97. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

668/2002 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Industri zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ematen zaio Gas Navarra S.A.ri, Murchanteko udal mugapeko etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko Administrazio baimena; instalazioetarako baimena ere ematen da, eta instalazioaren onura publikoa onartzen.

Gas Navarra, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Murchanteko udal mugapeko etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko, instalazio-proiektuak deskribatzen duen aldera mugaturik. Horrez gain, instalazioetarako baimena ere eskatu du, bai eta haien onura publikoa onets dadin ere.

Hauek dira, funtsean, instalazioen ezaugarriak:

Banaketa-sarea Murchanteko hornidura-adarretik elikatuko da; 6 bar-eko eragiketa-presioa du; hortik abiatzen da adar bat, Murchanteko hegoaldean, herrigunetik 200 bat m-tara kokatzekoa den erregulazio-armairuko sarrera osatuko duena, Badinako bidearen inguruetan.

Inbertsioak zortziehun eta berrogeita lau mila hirurehun eta laurogeita hamaika euro eta sei zentimokoak (844.391,06) izanen dira.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak bete eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 1983ko apirilaren 11ko Foru Legearen 36-2.b artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako zerbitzu eta eginkizunak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari esleitzen dizkion urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuak emandako ahalmenak eta irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretua ere erabiliz.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko NAO, 133. zk.) eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A.ri Administrazio-baimena ematea Murchanteko udal mugapeko etxe, denda eta industria txikietarako gas natural kanalizatuaren sarea herrigunean egin eta ustiatzeko, Murchanteko udalerrian gas naturala banatzeko instalazioak eraikitzeko Administrazio-baimenaren eskaeran deskribatzen denaren arabera.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena.-Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 16.887,82 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da Industri zuzendari nagusiaren esku, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz- zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan bete beharko da Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18an Industria Ministerioaren Aginduaren bidez onetsia, zeina, gero, Industria eta Energia Ministerioaren 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu baitzen. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Repsol-Butano, S.A. beharturik dago, baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra, S.A. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio- hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Baimen hau ematen bada ere ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak. Baimenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta eraikitzeko baimena ematea; eraikuntza proiektuari lotuz burutu beharko da, indarra duen legeria betez, hiru urteko epean. Epea luza daiteke, eskaeren arabera. Proiektuan Murchanteko herrigunean egitekoa den hornidura sarea eta irispide-sarea ageri dira. Eremu horretan hedapenen bat egin nahi bada, instalatzeko baimena eduki beharko da horretarako.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa onartzea eta, beraz, ukitutako ondasunak okupatu eta eskubideak eskuratu beharra, baita presako okupazioa ere, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluei jarraituz.

Baimen hau ematen da aplikatzekoak diren bestelako xedapenekin bat beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa deusetan galarazi gabe.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hemezortzian.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0207027