97. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

666/2002 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Industria zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ematen zaio Gas Natural SDG, S.A.ri administrazio-baimena, Gas Navarra, S.A.ren hornidura gunea, Comarca II eta Meseta de Salinas Industrialdeak eta Ezkirotz, Barbatain, Getze, Espartza, Galar eta Arlegi herriak hornituko dituen adarra Galar Zendearen udal mugapean eraikitzeko.

Gas Natural SDG, S.A. enpresak administrazio-baimena eskatu du, Gas Navarra, S.A.ren hornidura gunea, Comarca II eta Meseta de Salinas Industrialdeak eta Ezkirotz, Barbatain, Getze, Espartza, Galar eta Arlegi herriak hornituko dituen adarra Galar Zendearen udal mugapean eraikitzeko.

Instalazio-proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Adarra V-13 erpinaren ondoan hasten da, Elorz ibaiaren ubidetik hurbil, karga-hartune baten bidez, eta 8"ko Way-Tee bat dago DN 10"ko sendogarri biribil oso batez eta DN 8x6"ko murrizketa alderatzizko batez hornitua, nondik aterako den adar berria DN 6"ko eta 4 mm-ko lodierakoa, kutxetako DN 6"ko hartuneko balbularaino, eta jarraian 62ko cap bat paratuko zaio adarraren amaiera-puntutarako.

Adarra lurpean eginen da, API 5L altzairuzko hodiz, B Mailako kalitatean edo antzekoan; 4 metro luze izanen ditu eta fabrikan egindako polietileno estrusionatuaz estaliko da, eta, obran, hotzean ezarritako zinta plastikoz. Babes katodikoa emateko, elektrikoki lotuko dira oraingo instalazioak eta proiektukoa, sareak duen babes sistema aprobetxatuz

Hoditeria 9.000 Nm&3/h-rako prestatua da; diseinuko presioa 16 bar da, eta gasaren tenperatura, +15ºC diseinurako.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak bete eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 1983ko apirilaren 11ko Foru Legearen 36-2.b artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako zerbitzu eta eginkizunak Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari esleitzen dizkion urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuak emandako ahalmenak eta irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretua ere erabiliz.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko NAO, 133. zk.) eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Natural SDG, S.A.ri administrazio-baimena ematea, Gas Navarra, S.A.ren hornidura gunea, Comarca II eta Meseta de Salinas Industrialdeak eta Ezkirotz, Barbatain, Getze, Espartza, Galar eta Arlegi herriak hornituko dituen adarra Galar Zendearen udal mugapean eraikitzeko.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena.-Gas Natural SDG, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 66,15 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da. Erregelamendu hori Industri Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako Agindu baten bitartez onetsi zuen, eta Industri eta Energi Ministerioak aldatu 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Natural SDG, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Natural SDG, S.A. beharturik dago, baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena. Gas Natural SDG, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko izaera orokor nahiz partzialeko ikuskapen, saio eta proben berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haien exekuzio-plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Baimen hau ematen bada ere ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak. Baimenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta haren eraikuntza baimentzea;proiektuari lotuz burutu beharko da, indarra duen legeria betez, hiru hilabeteko epean obrak hasten direnetik.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa onartzea eta, beraz, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, baita presako okupazioa ere, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52 eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluei jarraituz.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas natural SDG, S.A ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hemezortzian.-Industria zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0207025