105. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

AGOIZKO MUSIKA ESKOLAKO PATRONATUA

E S T A T U T U A K

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Izaera, nortasuna, xedeak, helbidea eta araubide juridikoa

1. artikulua. Agoizko Musika Eskolako Patronatua Musika Eskola kudeatzeko xede bakarrarekin sortu da. Estatutu hauek onesten direnetik, irakasleen eta Eskolaren funtzionamendurako beharrezkotzat jotzen diren gainerako langileen lanpostuen deialdiak egiteaz arduratuko da. Haren xedeak izanen dira etorkizuneko musikariak prestatzea, ezagutza funtsezko eta berariazkoak har ditzaten gero batean Eskolako musika bandan edo etorkizunean sortzen ahal diren musika talde guztietan sartzeko. Bandako zuzendaria aipatu musika ikastetxeko irakasleetariko bat izanen da.

2. art. Musika ikastetxearen xedea oroz gain praktikoa izanen da, musika egiteko, alegia, batere mugarik gabe ahalbideen aldetik. Eskaintza kultur alor hau eskatzen duten gizarte sektore guztiendako eginen da: neskak eta mutilak, gazteak eta helduak.

3. art. Musika Eskolan Musika Bandak ongi funtzionatzeko beharrezkoak diren musika tresnen irakaskuntzari emanen zaio lehentasuna, betiere ikaslearen heziketa osoaren ikuspegitik.

4. art. Musika Eskolak Zuzendaritza Akademikoaren Batzordea izanen du, partaide hauekin: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria (Patronatuan kargu hauek berak ariko dira eginkizun hauetan). Haren ardura izanen da, modu esklusiboan, Musika Eskolaren funtzionamendu egokia, hauei dagozkien aferetan: eskolak ematea, irakasgai guztien programak prestatzea eta haiei segimendu egitea, ikasleei aholku ematea adimen eta isuri bereziak izateagatik irakaskuntza profesional batean sartzeko komenigarritasuna izanez gero, eta hala baldin bada irakaskuntza horretarako maila guztietan iristeko bultzada eta prestakuntza egokia ematea, hori guztia Patronatuak pedagogia arloan manatzen dizkion gaiez gain.

5. art. Patronatuak bere nortasun juridikoa izanen du, Agoizko Udalarenetik eta Bilaketarenetik bereizia, baita ikastetxea kudeatu beharrez jarduteko gaitasun juridiko osoa izan ere, horrek dakarrelarik agintarien, erakundeen eta partikularren aitzinera agertu ahal izatea bere xedeak betetzeko. Gainera, egintza administratibo eta jurisdikzionalak hasten ahalko ditu, edo auzitaratu gisa agertu bere interesak defendatu beharrez.

6. art. Patronatuaren helburua Musika Eskolaren funtzionamendu egokiak behar dituen ekintzak egitea izanen da. Patronatua xede horretan ari beharko da, zerbitzu publiko bat dela eta hura irabazi asmorik gabe eman behar dela ulertuta.

7. art. Bertze udal batzuek Eskolako partaide izan nahi badute, haietako bakoitzarekin lankidetza hitzarmena egin beharko da.

8. art. Patronatuak mota orotako ondasunak eskuratzen ahalko ditu eta haien jabe izan, obligazioak hartzen ahalko ditu eta, zuzenbidearen arabera, bere eskumenekoak dituen era guztietako ekintza eta salbuespenak erabiltzen ahal ere bai.

9. art. Patronatuak Musika Eskolaren lokaletan izanen du helbidea, Francisco Ynduráin karrikako 12an.

BIGARREN KAPITULUA

Baliabide ekonomikoak, finantziazioa eta ondasunak

10. art. Hauek izanen dira Patronatuaren finantzabideak:

a) Agoizko Udalak bere aurrekontu arruntean Patronatuarendako urtero finkatzen duen diru ekarpena.

b) Entitate publiko edo pribatuengandik, erakunde ofizialengandik eta partikularrengandik biltzen dituen dirulaguntzak eta laguntzak.

c) Ikasleek egiten dituzten dirusarrerak: matrikularako izen ematea eta hilekoak.

d) Bere jarduera berariazkoek ekartzen ahal dizkioten dirusarrerak.

11. art. Patronatuari atxikirik daude dohaintza, jaraunspen, legatu eta abarren moduan jasotzen dituen ondasun guztiak, espresuki onartzen direnak.

12. art. Patronatuaren ondasunak Agoizko Udalarenak eta Bilaketarenak izanen dira, hainbana, eta ez dira erabiltzen ahalko Musika Eskolaren irakaskuntzaz bertze xedetarako.

HIRUGARREN ATALA

Gobernu organoak

13. art. Patronatuko burua aldi bakoitzean Agoizko Udaleko Alkatetza duena izanen da. Buruordetza Bilaketako lehendakariak izanen du.

14. art. Patronatuaren gobernua, zuzendaritza eta administrazioa honela osaturiko Zuzendaritza Batzorde baten esku egonen da:

_Batzordeburua: Agoizko alkatea edo berak ordezkatzen duen zinegotzia.

_Batzordeburuordea: Bilaketako lehendakaria edo berak ordezkatzen duen zinegotzia.

_Agoizko Udaleko ordezkari bat.

_Bilaketako ordezkari bat.

_Musika Eskolako zuzendaria (ikasketaburua eta idazkaria bezala, Patronatuko Zuzendaritza Batzordeak hautatuko du, Agoizko Udalaren eta Bilaketaren ikus-onetsia duela).

_Ikasleen aita-amen ordezkari bat, horretarako egiten den batzar batean hautatua, hartara agertzen direnen gehiengo soilarekin. Delako batzarrera Musika Eskolako ikasle guztien aita-amei eginen zaie dei, eta hautatzen denak ezin izanen dio karguari uko egin, behar bezala justifikaturiko ezintasun arrazoiak izan ezean. Kasu bakoitzean, Zuzendaritza Batzordeak izanen du erabakitzeko ahalmena.

_Ikasleen bi ordezkari, bat 18 urtez goitikoa eta bertze bat , hizpidea duela baina botorik gabe, 14tik 17 urte bitartekoa, horretarako egiten den batzar batean hautatuak, hartara agertzen direnen gehiengo soilarekin. Delako batzarrera Musika Eskolako ikasle guztiei eginen zaie dei.

15. art. Patronatuko Zuzendaritza Batzordeko ordezkariak libreki kargu gabetzen ahalko ditu hautatu dituen ordezkaritza berak, eta haiek hautatzeko prozedura bera erabiliz.

16. art. Zuzendaritza Batzordeko kideen agintaldia 2 ikasturte izanen da.

LAUGARREN KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordearen ahalmenak

17. art. Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari bere xedeak betetzea dagokio eta, horrez gain, eginkizun hauek:

_Patronatuaren gobernurako, zuzendaritzarako eta administraziorako arauak zein diren erratea, Barne Araubiderako Erregelamendua prestatuz.

_Irakasleak izendatu eta kontratatzea (gutieneko titulazioa erdiko mailakoa izanen da), aldez aurretik ebaluaziorako behar diren irizpideak finkatuta. Lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira (kontratazioa, berriz, aldi bakoitzean legez ezarrita dauden bideetako edozein erabiliz eginen da) eta lan-kontratudun gisa, lanaldi partzialean eta 10 hilabeterako: irailaren 1etik ekainaren 30era (lanaldi osoa astean 33 ordu izanen da, haietarik 26 irakastordu, 4 aritzekoak eta ikastetxean egotekoak eta 3 irakaskuntza lanak prestatzekoak), urtero berrituko direnak, gehienez ere hiru aldiz. Ordainsaria B mailako tituludunenaren parekoa izanen da. Bajak edo hamar hilabete baino gutiagoko kontratazioak Zuzendaritza Batzordeak beteko ditu, izangaien curriculumean oinarriturik.

_Musika Eskolako langile ez irakasleen kontratazioa ezartzea.

_Musika Eskolako zuzendaria hautatu eta izendatzea. Haren agintaldiak hiru ikasturte iraunen du (kargu honek soldata osagarria izanen du, karguan aritzeagatik, aldi bakoitzean zehaztuko dena).

_Musika Eskolako ikasketaburua hautatu eta izendatzea. Haren agintaldiak hiru ikasturte iraunen du (kargu honek soldata osagarria izanen du, karguan aritzeagatik, aldi bakoitzean zehaztuko dena).

_Urteko aurrekontua prestatzea eta onestea, bere eginkizunak betetzeko, baita urteko memoria ere.

_Musika Eskolaren kudeaketa ekonomikoa ikuskatzea, dirulaguntza mota guztien tramitazioa barne.

_Ikastetxeko instalazioak eta materiala hobetzen saiatzea, funtzionamendu egokiagoa izateko beharrei erantzunez.

_Musika Eskolaren funtzionamendu egokiaren kontrola eta zainketa, administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, eta behar bezalako neurriak hartzea.

_Erakunde publikoen aitzinean nahi den xederako behar diren laguntzak kudeatzea.

_Ikasleak hartzeko irizpideak onartzea.

_Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko.

_Azken batean, Patronatu hau sortzean aipatu diren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak.

_Idazkari administrari bat izendatzea, behar diren ordainsariekin, Musika Eskolako administrazio lan guztiak egin ditzan. Hala bada, pertsona horrek idazkari-kontu hartzaile lanak eginen ditu Patronatuko Zuzendaritza Batzordean.

_Ikasturte osoagatik ikasle bakoitzak eginen duen diru ekarpena arautu eta zehaztea (zenbateko horretan ez da egonen sarturik ikasturteko matrikularen diru-kopurua). Zuzendaritza Batzordeak urteko dirusarrerak banatzeko arauak eginen ditu eta, familien egoera kontuan hartuta, beka pertsonal eta Nafarroako Gobernuarenekin osagarrien sistema bat ezartzen ahal du.

_Musika Eskolaren proiektu pedagogikoa, Ikasketen Zuzendaritza Batzordeak prestatua, onestea.

_Ikastetxearen ebakuazio plana prestatu eta onestea.

_Urtero eskola egutegia prestatu eta onestea.

_Irakasgai guztien eskolen egutegia prestatu eta onestea.

_Irakagasi berriak eskaintzeko baimena aztertzea eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultur Departamentuari onets dezan eskatzea.

_Lan osasunaren gainean eskuliburua prestatzea, eskolako guztiek bete dezaten.

_Lankidetza lanak, zerbitzu emankizunak, etab. kontratatzea, Patronatuaren eta Musika Eskolaren helburuak betetzeko.

_Barne Araubidearen Erregelamenduak haren esku uzten dituen guztiak.

_Legeak haren esku uzten dituen bertze guztiak.

BORZGARREN KAPITULUA

Batzordeburuaren ahalmenak

18. art. Bilera arrunt nahiz berezien gai-zerrenda finkatzea.

19. art. Aktak, ziurtagiriak eta legeak eskatzen dituen gainerako agiriak ikus-onestea.

20. art. Patronatuaren ordezkari izatea eta ahalmenak emateko eskumena izatea. Zuzendaritza Batzordeko bertze edozein kide eskuordetzen ahal du horietarako.

21. art. Patronatuari dagokion dokumentazioa sinatzea, Zuzendaritza Batzordearen erabakiak betetzen direla kontrolatzea eta ordainketak baimentzea.

22. art. Bilkuren deialdia egitea eta haietan buru egitea, baita horiek zuzendu nahiz etetea, eta bere sinadurarekin Patronatuaren ebazpenak baimentzea eta ardura izatea hartutako erabakiak betetzen direla.

23. art. Patronatuak ematen dizkion ahalmen guztiak bere gain hartzea.

24. art. Legeak haren esku uzten dituen bertze guztiak.

25. art. Eginkizun horietan guztietan aritzeko buruordeak emanen dio laguntza.

SEIGARREN KAPITULUA

Idazkari-kontu hartzailearen ahalmenak

26. art. Zuzendaritza Batzordeak izendatuko du idazkari-kontu hartzailea, baina ez da beharrezkoa bere kide izatea.

27. art. Batzordeburuari erratea bilkura bakoitzean erabili beharreko gaiak zein diren.

28. art. Bilkura bakoitzeko gai-zerrenda prestatzea eta batzordekideei helaraztea.

29. art. Behar den bezala deitzen diren batzar edo bilkuretan (arruntak nahiz bereziak) agertzea, behar diren aktak egitea eta bere sinadurarekin baimentzea eta horiek artxibatzea.

30. art. Hartutako erabakien tramitazioa zaintzea.

31. art. Eskolako Agiritegiari dagozkion espediente eta agiriak zaintzea.

32. art. Agintariek eta interesatuek edo haien ordezkariek eskatzen dituzten ziurtagiriak luzatzea.

33. art. Batzordeburuak eskuordetuta eta haren agindupean, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen buru egitea.

34. art. Kontabilitate liburuak eraman eta zaintzea.

35. art. Patronatuko buruek eskuordetuta kobrantzak eta ordainketak egitea.

36. art. Jaso beharrak jasotzea eta ordaindu beharrak ordaintzea.

37. art. Patronatuaren diruak zaintzea.

38. art. Zuzendaritza Batzordeari Patronatuko diruzaintzaren egoeraren berri ematea.

39. art. Batzordeburuarekin edo buruordearekin batean, dirua erabiltzeko baimenak ematea.

40. art. Legeak haren esku uzten dituen bertze guztiak.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

Patronatuko langileak

41. art. Ez da beharrezkoa izanen idazkari-kontu hartzailea Zuzendaritza Batzrodeko kide izatea.

42. art. Irakaskuntza lanei atxikitako langileak aldi bakoitzean Patronatuaren xedeak betetzeko adina izanen dira.

43. art. Patronatuak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu, bai zerbitzu errentamenduan, bai lan-kontratudunak, eta haien kopuru, kategoria eta eginkizunak Zuzendaritza Batzordeak onesten duen plantillan zehaztuko dira.

44. art. Patronatuak bertzelako langile ez irakasleak izaten ahalko ditu, lan osagarriak egiten dituztenak, Musika Eskolaren xedeak betetzeko eta Patronatuak ongi funtzionatzeko.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

Funtzionamendua

45. art. Patronatua gutienez ere urtean bitan batzartuko da bilkura arruntetan.

46. art. Gainera, Musika Eskolaren bide egokirako beharrezkoak diren bilkura berezi guztiak egiten ahalko ditu, betiere batzordeburuak edo Zuzendaritza Batzordeko kideen herenek erabakitzen badute.

47. art. Bilkura arrunten deialdia gutienez ere 48 ordu lehenagotik eginen da, eta bereziena gutienez ere 24 ordu lehenagotik, salbu eta bertzerik beharrezkoa izan gaiaren presagatik.

48. art. Lehen deialdian, bilkura egiteko batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago eginen da, hala behar badu, eta horretarako aski izanen da batzordekideen herenak agertzea. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengo soilaz hartzen badira. Batzordeburuak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero. Hala ere, erabateko gehiengoa beharko da erabakiak aurrekontuez, funtzionamendu arauez edo langileen kontratazioaz badira.

49. art. Bilkurak ez dira ez hasten ahal ez egiten ahal, bertan ez badira batzordeburua edo buruordea eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak.

50. art. Batzordeburua ez bada, buruordea izanen da haren ordezkoa, eskuordetzea eginda.

51. art. Estatutu honetan jasotzen ez den guztietan kasu bakoitzean indarra duen araudia aplikatuko da.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

Estatutuen iraupena eta aldaketa, eta kudeaketa organoa desegitea

52. art. Estatutuetako artikuluak nola onetsi diren, halaberean aldatuko dira, indarra duen legeriaren arabera (apirilaren 17ko 2/1986 Foru Legearen 4. xedapen iragankorra).

53. art. Patronatuaren iraupenak ez du denbora-muga zehatzik.

54. art. Musika Eskolako Patronatua Agoizko Udalaren osoko bilkurak eta/edo Bilaketak desegiten ahalko du:

a) Zuzendaritza Batzordeak proposaturik.

b) Agoizko Udalak proposaturik, Zuzendaritza Batzordeari entzutea emanda.

b) Bilaketak proposaturik, Zuzendaritza Batzordeari entzutea emanda.

55. art. Patronatua desegitean, hari atxikitako ondasunek beren lotespena galduko dute eta Udalak eta Bilaketak osotara erabiltzen ahalko dituzte. Orobat, deseginez gero, Patronatuarenak baizik ez diren ondasunak Udalaren eta Bilaketaren jabetza bilakatuko dira, hainbana eginik.

HAMARGARREN KAPITULUA

Aplikatu beharreko araudia

56. art. Estatu hauetan jasotzen ez diren guztietan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean, baita aplikatzen ahal diren bertze lege xedapenetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Otsailaren 28an, 2003ko 26. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen Musika Eskolaren Estatutuen hasierako onespenaren iragarkia.

Erreklamazioak aurkezteko epea iragan denez inork batere aurkeztu gabe, Estatu horiek behin betikoz onetsitzat jotzen dira.

Horrenbertzez, osorik argitaratu dira Agoizko Musika Eskolako Patronatuaren Estatutuak.

Agoitzen, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita zortzian. Alkatea, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: A0306881