurantzaren orotariko araubidean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
3._Izangaiek bete beharreko baldintzak:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, Europako Batasuneko herritarren ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Adinez nagusi izatea.
c) Mendi ingeniariaren titulu ofiziala izatea, edo eskuratzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen agiria.
B motako gida-baimena izatea.
d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gorputz eta gogo gaitasuna izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez egotea.
Espainiako herritartasuna ez duten izangaiek agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.
Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratua izenpetu aurretik horretarako ezartzen zaien unean.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hauta-probek dirauteino eta kontratatu arte beharko dira bete.
4._Eskabideak
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Iruñeko Karlos III.a etorbideko 2an) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren baliabideen bidez. Aipatu eskabideak deialdiko I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratzen ahalko dira (Karlos III.a etorbidea, 2, ataria), eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehenago.
4.2. %33ko edo hortik gorako minusbalioa aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako elbarritasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
5._Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6._Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai paratuko ditu, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, Iruñeko Karlos III.a etorbideko 2ko atarian. Bertan hauta-probak egiteko tokia eta eguna adieraziko dira. Proba horiek 2003ko martxoaren bigarren hamabostaldian izanen dira (oraindik erabakitzeke dagoen egunean).
7._Hauta-probak zuzenduko dituen epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: Enrique Eraso Centelles jauna, mendi ingeniaria, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezkoa: Miguel Aulló Aldunate jauna, mendi ingeniaria, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Hidrologia Aplikatuaren Ataleko burua.
Mahaikidea: José Fermín Olabe Velasco jauna, mendi ingeniaria, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari atxikia.
Ordezkoa: Gregorio Oyaregui Arriada jauna, mendi ingeniaria, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari atxikia.
Mahaikidea: Cristóbal Molina Terrén jauna, mendi ingeniaria, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Mendi Atalari atxikia.
Ordezkoa: Fernando Puertas Tricas jauna, Goi Mailako Teknikaria, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Mendi Ataleko Oihan arloko Esperimentazio eta Osasunaren Bulegoko burua.
Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langileri Batzordearen ordezkari bat, berak hautatua, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 3. idatz-zatiko 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Langileri Batzordearen ordezkari bat, berak hautatua, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 3. idatz-zatiko 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Mahaikide idazkaria: María José Alvarez Los Arcos andrea, Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa), Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Idazkaritza Teknikoko Kontrol Ekonomiko-administratiboaren Ataleko burua.
Ordezkoa: Félix Armendáriz Martínez jauna, Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa), Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Idazkaritza Teknikoko Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.
8._1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:
a) Lehen proba._Teorikoa, deialdi honetako II. eranskinean ageri den gai-zerrendako (I. eta II. zatiak) gaiei buruzko galdera labur batzuk, test modukoak, idatziz erantzutea.
b) Bigarren proba._Bi zati izanen ditu, bata teorikoa eta bestea praktikoa, ondoren azaldu bezala:
b') Lehenbiziko zatia: Teorikoa, deialdiko II. eranskineko gai-zerrendaren II. zatiko gai bat, zozketaz aukeratua, idatziz azaltzea, gehienez bi ordutan.
b") Bigarren zatia: Praktikoa, epaimahaiak proposatzen duen kasu praktiko bat idatziz eta gehienez bi orduz ebaztea. Epaimahaiak deialdiko II. eranskineko gai-zerrendatik (I. eta II. zatiak, I. zatiko lehenbiziko 6 gaiak izan ezik) aterako du gaia.
c) Hirugarren proba: Buruz buruko elkarrizketa, lanpostuarekiko egokitzapena zehazteko._Epaimahaia bigarren ariketa gainditzen duten izangai guztiekin elkarrizketatuko da. Bete beharreko lanpostuaren edukiarekin eta eginkizunekin zerikusia duen edozein gairi buruzkoa izanen da elkarrizketa.
2. Probak honela baloratuko dira:
a) Lehenbiziko proba (teorikoa): 40 puntu bitarte. Bazterturik geldituko dira ariketari emandako gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, erdiesten ez duten izangaiak.
b) Bigarren proba: 50 puntu gehienez (25 puntu zati bakoitza); ariketaren bi zatietan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik galdituko dira.
b) Hirugarren proba: buruz buruko elkarrizketa. 10 puntu gehienez, eta ez da inor baztertuko.
Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute probetara.
9._Gainditu duten izangaien zerrenda Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko da.
10._Hautatutako izangaiei deitzen ahalko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta, kasua bada, haren menpeko erakunde autonomoetan (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik) sortzen diren beharren arabera.
Langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. idatz-zatian, ezarritakoa (Foru Komunitatean ezgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).
11._Deialdiaren, oinarri hauen eta deialdia aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, helegitearen xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta lege hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat. Gora jotzeko helegitearen gaineko ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean.
Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeian._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: .............., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionala: ......... (edo balio bereko beste agiriren bat) .........., jaioteguna: ..............., jaioterria: (...........), bizilekua (herria, kalea, zenbakia): (.............), karrika ............., posta kodea: ................, telefonoa(k): ...........
Azaltzen du:
Mendi ingeniarien zerrenda bat hauta-proben bidez osatzeko deialdia onetsi dela, 2003, 2004 eta 2005ean sortzen diren premien arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta, kasua bada, haren menpeko erakunde autonomoetan (Osasunbidean-Nafarroako Osasun Zerbitzuan izan ezik), eta deialdi hori 200...(e)ko ........ zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu dela, ........aren ....(e)an.
Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela:
a) Mendi ingeniariaren titulu ofiziala duela, edo eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen agiria.
B motako gida-baimena duela.
b) Herritartasunari dagokionez, deialdiko 3. oinarrian xedaturikoa betetzen duela.
c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gorputz eta gogo gaitasuna duela.
d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dela, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez dagoela.
f Baduela minusbaliotasuna, eta horregatik egokitzapena eskatu nahi duela (minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orrian azalduko dira).
f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten duela, erakunde eskudun batek emana.
(X bat idatzi, behar diren laukitxoetan).
Eskatzen du:
Aipatu deialdian onartua izatea, hauta-probetan parte hartu ahal izateko.
Iruñean, 200...(e)ko ...........aren ............(e)an.
(Sinadura)
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
I. ZATIA
Legeria eta oihan espezieak
1._Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea: administrazio prozedura orokorraren faseak. Administrazio helegiteak: kontzeptua eta motak.
2._Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea. Edukiaren egitura eta azterketa.
3._Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea, dirulaguntzei buruzkoa. Oinarri orokorrak eta laguntzak eman eta kontrolatzeko prozedurak. FEOGA-Bermearen saileko laguntzen Erakunde Ordaintzailea Nafarroan.
4._Abenduaren 13/1990 Foru Legea, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzkoa: edukiaren egitura eta azterketa.
5._Martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzkoa: edukiaren egitura eta azterketa.
6._Ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legea, Nafarroako naturguneei buruzkoa: edukiaren egitura eta azterketa.
7._Fagus sylvatica Nafarroan. Haren basoen garrantzia, osaera eta hedadura. Espeziearen ezaugarri kultural nagusiak. Espezie horren zuhaiztien oihangintza.
8._Quercus robur eta Q. petraea Nafarroan. Haren basoen garrantzia, osaera eta banaketa. Espezieen ezaugarri kultural nagusiak. Espezie horren zuhaiztien oihangintza.
9._Pinus sylvestris Nafarroan. Haren basoen garrantzia, osaera eta banaketa. Espeziearen ezaugarri kultural nagusiak. Espezie horren zuhaiztien oihangintza.
10._Pinus halepensis Nafarroan. Garrantzia eta banaketa. Espeziearen ezaugarri kultural nagusiak. Haren zuhaiztiak kudeatzeko proposamenak.
11._Pinus nigra ssp. Nafarroan. Haren zuhaiztien garrantzia eta banaketa. Espezieen ezaugarri kultural nagusiak. Espezie horren zuhaiztien oihangintza.
12._Pinus radiata Nafarroan. Haren zuhaiztien garrantzia eta banaketa. Espeziearen ezaugarri kultural nagusiak. Oihangintza
13._Nafarroako zur baliotsuen espezieak. Fraxinus excelsior, acer pseudoplatanus, acer campester, Prunus avium eta Juglans regia. Banaketa. Ezaugarri kultural nagusiak. Zuhaizti natural eta artifizialen oihangintza.
14._Populikultura. Klonak lortzeko modua. Erabiliriko klonen ezaugarriak. Landaketak egiteko lanak, basogintzako tratamenduak eta makaldiak zaintzea. Mozteko irizpideak.
15._Zuhaixkak eta sasiak Nafarroan. Espezie nagusiak. Banaketa, bilakaera eta erabilerak. Garrantzi ekologikoa.
II. ZATIA
Oihan arloko ezagutza orokorrak
1._Oihangintza. Baso garai irregularraren tratamenduak, banan-banakoak eta zuhaztien araberakoak. Espezieak, aplikatzeko baldintzak eta prozedurak.
2._Oihangintza. Baso garai erregularra eta erdi erregularra. Lehengoratzeko mozketak. Sasi-garbiketak eta bankanketak: helburua, motak, aplikazioa, pisua, txandaketa eta intentsitatea. Inauste artifiziala.
3._Zuhaiztien azterketa: kopuruaren araberako inbentarioa. Banan-banan kontatuzko inbentarioa. Laginkako inbentarioa. Laginketa motak. Populazioa eta lagina. Laginaren aldagaiak eta tamaina. Laginketaren eremuak.
4._Mendien antolamendua. Daudenen balioespena bolumenean. Ereduko zuhaitzen araberako kalkulua, koefiziente morfikoen araberakoa, sarrera bat eta gehiagoko ekuazioen araberakoa, zuhaiztietako ekuazioen araberakoa eta ekoizpen taulen araberakoa. Hazkundeen balioespena.
5._Mendiak antolatzeko metodoak: edukieraren araberako banaketa, unaden arabera antolatzeko metodoa. Aplikatzeko baldintzak, aplikatzeko espezieak, abantailak eta eragozpenak, bien oihanetako ezaugarriak eta dasokratikoak.
6._Mendiak antolatzeko metodoak: tarte mugikorraren metodoa, zuhaizti irregularretarako metodoak. Aplikatzeko baldintzak, aplikatzeko espezieak, abantailak eta eragozpenak, bietako bakoitzaren oihan-ezaugarriak eta ezaugarri dasokratikoak.
7._Oihanetako landareak erro hutsetan eta ontzietan landatzea. Ugaltzeko oihanetako materialen sal-erosketa eta kanpoko kalitatea, Nafarroan erabiltzen diren espezieak bereziki nabarmenduz. Abiapuntuko eskualdeak Nafarroako basoberritzeari dagokionez.
8._Basoberritzea egiteko era: landareztatu baino lehenagoko tratamenduak, zoruaren prestakuntza, landaketa, ereintza eta zainketa osagarriak.
9._Zuhaiztien egitura eta ezaugarriak. Zuhaizti erregularrak eta irregularrak. Haien eredu matematikoak. Zuhaiztietako batezbesteko zuhaitzak. Zuhaitzen batezbesteko garaierak eta garaiera nagusiak. Zuhaitzen arteko aldeen eta lerdentasunaren erlazioak.
10._Zuhaiztien hazkundearen definizioa. Zuraren ekoizpenaren balioespena. Ekoizpen taulak. Ekoizpen taulak nola egiten eta erabiltzen diren.
11._Oihan ustiapena: aprobetxamenduaren faseak, baliabideak eta metodoak. Oihanetako makinek mendiko lanetan duten eragina. Oihangintzako makinak mendian erabiltzeko murriztapenak. Alternatibak.
12._Izurritearen kontzeptua. Plagizidak, feromonak, mikroorganismoak. Izurriteen aurkako borroka integratua. Nafarroako oihanetako sistemendako kaltegarrienak diren intsektu espezierik nabarmenenak. Azalpen laburra eta garrantzia.
13._Oihanetako hobekuntza genetikoa. Oihanetako hobekuntza genetikoaren arazoak. Oihanetako espezieak hobetzeko oinarriak. Hobetzeko metodoak. Oihangintzari aplikatutako hobekuntza genetikoa. Klonazioa. Ugaltze begetatiboa.
14._Basoetako fauna. Pizidoak: Okil gibelnabarra eta okil ertaina. Kiropteroak: Barbastella barbastellus. Mikrougaztunak: Muxar grisa. Hartz arrea. Oreina. Orkatza. Anfibioak: baso-igel jauzkaria. Azalpen laburra, haien habitaten betebehar ekologikoak eta kudeaketa.
15._Oihan balorazioa. Definizioak: VAN, TIR, kostuko balioa eta balio potentziala, zoruaren balioa eta zuhaitzen balioa. Dirusarrera eta kostuen gaurkotzea ekoizpen ziklo batean edo hainbatetan. Mendien balorazioaren interesa. Zur eta egurrerako aprobetxamenduen balorazioa. Larreen balorazioa. Kalteak eta kalteordainak.
Iragarkiaren kodea: A0300840
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
