105. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

AGUILAR KODESKOA

Ur edangarriaren horniduraren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala behin betikoz onetsita

2003ko maiatzaren 14an, 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzearekin jendaurrera atera ondotik, erreklamazioetarako epean ez baita bakarrik ere aurkeztu, behin betikoz onetsirik gelditu da Ur edangarriaren horniduraren tasak arautzen dituen ordenantza.

Ondotik haren testu osoa argitaratzen da.

UR EDANGARRIAREN HORNIDURAREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da.

Zergagaia

2. art. Edateko urez hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta hura erabiltzea dira zergagaiak.

Salbuespenak

3. art. Ez da salbuespenik eginen tasa hau ordaintzeko.

Subjektu pasiboak

4. art. Pertsona fisiko eta juridikoak eta unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateak, pertsonalitate juridikorik ez izanagatik ere, dira tasa honen subjektu pasiboak, zergadunak diren aldetik, etxeetan edateko urez hornitzeko zerbitzua eskatzen badute edo zerbitzu horren onuradun badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, hala bada.

Tarifak

5. art. Zerbitzu egiteko tarifak, Udalak urtero onartzen dituenekin bat, kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Hornidura zerbitzua erabilgarri edukitzeagatik eta hori mantentzeko lanengatik: 6,02 euro.

b) Etxeetan erabiltzeko horniduragatik: 0,21 euro/m³.

c) Hornidurako hartunea paratzeagatik: 60,10 euro.

Likidatu beharreko kuota

6. art. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. art. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da:

a) Zerbitzua erabilgarri izan eta mantentzeagatik, hornidura sarera lotzen den unetik beretik.

b) Kontsumoa: ura erabiltzen hasten denetik.

c) Hartuneagatik haren irekiera, lizentzia edo baimena onartzen denean sortu eta ordainaraziko da.

Kudeaketa arauak

8. art. Erabiltzaileak ordainduko ditu etxean erabiltzeko ur edangarriaren hornidura sarerako lotunearen gastuak. Kontagailua eta hura jartzen duen teknikoaren zerbitzuak partikularrak ordainduko ditu, eta, beraz, partikularra da kontagiluaren jabea eta hura zaindu beharko du.

9. art. Ur hornidura eteten ahalko zaio, badaezpada ere, barneko instalazioa matxuraturik daukan hartune baten titularrari, matxura horiengatik ura galtzen bada.

10. art. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik eman ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

11. art. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

12. art. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

13. art. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua eta paso-giltza dauden tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo antzeko beste zerbaitengatik zergadunaren etxera sartu beharrean badaude.

Dirubilketa

14. art. 5. artikuluko a) eta b) ataletan aipatutako ordainarazpenak sei hilabetean behin ordainduko dira, eta hornidurako hartuneak paratzearen gainekoak hori egiten den momentuan.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. art. Honako hauek hartzen dira iruzur motako arau-haustetzat:

a) Eragozpenak jartzea enplegatuek edo toki entitateak igorritako pertsonek egindako bisitaldietan; hauek behar bezala kreditutaturik agertuko dira.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten konprobazioak galaraztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak maneiatzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketari buruz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren datuak maltzurkeriaz aldatzeko tresna baimendugabeak paratzea.

16. art. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskalean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

Aguilar Kodeskoan, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita bostean. Alkatea, Juan Cruz Casasnovas Martínez.

Iragarkiaren kodea: A0306717