104. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

262/2003 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Toki Administrazioko Departamentuko bulegoen egitura aldatzen duena.

Azaroaren 25eko 447/1991 Foru Aginduaren bidez, Toki Administrazioko Departamentuko Bulego mailako unitate administratiboak berrantolatu ziren.

Apirilaren 10eko 42/2000 Foru Aginduaren bidez, Laguntza Juridikoaren Bulegoa sortu zen, eta orain, antolamendu-kontuak direla medio, Idazkaritza Teknikoaren menpean jartzea komeni da.

Bestalde, kontuan hartuz departamentu honen eskumenak gehiago direla orain, alde batetik, irailaren 13ko 358/1999 Foru Dekretuan jaso ziren eginkizun berrien ardura bereganatu eta egitura organikoa hedatu zenez geroztik, eta, beste alde batetik, udal entitateekiko harremanak ere gehiago direnez, komeni da beste bulego bat sortzea, Idazkaritza Teknikoaren Kudeaketa Administratibo Orokorraren Atalaren menpean, hari lagun diezaion departamentuaren espediente eta komunikazioen dokumentazioa kudeatzeko lanean.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak 50. artikuluko 2. idatz-zatian ezarri zuenez, kontseilariei dagokie bulegoak sortu, aldatu eta kentzea, nork bere departamentuan.

Horiek horrela eta, apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak 36. eta 50.2. artikuluetan ezarritakoaren arabera,

AGINDU DUT:

1. Idazkaritza Teknikoko Laguntza Juridikoaren Atalaren menpean jartzea Kudeaketa Administratibo Orokorrerako Bulegoa.

2. Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoa sortzea, Idazkaritza Teknikoaren Kudeaketa Administratibo Orokorraren Atalaren menpean egonen dena, eta honako eginkizun hauek ematea:

Departamentuari bidalitako espedienteen eta informazio eta komunikazioen kontrol eta erregistroan parte hartzea.

Eskatzen zaizkion administrazio-lanak egitea.

Barne-komunikazioetan eta beste departamentuekin eta toki entitateen ordezkariekin izaten diren harremanetan Departamentuari laguntza ematea dokumentu kontuan.

Aurrekoekin lotuta, ematen zaizkion gainerako guztiak.

3. Foru Agindu honen berri ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Langileri Zerbitzuari, Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Teknikoari eta Toki Entitateentzako Aholkularitza eta Lankidetza Zerbitzuari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamazazpian._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: A0307771