17. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

277/2002 FORU DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, Kontratazio Administratiboko Batzordearen osaera aldatzen duena.

Kontratazio Administratiboko Batzordea, Foru Komunitateko Administrazioari kontratuen arloan aholkuak emateko organoa, maiatzaren 4ko 132/1988 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko azaroaren 14ko 13/1986 Foru Legeko laugarren xedapen gehigarrian xedaturikoa betez.

Nafarroako Gobernuak, abenduaren 18ko 590/1995 Foru Aginduaren bidez, Batzordearen osaera aldatu zuen, departamentuen antolamendu berrira eta Administrazioaren organoen arduradun-aldaketetara egokitzeko, baita jardutean izaniko urteen ondoriozko esperientziara ere, komeni baitzen Batzordeak kide gutxiago izatea, eragingarriagoa eta espezializatuagoa izanen bazen.

Gero, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeak, 162. artikuluan, Kontratazio Administratiboko Batzordea Nafarroako Administrazio Publikoen kontratu administratiboen arloan Nafarroako Administratibo Publikoei, haien erakunde autonomoei eta haiei loturik edo haien menpe dauden zuzenbide publikoko entitateei aholkuak emateko organo izendatu ondoren, arauzko moduan xedatu zuen Batzordearen osaera, antolamendua eta eginkizunak zehaztuko zituela. Aditzera ematen zuen erregelamenduzko garapen horrek, Foru Legeko artikuluetan espresuki adieraziriko eginkizunez gain, 162. artikuluan berean espresuki aipatzen direnak ere bildu beharko zituela. Horrekin batera, Foru Legeko xedapen indargabetzaile bakarrak maiatzaren 4ko 132/1998 Foru Dekretua indargabetu zuen, hari aurka egiten zion guztian.

Toki Administrazioko Departamentuak interesa du Batzordeko kidea izateko. Aditzera eman du, Toki Azpiegituren Obretarako Planei buruzko arauak betez, Departamentu horrexek begiratzen duela proiektu teknikoak prestatzeko lanak, zuzendaritza fakultatiboa eta obrak burutzeko toki entitateek izenpetzen dituzten kontratuak legezkoak ote diren. Kontrol hori dela-eta, klausula administratibo eta partikularren pleguak eta kontratazio mahaien aktak aztertzen ditu. Horiez gain, Kontratazio Administratiboko Batzordea kontratuen arloan toki entitateei aholkuak emateko organoa denez, bidezko da haren osaera handitu eta Toki Administrazioko Departamentuaren ordezkari bat kide izendatzea.

Horrekin batera, Departamentuen ordezkarien nolakotasuna ere aldatzen da, lanbideen araberako izendapenetik bereiziz, alde batetik, izendatzerakoan askatasun gehiago ematearren eta bestetik Batzordearen osaera joriagoa izan dadin.

Nafarroako Toki Administrazioen ordezkari bat ere izendatu da kide. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautatuko du, Administrazio Publiko horiek oso garrantzitsuak baitira, ikusirik, lehen esan bezala, Kontratazio Administratiboko Batzordea kontratu administratiboen arloan Nafarroako Toki Entitateak aholkatzeko organoa ere badela.

Aldaketa hau xehe eta behin-behinekoa da, bakarrik Batzordearen osaera ukitzen baitu, harik eta erregelamenduen bidez haren osaera, haren antolamendua eta haren eginkizunak osorik garatu arte.

Kontratazio Administratiboko Batzordeak 2001eko urriaren 29ko bilkuran adostasun txostena eman zion proposaturiko aldaketari eta berdin Toki Araubideko Foru Batzordeak 2002ko maiatzaren 22ko bilkuran eta Nafarroako Kontseiluak, 2002ko azaroaren 19ko irizpenaren bidez.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hogeita hamarreko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Kontratazio Administratiboko Batzordea sortu zuen maiatzaren 4ko 132/1988 Foru Dekretuko 3. artikulua aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

"3. artikulua Batzordeak kide hauek izanen ditu:

1. Lehendakaria: Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.

2. Lehendakariordea: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko zuzendaria.

3. Kidea: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Eskuhartze Ataleko burua. 4. Kide bat, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatua.

5. Kide bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak izendatua. 6. Kide bat, Toki Administrazioko Departamentuak izendatua. 7. Kide bat, Osasun Departamentuak izendatua.

8. Kidea: Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat.

9. Kide bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

10. Kide bat, Nafarroan herrilanak egiten dituzten enpresen elkartearen ordezkaria.

11. Kide bat, Nafarroako Herrilanen Kontratisten Ganberaren ordezkaria.

12. Idazkaria: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontratazio eta Aseguru Ataleko burua.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hogeita hamarrean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0300355