I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
148/2003 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2003-2004 denboraldirako erreserba nazionaleko esne kuotak Nafarroako Foru Komunitatean zuzenean esleitzeko deialdia egiten duena.
Urriaren 3ko APA/2776/2003 Aginduaren bitartez, 2003-2004 denboraldirako erreserba nazionaleko esne kuoten 64.000 tona zuzenean esleitzeko deialdia egin da. Deialdi horretan Espainiako abeltzain guztiek hartzen ahal dute parte, baldin eta esne kuotak kudeatzeko sistema arautzen duen martxoaren 21eko 347/2003 Errege Dekretuaren III. kapituluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Nafarroako Foru Komunitateak, aurrekoaz gainera, erreserba nazionaleko kuotaren 1.166.789 kg ditu Nafarroako Foru Komunitateko abeltzainen artean partitzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.b) artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honek xedea du 2003-2004 denboraldirako erreserba nazionaleko esne kuotak Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategien titularrei zuzenean esleitzeko deialdia egitea.
2. artikulua. Partitzeko diren zenbatekoak.
Nafarroako Foru Komunitateak baditu 1.166.789 kg, erreserba nazionalekoak, bere abeltzainei zuzenean esleitzeko.
3. artikulua. Onuradunak.
Kuoten esleipenak bakarrik jasotzen ahal dituzte 2003-2004 denboraldirako erreserba nazionaleko esne kuotak zuzenean esleitzeko deialdia egiten duen urriaren 3ko APA/2776/2003 Aginduan ezarritakoari jarraikiz ere kuota eskatu duten abeltzainek, baldin eta esne kuotak kudeatzeko sistema arautzen duen martxoaren 21eko 347/2003 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
4. artikulua. Eskabideak.
1. Eskabideak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduak, Departamentuko lurralde edo eskualdeko bulegoetan emanen dira eta urriaren 3ko APA/2776/2003 Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideekin batera eta epe berean eginen dira. Eskatuko diren frogagiriekin batera aurkeztuko dira edo aipatu bulegoetan edo urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein tokitan.
2. Abeltzaintza Zerbitzuak aurkeztu diren agiriak aztertuko ditu eta betebehar guztiak betetzen ez badira, interesatuari jakinaraziko zaio eta hilabeteko epean agiriak osatu edo okerrak zuzenduko ditu. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean eskabidea bertan behera utziko dela, ebazpen administratiboa eman ondotik.
3. Betebeharrei, puntuazio baremoari, muga aplikagarriei eta ukapenei dagokienez, deialdi hau martxoaren 21eko 347/2003 Errege Dekretuaren 16., 18., 22. eta 23. artikuluek arautuko dute.
5. artikulua. Esleipena egiteko prozedura.
1. Eskatzaileen baremazioa eginen da martxoaren 21eko 347/2003 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta puntuaziorik altuena dutenei esne kuoten 5.000 kg. emanen zaie ustiapenetan Nagusiki Nekazaria den bakoitzeko.
2. Bi edo eskatzaile gehiagok puntuazio bera badute, adinean txikiena denari emanen zaio lehentasuna. Ustiapena elkartea bada, bazkide guztien adinen batez bestekoa hartuko da kontuan.
3. Eskabide guztiei erantzuna eman eta ondoan, kuotarik partitu gabe gelditu baldin bada, sobrantea Nagusiki Nekazariak diren guztien artean hainbanatuko da Nafarroako Foru Komunitateari zuzenean esleitzeko dagokion kuota osoa esleitu arte.
6. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.
1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak kargu hartuko du eskabideak aztertu eta tramitatzeko.
2. Eskatzaileek aurkeztutako agiriak eta Departamentuan daudenak, bai eta interesatuei eskatzea beharrezkotzat jotzen dena aztertu ondotik eta ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondotik, Abeltzaintza Zerbitzuak eskabideak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena prestatuko du Abeltzaintzako zuzendari nagusiari igortzeko.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta hiruko urriaren hogeian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.
Iragarkiaren kodea: C3339788