140. ALDIZKARIA - 2003ko azaroaren 3a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T A F A L L A

E D I K T U A

Tafallako Udalak, 2003ko maiatzaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Tafallako Gizarte Etxearen Erregelamendu Orokorra.

Erregelamendu horren hasierako onespenaren iragarkia 2003ko 87. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 7an.

Jendaurrean egon den bitartean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin bat, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion egungo idazketan, onespena behin betikoa bilakatu da; hortaz, bidezko da Gizarte Etxearen Erregelamendu Orokorraren testu osoa argitaratzea. Honela dio hitzez hitz:

GIZARTE ETXEAREN ERREGELAMENDU OROKORRA

ATARIKO TITULUA

Gizarte etxea

Gizarte Etxea Tafallako udal ekipamendua da. Haren xedea gizarte, kultura eta hezkuntza ekimenak bideratzea da, oro har, herritarren eskariak jasoz, lehenbizikoz azaltzen diren eremuan.

Herritar guztien informazio, heziketa eta jostetarako leku irekia izan nahi du. Hainbat programa eta zerbitzuren bitartez, erabiltzaileen arteko harremanak eta parte hartze eraginkorra sustatuko dituen giroa sortu nahi da. Halaber, aisialdiko ohitura osasungarriak sortu eta iraunarazi nahi dira. Eremu integratua eta integratzailea da.

Gizarte Etxea Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Alorrari atxikia geratzen da.

Gizarte Etxeak ezaugarri egokiak izan behar ditu ondotik aipatzen diren helburuak lortzeko. Beraz, erregelamenduaren oinarriak honakoak dira:

_Kultura, heziketa, gizarte eta kirol arloetako programak eta zerbitzuak sustatzea, pertsonen eskariak eta beharrak asetzeko eta haien garapen osoa lortzeko.

_Araugintzako unitatearen lana egitea, Udalaren gizarte politikan esku hartzen duten departamentu guztien helburuak bateratu ahal izateko.

_Herritarren ekimen eta jarduerak gauzatzeko tresna baliagarria izatea, hau da, banakoek eta taldeek Tafallako gizarte, kultura, hezkuntza eta kirol gertakarietan aktiboki parte har dezaten sustatzea.

_Gizarte Etxeak ez du irabazteko xederik. Hala ere, zerbitzu publikoa den aldetik, bere burua finantzatzera jo behar du.

Gizarte Etxearen egitekoa izanen da, halaber, kalitateko zerbitzu publikoak eskaintzea, herriaren eta oinarrizko gizarte sarearen beharrak, eskariak eta interesak kontuan izanik, prestakuntza, kultura, josteta, gizarte eta gizarte-ekonomia arloetako jardueren sustapenari dagokionez.

GIZARTE ZERBITZUEI BURUZKO ERREGELAMENDUA

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da erabiltzaileen eskubideak, betebeharrak eta baldintzak arautzea, Gizarte Etxeko instalazioak eta gainerako zerbitzuak behar bezala erabili ahal ditzaten.

2. art. Aldaketak.

Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Alorrak xedapen edo ebazpenak eman ahal izanen ditu erregelamendu honetan ezarritakoa argitu, aldatu edo garatzeko, instalazio eta zerbitzuak behar bezala erabil daitezen, horien ardura duten langileen oharrak eta aholkuak alde batera utzi gabe.

Bai erregelamendu hau eta bai prezio publikoak eta zerbitzuen erabilerari buruzko arau zehatzak herritarren eskura egonen dira Gizarte Etxeko informazio eta kontrol zerbitzuetan eta Udaletxean (Bulego Bakarra).

BIGARREN TITULUA

Kudeatzeko araubidea

3. art. Ekipamenduak, programak edo jarduketak kudeatzeko araubidea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 10/1998 Foru Legean arautzen diren bideetatik antolatzen ahal da.

4. art. Udalari dagokio kudeaketa nolakoa izanen den eta nola garatu behar den zehaztea. Nolanahi ere, gizarteari zeregin horretan parte hartzeko aukera eman behar dio, horretarako ezarriko diren bideetatik eta zehazki Gizarte eta Kultur Kontseiluaren bidez.

HIRUGARREN TITULUA

Funtzionamenduaren baldintza orokorrak

5. art. Gizarte Etxeko tokiak, baliabideak eta zerbitzuak izatez doakoak, libreak eta irekiak izanen dira eta gizabanako, entitate, talde eta elkarte guztiek erabili ahal izanen dituzte, baldin eta irabazteko asmorik ez badute.

Udalak urtero esleituko du taberna-kafetegiko zerbitzuaren kudeaketa.

6. art. Norbanako eta entitate erabiltzaile guztiek eskubide berberak izanen dituzte Gizarte Etxeko toki, baliabide eta zerbitzuak erabiltzeko, haien erabilgarritasunera moldatuta. Aldez aurretik, behar denean, tasa ordainduko dute aparteko baliabide edo zerbitzuak erabiltzeagatik, Udaleko organo eskudunak hala adierazten duenean.

Hala ere, Udalak kolektibo jakinei baldintza bereziak ezarri ahalko dizkie zerbitzuak erabili eta baliatzeko, behar bezala arrazoiturik.

7. art. Erabiltzaile guztiek, gizabanako nahiz elkarte, behar bezala erabili behar dituzte Gizarte Etxeko toki, baliabide eta zerbitzuak, arau honetako artikuluetan eta barne araubideko erregelamenduetan ezarritakoa betez.

Taberna-kafetegiko zerbitzua kudeatzeko kontratuan jasotako betebeharrak eta eskubideak bete beharko dira.

8. art. Gizarte Etxean funtzionamenduari buruzko baldintza nagusi hauek beteko dira:

1. Toki, baliabide eta zerbitzuak hainbat pertsona, talde eta elkarteren artean banatzeko dira. Beraz, toki, baliabide edo zerbitzu bat erabiltzen ari den pertsona, talde edo elkarteak ezin du hartu berak bakarrik erabiltzeko edo bere jabetzakoa balitz bezala. Udalak bidezkoa irizten dionean, lehentasuna ematen ahal zaie erabiltzaile jakinei, baina inoiz ere ez beraiek bakarrik erabiltzeko baimenik.

2. Toki, baliabide eta zerbitzuak erabilera eta balio anitzekoak izateko sortuak dira eta pertsona eta entitate guztiek eskura izanen dituzte, Gizarte eta Kultur Kontseiluak baimena emanez gero.

3. Toki, baliabide eta zerbitzuak eskaeran adierazitakoari jarraikiz eta Gizarte Etxearen helburuei eta hornidurari dagokien moduan erabili behar dira.

4. Ez da toki, zerbitzu edo baliabiderik lagako irabazizko jarduerak egiteko edo irabazteko asmoz ari diren entitateek erabiltzeko, salbu eta jarduerak aldez aurretik arautuak eta onetsiak direnean. Irabazteko xedea duten entitateek eskatutako baimenak Udalak eman behar ditu, Gizarte eta Kultur Kontseiluak txostena egin ondoren.

5. Entitate, talde, elkarte, kolektibo edo gizabanako erabiltzaile guztiek Udalak ezarritako zerbitzu ordu eta egunetan egin beharko dituzte beren jarduerak eta zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte. Udaleko organo eskudunak onetsiko ditu zerbitzuen ordutegia eta egutegia.

9. art. Instalazioak hirigintza, segurtasun, osasun eta higiene arloetako legezko xedapenen menpe egonen dira. Beraz, instalazio bakoitzak bere zerbitzu eta jarduerei dagozkien xedapenak beteko ditu.

10. art. Udalak higiezina mantentzearen ardura izanen du eta zerbitzu, programa edo ekintzak kudeatzen lagunduko du. Hori guztia, kudeaketa kontratuetan ezartzen diren betebehar eta eskubideak ezertan galarazi gabe.

11. art. Komunitateak antolatzen dituen jarduerak herrian sustatzeko eta Udalak antolatzen dituenekin koordinatzeko bideak jarriko dira.

LAUGARREN TITULUA

Erabiltzaileak

12. art. Erabiltzaile bereziak.

Erabiltzaile bereziak izanen dira Tafallako Erretiratuen "San Sebastián" Elkarteko kide direla frogatzen duten pertsonak.

Halaber erabiltzaile bereziak izanen dira ondoko baldintzak betetzen dituen elkarte bateko kide izatea frogatzen duten pertsonak: elkarteen udal erregistroan inskribaturik egotea, bere motako entitateentzat indarra duen araudia betetzea, eta Udalak Gizarte Etxeko erabiltzaile berezi izendatu izana, elkarteak eskaturik.

Baldintza hori urtero berrikusiko da, aldez aurretik Gizarte eta Kultur Kontseiluak txostena emanda.

13. art. Banakako erabiltzaileak.

Erabiltzaile berezi edo erabiltzaile kolektibo izan gabe Gizarte Etxeko lokal, instalazio, programa eta jarduerak erabiltzen dituzten pertsona guztiak banakako erabiltzaileak dira.

Horiek guztiek erregelamendu honetan ezarritakoa bete behar dute, eta bai programa edo jarduera bakoitzaren barne-funtzionamendu egokirako ematen diren arauak ere.

14. art. Erabiltzaile kolektiboak.

Gizarte Etxeko erabiltzaile kolektiboak izanen dira ikastetxeak, erabiltzaile berezi izendatuak ez diren elkarteak, klubak eta taldeak, baldin eta erabiltzaile kolektibo izateko eskaera aurkezten badute eta Gizarte eta Kultur Kontseiluak adostasun txostena ematen badu.

BOSGARREN TITULUA

Tokien eta baliabideen lagapena

15. art. Tokiak eta baliabideak lagatzeko arauak ezarririk, gizabanako, talde eta elkarte guztiei beren jarduerak egiteko behar dituzten tokiak eta oinarrizko baliabideak eman ahalko zaizkie.

16. art. Hona hemen, bada, Gizarte Etxeko funtzionamenduari buruzko oinarrizko araudia.

1. Toki eta baliabideak laga daitezen eskaera fitxa aurkeztu beharko da.

Gizarte eta Kultur Arloak eskatzaileen ordutegiak eta jarduerak koordinatzeko behar dituen datuak jarriko dira eskaera fitxetan. Lagapena ez da irmoa izanen harik eta organo eskudunak eskatzaileari lagapen formala idatziz jakinarazi arte.

Salbuespenez, Erretiratuen "San Sebastián" Elkarteko Batzordeak lokal bat izanen du Gizarte Etxean bere eguneroko lanak egiteko. Lokala doan lagako zaio, lagapena urtero berrikusiko da eta Tafallako Udalak eten ahal izanen du, bidezko arrazoiak egonez gero, Gizarte eta Kultur Kontseiluak txostena eman ondoan.

2. Edozein gizabanako, talde edo elkartek eskatu ahal izanen ditu tokiak edo baliabideak. Epaileak legez kanpokotzat jotzen dituen elkarteak besterik gabe bazterturik geratuko dira.

3. Materialak geletan edukitzeko eskubidea mugatua izanen da, kontuan hartuko baita zenbat leku dagoen eta materiala eta jarduera zein motatakoak diren, higiezina biltegi bihurtu ez dadin. Betiere materialak aldi baterako gorde beharko dira eta Udalak eta Gizarte Etxeko kudeatzaile taldeak ez dute erantzukizunik izanen zerbait galdu, ostu, hondatu edo behar ez bezala erabiltzen bada.

Gizarte eta Kultur Alorreko langile teknikoek ikuskatu eta kontrolatuko dute toki eta baliabideen lagapena.

17. art. Kasu hauetan Gizarte Etxeko ekipamendua erabiltzeko eskubidea galduko da:

1. Instalazioak, altzariak eta baliabideak hondatzen badira edo behar bezala erabiltzen ez badira. Halakoetan, Gizarte eta Kultur Kontseiluak txostena egin ondoren, kalte eta galeren ordaina eskatuko da.

2. Higiezina kudeatzen duten pertsonekin eta gainerako entitate eta pertsona erabiltzaileekin ezegoki edo gaizki portatzea edota eraso egitea.

3. Toki eta baliabideak erabiltzeko eta eskaintzen diren jarduera eta programetan parte hartzeko ordutegia ez betetzea, emandako epea gaindituz edo alferrik galduz.

4. Arau honetako edo barne-araubideari buruzko erregelamenduko edozein artikulu haustea.

SEIGARREN TITULUA

Erreklamazioak

18. art. Erantzukizun zibileko asegurua.

Tafallako Udalak badu erantzukizun zibileko asegurua Gizarte Etxea babesteko, instalazioaren balizko akatsen ondorioz gerta litezkeen istripuetarako alegia. Horrez gain, Gizarte Etxean egiten diren jardueren sustatzaileek jarduera bakoitzerako asegurua egin beharko dute.

19. art. Erreklamazio orriak eta gauza galduak.

Erabiltzaileen eskubideak bermatuta egon daitezen, Gizarte Etxeak erreklamazio orriak izanen ditu eta edozein erabiltzailek erabili ahalko ditu, zerbitzuek gaizki funtzionatzen dutela iruditzen bazaio. Horretarako NANa, izena, bi deiturak, helbidea eta telefono zenbakia eman beharko ditu (zerbitzuren bateko kidea bada hori ere agertuko du).

Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du eta erreklamazioaren erantzuna jasoko du. Erreklamazioa Bulego Bakarrean ere egin daiteke, horretarako eskura egonen den inprimakian.

Erreklamazioak egiteko, erabiltzaileek Gizarte Etxeko langile eta arduradunen identifikazioa eskatu ahal izanen dute noiznahi.

Gizarte Etxean galdutako gauzak aurkitzen direnean berehala Udaltzaingoari igorriko zaizkio.

ZAZPIGARREN TITULUA

Betebeharrak

20. art. Betebeharrak betetzea.

Erabiltzaile guztiek betebehar hauek izanen dituzte:

_Instalazio, zerbitzu eta ekipamenduak ongi eta arretaz erabiltzea. Gaizki erabiltzeagatik hondatzen badira, konponketa erabiltzailearen kontura izanen da.

_Funtzionamenduaren gorabeherak, hausturak, akatsak edo erregelamendu honen aurkako arau-hausteak Gizarte Etxeko langileei jakinaraztea.

_Gainerako erabiltzaileei begirunea izatea eta elkarren arteko harremanetan gizalegez aritzea.

_Mota guztietako erabiltzaileen eskubideak errespetatzea: erabiltzaile berezienak, kolektiboenak eta banakoenak.

_Ezarritako prezioak garaiz eta zehazten den moduan ordaintzea.

_Udaleko organo eskudunek edo Gizarte Etxeko langileek ematen dituzten arau eta jarraibideak betetzea eta haien lana erraztea. Betiere erabiltzaileek langileei errespetua izan eta jaramon egin behar diete.

_Erabiltzaileen intimitatea babesturik egon dadin, ezin izanen da argazki edo bideo kamerarik erabili instalazioaren arduradunei baimena eskatu gabe, irudien xedea jakin dezaten. Ahal dela, baimena aurretiaz eskatuko da. Araua ez dakien norbait Gizarte Etxera agertzen bada bideo edo argazkiak egiteko asmotan baimenik izan gabe, bertan dauden langileek emanen diote baimena arrazoiak azaldu eta gero. Halako araua ez da debekua, baizik eta aurretiazko abisuaren beharra, non irudien premia eta haien geroko erabilera ebaluatu behar diren.

ZORTZIGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

21. art. Betebeharrak ez betetzea.

Erregelamendu honetan ezarritako arauak ez betetzea arau-haustea da eta zehapena dagokio. Arau-haustea Gizarte eta Kultur Kontseiluari edo Gizarte eta Kultur Alorrari jakinaraziko zaio eta berak zehapen espedientea izapidatuko du, A.P.A.J. eta G.A.P.i buruzko 30/92 Legeari jarraikiz. Espedientearen amaieran zehapena ezarri ahal izanen da, organo eskudunaren eta erakunde egokiaren bitartez, zeinak aurrekarien berri emanen baitu eta gizarte arloko ekintzak koordinatu ahal izanen baititu.

Zehatzeko eskumena duen organoa alkatea da.

Kautelazko neurriak: Alkateak ahalmena izanen du gaizki jokatzen duten pertsonei kargu hartzeko, baita instalazioetan sartzea galarazteko ere, kautelazko neurri gisa, gertaerari buruzko ebazpena eman arte.

Hutsegiteengatik zehapen hauek ezarriko dira:

Hutsegite arina: kargu-hartzea.

_Hutsegite larria: erabiltzaile, abonatu edo bazkidearen eskubideak aldi baterako kentzea.

_Hutsegite oso larria: erabiltzaile, abonatu edo bazkidearen eskubideak betiko kentzea.

Horrez gain, kalte eta galeren ordaina eskatu ahal izanen da.

_Hutsegite arintzat joko da estatutu hauen 20. artikuluan aipatzen diren betebeharrak ez betetzea.

_Hutsegite larritzat joko da hutsegite arina bitan edo gehiagotan egitea.

_Hutsegite oso larritzat joko da hutsegite larria bitan edo gehiagotan egitea.

BEDERATZIGARREN TITULUA

Instalazioak erabiltzeko bideak eta erak

22. art. Arau orokorrak.

Udalaren baimena duten erabiltzaileek erabili ahal izanen dituzte tokiak, eta bai antolatzen diren jardueretan eta ikastaroetan parte hartzen dutenek ere, ezarritako programazioaren eta ordutegiaren barnean.

Tokien lagapena eta erabilera Tafallako Udalak antolaturik edo baimena emanik egin litezkeen ekitaldien mende geratuko dira, eta baimena jaso ondoren horrelako ekitaldi baten ondorioz tokia erabiltzerik ez badago edo ordua aldatu beharra badago, ezin izanen da erreklamaziorik egin. Hala ere, ahal den guztietan, ekitaldiaren berri emanen da 48 ordu lehenago, gutxienez.

Kontzesioa deuseztatu ahal izanen da, behar izanez gero, instalazioa gaizki erabiltzen ari dela edo egiten ari diren jarduerak kontzesioaren xedearekin bat ez datozela ikusten bada.

Era berean, Gizarte Etxeko arduradunek instalazio guztiak edo haietako batzuk noiznahi itxi eta erabiltzaileei eta gainerako herritarrei erabiltzen ez uzteko ahalmena izanen dute, ustekabeko arriskuren bat sortzen bada, edozein motatakoa izanik ere.

Tokiak erabiltzeko edo ikastaroetan eta programatutako jardueretan parte hartzeko baimena eman edo erreserba egiten denean, betiere pertsona batek erabilera egokiaren ardura hartu beharko du eta eskabidean pertsona hori identifikatzeko datuak jarri beharko dira.

Adingabeek tokiak erabiltzeko baimena eskatzen dutenean, tokiaren edo bertan egin nahi den jardueraren ezaugarrien arabera, guraso edo tutoreen baimena aurkezteko eskatu ahal izanen zaie. Halaber, arduradun heldu bat adingabeekin egon dadila agindu ahal izanen da.

Instalazioak behar ez bezala edo axolagabekeriaz erabiltzearen ondorioz kalterik egiten bada, erreserba egin duen erabiltzaile bereziak, banakakoak edo kolektiboak ordaindu beharko du. Federazioek edo elkartez gaindiko entitateek erreserbak egiten dituztenean hirugarrenen jardueretarako (ekipoak, klubak, elkarteak edo taldeak), erantzukizun subsidiarioa izanen dute, jardueretan parte hartzen duten kolektibo horiek kalterik eginez gero.

Ordaindu beharreko prezio publiko edo tasetan ez dira sartuko, besterik adierazi ezean, muntaketa lanak eta aparteko prestakizunak.

Onuradunek, kasuan kasuko zehaztapenak salbu, beren baliabide teknikoak (langileak eta materiala) ekarri beharko dituzte jarduerak egiteko.

Lagapen bakoitza Tafallako Udalak ezartzen dituen baldintzen pean eginen da.

Erabili behar den tokian erabilera orokorreko materiala badago (lagapena egiterakoan zehaztuko da), erabiltzaileen esku jarriko da, eta haien ardura izanen da hura lekualdatzea, jasotzea eta dagokion lekuan gordetzea.

Udalak, teknikari arduradunaren bidez, elementu jakinak erabili edo muntatu behar dituzten enpresa edo pertsonak izendatzen ahalko ditu.

Betiere, lan horien kostua eta erabili beharreko materialen garraioa eskaera egin duen erabiltzailearen kontura izanen dira.

Behar den materiala Gizarte Etxean ez badago edo baliatu ezin bada, tokiaren eskatzaileak ekarri beharko du eta horretarako Udalaren baimena beharko du.

Gizarte Etxean egiten diren jarduera guztietan material egokiak erabili beharko dira. Materialak eta jarduera bera ez dira gai izanen altzarien edo higiezinaren egoera aldarazteko. Gainera, kontuan hartuko dira instalazio edota material bakoitzaren erabilerari buruzko arau zehatzak.

Jardueren arduradunek aurreko arau hori bete eta betearazi beharko dute.

Erabiltzaileek, nahikoa leku dagoelako edo jarduera egin ahal izateko beharrezkoa dutelako,

materialak instalazioan utzi behar badituzte, armairu, kaxoi edo antzekoetan gorderik utziko dituzte, eta Gizarte Etxeak ez du erantzukizunik hartuko material horiek hondatu edo galtzen badira edo norbaitek

lapurtzen baditu.

Arau orokor gisa, zerbitzuak, berariaz besterik adierazi ezik, instalazioa ixteko ordua baino ordu erdi lehenago itxi edo amaituko dira.

Instalazioetan debekaturik dago:

_Udalaren baimenik gabe kartelak edo liburuxkak paratzea.

_Publizitatea paratzea baimenik gabe edota kasuan kasuko araua bete gabe (betiere debekaturik egonen da edari alkoholdunak edo tabakoa kontsumitzera bultza dezakeen publizitatea).

_Erabat debekaturik dago adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea eta erostea.

_Arau orokor gisa, debekaturik dago instalazioetan animaliak sartzea, zakur gidariei buruzko araudian ezarritakoa salbu.

HAMARGARREN TITULUA

Ikastaroak, tailerrak eta sustapen jarduerak

23. art. Gizarte Etxeak askotariko jarduerak eskainiko ditu, unean uneko eskariaren arabera edo teknikariak prestatutako sustapen soziokulturaleko programaren barnean. Sustapen soziokomunitarioko programa horretan ekintza eta jarduera soziokulturalak diseinatu, burutu eta ebaluatuko dira, bai eta esku-hartze komunitarioak ere, aisiako jarduerak, elkartegintza eta boluntarioen jarduerak sustatzeko eta orobat herritarren parte-hartzea, oinarrizko gizarte sarearen hazkundea eta kultur demokraziaren garapena eragiteko.

"San Sebastián" elkarteak, Udala ados egonez gero, egokitzat jotzen dituen jarduerak programatu eta prestatu ahal izanen ditu. Horretarako Gizarte eta Kultur Kontseiluari urteko programa aurkeztuko dio.

24. art. Sustapen soziokomunitarioko programak ekipamenduen erabiltzaile diren entitate eta taldeei aukera ematen ahal die Gizarte Etxeko bizitzan parte hartzeko, haien ordezkariek, kudeaketa taldeko profesionalek eta Tafallako Udalak izendatutako langileek osatutako batzorde edo kontseiluak eratuz.

25. art. Jarduera publikoen programazioa aditzera emanen da ohiko bide eta euskarriak erabiliz, bereziki, Gizarte Etxean berean daudenak.

26. art. Jarduera bakoitzerako, bere ezaugarrien eta helburuen arabera, honakoak ezarriko dira:

_Kuotak (halakorik egonez gero).

_Epea, egunak, ordutegia eta tokia.

_Parte-hartzaileen kopurua (gehienekoa eta gutxienekoa).

_Parte hartzeko baldintzak (betekizunak edota gizarte egoera), ikastaroa biztanleriako sektore jakin batentzat antolatzen denean.

_Adinak.

_Izena emateko datuak (modua, tokia, egunak eta ordutegia) eta abar.

Ikastaro eta tailerretarako inskripzioak ez dira irmoak izanen ordainketaren egiaztagiria aurkeztu arte. Ordainketaren egiaztagiria aurkezteko epea inskripzio orrian agertuko da.

Inskripzioa Udaleko Bulego Bakarrean ordainduko da, horretarako ematen diren jarraibideen arabera.

Antolatzen diren ikastaro eta tailer guztiek, hasiera eguna baino hiru egun lehenago beterik izan beharko dute gutxieneko plaza kopurua, bestela ez dira eginen.

Ikastaro edo tailerra edozein arrazoirengatik bertan behera geratzen bada, Udalari ezin izanen zaio inolako erantzukizunik eskatu, baina Udalak itzuli egin beharko ditu ordaindutako kuotak.

Ikastaroa edo tailerra egiteko behar adina lagun inskribatu ezean, bertan behera utziko da eta izena eman dutenei ordaindutako zenbatekoa itzuliko zaie, banku kontu baten bitartez, 15 eguneko epean.

Prezio merkeagoa edo berezia duten erabiltzaileek berezitasun hori agertzen duen agiria edo karneta aurkeztu beharko dute izena ematerakoan, bai eta urteko ordainketaren agiria ere, halakorik badago.

Itzulketa eskatzeko orria egonen da erabiltzaileen eskura. Osorik bete beharko da eta Udaleko Bulego Bakarrean aurkeztu. Ikastaroaren ardura duen teknikariak aztertu eginen du eta aldeko nahiz kontrako txostena emanen du.

Ikastaro edo tailerra hasitakoan ezin izanen da itzulketarik egin.

Baja eskatzen duten erabiltzaileek ez dute itzulketarako inolako eskubiderik izanen.

Ikastaro edo tailerretan atsedenaldiak tartekatu ahal izanen dira. Denboraldi bakoitzean iragarriko dira. Atsedenaldi, zubi edo jaiegunak ez dira zio izanen jarduera ezagatik itzulketa eskatzeko.

27. art. Erreserbak.

Tokien erreserbak ereduzko eskabidearen bidez eskatuko dira.

28. art. Jarduera pribatuak.

Enpresek edota partikularrek herritarrei eskaintzen dizkieten jarduerak garatzeko, gizarte interesekoak badira, tokiak eskatu ahal izanen dira ereduzko eskabidea erabiliz, aplikatu beharreko tasa edo prezioa ordaindu ondotik.

HAMAIKAGARREN TITULUA

Ordenantzaren indarraldia eta aplikazio eremua

29. art. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

30. art. Tafallako Udalak ahalmena izanen du artikulu hauek interpretatzeko eta horietan aurreikusi gabeko egoerak arautzeko.

HAMABIGARREN TITULUA

Azken xedapenak

31. art. Arau edo erregelamendu osagarriak.

Eskaintzen den zerbitzu bakoitzeko, Udaleko sail arduradunak honako honen osagarrizko arau edo erregelamendua garatuko du, zerbitzuari buruzko zehaztasunak bilduz.

32. art. Ebazpenak.

Erregelamendu orokor honek, zerbitzuei buruzko arau erantsiek edo Gizarte Etxean eragina duten Administrazioaren xedapen orokorrek arautzen ez dituzten kasuak, hasiera batean Gizarte Etxeko arduradun batek ebatziko ditu, edozein mailatakoa izanik ere, eta geroago Gizarte eta Kultur Alorrari igorri ahal izanen zaizkio, organo eskudunak ebatz ditzan.

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta ohartarazten da behin betiko onespen honen kontra hauetako bideren bat erabiltzen ahal dela:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Tafallako Udaleko osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

Tafallan, bi mila eta hiruko urriaren hamahiruan. Alkatea, M. Teresa Mañú Echaide.

Iragarkiaren kodea: A0309884