97. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 12a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

LEITZA, GOIZUETA, ARESO ETA ARANOKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskala behin betikoz onetsia

Mankomunitateko Asanbladak, 2000ko ekainaren 22an etxez etxeko laguntzarako udal zerbitzuen tasak arautzen duen ordenantza fiskala behin behinekoz onartu zuen.

Jendaurrean egoteko iragarkia aurtengo ilbeltzaren 16an argitaratu zen, 16. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, inongo alegaziorik aurkeztu gabe. Horrenbestez, aipatu ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da eta testua ondotik ematen da.

Leitzan, bi mila eta biko uztailaren hamabostean. Lehendakaria, Maite Sarobe Mitxelena.

ORDENANTZA FISKALA, ETXEZ ETXEKO LAGUNTZARAKO UDAL ZERBITZUEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. Ordenantza hau Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluan xedatutakoaren babesean sortu da, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua behar dutenen zainketagatiko tasak arautzeko.

Zerga-gaia

2. Zerga-gaia hau izanen da: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen esparruan, Etxez Etxeko Zainketa Zerbitzuaren erabiltzaileei zainketa hori ematea.

Subjektu pasiboa

3. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileak dagozkien tasak ordaintzera behartuta egonen dira.

Zenbatekoa

4. Zerbitzuaren iraupenak erabakiko du zenbatekoa.

Tarifak

5.A.-Tarifak kalkulatzeko kontuan hartuko dira elkarbizitza unitatearen urteko dirusarrerak.

5.B.-Honako iturri hauetatik etorritakoak dirusarreratzat hartuko dira: lana, langabezia, pentsioak, higikorren eta higiezinen errentak:

1. Kontzeptu horiengatik guztiengatik eskabidea egin aurreko urteari dagozkion dirusarrerak hamalau hilabetekoetan banatuko dira.

2. Emaitza elkarbizitzako unitatearen kide kopuruarengatik zatitu ondoren, honela biderkatuko da: bider bat eta elkarbizitzako unitatean dirusarrerak dituen lagun bakoitzeko dezima bat.

5.C.-Lanbidearteko gutxieneko soldataren zenbatekoa izanen da tasak aplikatzeko oinarria. Horren arabera, ondoko baremoa ezarri da: t12 Tasak

-Kotizazio gabeko pentsioaren pareko dirusarrera edo txikiagoa dutenak: ez dute ordaindu beharrik

-LGSaren % 60tik beherako pentsio asistentzialak: 70 pezeta orduko.

-LGSaren % 61etik %75era bitartekoak: 100 pezeta orduko.

-LGSaren % 76tik % 90era bitartekoak: 150 pezeta orduko.

-LGSaren % 91tik % 105era bitartekoak: 175 pezeta orduko.

-LGSaren % 106tik % 120ra bitartekoak: 200 pezeta orduko gehi zerbitzuaren benetako kostuaren % 10.

-LGSaren % 121etik %135era: 300 pezeta orduko gehi zerbitzuaren benetako kostuaren %15.

-LGSaren % 136tik % 150era: 400 pezeta orduko gehi zerbitzuaren benetako kostuaren % 25.

-LGSaren % 151tik % 165era: 500 pezeta orduko gehi zerbitzuaren benetako kostuaren % 50.

-LGSaren % 166tik % 180ra: 600 pezeta orduko gehi zerbitzuaren benetako kostuaren % 75.

-LGSaren % 181etik aurrera benetako kostuaren % 100 ordaindu beharko da.

Mankomunitatearen Batzar Orokorrak ez badu berariaz bestelakorik erabakitzen, tasak urtero automatikoki eguneratuko dira, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoeraren arabera.

Tasen sortzapena

6. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren laguntza jasotzerakoan sortuko dira tasak.

7. Tasa horiek hilabetero ordainduko dira, zerbitzua ematen hasi eta hurrengo hilaren lehenengo bost egunetan, likidazioa egin eta gero.

8. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari bajen berri eman beharko zaio eta, hori noiz egiten den kontuan harturik, hau da, hilaren 15aren aurretik edo ondotik egin den, 15ean edo 30ean izanen dituzte bere ondorio ekonomikoak.

Salbuespenak

9. Salbuetsirik daude Kotizazio Gabeko Pentsiora iristen ez diren dirusarrerak dituzten erabiltzaile guztiak.

10. Per capita errenta LGSaren % 106tik gorakoa balitz, erabiltzaileak jasotzen dituen laguntza orduei dagokien portzentajea erantsiko zaio tasaren zenbatekoari.

Iragarkiaren kodea: a0208213