140. ALDIZKARIA - 2003ko azaroaren 3a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Eraikinetan eguzkiaren energia termikoa bildu eta aprobetxatzeko ordenantza behin betikoz onetsirik

Iruñeko Udalak, bi mila eta hiruko urriaren bian egin osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

PLE 03-URR-02 (7/CC)

"Ikusirik Eraikinetan eguzkiaren energia termikoa bildu eta aprobetxatzeko ordenantza, 2002ko urriaren 17ko osoko bilkuran (14/CC) hartu erabakiaz hasiera batean onetsia, eta orobat ikusirik espedienteko agiriak, ondokoa erabaki da:

1._Jendaurreko aldian Vianako Printzea Erakundeak, Gas Navarra, S.A.k eta Nafarroako Etxegile Sustatzaileen Elkarteak eginiko alegazioen gaineko txostenak onestea, espedientera bildu baitira, eta hasiera batean onetsi zen ordenantzaren 5. artikuluko testuaren aldaketa ere onestea, txosten horietan proposatutakoari jarraikiz.

2._Behin betikoz onestea Eraikinetan eguzkiaren energia termikoa bildu eta aprobetxatzeko ordenantza, goiko paragrafoan aipatutako aldaketa eginda.

3._Erabaki honetako lehen puntuan onetsitako txostenak Vianako Printzea Erakundeari, Gas Navarra, S.A.ri eta Nafarroako Etxegile Sustatzaileen Elkarteari igortzea."

Aditzera ematen da, orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari jarraikiz.

Iruñean, bi mila eta hiruko urriaren seian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

ERAIKINETAN EGUZKIAREN ENERGIA TERMIKOA BILDU ETA APROBETXATZEKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Herrialde industrializatuetako energia kontsumoaren ezaugarriak urtetik urterako hazkunde handia eta erregai fosilekiko gehiegizko menpekotasuna dira. Ezagunak dira egoera horrek sortu dituen arazoak, besteak beste, baliabideak luze gabe agortzeko arriskua, kanpo dependentzia eta haren ondorio politiko eta ekonomikoak, eta ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak, hala nola euri azidoa edo berotegi efektua.

Horiek horrela, Iruñeko Udala, hiritarren interesak kudeatu behar dituen toki administrazioa den aldetik, hiritarrak kezkatzen dituzten gaiez arduratzen da (ingurumena zaindu beharra kezka nagusietakoa da, aldian-aldian iritzi inkestek agerian jartzen dutenez). Bere eskumenen esparruan, hirian energia berriztagarrien erabilera sustatu nahi du, erregai fosilak gutxiago erabil daitezen.

Eguzki energiaren aprobetxamendua, eta zehatz-mehatz ordenantza honetan arautzen diren erabilera termikoetarako aprobetxamendua, ederki moldatzen da aurrean aipatutako helburura, eguzki energia nonahi bildu daitekeelako, agortezina delako eta ez duelako kutsadurarik eragiten. Energia iturri garbi hori garatu eta aplikatuz gero, ziur dakigu gutxitu eginen direla CO2 eta galdaretako bestelako gasen isurketak eta, zalantzarik gabe, Iruñeko hiritarrek bizi kalitate hobea izanen dutela.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Iruñeko udal mugapeko eraikinetan eguzki energia aktiboko instalazioak sar daitezen, tenperatura altukoak eta ertainekoak, ur bero sanitarioaren produkziorako eta igerilekuetako berokuntzarako.

2. art. Aplikazio eremua.

1. Eguzki instalazio termikoak proiektatu eta egin beharra, ordenantza honen esparruan, ondoko inguruabar hauek batera gertatzen direnean aplikatu behar da:

a) Eraikin berria egitea, edo eraikina erabat zaharberritu edo eraikin osoaren erabilera aldatzea, bai titulartasun publikoko eraikinetan eta bai pribatuetan ere. Instalazio multzo baten osagai diren eraikin bereiziak ere kasu honetan sartzen dira.

Eraikinaren erabateko zaharberrikuntza, ordenantza honi dagokionez, eraikinaren barnealde osoa eraitsi eta fatxadak bakarrik zutik utzita egiten den zaharberrikuntza da.

b) Eraikinaren erabilera (etxebizitza-eraikinak salbu) hurrengo artikuluan azaltzen direnetakoa izatea, eta ur bero sanitarioaren urteko batez besteko kontsumoa egunean 1.750 litrotik gorakoa izanen dela kalkulatzea (hau da, urtean 292 megajouletik gorako energia kontsumoa izanen duela). Kalkulua egiteko erabili behar diren kontsumo unitarioak 1. eranskinean daude (Ezaugarri teknikoak), 3.3 atalean.

Etxebizitza-eraikinetan, ordenantza hau aplikagarria izanen da eraikineko etxebizitzak 15 baino gehiago badira.

2. Halaber, klimatizazioa duten igerileku estaliak egiten direnean ordenantza hau aplikatu beharko zaie igerilekuko ura berotzeko instalazioei, baldin eta igerilekuaren bolumena 100 m³-tik gorakoa bada. Horrelakoetan, eguzki instalazioak igerilekuko ura berotzeko urtean behar den energiaren %60 emanen du gutxienez. Igerileku estaligabeetako ura berotzeko, eguzkiaren energia aprobetxatzen duten sistemak erabiliko dira beti.

3. art. Erabilerak.

1. Ordenantza honen esparruan eguzki energia aprobetxatzeko instalazioei dagozkien erabilerak ondokoak dira:

_Etxebizitzak.

_Hotelak.

_Espetxeak.

_Osasun etxeak.

_Ikastetxeak.

_Kiroldegiak.

_Egoitzak.

_Merkataritza.

_Industria.

_Jantoki, sukalde eta ikuztegi kolektiboak behar dituzten erabilerak.

_Oro har, jendearentzako ur beroa behar duten erabilera guztiak.

_Merkataritzako erabilerari dagokionez, eguzki instalazioak nahitaezkoak dira eraikinaren erabilera nagusia merkataritza denean, eta ez erabilera nagusia etxebizitza izanik eraikinean merkataritzako lokalen bat edo beste dagoenean, aldez aurretik ez baitago jakiterik lokal horiek azkenean zertarako erabiliko diren. Nolanahi ere, gainaldean tarte bat utzi beharko da merkataritzako lokalek etorkizunean eguzki instalazio termikoa jarri ahal dezaten.

2. Erabilera horiek guztiek Iruñean indarra duten hirigintzako arauak bete beharko dituzte.

4. art. Estaldura gradua, salbuespenak eta aplikatu beharreko araudia.

1. Eguzki instalazio termikoek ur bero sanitarioaren eskaria asetzeko edo igerileku estalietako ura berotzeko behar den energiaren %60 eman behar dute gutxienez.

2. Zilegi izanen da %60 baino gutxiago ematea kasu hauetan:

a) Gainaldean behar adina leku ez dagoenean, hau da, etxebizitza bakoitzeko 5 m² baino gutxiago, edo etxebizitzen programa funtzionalaren arabera kalkulatutako azalera baliokidea baino txikiagoa. Baliokidetasuna kalkulatzeko arauak 1. eranskinean daude (Ezaugarri teknikoak), 3. atalean. Etxebizitza bakoitzeko 5 m²-ko azalerari P/4 koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaio. Honelako kasuetan baliagarri dagoen lekua ahalik ongien aprobetxatu behar da.

b) Ur bero sanitarioaren eskaria asetzeko edo igerileku estalietako ura berotzeko behar den energiaren %40 baino gehiago bide hauetako batez lortzen denean: kogenerazioa, alegia, beroa eta elektrizitatea batera sortzea; gasezko bero-ponpa; hondar-beroaren erabilpena; bero berreskurapena; lurpeko akuiferoetako uraren potentzial termikoa bero-ponpez baliatzea. Horrela lortutako energiak eta eguzki energiak denetara energia beharren %100 ase behar dute.

c) Produkzio maila horretara iritsi ahal izateko Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamenduan ezarritako kalkulu irizpideak gainditu beharra dagoenean.

d) Kanpoan oztoporen bat dagoenean, eguzkitik behar beste energia hartzea eragozten duena.

e) Zaharberritzen diren eraikinen kasuan, eraikinak lehendik duen egituraren ondorioz muga arkitektoniko larriak daudenean.

f) Eguzki energiaren aprobetxamendu termikorako sistemaren bidez energia eskariaren %60 ase beharretik salbuetsita egonen dira, oro har, 1. eranskineko (Ezaugarri teknikoak) 3. atalean ezarritako baldintzak teknikoki betetzerik ez duten eraikinak. Horrelako kasuak behar bezala egiaztatu beharko dira azterlan teknikoak eginez.

g) Eskariaren %25 ere betetzerik ez dagoen kasuetan, salbuespena erabatekoa izanen da.

3. Eguzki energia termikoko instalazioek une bakoitzean indarra duten legeak bete behar dituzte, eta bereziki honako hauek aplikatu behar zaizkie: Industriari buruzko 21/1992 Legea, arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez; eta uztailaren 31ko 1751/1998 Errege Dekretuak onetsitako Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamendua _RITE_.

5. art. Hirigintzako arauak, udal ordenantzak eta hiriko paisaiarekiko integrazioa.

1. Ordenantza honen aplikazio esparruan bete egin behar dira Iruñean indarra duten hirigintzako arauak eta ordenantzak, ondare historiko-artistikoa babesteko arau berariazkoak ere barne direla. Horrela, beste gauza batzuen artean, paisaiaren edo ondare arkitektonikoaren harmoniari eutsiko zaio eta eraikinak, multzoak, inguruak eta paisaiak zaindu eta babestuko dira.

2. Udaleko organo eskudunak instalazioak hirigintzako arauekin bat datozela egiaztatuko du eta haien integrazio arkitektonikoa baloratuko du.

6. art. Administrazio baimenak.

1. Obretarako lizentzia eskatzen denean eskabideari eguzki instalazio termikoaren proiektua erantsi beharko zaio. Proiektuan behar diren kalkulu analitikoak jasoko dira, ordenantza hau betetzen dela erakusteko.

Baldin eta RITEren arabera instalazioak proiektu beharrik ez badu, instalatzaileak prestatutako dokumentazioa aurkeztuko da proiektuaren ordez, aipatu Erregelamenduko ITE 07 jarraibide teknikoan ezarritako baldintzak biltzen dituela, edo bestela, ordenantzan aipatzen diren gainerako jarraibideetan bezala, etorkizunean bidezko izan litekeena. Halaber, memorian jaso behar da aipatu jarraibide teknikoa betetzeko kalkulua.

2. Erabiltzeko edo irekitzeko lizentzia eman dadin, hau da, obrak burutu ondotik funtzionamendua eta okupazioa baimendu daitezen, teknikari eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, instalazioa proiektuari jarraituz egin dela egiaztatzeko. Ziurtagiri hori RITEren 06.1 eranskineko ereduaren arabera eginen da.

7. art. Ordenantza betetzeko erantzukizuna dutenak.

1. Ordenantza honetan ezarritakoa betetzeko erantzukizuna izanen dute eraikuntza edo berrikuntzaren sustatzaileak, higiezinaren jabeak eta obrak proiektatu edo zuzentzen dituen teknikariak, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

2. Ordenantza honen eraginpeko eraikinetan egiten diren jardueren titularrek ere ordenantza hau bete beharko dute.

Eguzki energia termikoko instalazioa duten higiezinetako jardueren titularrek funtzionamendu eta kontserbazio egoera ezin hobean eduki behar dute instalazio hori, sistemak erabilgarritasun osoa izan dezan eta haren bidez eguzki energiaren aprobetxamendu eraginkorra lor dadin.

Sistema ongi dabilela errazago egiaztatzeko, eguzki instalazio termikoa mantentzeko lanak egiten dituen enpresaren operazioak mantentze lanen liburuan jaso behar dira.

8. art. Ikuskapenak, errekerimenduak eta betearazpen aginduak.

1. Udaleko zerbitzu teknikoek ahalmen osoa izanen dute ordenantza honen aplikazio esparruan sartzen diren eraikinetako eguzki instalazio termikoak ikuskatzeko.

2. Instalazioak akatsak dituela edo behar bezala zainduta ez dagoela antzemanez gero, Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek behar diren errekerimenduak eginen dituzte, eta ordenantza hau beteko dela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten betearazpen aginduak emanen.

9. art. Kautelazko neurriak.

1. Alkatetza izanen da organo eskuduna lizentziak berrikus daitezela agintzeko eta eraikinetako obrak eta erabilerak eteteko ordenantza hau bete ezean.

2. Eteteko agindua eman aurretik betiere errekerimendua eginen zaio obren arduradunari eta bertan epe egokia ezarriko zaio ordenantza honetan ezarritako eginbeharrak bete ditzan.

10. art. Laguntzak.

Iruñeko Udalak urtero laguntza sail bat onetsi ahalko du ordenantza honen aplikazioa errazte aldera.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta sei hilabeteren buruan hartuko du indarra eta ordutik aurrera ikus-onesten diren proiektuei aplikatuko zaie, baina ez zaie aplikatuko berak indarra hartu aurretik ikus-onetsitako proiektuen arabera egiten diren obra eta instalazioei.

1. ERANSKINA

Ezaugarri teknikoak

1. Eskura dagoen teknologiarik onena.

Ordenantza hau kasu bakoitzean eskura dagoen teknologiarik onena erabiliz aplikatuko da. Udalak xedapen egokiak emanen ditu ordenantza honetako zehaztapen teknikoak aurrerantzean teknologiaren aldaketetara egokitzeko.

2. Aukeratutako sistema.

1. Hona eguzki instalazio termikoaren osagaiak: energia atzitzeko eguzki kolektoreen sistema, kontsumo zirkuituaren eta atzipen zirkuituaren arteko truke sistema, metatze sistema, eta kontroleko eguzki sistema. Eguzki instalazio termikoa ohiko energia mota osagarrien sistemarekin eta banaketa eta kontsumo sistemarekin integraturik egonen da.

Salbuespenez, igerilekuetan atzipen zirkuitu irekia erabili ahalko da, trukagailurik eta kontrolgailurik gabekoa, igerilekua horrelako sistemaren funtzioetarako egokia izanez gero.

2. Behar bezala gaitutako entitateren batek homologaturiko kolektoreak erabili behar dira eguzki instalazio termiko guztietan. Proiektuan errendimenduari buruzko datuak eta kurba bereizgarria jaso behar dira.

Betiere Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamendua (RITE) beteko da, uztailaren 31ko 1751/1998 Errege Dekretuaz onetsia, eta bereziki kapitulu hauek: ITE 10.1, "UBS (ur bero sanitarioa) eguzki sistema aktiboen bitartez lortzea", eta ITE 10.2, "Igerilekuen egokitzapena".

3. Eskariaren kalkulua.

3.1. Oinarrizko parametroak.

1. Ondoko parametroak erabiliko dira eskaria kalkulatzeko:

a) Ur bero sanitarioaren gutxieneko tenperatura: 50 ºC. Instalazioa gai izanen da ura 70 ºC-ko tenperaturaraino berotzeko.

b) Igerilekuko uraren diseinu-tenperatura, klimatizazioa duten igerileku estalietan: Eraikinetako Instalazio Termikoei buruzko Erregelamenduaren (RITE) ITE 10.2 1.2. "Uraren tenperatura" atalean ezarritakoak.

c) Urteko energia eskari osotik eguzki instalazio termikoak bete behar duen ehunekoa (DA), ur bero sanitarioaren kasuan: %60, ondoko adierazpen honen arabera: DA = [A/(A+C)]x100.

Adierazpen horretan A da kontsumo guneek jasotzen duten eguzki energia termikoa, eta C da ohiko energia iturrietatik ateratako energia termiko osagarria, eguzki energiari gehitzen zaiona energia beharrak osorik asetzeko.

d) Urteko energia eskari osotik eguzki instalazio termikoak bete behar duen ehunekoa (DA), igerileku estalietako uraren berokuntzaren kasuan: %60. Kalkulua goiko c) atalean bezala egin behar da.

2. Inguruabarrak kontuan izanik, Udalak parametro horiek handitu ahalko ditu, eguzki instalazio termikoaren estaldura graduari dagokionez, %80raino.

3.2. Kontsumoaren parametro zehatzak etxebizitzetan.

1. Proiektuan joko da ereduzko etxebizitza bakoitzak egunean 140 litro UBS kontsumitzen dituela, 50 ºC-ko tenperaturan edo altuagoan (urteko batezbestekoa, lagun bakoitzak egunean 35 litro kontsumitzen dituela jotzen bada). Horrenbestez, ereduzko etxebizitza bakoitzak egunean 21 MJ-ko energia kontsumoa izanen du.

Ereduzko etxebizitza da lau lagunen programa funtzionalari dagokiona, hirigintzako arauetan eta eraikuntzari buruzko udal ordenantzetan ezarritako irizpideen arabera. Bestelako programa funtzionala duten etxebizitzen kontsumoa kalkulatu behar denean proportzionaltasun irizpidea erabiliko da, etxebizitzaren programa funtzionalari legez dagokion lagun kopurua kontuan izanik, honako adierazpen honen arabera: Ci = 140xP/4.

Adierazpen horretan Ci ur bero sanitarioaren kontsumoa da, etxebizitzako instalazioa diseinatzean kalkulatu den kontsumoa alegia, litro/egun unitateetan emana; eta P etxebizitzaren programa funtzionaleko lagunen kopurua da.

2. Etxebizitza-eraikinetako instalazio kolektiboei dagokienez, ur bero sanitarioaren kontsumoa, eguzki instalazioen neurriak zehazte aldera, ondoko adierazpen honen arabera kalkulatuko da: C = f * S Ci.

Adierazpen horretan C ur bero sanitarioaren kontsumoa da, etxebizitza-eraikin osorako instalazioa diseinatzean kalkulatu dena; S Ci eraikineko etxebizitza guztien Ci kontsumoen batura da, kontsumo horiek goian emandako formularen bidez kalkulaturik; f murrizpen faktorea da eta eraikineko etxebizitzen kopurua (n) kontuan harturik zehaztu behar da, formula hau erabiliz:

f = 1, baldin n < = 10 etxebizitza.

f = 1,2-(0,02 n), baldin 10 < n < 25 etxebizitza.

f = 0,7, baldin n > = 25 etxebizitza.

3.3. Kontsumoaren parametro zehatzak bestelako eraikinetan.

Proiektuan gutxienez 50 ºC dituen ur bero sanitarioaren kontsumoak kalkulatuko dira, ondoko taulan ageri diren gutxieneko balio unitarioen arabera:

Ospitaleak eta klinikak: 80 litro ohe bakoitzeko.

Egoitzak (zaharrenak, ikasleenak etab.): 80 litro ohe bakoitzeko.

Ikastetxeak: 5 litro ikasle bakoitzeko.

Familia bakarreko etxebizitzak: 40 litro lagun bakoitzeko.

Familia anitzeko etxebizitzak: 35 litro lagun bakoitzeko.

Lantegiak eta tailerrak: 20 litro lagun bakoitzeko.

Bulegoak: 5 litro lagun bakoitzeko.

Kanpinak: 60 litro toki bakoitzeko.

Hotelak (kategoriaren arabera): 60-100 litro ohe bakoitzeko.

Hostalak eta pentsioak: 50 litro ohe bakoitzeko.

Kuartelak: 30 litro lagun bakoitzeko.

Gimnasioak: 30-40 litro erabiltzaile bakoitzeko.

Ikuztegiak: 5-7 litro kilo arropa bakoitzeko.

Jatetxeak: 8-15 litro jatordu bakoitzeko.

Kafetegiak: 2 litro gosari bakoitzeko.

Aldagelak/Dutxa kolektiboak: 20 litro zerbitzu bakoitzeko.

4._Atzipen sistemaren orientazioa eta inklinazioa.

1. Ahalik eguzki energia gehiena biltzeko, proiektuan jaso behar da atzipenerako azpisistema hegoaldera begira egonen dela eta haren inklinazioa +25º eta -25º bitartekoa izanen dela. Orientazioa aldatu egin daiteke aparteko inguruabarrak badaude, adibidez, eraikinek edo oztopo naturalek traba egiten badute, edo sistema eraikinean hobeki integratzeko.

2. Ur beroaren eskaria urtean zehar berdintsua duten instalazioetan energia ahalik ongien aprobetxatzeko, atzipen sistemak horizontalarekiko inklinazio finkoa badu, komeni da inklinazioa latitude geografikoa bera izatea, hau da, 42, 49º. Inklinazio hori +10º eta -10º bitartean alda daiteke, ur beroaren beharra gehienbat neguan ala udan izaten den.

Hilabete edo urtaroetan zehar eskaria nabarmen aldatuko dela aurreikusten denean, sasoika aldatzen den eskariari ongien egokituko zaion inklinazio angelua hautatu ahalko da. Betiere, konparaziozko azterketa aurkeztuko da, hautatutako inklinazioarekin urteko ziklo osoan ahalik aprobetxamendurik onena lortuko dela egiaztatzeko.

3. Eguzki energia termikoko instalazioek ikusizko eragin onartezina izan ez dezaten, eraikinean ahalik ongien integratu beharko dira.

5. Eguzki erradiazioa.

Instalazioa kalkulatuko da jasoko duen eguzki erradiazioaren arabera, proiektuan atzigailuek zein orientazio eta inklinazio duten kontuan hartuta. Iruñean gainalde horizontaleko atzigailuek itzalik gabeko tokian jasotzen duten eguzki erradiazioaren hileko balio unitarioak ondoko taulan ageri dira kWh/m²-tan emanda:

Urtarrila: 40,67. Otsaila: 68,54. Martxoa: 131,8. Apirila: 141,4. Maiatza: 172,9. Ekaina: 199,4. Uztaila 200,3. Abuztua: 180,4. Iraila: 119,9. Urria: 83,11. Azaroa: 50,46. Abendua: 35,03. Iturria: Nafarroako Gobernua. Erreniegako Estazio Meteorologikoa.

Instalazioa bestelako parametroen arabera diseinatzen bada, jasoko duen eguzki erradiazioari buruzko datuak eman beharko dira, zientifikoki onargarria den prozedura analitiko edo esperimental baten bidez egiaztatuak.

6. Hodiak eta bestelako kanalizazioak.

Sistemako ur hotzaren eta beroaren hodiak, instalazio elektrikoaren kanalizazioa eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako elementuak eraikinetako eremu komunetan jarriko dira. Elementu horiek egitura egokian sartuta egonen dira, behar denean mantentze lanak eta konponketak modu ordenatuan eta aise egin ahal izateko.

7. Kontrol sistema.

Eguzki instalazio termikoaren proiektuan jaso behar da aparatu egokiak erabiliko direla energia termikoa neurtzeko eta kontrolak egiteko (tenperaturak, emariak eta presioak), eta sarrera errazeko tokietan jarriko direla, haien datuak irakurriz sistema ongi dabilela egiaztatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: A0309818