105. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

359/2003 FORU AGINDUA, uztailaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Haur Hezkuntzaren 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak burutzeko Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuentzat laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, oro har, ekainaren 9ko 8/1997 Legearen bidez ezarri zen. Lege horren xedea prozeduraren kontrol eta gardentasun hobeak lortzea zen, publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun oinarriak betez.

Hori baino lehenago urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz araupetu zuen "Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egiteko Nafarroako udal eta kontzejuentzako dirulaguntzen kontzesioa". Foru Dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, bidezko deialdien esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.

Beste alde batetik, 2003ra luzatu den 2002ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, "Irakaskuntzako maila guztien eskolaratze baldintzen hobekuntza" deritzon 410. egitarauaren barruan ohikoa da "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" 410001-41120-7600-424100 zenbakiko kontusaila. Kontusail horrek, dirulaguntzaren prozedura erabiliz, inbertsio proiektuak finantzatzen ditu.

Gobernuak, 2003ko ekainaren 16ko Erabakiaren bidez, Haur Hezkuntzaren 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak burutzeko Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuentzat laguntzak deialdiaren testua emateko onetsi zuen Halaber, 1.094.443,00 euroko gastua onetsi zen, 2003ra luzaturiko 2002ko ekitaldiko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" 410001-41120-7600-424100 zenbakiko kontusailtik pagatuko dena.

Toki entitateek beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko inbertsio-proiektuak bideratzeko aurreikusi diren laguntzetara heltzeko aukerak izan ditzaten, nahitaezkoa da 2003ra luzatu den 2002ko aurrekontuan ezarri diren laguntzen deialdia onetsi eta kontzesio horiek arautzeko oinarriak ezarriko dituen Foru Agindua gertutzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 36. artikuluko c) atalak ematen dizkidan ahalmenez baliaturik,

XEDATU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei (udalei eta kontzejuei) beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak, unibertsitate mailakoak ez direnak, hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko inbertsio-proiektuak burutzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Dirulaguntzak 2003ra luzatu den 2002ko aurrekontuko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001-41120-7600-424100 zenbakiko kontusailaren kargura ordainduko dira, gehienez 1.094.443 euro.

2. Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 6.1. artikuluan eta urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuan ezarri dena betez, deialdia arautuko duten honako oinarri arautzaile hauek ezartzea.

3. Foru agindu hau igortzea Hezkuntza zuzendari nagusiari, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Inbertsio Zerbitzura eta Departamentuko Ikastetxe eta Egoitzen Mantenimendu Atalera eta Eraikuntza Bulegora.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

5. Deialdi honen, bere oinarri arautzaileen eta horien aplikazio-datuen aurka gora jotzeko helegitea jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hogeita hiruan._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

E R A N S K I N A

Haur Hezkuntzaren 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak burutzeko Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuentzat laguntzak emateko arauak

1. Helburua.

Foru agindu honetan bildu diren dirulaguntzak Haur Hezkuntzaren 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak ikastetxe publikoen eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko obra proiektuak finantzatzeko izanen dira.

2. Onuradunak.

Dirulaguntzen araubide honen barruan sar daitezke eraikin horien titularrak diren toki entitateak, udalak edo kontzejuak.

3. Dirulaguntzak zertarako diren.

Dirulaguntzak jaso ditzakete, orokortasunez, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe mistoetako eta Udalen Musika Eskoletako ikastetxeen eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko 2003. urteko ekitaldi ekonomikoan obrak egiteko proiektuek.

Instalazioen ohiko mantenimendu edo konponketei lotuta dauden gastu arruntak ez dira dirulaguntza hauen xedeen barruan sartzen.

4. Dirulaguntzen ehunekoa.

Dirulaguntzen ehunekoak, helburuko Ikastetxearen motaren arabera edo jarduera motaren arabera, ondoko hauek izanen dira:

a) Haur Hezkuntzaren 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Musika Eskoletako ikastetxeetan egiten diren obrak: gehienez ere dirulaguntza jasoko duen proiektuaren muntaren % 65. Baldin eta obren presa bereziko inguruabarrak badaude edota baldin eta Udal edo Kontzejuaren finantza eragozpenak edo antzeko izaerako inguruabarrak gertatzen badira, beti ere garbi agertzen badira eta behar bezala egiaztatuta badaude, Batzorde Ebaluatzaileak dirulaguntzaren ehunekoa gehienez ere aurrekontuaren % 80koa izatea erabaki dezake.

b) Erabilera eta destinoari dagokienez Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe mistoak diren edo komunak diren eraikin edo instalazioetan egiten diren obrak: gehienez ere dirulaguntza jasoko duen proiektuaren muntaren % 80.

c) Erabilera eta destinoari dagokienez berariaz DBHko ikastetxeak diren eraikin edo instalazioetan egiten diren obrak: gehienez ere dirulaguntza jasoko duen proiektuaren muntaren % 100.

d) Udal eta gizarte interes handikoa izateagatik instalazio horien erabileraren helburuak berariaz eskolako alorrak gainditzen dituenean baina eskola dotazioak hobetzeko egokiak badira, dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa proiektuaren zenbatekoaren % 50ekoa izan daiteke. Beste administrazio publiko batzuen laguntzarik badago aipatu den ehuneko horiekin osagarria izanen da eta administrazio parte-hartzaileen artean izenpe litezkeen hitzarmen edo konpromisoek mugatuko dute kopurua.

5. Agiriak.

a) Eskabideak bidezko toki entitateen legezko eskuordeek aurkeztuko dituzte; beraz, Hezkuntza Erkidegoaren barruan sustatuko den edozein eskabide (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) eskuorde horien bidez bideratu behar da.

b) Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabide-orriak Hezkuntza Departamentuko Inbertsio Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio; eskabide-orri horiekin ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

_Dirulaguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratua, memoria baloratuaren edo aurrekontuaren ale bat, azken horretan kapitulukako aurrekontua xehekatuz. Baldin eta proiektua edo memoria baloratua deialdi hau egin aurretik aurkeztu bada eta eguneratuta baldin badago, nahiko izanen da inguruabar hori adieraztea eta hori frogatzeko agiria aurkeztea. Proiektatu diren obra horiek bereiztuta egiteko aukerak daudenean edo faseetan burutu daitezkeenean, berariaz adieraziko dira asmoak edo lehentasunak.

_Obrak egin nahi diren eraikin edo lur horien jabetza frogatzen duen dokumentua. Lurren jabetzari buruzko dokumentazioarekin batera, hala denean, Udal edo Kontzejuak ur eta argi zerbitzuak, estolderia eta sarbideen egokitzapenak hornituko dituela adierazten duen adierazpen idatzia. Hori gorabehera, berariaz adieraziko da dirulaguntzaren xedea diren lokal horiek irakaskuntzako erabilerari lotuta egonen direla.

_Obren onespenari buruzko Udal erabakia.

_Idazkariaren ziurtagiria, non udal edo kontzejuaren aurrekontuetan dirulaguntzaren xedeko obrari bidezko muntan aurre egiteko dotazio ekonomiko nahikoa dagoela agertuko baita.

_Obren xedea den ikastetxeko Eskola Kontseiluak prestatuko duen adostasun txostena.

_Dirulaguntzaren xedea diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantenimendu gastuak Toki Entitatearen pentzutan, dagokionaren arabera, izanen direla adierazten duen konpromisoa.

_Ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileen (irakasle eta ikasleen) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuei aurre egiteko konpromisoa, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alogeraren gastuei aurre egitekoa ere.

_Beste erakunde batzuek laguntzarik ematen badute, eskumenak dituen organoaren finantzaketari buruzko berariazko erabakia.

_Oro har, erakunde eskatzaileak bere eskabidearen laguntzarako interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

6. Txosten osagarriak.

Obraren gastua ehun eta hogei mila berrehun euro, berrogeita bi zentimotik gorakoa bada, Toki Administrazio Departamentuak toki entitateek aurkezten dituzten dirulaguntza eskabideen espedienteak jaso eta proiektuaren finantza bideragarritasunari buruzko txostena eginen du. Dagokion eskabidea egin eta hogei egun naturalen barruan Toki Administrazioko Departamentuak ez badu txostenik egin, Hezkuntza Departamentuak bere bideragarritasun azterketa egitea izanen du edo behin-behinekotasunez dirulaguntza ematea izanen du.

7. Aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita; aurkezteko tokia Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorra, Hezkuntzako Erregistro Orokorra edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4. artikuluan ezarri diren tokiak izanen dira.

Ez da epe zehatzik ezarri baldin eta sute, uholde, eraispen edo aparteko beste egoera batzuetan gertatzen ahal diren kalteak konpontzeko edo egoera horiei aurrea hartzeko dirulaguntza ekonomikoak eskatzen badira. Kasu horietan dirulaguntza emanen da aurrekontuko lerroan horretarako krediturik bada. Xedea izeneko oinarria salbuetsiz, egoera horrek ukituriko toki entitateak bidezko diren konponketak egin behar baditu, Hezkuntza zuzendari nagusiak, ebazpen espresu baten bidez, hurrengo deialdirako konpromiso bat ezartzen ahalko du, Inbertsio Zerbitzuak proposaturik. Betiere, kreditua egotea izanen da konpromiso horretarako baldintza.

8. Lehentasunen maila.

Deialdiaren ebazpenak lehentasunen maila honen arabera eginen dira:

a) Berariaz irakaskuntzaren alorrekoak diren jarduerei lotuta dauden obra proiektuak; multzo horretan sartuko dira onetsita dauden gutxieneko egitarauak betetzeko direnak edo Hezkuntzako Administrazioak toki edo eskualde horren eskolaratzea hobetzeko beharrezkotzat joko dituenak.

b) Ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obra proiektuak.

c) Esparruak eta instalazioak segurtasun arloan indarra duen arautegiari egokitzeko obren proiektuak (suteen babesa eta atzematea, oztopo arkitektonikoak ezabatzea, ebakuazioa eta abar), lehenbailehen egin beharrekoak eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har ditzakeenak, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo beste edozein gorabehera berezi, batzorde ebaluatzaileak baloratuko duena, gertatu delako.

d) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren lankidetzaz egin asmo diren obren proiektuak, Ikastetxearen kirol hornidurak hobetzeko baliagarri badira.

e) Berariaz beharrezkoak izan ez arren, irakaskuntza eta hezkuntzako esparru berriak gaitzeari lotuta dauden obra proiektuak, baldin eta irakaskuntzaren eta hezkuntza erkidegoko kideen harremanen hobekuntzarako badira.

9. Irizpideak.

Halaber, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

_Proiektua burutuz sortuko diren ikastoki kopuruaren edo hezkuntzako esparru osagarrien gehikuntza zuzena. Neurketa hori Hezkuntza Departamentuak ezarri duen eskola plangintzaren beharrizan eta irizpideen arabera eginen da.

_Dirulaguntzaren xedea den obra horrek ikastetxearen funtzionamendu egokiari dagokionean duen beharrizan gradua.

_Proiektatutako obraren premia, suteen kontrako babesaren, muga arkitektonikoak kentzearen, ebakuazioaren eta bestelako gaien inguruko segurtasunari buruzko arauak betetzeko.

_Ondoriozko esparru berri horien erabilera eta aprobetxamendu maila.

_Ikastetxearen funtzionamendu eta kudeaketaren hobekuntza eta mantentze kostuen murrizketa.

_Proiektuaren finantzaketan beste entitate edo erakunde batzuekin koordinazioan eta lankidetzan aritzea.

_Eskakizuna egin duen toki entitateak Nafarroako Gobernuari eskaini dizkion kontraprestazioak.

_Eskakizuna egin duen entitateak inbertsioan parte hartzeko egin dezakeen ahalegin ekonomikoa.

_Dirulaguntza eskubideari dagokionez, egoera parekagarririk gertatuko balitz, Batzorde ebaluatzaileak toki entitateei zehatz-mehatz eskatu ahal izango die zer inbertsio egin dituzten azken urteotan kasuan kasuko eraikin edo instalazioetako kontserbazioan, eta zenbat eta gehiago gastatu, orduan eta balioetsiagoa izango da orduan orduko kasuak erabakitzeko.

_Uztailaren 12ko 369/2002 Foru Aginduak (deialdiaren ebazpena) xedatutakoaren arabera, Foru Agindu horretako eranskinaren lehen mailako zerrendan onuradun gisa agertzen diren Udal edo Kontzejuek ez bazuten diruz lagundutako obrarik egin, deialdi honetan ziurtatua izango dute, irizpideen arabera, egokituko zitzaien dirulaguntza. Era berean, eranskin bereko bigarren mailako edo erreserbako zerrendan agertzen diren obrek edo proiektuek dirulaguntza ziurtatua izango dute, baldin eta hartu gabe geratu baziren, uko egin ondoren edo lehen mailako zerrendako obretan gastu gutxiago izan ondoren. Udal horiek berariaz adierazi beharko dute kasuan kasuko obrak 2003 ekitaldi honetan egingo dituztela, epeen barruan dagokion eskaera aurkeztuz.

10. Batzorde Ebaluatzailea.

Aurkeztuko diren eskabide-orriak aztertu behar dituen batzordean Hezkuntzako zuzendari nagusia izanen da batzordeburua; halaber, Inbertsio Zerbitzuko zuzendaria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, Departamentuko Ikastetxe eta Egoitzen Mantenimendu atalburua, Eraikuntza bulegoburua eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikoko legelari bat egonen dira.

11. Eskabideen gaineko ebazpena.

Eskabideen ebazpena Hezkuntza kontseilariak eginen du, horretarako Foru Agindua emanez eta aurrez Batzorde Ebaluatzaileak eginen dion proposamena aztertuz. Ebazpena arestian adierazi den eskabide-orriak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hilabetean emanen du.

Lehen ebazpen horretan emaniko dirulaguntzari uko egiteagatik beste dirulaguntza bat ematen bada, Obren exekuzioa izeneko 13. oinarrian aurreikusi bezala, beste ebazpen bat eman beharko da, kontseilariaren Foru agindu baten bidez. Foru Agindu hori emateko, kontuan hartuko da aipatu oinarriaren 2.a) puntuan ezarritakoa eta, beharrezkoa balitz, 7. oinarriaren bigarren lerroaldean zehaztutakoa.

12. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza horien ordainketa 2003ra luzatu den 2002ko aurrekontuko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan", 410001 41120 7600 424100 zenbakiko kontusailaren kargura eginen da, ondoko era honetan alegia:

_% 25 obraren hasieran.

_% 50 obren erdian, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusi den aurrekontuaren erdia gainditu dutenean.

_Gainerako % 25a obrak bukatzen direnean.

Eman diren munta horiek jasotzeko nahitaezkoa izanen da obra horiek 2003ko abenduaren 31 aurretik bukatzea.

Dirulaguntzaren ordainketari ekiteko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Hasierako % 25erako, zuinketa akta, baldin eta badago, gaitasuna duen zuzendaritzak sinatuta, baita jabetzak (udalak edo kontzejuak) eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuta ere.

b) Obra ziurtagiriak, horrelakorik badago gaitasuna duen zuzendaritzak sinatuta eta, beste bi kasuetan, jabetzak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuta.

13. Obren exekuzioa.

Obrak dirulaguntza jaso duen proiektuan ezarri denarekin bat burutuko dira. Baldin eta hala denean aldaketak gertatzen badira Hezkuntza Departamentuko Inbertsio Zerbitzuak baimendu beharko ditu.

Dirulaguntzaren xedea diren inbertsioen gaineko kostuaren gehikuntzak onuraduna den Toki Entitatearen pentzutan izanen dira.

Baldin eta obra horien behin betiko kostua aurreikusi den dirulaguntza baino gutxiago bada dirulaguntzaren munta gertatu den murrizketa horren arabera gutxituko da.

Gastuak eta ordainketak:

1. Ordainketak egin ahal izanen dira kasuan kasuko obra unitatearen ziurtagiria aurkeztu ondoren, eta dirua aurreratuz ere bai, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 18. artikuluari jarraikiz.

2. Kudeaketa organoak ikusten duenean kanpoko inguruabarren eraginez diruz lagundutako ekintza ezin dela egin edo, kasuaren arabera, aurrekontualdiaren barruan ezin zaiola ekin, hauxe egin ahal izanen du:

a) Kasuan kasuko diru kopuru baimenduak deslotzea. Deslotutako diru hau erabili ahal izanen da hasieran baztertutako eskabide zenbait diruz laguntzeko edo beste eskabide batzuei diru gehiago emateko.

b) Dirua aurreratzea helburu duten ordainketak agintzea.

14. Ikustaldiak.

Hezkuntza Departamentuko Inbertsio Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikustaldi guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradunak diren toki entitateek obretako sarbidea bideratu beharko dute eta eskatzen zaienean horiei buruzko agiri guztiak eman beharko dituzte.

15. Deialdi honen oinarrietan (arautzaileetan) ezarri dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datu horiek ezkutatzeak edota dirulaguntzaren helburua aldatzeak ekainaren 9ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan ezarri diren zehapenak eragin ditzake.

Iragarkiaren kodea: A0307587