III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
I T U R M E N D I
Kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza fiskal orokorra behin betikoz onetsirik
Kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza fiskal orokorra jendaurrean egon da, abuztuaren 22an 2003ko 107. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuta. Delako ordenantzaren kontra epe horretan inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsitzat jo da eta haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua heldu da.
Iturmendin, bi mila eta hiruko urriaren zazpian. Alkatea, Julen Galarza Otxoa.
KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehenbiziko Tituluko IV. kapituluaren 8. sailak xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.
Zergagaia
2. art. Kontribuzio berezien zergagaia hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate honek herri lanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.
3. art. Honako hauek hartuko dira toki entitate mailako obra eta zerbitzutzat:
a) Toki entitateak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.
b) Toki entitateak beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.
c) Toki entitateak dirulaguntza emanik beste entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.
4. art. 1. Aurreko artikuluko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira beti, nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitatearen ekarpenak jaso dituzten kontzesiodunak edo zergadunen elkarteak.
2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.
5. art. 1. Obren kostu osoak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, betiere betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezartzen diren baldintzak:
a) Karrika eta plazak irekitzea, lehendik irekitako karrika eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.
b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, isurbide eta ureztaketa ahoak berritik eraiki edo aldatzea.
c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.
d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta argiteria publikoa ezarri, aldatu edo hobetzea.
e) Ur-hornidura sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.
f) Su-itzaltze zerbitzuak paratu eta hobetzea.
g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako, non ez diren interes orokorrekoak.
h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.
i) Karrika eta plazetan arbolak aldatzea, parkeak eta lorategiak eraiki eta hobetzea, halako sektore batendako interesa badute.
j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.
k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontra babestekoak, baita ur-ibilguak erregulatu eta desbideratzekoak ere.
l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bestelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak paratzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.
m) Toki entitatearen bestelako obra edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.
2. Ez da inoiz kontribuzio berezirik galdatzen ahal, toki entitatearen obra edo zerbitzu publikoak biztanle guztiendako badira.
Salbuespenak
6. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren ondorioz, mankomunitateak eta batasunak kontribuzio berezietatik salbuetsirik egonen dira, baita horiek beren xedeak garatzeko sortzen dituzten entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere.
Subjektu pasiboak
7. art. 1. Hauek dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak: pertsona fisiko zein juridikoak, baita unitate ekonomiko edo ondare berezia osatzen duten entitate nortasun juridikorik gabeak, baldin eta ordaindu beharra eragiten duten obra edo udal mailako zerbitzuak egiteak, ezartzeak edo zabaltzeak onura berezia ekartzen badie.
2. Onura bereziaren hartzailetzat hauek hartuko dira:
a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.
b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe diren pertsonak edo entitate titularrak.
c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua handitzetik edo hobetzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.
d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.
Zerga oinarria
8. art. 1. Gehienez ere, lanak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren % 90ek osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria.
2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:
a) Honako hauen kostu benetakoa: peritu lanak, proiektuak prestatu eta obrak, planak eta programa teknikoak zuzentzea.
b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo zabaltzearen zenbatekoa.
c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta ez diren erabilera publikoko ondasunak, edo toki entitate honi dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinak.
d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalteordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.
e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.
9. art. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuan jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.
10. art. Obra edo zerbitzua direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoa edo Udalak dirulaguntza emanda kontzesiodunek egindakoa _ordenantza honetako 4. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen gisara_, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du galarazten beste administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexentzat beste zerga bat ezartzea. Betiere, ordenantza honetako 8. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.
11. art. 1. Zerga oinarria finkatzeko, hau ulertuko da toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zenbakiari toki entitateak edozein pertsona edo entitate publiko nahiz pribaturengandik erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.
2. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana delarik, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du aurreneko helburua. Dirulaguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, beste subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.
Kuotak
12. art. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikulura bildutako banaketa-irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kontribuzio berezien kuota.
13. art. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:
a) Orokorrean, hirigintzako aprobetxamenduaren irizpiudea aplikatuko da.
b) Obra bat zerbitzu orokorrek gehi halako lurzati bati edo gehiagori zerbitzu egiten dioten azpiegiturek osatzen badute, hau izanen da irizpidea:
_Zerbitzu orokorretarako: hirigintza aprobetxamendua.
_Lurzati bati edo gehiagori eragiten dioten azpiegituretarako, obraren zati horren kostua onura hartzen duten lurzatiei aplikatuko zaie.
14. art. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, Udalak, subjektu pasiboak eskaturik, kuota horren ordainketa zatitzea edo atzeratzea onar dezake, gehienez era hiru urterako.
Sortzapena
15. art. 1. Kontribuzio bereziak obrak burutu diren unean sortuko dira edo zerbitzua ematen hasi denean.
Obrak zatikagarriak baldin badira, obraren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena, subjektu pasibo bakoitzarendako.
2. Aitzineko artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, toki entitateak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako gastuen zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.
3. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, horiek burutu ez badira ez da zilegi izanen beste urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.
Dirubilketa
16. art. 1. Ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak kitatzeari dagokionez, toki entitate honen Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoa aplikatzen ahal da epeez, errekarguez eta gainerakoez den bezainbatean. Delako Ordenantza fiskal orokorrean jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.
2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.
Kudeaketa arauak
17. art. Kontribuzio bereziak ordainarazteko aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.
18. art. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obraren bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da kontribuzio horien ordenazio zehatza onestea.
19. art. 1. Obrak osorik nahiz partez burutu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi, zehaztuko dira subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren kuota behin betikoak, tokatzen diren likidazioak jiratuz eta konturako entrega gisa konpentsatuz egin diratekeen ordainketa aurreratuak.
2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, udal administrazioak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.
20. art. Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bestela ediktu bidez.
Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa jartzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusten duen bezala.
21. art. 1. Udalak bere eskumeneko obrak edo zerbitzuak egin edo emateko beste toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, betiere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, obrak egitea edo zerbitzua ezartzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.
2. Entitate horietako batek ordenatzeko erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.
Herritarren lankidetza
22. art. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute eta Udalak obrak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakotasunaren arabera dagokienaz gain.
2. Halaberean, toki entitateak sustatutako obra edo zerbitzuak egin, ezarri edo handitzearen ondorioz ukituak gertatzen diren jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute kontribuzio bereziak antolatzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, Udalak erabakitako obran edo zerbitzuan laguntza emanik parte hartu ahal izateko.
23. art. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.
AZKEN XEDAPENA
Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Udal honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.
Bigarrena._Ordenantza fiskal honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta halaberean sortuko ondorio juridiko osoak.
Iragarkiaren kodea: A0309694