105. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Atalean peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko. Lanpostua aldi baterako izango da eta txanda kontratu moduan

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da peoi izateko lanpostu bat, txanda irekian, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Atalean ari dadin.

1.2. Lanpostua lan araubide finkokoa izanen da eta bere lansaria plantilla organikoko eta Sakanako Mankomunitateko lan-kontratudunei dagokiona izanen da. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetu eta hartan alta hartuko dute. Txanda kontratuari ondoko erregimen juridikoa egokituko zaio: Langileen Estatutuko 12.6. artikulua; eta urtarrilaren urriaren 31ko 1991/1994 eta urtarrilaren 29ko 1434/1999 Erret Dekretuak.

1.3. Lanaldiaren antolamendua, partzialki jubilatzen den langileari egiten zaion murriztapenaren (% 85era ailega daiteke) eta zerbitzuko beharren araberakoa izango da. Zerbitzua, hala behar denean, edozein unetan alda dezakete eskumena duten organuek.

Partzialki jubilatzen den langileari jubilazio arrunterako zenbat denbora falta zaion, horrenbeste iraunen du kontratuak. Nolanahi ere, irekia dago aldi baterako kontratua amaitzean lanpostua finko bihurtzeko aukera, Batzarre Orokorrak hala onesten badu dagokion plantila ordanikoan. Kasu honetan, lanaldia Hondakin Zerbitzuko gainontzeko langile arruntena bezalakoa izango litzateke.

1.4. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du lanpostua, uste baldin badu izangaietako inork ez duela hartan aritzeko adina jakintza, gaitasun eta prestakuntza maila.

2. oinarria._Bete beharreko eginkizunak.

Eginkizunak bere kategoriari dagozkionak izanen dira, hau da: Sakanako Mankomunitatearen lurraldean hiri hondakin solidoen bilketa, garraio eta tratamendua, eta Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Ataleko buruak bereziki eskatzen dizkionak Sakanako Mankomunitatearen instalazio (hondakindegia barne) eta ibilgailu guztien mantentze lanak, konponketa, etab.

3. oinarria._Izangaiaren baldintzak.

3.1. Deialdi honetan onartua izateko, izangaiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, ondoko baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea eta espainiarra izatea edo Europako Batasuneko edozein estatutako nazionalitatea izatea edo Europako Elkarteak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sarturik dagoen estaturen batekoa, langileen joan- etorri librea aplikagarri bazaio.

b) Gutxienez ere eskola ziurtagiria izatea edo balio bereko titulua izatea.

c) Egin beharreko eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa aski izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik ez egotea eta administrazio publikoen zerbitzutik berezi ez izana.

e) Lan Bulegoan lan-eskatzaileen artean agertzea.

f) Euskeraren ezagutza: dagokion proba gainditu beharko da.

3.2. 4. oinarrian ezarritakoa kenduta, aipatu betebeharrak deialdiko 10. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan frogatu beharko du lanpostu lortzen duen izangaiak. Horiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, oposizio- lehiaketaren prozedura osoan bete ere, izendatzen dituzten arte.

4. oinarria._Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu behar dira, hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak ere aurkeztu beharko dira:

a) N.A.N.aren edo balio bereko agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Lehiaketaldirako alegatu diren merezimenduen agiri jatorrizkoak edo kopia kautotuak.

c) Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia, jatorrizkoarekin batean aurkeztuko dena, konpultsarako, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) Lan bulegoren bateko lan-eskatzaile agiria edo egoera honetan dagoela kreditatzen duen fotokopia konpultsatuta.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik aitzina, erreklamazioak egiteko eta, akatsik egin badute, horiek konpontzeko.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik, eta horiek ebatzirik, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

6. oinarria._Epaimahaia.

6.1. Ondoko hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Sakanako Mankomunitateko buru dena.

Ordezkoa: Sakanako Mankomunitateko H.H.S.en organo bereziko ordezkaria.

1. mahaikidea: Juan Ignacio Lamas Gómez jauna, Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Atalaren arduraduna.

Ordezkoa: Fernando Yaben Ollacarizqueta jauna, Sakanako Mankomunitateko txoferra.

2. mahaikidea: Adolfo Araiz Flamarique jauna, Sakanako Mankomunitateko gerentea.

Ordezkoa: Sakanako Mankomunitateko Batzar Orokorraren ordezkari bat.

3. mahaikidea: José Luis Morán Ferbández jauna, Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Atalaren ordezkari sindikala.

Ordezkoa: berak izendatutako pertsona.

4. mahaikidea: Jurramendiko Mankomunitateko teknikaria.

Ordezkoa: Erriberagoieneko Mankomunitateko teknikaria.

Idazkaria: Jesús Izkue Ollo jauna, Sakanako Mankomunitateko idazkari-kontu hartzailea.

Ordezkoa: Eva Pérez Eguino andrea, Sakanako Mankomunitateko administraria.

6.2. Hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da epaimahaia. Ezin izanen da osatu ez eta jardun ere, gutxienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guzti nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.

7. oinarria._Oposizio-lehiaketa egiteko modua.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.2. Oposizio-lehiaketa izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean zehazten diren toki, egun eta orduetan hasiko da.

Ondotik, epaimahaiak behar diren iragarkiak emanen ditu, arauzko eran, gainerako probetarako.

7.3. Oposizio-lehiaketaren balorazioa, osotara, 50 puntukoa izanen da, horietarik 10 lehiaketaldian eta 40 oposizioaldian.

8. oinarria._Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldiak 10 puntu izanen ditu, gehienez, eta ez da baztergarria izanen.

8.2. Aurkeztutako merezimenduak, oinarri hauetan ezarritakoaren ariora frogatuko direnak, ondoko baremo honen arabera baloratuko dira:

1._Merezimendu akademikoak.

a) Bertzelako titulu ofizialak. 2 puntu, Lanbide Heziketakoa bada, eta, 0,50 puntu, Unibertsitateko erdi mailako edo goi mailakoa bada.

b) Lanpostuaren eginkizunekin ikusteko duten ikastaroak, erakunde ofizialek edo onartutakoek emandakoak: 100 ordutik goitikoak, puntu 1; 50etik 100 ordu bitartekoak, 0,50 puntu; eta 15etik 50 ordu bitartekoak, 0,25 puntu.

Atal honetan 2 puntu lortzen ahal dira, gehienez.

2._Merezimendu profesionalak.

a) Sakanako Mankomunitateko Hondakin Atalean peoi edo kamioi gidari gisa lanbidean egindako lana: 2 puntu urte bakoitzeko. Edozein administrazio publikoren zerbitzuan egindako zerbitzu beragatik: urte bakoitzeko 1.

b) Enpresa pribatuetan hondakin zerbitzuetan egindako lanak: urte bakoitzeko 0,5 puntu.

c) Administrazio publikoetan egindako lanak: urte bakoitzeko 0,25 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.

d) C1 gida-baimena edukitzeagatik: 1 puntu. C2 gida-baimena edukitzeagatik: 2 puntu.

Atal honetan 8 puntu lortzen ahal dira, gehienez; urte bat baino gutxiagoko tarteak proportzionalki baloratuko dira

8.3. Lehiaketa bukatutakoan, aditzera emanen da Sakanako Mankomunitateko iragarki oholean izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

9. oinarria._Oposizioaldia.

Euskarazko atariko proba: lehiakide guztiek egin beharko dute. Baztergarria izanen da eta honetan ahozko eta idatzizko ariketak sartuko dira, epaimahaiak prestatua eta lanpostuari dagokion mailaren arabera.

9.1. Oposizioaldia ondoko ariketa hauek osatuko dute, eta gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira:

_Lehen ariketa: matematika eta kultura orokorra.

_Bigarren ariketa. Kasu teoriko-praktiko bati erantzun beharko zaio, idatziz, gai hauetaz: lanpostuaren eginkizunak, baita Sakanako Mankomunitatearen funtzionamendua, estatutuak eta H.H.S.en kudeaketa arautzen duen ordenantza.

Lehen ariketari 20 puntu emanen zaizkio, gehienez ere, eta 10 puntu atera beharko dira, gutxienez, bigarren ariketa egin ahal izateko. Halaber, bigarren ariketari 20 puntu emanen zaizkio, gehienez ere, eta 10 puntu lortu behar dira.

9.2. Oposizioko ariketa bakoitza bukatutakoan, Sakanako Mankomunitateko iragarki oholean aditzera emanen da azterketa gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioarekin batera.

10. oinarria._Azterketa gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Azken ariketa bukatutakoan, Sakanako Mankomunitateko iragarki oholean epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda ikusgai jarriko du, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera. Horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako emaitzak batuko ditu. Halaber, puntuazio altuena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen du.

Epaimahaiak puntu gehien eskuratu duen izangaia izendatzeko proposamen eginen dio Sakanako Mankomunitateko buruari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta hurrengo 30 egun naturalen barrenean, zerrenda horretan sartua dagoen izangaiak ondoko agiriak aurkeztu behar ditu Mankomunitateko idazkaritzan:

a) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaituta edo gabetuta ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezi ez dela adierazten duena.

b) Mankomunitatearen Mutuak luzaturiko txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzeko eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela frogatzen duena.

c) Zin egin edo hitz eman Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioa eta Legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.

10.3. Aipatu epearen barrenean izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezinbertzeko eta aski justifikatutako kasuetan salbu, ezin izanen da izendatu eta bere ariketa guztiak baliogabeturik geldituko dira, deusetan ukatu gabe, hala bada, frogak aurkezterakoan egindako faltsukeriagatik letorkeen erantzukizuna.

10.4. Aitzineko atalean azaldutakoa gertatzen bada, Mankomunitateko buruak hutsunea beteko du azterketa gainditu duten izangaien zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin, betiere aitzineko ataletan zehazten den moduan.

11. oinarria._Kontratazioa.

11.1. Hautaprobak bukatuta eta izangaiak aitzineko 10.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarrita, Mankomunitateko buruak Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Ataleko peoi izendatuko du.

11.2. Aipatu izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

11.3. Kontratutako izangaiak kontratua sinatu eta handik hamar egunera lanean hasi beharko du. Epe horren barnean lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbertzeko kasuetan salbu, galduko ditu Sakanako Mankomunitateko nomina eta plantillako langilea izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatzen bada, 8.3 oinarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

12. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauek para daitezke, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, organo egileari errekurritzeko asmoa agertu ondoan, edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, orobat errekurritzen diren erabaki edo egintzak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki hau hartu edo aplikazio egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau edo errekurritzen den aplikazio egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Lakuntzan, bi mila eta hiruko ekainaren hamabostean. Mankomunitateko burua, José Manuel Leitza Razkin.

ESKABIDE EREDUA

Izena ................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ..........., sorteguna 19(e)ko.ren ...a, ................., bizilekua ................., karrika: ............ zk. ..........., telefonoa ..........

Zure aitzinera agertzen naiz eta azaltzen dut:

Sakanako Mankomunitateko peoi izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zenbaki honetako ................ eta data honetako ............... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, onar nazazula eskatzen dudala.

_Lanpostuan aritzea galarazten ahal didan eritasunik edo akats fisikorik ez psikikorik ez dudala.

_Indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakarrik ere ez dudala.

_Ez naizela espediente bidez bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzuetatik eta ez nagoela ezgaitua funtzio publikoetan aritzeko.

_Deialdi honetan eskatzen den titulazioa edota antzinatasuna badudala.

_ ko Lan Bulegoan lan-eskatzaile modura ageri naizela.

_Eskatutako baldintza eta betebehar guzti-guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko ezarritako epea bukatzen den egunean.

Horrenbertzez,

Eskatzen dut eskabide hau onar dezazun, eta, horren ondorioz, Sakanako Mankomunitateko peoi izateko lanpostu baterako, txanda- kontratuan, betetzeko oposizio-lehiaketaren deialdian onartua izan nadila.

Lakuntzan, 2003ko ..........aren .....(e)an.

SAKANAKO MANKOMUNITATEKO BURUA

Iragarkiaren kodea: a0307218