140. ALDIZKARIA - 2003ko azaroaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

146/2003 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean esnearen produkzioa borondatez eta behin betikoz uzteko 2003-2004ko programa onesten duena.

Azken urteotan behera egin du Nafarroan esnearen produkzioan diharduten tamaina txikiko ustiategien kopuruak eta, gaur egun, esnetarako abeltegi gehienek egitura errentagarri eta lehiakorra dute. Hala izanik ere, sektorearekin hartutako konpromisoari kasu eginez, modernizazioa bultzatzeko xedea duten ekintzekin segitzeko premia dago oraindik ere, eta horregatik bidezkoa da esnearen produkzioa borondatez eta behin betikoz uzteko programari jarraipena ematea, zenbait baldintza aldatuta merkatuaren gaur eguneko egoerari egokitzeko.

Nafarroako Foru Komunitateak berea du eskumena, foru araubidea dela medio, bere aurrekontu orokorren kargura esne produkzioa borondatez uzteko programei buruzko politika ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen bidez esne produkzioa borondatez uzteko programa bat ezarriko da, behin betikoa eta ordaindua, Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden abeltegien titularrentzat, 2003-2004 denboraldian burutu beharko dutena.

2. Gehienez eskuratuko den esne kuotak ez ditu "Esne produkzioa uzteko dirulaguntza" aurrekontuko kontusaileko aurreikuspenak gaindituko.

2. artikulua. Onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatuta dauden abeltegien titularrek hartzen ahal dute parte produkzioa uzteko programa ordainduan, baldintza hauek guztiak betez gero:

a) 2003ko apirilaren 1ean esleituta duten kopurua produzitzeari utzi nahi izatea.

b) 2002-2003 denboraldian erosleei eman izan beharko dizkiete esnea eta esnekiak, edo zuzenean saldu, edo beren erreferentziako kantitateak aldi baterako utziak izan.

c) Oraingo kanpainan aldi baterako lagapenik, transferentziarik edo lekualdatzerik eskatu ez izana.

d) Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzei buruzko apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan ezarritako esne produkziorako dirulaguntzaren bat jasotzen ari izatearen edo jaso izanaren ondoriozko konpromisoetatik libre egotea.

e) Foru agindu honetan ezarritako obligazioak betetzeko konpromisoa hartzea, produkzioa uzteko baimena emanez gero.

2. 2003ko apirilaren 1ean esleituta duen kuotaren araberako kalte-ordaina emanen zaio esne-behien abeltzain bakoitzari, kuota hori erosleentzako entrega nahiz zuzenean saldutakoa izan, erreserba nazionalekoa kanpo. Kuota, dena dela, erosleentzako entregarenaren kasuetan, koipekia 100eko 3,64ri dagokiona izanen da.

3. artikulua. Eskaerak nola eta noiz aurkeztu

1. Produkzioa uzteko programan interesa dutenek, foru agindu hau argitaratu eta hamabost eguneko epean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dute eskaera, Departamentuko Eskualdeko edo Arloko Langeletan eskuratuta. Eskaera, frogagiriekin batera, langela horietan aurkeztuko da edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) 38.4 artikuluan aurreikusi tokietan.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak aztertuko du aurkezten den dokumentazioa eta, akatsen bat ikusiz gero, interesatuei jakinaraziko die, hilabeteko epean zuzendu edo falta diren datuekin dokumentazioa osa dezaten. Bestela, espedientea artxibatuko du.

4. artikulua. Kalte-ordainaren zenbatekoa.

1. Zenbateko hauek ezarri dira kasu hauetan kalte-ordainetarako, erreferentziako kilogramo bakoitzeko:

a) 0,48 euro, kilogramo bakoitzeko, 2003ko apirilaren 1ean kalte-ordaina hartzeko 50.0001 kg-tik beherako kantitatea duten abeltzainentzat.

b) 0,35 euro, kilogramo bakoitzeko, 2003ko apirilaren 1ean kalte-ordaina hartzeko 50.0001 kg-tik 120.001era bitarteko kantitatea duten abeltzainentzat.

c) 0,15 euro, kilogramo bakoitzeko, 2003ko apirilaren 1ean kalte-ordaina hartzeko 120.000 kg-tik gorako kantitatea duten abeltzainentzat.

2. Abeltzain baten kuotari esleitutako koipekia 100eko 3,64 baino handiagoa bada, 100eko 0,18 igoko da kalte-ordaina 100eko 0,01 gehiago dagoen bakoitzeko. Alderantziz, beste horrenbeste kenduko da.

5. artikulua. Eskaeren lehentasuna.

Behar bezala aurkeztu eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerei dagozkien kalte-ordainak finantza baliabideak baino handiagoak badira, lehentasun ordena honi jarraituko zaio, talde bakoitzean erreferentziako kantitate txikienetik handienera ordenatu ondoren:

1. Jardueran jarraitzeko zailtasun berariazkoak dituzten ustiategien titularrak:

a) Esneak bete beharreko baldintza higieniko-sanitarioetara egokitzeko zailtasunak.

b) Ustiategia ixtera behartzen duten ingurumeneko arrazoiak.

2. Berrogeita hamabost urtetik gorako abeltzainak.

Berdintasunean, adin handieneko abeltzainak izanen du lehentasuna.

6. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

1. Abeltzaintza eta Nekazaritza Zuzendaritza Nagusia arduratuko da eskaerak instruitu eta tramitatzeaz.

2. Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa eta Departamentuan dagoena, baita interesatuei eskatzen diena ere, aztertu eta ezarritako baldintzak betetzen direnetz begiratu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak eskaerak ebaluatu eta ebazpen proposamena eginen du, Abeltzaintzako zuzendari nagusiari igortzeko.

3. Dagokion urteko martxoaren 1a baino lehenago ebatziko dira eskabideak. Halaber, data hori baino lehenago jakinaraziko zaie ebazpena eskatzaileei.

7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan aipatzen diren kalte-ordainen onuradunek honako hau beharko dute bete:

a) 2003-2004ko kanpainan, haren hasieran esleituta duten erreferentziako kantitate guztiaren produkzioa behin betikoz utzi eta, betiere, 2004ko apirilaren 1a baino lehen. Eskatzaileek esne produkzio osoa beharko dute utzi.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emandako kalte-ordainaren gainean egiten duen edozein egiaztapen onartzea.

8. artikulua. Kalte-ordaina ematea.

1. Kalte-ordaina pagatu baino lehen, onuradunek behar bezala frogatu beharko dute honako hauek betetzen dituztela:

a) Esnea eta esnekiak merkatuan jartzeari utzi diotela eta noiz egin duten azken entrega edo zuzeneko salmenta.

b) Esne produkziotik kendutako behien destinoa.

2. Abeltzaintza Zerbitzuak aurreko atalean aipatu dokumentazioa egiaztatu eta behar diren kontrol eta ikuskapenak egin ondoren pagatuko zaie kalte-ordaina abeltzainei.

9. artikulua. Itzulketa.

Kalte-ordainak emateko behar diren baldintza eta konpromisoak betetzen ez badira, oso-osorik beharko dira itzuli, baita berandutzaren korritua ere, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Aginduaren 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, bertan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak xedatuko du arau-hauste eta zehapenen araubidea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen baitu.

2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedurak abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari jarraituko dio, bertan onetsi baitzen nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa._Foru agindu honek aurreikusten ez duen hartan, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak xedatutakoari jarraituko zaio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen baitu.

Bigarrena._Foru agindu hau aplikatzeko agindu egintzen aurka, gora jotzeko helegitea aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegindako egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena._Foru agindu honen aplikazioak sortutako gastua "Esne produkzioa uzteko dirulaguntza" izeneko kontusailaren kargura ordainduko da, 2004ko eta hurrengo ekitaldietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, hiru mila eta hiruko urriaren hogeian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: C3339771