108. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1052/2003 FORU AGINDUA, uztailaren 16koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko Aldaketari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren abenduaren 24ko 1565/2001 Foru Aginduaren bidez, "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio prozeduran alternatiba batzuk aztertu ziren, eta ingurumenean, oro har, eragin gutxien izanen duen pasabidea hautatu zen; ingurumenean ahulenak diren elementuak eta hartu beharreko neurri zuzentzaile garrantzizkoenak ere zehaztu ziren.

Haren ondoren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "Autovía del Camino" sozietateari esleitu zion proiektuak egiteko lana, "oinarrizko eskaintza hobetuaren" bidez. Eskaintza horretan trazadurako zenbait egokitzapen ageri dira, eta horrek aldaketa nabarmenak sor ditzake, ingurumenaren aldetik, IEAren prozeduran tramitatutako trazaduran.

Proiektuan proposatu diren hobekuntzen artean nabarmen, ingurumeneko eraginaren aldetik, trazadurak Elizagorriaren ipar-mendebaldean duen aldaketa, hasieran planteatutako tunela kendu egin baita eta, horren ordez, lubaki bat egin eta hasierako trazadura desbideratu Los Arcos inguruan, eta Odrón ibaiaren gainean zubi bat eraiki.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aldaketaren tramitazioaren gaineko kontsulta egin ondoren, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen, 2003ko urtarrilaren 24an, proposatutako aldaketak garrantzizkoak izanik Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako beste prozedura bat egin behar zela aldatutako zatiari buruz.

Prozedurari hasiera emateko eta 1131/1988 Errege Dekretuko 16. artikuluarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2003ko apirilaren 3an, "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren (UPS) aldaketa igorri zuen, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanarekin batera. Proiektuaren deskribapena eta ingurumeneko eragin eta neurri zuzentzaile garrantzitsuenak I. eranskinean ageri dira.

Ebaluatutako trazaduraren aldaketa izanen da 8. kilometro puntutik _espedienteko planoetako kilometroen zenbakien arabera_, Los Arcosen ipar-ekialdean, Vianako lotunera bitarte, non amaitzen baita aipatu autobia. Trazadurako gainerakoak, hots, Lizarrako saihesbidetik 8. k.p.ra bitartekoak, ez du ia aldaketarik.

Ingurumenaren gaineko azterlanak ingurumenaren azterketa zabala egiten du eta zenbait ondorio ateratzen. Horren arabera, lehenik, aldaketek egoki erantzuten diete 1565/2001 Foru Aginduaren bidez onetsitako Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioan ageri diren aginduei, zeren eta landare mota batzuen eta Linares ibaiaren gaineko ukipen eta arriskuak murrizten baititu eta Cohorte Campo aztarnategiko ukipena saihesten; bigarrenik, eragin orokorrak bateragarriaren eta moderatuaren artean segitzen du neurri zuzentzaileak aplikatu eta gero.

Paisaiaren gainekoa izanen da eraginik handiena, 10 metro bitarteko garaierako ezpondak eginen baitira Los Arcosko lotunean, eta lurrerauzketa handi samarrak Elizagorriko muinoa zeharkatzeko. Lehengoratzeko proposatu diren neurri egokiei esker, eragina, azkenik, moderatua izanen da.

2003ko maiatzaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik, espedientea jendaurrean jarri zen. Tramite aldi horretan bi alegazio idazki jaso dira. II. eranskinean horien laburpena.

Nafarroako Ingurumenaren Kontseiluak, 2003ko ekainaren 20an, espedientearen gaineko txostena egin zuen.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari dagozkion eginkizunak esleitzeari buruzko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko Aldaketari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten da, eta ingurumenaren aldetik bideragarria dela adierazten, baldintza hauek betetzen badira:

_Landareztatze Proiektuak, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko baita onesteko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlaneko Ingurumena Zaintzeko Programan ageri diren zehaztapenak jaso behar ditu. Ezponda guztietan bertako espezieekin tratamendua egiten ahal dela bermatu beharko du.

_Ingurumena Zaintzeko Programa aurkeztuko da, obra aldirako eta autobiaren erabilera aldirako zehaztuta, IEAn aurkeztutako Ingurumena Zaintzeko Programan ageri diren jarraibideekin bat.

_Obrei dagokien agindu tekniko eta partikularren pleguari erantsi beharko zaizkio IEAn proposatutako neurri zuzentzaileak, Deklarazio honetan ageri direnak eta Zainketa Programaren ondoriozko jarduerak. Memoria, planoak eta aurrekontua azalduko dira kontzeptu guztietan. Ingurumena Zaintzeko Planak sortzen dituen gastuak baloratuko dira.

_IEAn animalien pasabideetarako zehaztu diren ezaugarrien osagarri, neurri hauek hartuko dira:

.Zeharkako drainatze obra guztietan (ZDO), ura ibili ohi bada, zokaloak egin beharko dira animaliak uretan sartu gabe pasatu ahal izateko. Era berean, sekzio biribileko ZDO guztietan oinarria zelaitu eginen da, pasabide moduan erabiltzen dituzten animaliak errazago ibiltzeko.

.ZDOak oso luzeak direnean (30 m baino gehiago) argi puntuak sortzen ahalegindu beharko da. ZDOak sekzio edo norabide desberdineko beste batzuekin lotzeko erregulazio putzuak baldin badaude, animaliak harrapatuta ez gelditzeko moduan eraiki beharko dira.

.Zeharkako drainatze obra (ZDO) bakoitzaren edo animalien pasabide izateko proposatzen den egituraren eraikuntza fitxa aurkeztuko da.

_Landaredia babesteko kontuan hartuko dira Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean aurreikusitako neurri zuzentzaileak, bereziki Barranco del Sequeral (edo Barranca) alderdian eta Mendabia, Bargota eta Viana aldean obrek ukitzen dituzten gainerako sakanetan.

_Obrak hasi baino lehen, urteko garai egokian tokian bertan egindako azterketari buruzko txostenak aurkeztuko dituzte gai hauetan adituak diren teknikariek:

.Obrek ukitzen duten tokian, 5. tarteko 1. zabortegia barne, Limonietum latebracteati komunitatea eta Thymus loscosii-ko aleak ageri direla berrestea.

.Autobiaren trazadurak Elizagorriaren hegoaldean eta mendebaldean ukitzen duen eremuan estepako hegaztien populazioa identifikatzea.

.Charcal-en ugaltzen diren anfibio espezieen inbentarioa, ugalketa garaian egina (negua-udaberria) . Pasaguneak berrestea.

_5. tarteko 2. harrobiko ustiapen planak kontuan izan beharko du "Estellerriko Igeltsuak" (ES2200031) izeneko Batasunaren Intereseko Lekuaren mugan dagoela, eta barnean leheneratu egin beharko du bertako idoi naturala. Inguruko bi aztarnategi arkeologikoak ez ukitzen saiatu beharko da.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Foru agindu hau Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamaseian._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlaneko ondorio nagusiak

Proiektuaren xedea da Lizarra-Logroño Autobia aldatzea 8. k.p.tik _espedienteko planoetan ageri diren kilometroen zenbakien arabera_, Los Arcostik ipar-ekialdean, Vianako lotura bitarte, hori baita autobiaren azken puntua. Trazadurako gainerakoak, hots, Lizarrako saihesbidetik 8. k.p.ra bitartekoak, ez du ia aldaketarik.

Aldaketa nagusiak Los Arcos inguruan daude. Izan ere, trazadura berria UPSean onetsi zenetik hegoaldera kokatzen baita eta, beraz, herrigunetik urruntzen. Elizagorria inguruan ere aldatzen da, han proposatutako trazadura indarra duen UPSetik hegoaldera doa eta Elizagorriko hiri barrenera hurbiltzen da. Gainera, autobian hasiera batean aurreikusitako tunelaren ordez lubaki moduko pasabide bat eginen da.

Los Arcos inguruan hegoalderantz desbideratzeak libre uzten du etorkizunean egitekoa den hondakin uren araztegiarendako eremua; era berean, aurreko trazadurak baino aukera gehiago ematen du udalak industriarako aurreikusi dituen lurrak garatzeko.

Eraginaren azterlanean kontuan hartu diren inguruneko elementuak hauek dira: atmosfera, lurzorua, hidrologia, landaredia eta habitatak, fauna, paisaia, jarduera ekonomikoak, azpiegiturak eta ondare historiko-kulturala.

Eraginaren Azterlanak ondorioztatzen du autobia egin eta ustiatzeak sortzen ahal dituen eragin gehien-gehienak zuzendu egin direla eta horietako asko deuseztatu.

Elizagorriaren iparraldean trazadura aldatu eta, beraz, tunelaren ordez lubaki bat eginen denez, ukipenek aldaketa batzuk dituzte. Aukera batean zein bestean ingurune fisikoan izanen den eragina antzekoa da; hala ere, paisaiaren gaineko eragina zertxobait handiagoa izanen da trazadura berriaren ondorioz, ezponda gehiago egin beharko baitira, nahiz eta orain ez diren egin beharko hasierako proiektuaren arabera Santsoleko loturan egin behar ziren lurrerauzketa handiak.

IEAk erakusten du handitu egin dela, nahiz tarte labur batean izan, autobiak faunarentzat sortzen duen hesi efektua; horregatik, neurri zuzentzaileak proposatzen ditu, faunaren pasaguneen diseinu egokia egiteko.

Landarediaren gaineko eragina txikiagoa izanen da, aurreko trazaduran baino gutxiago ukituko baitira igeltsu gaineko sastrakadiak; hala ere, IEAk adierazten du berretsi egin behar dela 97/62/CE Zuzentarauko lehentasuneko habitat bat (Limonietum latibracteati) dagoela (eremu horretan badela aipatu da), hala izanez gero behar diren neurriak hartzeko.

Ondare kulturalari dagokionez, 150en bat metroko prospekzioa egin da autobiaren trazadura berriaren inguruan, eta Cohorte Campo aztarnategiko berariazko azterketa bat egin. Trazadura hegoalderantz desbideratuta ez da ukitzen aipatu Cohorte Campoko aztarnategia.

Tramitatu den eraginaren gaineko azterlanean ageri dira, halaber, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren zabortegi guztiak, trazadura osoan banatuak; eragin nabarmenik ez sortzearen eta ahalik eta sarbide txikienak behar izatearen baldintzak betetzen dituzte. Zabortegi eremu horiek erabiltzen direnean, IEAn aipatu leheneratzea egin eta neurri zuzentzaileak bete beharko dira.

Hartu diren neurri zuzentzaileen erreferentzia izan dira "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko UPSeko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioko zehaztapenak, bai eta Eraikuntza Proiektua erredaktatzeko egin diren azterketa geotekniko eta hidrologikoen ondorioak ere.

II. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza

Espedientea jendaurrean egon den denboran, Nafarroako Gobernuaren Erabakia 2003ko maiatzaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik hasita, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio gisa aldi berean tramitatzeko, bi alegazio idazki aurkeztu dira. Hona hemen horien edukia:

Espedientea jendaurrean egoteko epean bi alegazio aurkeztu dira. Epe hori Nafarroako Gobernuaren Erabakia 2003ko maiatzaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenean hasi zen. Alegazioen edukia eta erantzunak honako hauek dira:

1._Agustín Leunza Labeaga eta Ausencio Crespo Pérez jaunek aurkeztua. Desojoko bizilagunak dira eta ukituriko eremuko 421 herritarren izenpeen sostengua dute.

Edukia:

Eskatu dute autobiako trazadura aldatu dadila, N-111 oraingo errepideko trazaduran oinarriturik, ukituriko herrietara ahalik eta gehien hurbil dadin. Bestela, azpiegituratik eta honek dakarren garapenetik sobera urrun geldituko lirateke. Horrek areagotuko luke Aguilar haraneko eta Bargotako eta ondoko herrietako beheraldia.

2._Elizagorriko Udalak aurkeztua:

6.1 planoan marrazturik ageri den zabortegia, "Santsolgo lotura" puntuaren ondokoa, leheneratu egin beharko da, eremua gaur bezalatsu ikusi ahal izateko.

6.2 planoan marrazturik ageri den harrobi eremua kokatzeko tokia ez da bideragarria, produktuak Elizagorriko hiri barrenetik eraman beharko bailirateke. Udalak hitz ematen du materialak eman ditzaketen herrilurrei buruzko azterlana eginen duela.

Eskatu dute 13+300 k.p.rako aurreikusitako zerbitzugunea 20+000 k.p.an kokatu dadila, Udalera lehenago igorritako agirietan ageri zen bezala. Izan ere, eremuaren ikuspegia paregabea da. Gainera, betetze lanek gutxitu egin lezakete Los Ocijuelosko lubakiko indusketak sortuko duen zabor kopuru handia.

Santsolgo loturari eta trazadurari dagokienez, loturari "Elizagorriko Lotura" izena ematea proposatu du, herrigunetik gertu dagoela eta.

Proposatu du aztertu dadila lotura horren inguruan eskultura bat jartzeko aukera.

Eskatu du lotura hori hirigintzari dagokionez ia hiriko lurtzat jo dadila eta argiteria eman dakiola.

Iragarkiaren kodea: A0307577