III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
I R U Ñ A
Obra lizentzia
Iruñeko Udalaren Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuak, bi mila eta hiruko uztailaren hiruan, honako ebazpen hau eman zuen:
RUV 03-UZT-03 (35/UV)
"Ikusirik 2003/706 espedientea, Zeus Zalba Jiménez jaunak sustatu duena, Iruña etorbideko 23ko behe solairuko lokala zeramika denda bihurtzeko obra lizentzia eskatu beharrez, eta ikusirik Udalak prestatu dituen txosten teknikoak, hau ebatzi dut:
1._Eskatutako lizentzia ematea, aurkeztutako proiektuari jarraikiz, betiere ondoko obra baldintzak betetzen badira:
Gutxieneko garaiera librea 2,50 m-tik gorakoa izanen da, salbu eta biltegietan, komunetan eta langileek noizbehinka erabiltzen dituzten geletan (E.O.O.ren 100.2 art.).
Akabera egiteko M³ materialak erabiliko dira zoruetan eta M² materialak horma eta sabaietan. Gainera, 16.2 eta 16.3 artikuluetan ezarritakoa beteko da, sabaizunetako, zoru goratuetako eta paramentuen barreneko materialak direla eta.
Fatxadako lanak E.O.O.ko 128. artikuluan xedatutakoari jarraikiz burutuko dira, apaingarri gisa para daitezkeen tratamendu edo elementu gehigarriak ez daitezen fatxadako lerrokaduratik atera, justifikatutako moldura eta estalduren kasuan (errotuluak barne) izan ezik. Hala ere, horiek, gehienez ere, hamar zentimetro aterako dira eraikuntzari eusteko egituratik.
Jarduerak eta hari atxikitako instalazioek sortutako asots mailak hertsiki bete beharko ditu 135/89 Foru Dekretuaren 15 eta 16. artikuluetan ezarritako mailak.
Aire girotua eta aireztapena eragiteko sistema 135/89 Foru Dekretuaren 13 eta 14. artikuluetako beharkizun eta baldintzen ariora paratuko dira ezinbertzean.
Aire hustuketa behar diren isilgailuez eta irteera horizontaleko lamazko saretez hornituriko dezelerazio plenumaren bitartez eginen da, lurretik gutienez ere 2,50 metrora egonen baitira. Kanpoko aldeari ingurumen mailako aldaketarik eta eragin kaltegarririk egin ez dakion, irteera fluxua 2 m/segundo izanen da gehienez ere.
Jabari publikoaren okupazioa behar bezala seinalaturik egonen da.
Jabari publikoa okupatu aitzin, Udaltzaingoari eman behar zaio parte, okupazioa egokia izan dadin ibilgailuen eta oinezkoen trafikoari trabarik ez egiteko. Lorezaintza zerbitzuari ere eman beharko zaio parte eremu hartan zuhaitzik edota berdegunerik bada, hori guztia zerbitzu horretarako zuhaitzak babesteko arauak bete ahal izateko.
Oinezkoendako pasabidea 80 zentimetrokoa, bederen, izanen da, E.O.O.eko 176. artikuluak agindu bezala. Bermaturik egonen dira lokaletara edota atarietara sartu-ateratzeak.
Obrak hasteko epea, gehienez ere, 6 hilabetekoa da, ebazpen honen jakinarazpena jasotzen denetik aitzina. Obrak hasi eta handik 3 hilabetera, gehienez ere, bukatuak egon beharko dute. Honako lizentzia hauek iraungitzat joko dira aipatutako epeetan obrak ez badira hasten edota ez badira bukatzen.
Jardueran aritzeko, irekitzeko lizentzia lortu beharko du, eta horretarako eskabide ofizialean zehaztutakoaz gain ondoko agiriak ere aurkeztu beharko ditu:
_Obra bukaerako ziurtagiri ikus-onetsia. Bertan obren benetako kostuak agertuko dira eta frogatuko da lokala, jarduera eta instalazioak bat datozela onetsitako proiektuarekin. Orobat, obra lizentzian zehaztu beharkizun guzti-guztiak bete direla egiaztatuko da.
_Suari antzemateko eta suteetatik babesteko homologazioaren ziurtagiriak. Gainazalak estaltzeko eta apaintzeko osagaiek suaren eraginez nola erreakzionatzen duten dioten ziurtagiriak, ofizialki onartutako laborategiek emanak.
2. Baimena ematea jabari publikoa okupatzeko proiektuan edo segurtasun eta osasunerako oinarrizko azterlanean agertzen diren obraren elementu osagarriekin, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
Jabari publikoa okupatu aurretik Udaltzaingoa jakinean jarri beharko dute, okupazioa trafikoaren beharretara egokitzeko.
Obrak eta jabari publikoaren okupazioa bukatu ondoren, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu beharko da, obraren zuzendariak edo segurtasun eta osasun arloko koordinatzaileak sinaturik. Bertan azaldu beharko dira okupazioaren denbora eta azalera, dagozkien tasak likidatu ahal izateko. Agiri horiek ez aurkeztea zerga arloko arau-hauste arintzat joko da eta 901,5 euro arteko isuna ezarri ahalko da.
2._Lizentzia emateko tasagatik 139,10 euroko likidazioa onestea eta Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergagatik, berriz, 964,71 euro, eransten den behin-behineko likidazioarekin bat."
Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:
_Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,
_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat jakinarazpen balioa izan dezan.
Iruñean, bi mila eta hiruko urriaren hamabostean. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: A0309972