I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
149/2003 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako abeltzaintzako produkzio integratuaren erregistroa eta kontrol sistema arautzen dituena.
Abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuak, abeltzaintzako produkzio integratua arautzen duenak, abeltzaintzako produkzio sistema hau definitu eta, besteak beste, erregistro bat sortu zuen, bertan operadoreak inskribatzeko, eta horretarako betebeharreko baldintzak zehaztu, eta halaber, kontrola Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak burutuko zuela ezarri zuen, 'Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra, S.A." izeneko sozietate publikoaren bidez.
Foru agindu honetan 253/2002 Foru Dekretua garatzen da erregistroari eta kontrol sistemari dagokienez, haren azken xedapenetatik lehenbizikoan ageri den eskumenaz baliatuz.
Hori horrela, Abeltzaintzako Produkzio Integraturako Koordinazio Batzordeak eta Abeltzaintza Zerbitzuak eginiko proposamena ikusirik,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Abeltzaintzako Produkzio Integratuaren Erregistro Ofiziala.
1. Abeltzaintzako Produkzio Integratuaren Erregistro Ofizialean inskribatu ahal izanen dira produkzio integratutik heldu diren abeltzaintzako produktuak produkzio sistema honekin bat datozen teknikak erabiliz ekoitzi edo/eta eraldatzen dituzten operadoreak -pertsona fisikoak edo juridikoak-, abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, hala eskatzen badiote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
2. Eskabideari produktoreek honako dokumentazio hau erantsi beharko diote:
a) Produkzio integratuari buruzko gutxieneko oinarrizko ezagupenak izatearen egiaztagiria edo horiek urtebete baino gutxiagoko epean eskuratzeko konpromisoarena.
b) Egin gogo den jarduera azaltzen duen memoria, bertan sartuta, espresuki, honako alderdi hauek:
_Jarduerarako baliabideak.
_Jardueraren antolaketa.
_Abereen errolda eta jardueraren tamaina.
_Instalazioetako krokis edo planoa.
c) Espresuki hitz ematea honetarako:
_Produkzioa, dagokion produkturako onetsitako erregelamendu tekniko berariazkoak betez egiteko.
_Behar diren liburu eta erregistroez arduratzeko.
_Foru agindu honetan zehazten diren ikuskapena eta kontrolei oztoporik ez jartzeko, ikuskatzaileei lurzatietan eta produkzio guneetan eta horrekin zerikusia duten lokaletan arazorik gabe sartzen uzteko eta ikuskapenak egiteko beharrezkoa den informazioa emateko.
_"Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra, S.A." izeneko kontrol entitatean inskribatzeko.
3. Produktoreen inskripzioa banan-banan edo elkarketen bidez egin ahal izanen da, eta elkarketa horietarako zuzenbideari jarraikiz onartzen diren elkartze moduetatik edozein erabili ahal izanen da. Edozein kasutan ere, aurreikusitako produktu bakoitzeko gutxieneko abelburuak edo produkzioa, Nafarroako Abeltzaintzako Produkzio Integratuaren Koordinazio Batzordeak ezarritakoak, gainditu beharko dira.
4. Kooperatiba, eraldaketarako nekazaritza sozietate edo produkziorako nahiz merkaturatzeko onartutako beste edozein motatako nekazaritza elkartekoak diren operadoreen kasuan, inskripzio eskabidea bakarra izan daiteke, eta bertan, helbide sozialaz gain, inskribitu beharreko bazkideen datuak eta haien sinadurak ere agertu beharko dira, memoriaren konpromisoak berresteko. Presidenteak edo erakundearen organo eskudunak eskabidearen ziurtapena egin beharko du, operadoreak elkarteko kide direla egiaztatzeko.
5. Gutxieneko oinarrizko ezagupenak frogatzeko, eskatzailea Abeltzaintza Zerbitzuak homologaturiko prestakuntza jarduera berariazkoetara, produkzio integratuari buruzkoetara, joan izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, edo titulazio akademiko nahikoaren jabe izan.
6. Produkzio integratutik heldu diren abeltzaintzako produktuak eraldatzen aritzen diren operadoreek eskabideari memoria bat erantsi beharko diote, honako hauetarako konpromisoa agertuko duena:
a) Egin gogo den jarduera azaltzen duen memoria, bertan sartuta, espresuki, honako alderdi hauek:
_Produzkio integratuko abeltzaintzatik datozen produktuak prestatzeko erabiltzen diren biltegien deskripzio osoa eta haietako krokisa, baita makina eta instalazioen deskripzio osoa eta haietako krokisa ere.
_Produktu haien biltegiratze eta prestakuntza instalazioetan egon daitezkeen beste produktu batzuetatik bereizirik egiten dela bermatzeko erabiliriko sistema azaltzea, lote bakoitza identifikatu eta edozein nahasketa saihesteko moduan.
c) Espresuki hitz ematea honetarako:
_Produzkio integratutik datozen produktuak eraldatzeko onetsiriko erregelamendu teknikoek adierazten dituzten zehaztapenak betetzeko.
_Foru agindu honetan adierazten diren ikuskapenak eta kontrolak onartzeko, ikuskatzaileak elaborazio tokietan eta biltegietan sartzen uzteko eta ikuskapenerako behar den dokumentazioa emateko.
_Idazpen bidezko kontabilitatea egiteko, kontrol entitateari produkzio integratutik heldu diren eta operadoreak erosi dituen produktuen jatorria, izaera eta kopuruak ezagutzeko bide emanen diona, bai eta eraldatu diren eta saltzeko garaian produkzio integratua direla adierazirik izan behar duten produktuen izaera, kopuruak eta destinoak ere.
2. artikulua. Kontrolerako entitateak.
Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako produkzio integratuaren kontrola "Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra, S.A." izeneko sozietate publikoaren bidez eginen da.
3. artikulua. Kontrolerako entitatearen eginkizunak.
Kontrol eta ziurtapenerako entitateak inskribaturik dituen operadoreak kontrolatzeko jarduketa hauek egin beharko ditu:
a) Eskaturiko liburuetako idazpen eta erregistroen ikuskapena.
b) Produkziorako lokal eta lurzatien ikuskapenak, abereendako sendagaien eta pentsu medikamentutsuen biltegiak eta oro har, ustiapenean produkzioarekin zerikusia duen edozein lanetarako erabiltzen direnen ikuskapena.
c) Produkzio integratuko abeltzaintzatik heldu diren produktuak egokitu edo/eta eraldatzeko lokalak eta establezimenduak ikuskatzea.
d) Laginak hartzea, medikamentuen arrastoak izan daitezkeenak, analizatzeko.
e) Produkzioaren ebaluazioa, haren ondorioz produktuen ziurtapena edo deskalifikazioa egiteko.
f) Produkzio integratuaren bereizketarako elementuak erabiltzeko baimena eman aurretiko txostena, eta elementu horiek zuzen erabiltzen direla zaindu eta kontrolatzea.
g) Arauak betetzen ez dituztenen berri ematea Koordinazio Batzordeari, aplikatu beharreko zehapenetarako proposamenaren zirriborro batekin batera.
h) Oro har, produkzio integratuaren kontrol eta ziurtapen eginkizunak hobeki betetzeko behar diren jarduketak oro.
4. artikulua. Kontrolerako entitatearen betebeharrak.
1. Koordinazio Batzordera eta Abeltzaintza Zerbitzura igortzea, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen kontrolatu beharreko operadoreen zerrenda, aurreko urteko abenduaren 31n balio zuena, bai eta aurreko urtean egindako jarduketen memoria bat ere.
2. Kontrolatu beharreko operadoreen ustiapenen % 50, gutxienez, bisitatzea urtero. Ikuskapenetatik heldu diren proposamenak operadoreari jakinarazi beharko zaizkio idatziz.
3. Abeltzaintza Zerbitzuarekin ados, operadoreen ustiapen koadernoak ikusteko data bat ezarri eta egun horretarako prest edukitzea.
4. Eraldaketarako establezimendu guztiak urtean behin, gutxienez, bisitatzea.
5. artikulua. Produktuaren ziurtapena.
1. Kontrol eta ziurtapenerako entitateak, dagokion operadoreak eskatuta, ziurtapena emanen die produkzio integratuaren abeltzaintzako produktuei, betebehar hauekin:
a) Indarra duten erregelamendu tekniko berariazkoek eskatutako produkzio baldintzak betetzea.
b) Xedapen honetan adierazitako kontrol sistemetatik pasatu izana.
c) Produkzio integratuaren produktuen kalifikazioa kentzea ekar dezakeen ohar negatiborik jaso ez izana.
2. Produktu eraldatuen kasuan, ziurtapena eginen da baldin eta produktuak aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak, bai eta eraldaketari berari dagozionak ere, erregelamenduan ezarritakoak, betetzen baditu eta salmentarako ontziraturik baldin badago, produktuaren izaerak horretarako bide emanez gero.
3. Kontrolerako entitateak ziurtapena ematea galarazten duten irregulartasunek ukitutako loteak baztertu beharko ditu, eta ez dira merkaturatu ahal izanen produkzio integratuaren aipamenarekin.
4. Produkzio integratuaren abeltzaintzako produktuen etiketan, ziurtapena jaso badute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak produktu hauetarako bereizgarri gisa onetsitako marka, argigarriak, ikurra edo logotipoa agertu ahal izanen da.
Ziurtapena gauzatzeko kontraetiketa bat, operadore bakoitzari kalkulatzen zaion produkzioaren araberako zenbakia eramanen duena, erabili ahal izanen da.
6. artikulua. Finantzaketa.
Foru agindu honetan ezarritako kontrol eta ziurtapenerako sistemak sortutako gastuak kontrolaren xede diren operadoreek ordainduko dituzte.
Koordinazio Batzordeak kontrol eta ziurtapenerako erakundeak bere funtzionamendu kostuak finantzatzeko proposatzen dituen prezioen tarifen berri emanen du. Tarifa horiek aplikatu aurretik Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsi beharko ditu.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta hiruko urriaren hogeian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.
Iragarkiaren kodea: C3339804