97. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

452/2001 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bitartez baimena ematen da Nafarroako Pilota Federazioarekin 2002an lankidetza hitzarmen bat sinatzeko eta aurtengo gastua egiteko (gehienez 120.202 euro), "Munduko Pilota Txapelketa, Iruña 2002" antolatzeko.

Kirol Zuzendariordetzak txosten bat aurkeztu du Munduko Pilota Txapelketa Nafarroan egiteak kirolaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntuetatik duen interesari buruz. Txapelketa hori 2002ko abuztuaren azkeneko astean eginen da eta bertan parte hartuko dute munduko herrialde guztietako selekzioek, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari atxikirik baldin badaude. Horien artean Espainiako federazioa dago berrogei pilotarirekin, zeinetatik hogeita bost nafarrak baitira.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen uztailaren 28ko 204/1997 Foru Dekretuko 14. artikuluaren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2002ko abuztuan Munduko Pilota Txapelketa antolatzeko Nafarroako Pilota Federazioarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko baimena ematea.

2. 120.202 euroko gehieneko gastua baimentzea Nafarroako Pilota Federazioaren alde (IFZ Q3119304H), Nafarroan "Munduko Pilota Txapelketa, Iruña 2002" antolatzeko. Gastua 2002. urterako luzaturiko 2001eko aurrekontu orokorretako "2002ko Munduko Pilota Txapelketaren antolaketa" izeneko 940002-95120-2269-457103 kontusailaren kargura ordainduko da.

3. Ebazpen hau igortzea kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura, bere Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalera, Kirol Zuzendariordetzara, Nafarroako Pilota Federaziora eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bostean.-Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Trigo Oubiña.

Iragarkiaren kodea: A0208024