III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
I R U Ñ A
Obra lizentzia
Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuak, bi mila eta hiruko uztailaren hogeita batean, honako ebazpen hau eman zuen:
RUV 03-UZT-21 (7/UV)
"Ikusirik 2003/632 espedientea, Risheng Lin-ek sustatu duena, Irunlarrea kaleko 13ko beheko solairuan 10 kW-etik gorako potentzia mekanikoko jatetxea izanen den lokala berritzeko obra lizentzia eta jarduera sailkaturako lizentzia eskatu beharrez; ikusirik Mónica Aguado Alonso andreak espedienteari eginiko alegazioak eta Udalak prestatu dituen txosten teknikoak, hau ebatzi dut:
1._Alegazioen egileari jakinaraztea proiektua jendaurrean egon dela eta badituela neurri zuzentzaileak eta eskatzen ahal zaizkion gainerako neurriak.
2._Eskatutako lizentzia ematea, aurkeztu den proiektuari jarraikiz, betiere ondoko obra baldintzak betetzen badira:
Suteei aurrea hartzeko neurriak, ezarri eta uneoro atxiki beharko dira: proiektuaren baldintzak eta arkitekto teknikoaren eranskina, Nafarroako Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak ikus-onetsiak 03-4-10ean eta 03-6-13an. Tximiniako ke-hodiaren materiala MO erakoa izanen da eta suaren kontrakoa (RF-120).
Mahaiak dauden tokian aforoa 76 lagun izanen da, eta lokalean, guztira, 80 lagun.
Sukaldean eta komunetan, hormen kantoiak ere biribilak izanen dira.
Sukaldean pedalez eragiten zaion konketa bat instalatuko da eskuak garbitzeko.
Sukaldean eta biltegian argia estankoa izanen da.
Lokala jatetxea den aldetik etxebizitzetatik isolatzeko maila 60 dBA izanen da gutxienez (GOKA ordenantzaren 9.b artikuluaren aldaketa, 02-6-6ko osoko bilkura, 02-8-21eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa). (Obra bukaerako ziurtagirian berariaz egiaztatu beharrekoa).
Kondentsadoreetako aire beroa eta bezeroek erabilitako airea kanporatzeko zuloak edozein leihotatik 1,5 metroko distantziara egonen dira gutxienez, horizontalean nahiz bertikalean neurtuta.
Sukaldeko lurrunak eta usainak kanporatzeko tximiniek eraikinaren gailurretik edo puntu altuenetik hiru metro gora eginen dute gutxienez eta salbuespenik gabe, GOKA ordenantzaren 10. artikuluan horrelako instalazioetarako ezarritako baldintzak betetzeaz gain.
Fatxada E.O.O.ren 128. artikuluari jarraikiz eginen da, osagai bakar bat ere ez dadin atera fatxadaren lerrokaduratik, justifikatutako moldura edo estaldurak izan ezik (errotuluak barne). Hala ere, horiek, gehienez ere, 10 cm aterako dira fatxadaren lerrokaduratik.
Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko 154/89 Foru Dekretuan ezarritakoa beteko da, eta zehazki, lokaleko sarreran oztopo arkitektonikoak kenduko dira.
Aireztapen instalazioak eta aire-hodiek 135/89 Foru Dekretuaren 13, 14, 15 eta 16. artikuluetako baldintzak beteko dituzte, instalazioaren ezaugarriei, funtzionamenduari eta soinu mailari dagokienez.
Kondentsadoreetako aire hustuketa neurri egokiak dituen dezelerazio plenumaren bitartez eta irteera horizontaleko lamazko sareten bitartez eginen da, lamak lurretik gutienez ere 2,5 metrora egonen baitira, eta behar diren isilgailuak jarriko zaizkie.
Hornidura zerbitzuetako hartuneak ez dira banaka eginen baizik eta eraikinak sare desberdinekin dituen lotune orokorraren bidez.
Obrak hasteko epea, gehienez ere, 6 hilabetekoa da, ebazpen honen jakinarazpena jasotzen denetik aitzina. Obrak hasi eta handik 9 hilabetera, gehienez ere, bukatuak egon beharko dute. Obrak ezarritako epeetan hasten edo bukatzen ez badira, lizentzia hau iraungitzat jo ahal izanen da.
Jardueran aritzeko, irekitzeko lizentzia lortu beharko du, eta horretarako eskabide ofizialean zehaztutakoaz gain ondoko agiriak ere aurkeztu beharko ditu:
_Obra bukaerako ziurtagiri ikus-onetsia. Bertan frogatuko da lokala, jarduera eta instalazioak bat datozela onetsitako proiektuarekin; eginiko aldaketak eta obren benetako kostuak agertuko dira, eta orobat, obra lizentzian zehaztu beharkizun guzti-guztiak bete direla egiaztatuko da.
_Asots-iturri guztietan eginiko asots neurketen ziurtagiria, neurtutako balioak 135/89 Foru Dekretuko eta Udalaren GOKA ordenantzako gehieneko balioekin konparatzen dituena.
_Suteetarako instalazioaren obra bukaerako ziurtagiria; suaren kontrako detekzio eta babes elementuen homologazioaren ziurtagiriak, eta hustubideak estaltzeko materialek suaren eraginez nola erreakzionatzen duten dioten ziurtagiriak, ofizialki onartutako laborategiek emanak.
3._Tasengatik honako likidazioa onestea: 461,15 euroko likidazioa obra lizentziagatik, 2.512,00 euro, bi jarduera lizentziarengatik eta, berriz, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergagatik, 3.198,31 euro, eransten den behin-behineko likidazioarekin bat.
4._Ebazpen hau Irunlarrea kaleko 13ko alegaziogileari jakinaraztea, eta jarduera sailkaturako lizentzia eman dela aditzera ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, behar diren ondorioak izan ditzan."
Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:
_Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,
_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat jakinarazpen balioa izan dezan.
Iruñean, bi mila eta hiruko urriaren hamabostean. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: A0309971