92. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

419/2002 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da toki entitate mailako zerbitzu publikoak berritu eta haien kalitatea sustatu eta garatzeko 2002. eta 2003. urteetan egiten diren jardueretarako dirulaguntzak emateko deialdia.

Toki Administrazioko Departamentuak bere estrategia-helburuen artean ezarri du Nafarroako toki entitateen sektoreko zerbitzuen berriztapen osoa eta kalitatea sustatzea.

Nafarroako toki entitateak ekimenak aurkezten ari dira herritarrei atentzioa emateko sistema berriak abian jartzeko, bai eta zerbitzu publikoen berriztapena eta kalitatea sustatu eta garatzeko ere.

Toki Administrazioko Departamentua helburu horiek lortzeko garatzen ari den jarduketen artean ondokoak aipa ditzakegu: zerbitzu-gutunak prestatzea, kudeaketa eredu gisa; udaletako udal zerbitzuak hobetzeko planen garapena; "Infolocal" proiektua martxan jartzea. Proiektu horrek herritarrei atentzioa emateko zerbitzuen gaineko programak, horretan dihardutenei laguntzeko programak eta informaziorako teknologien erabilpena sustatzekoak ditu. Halaber, helburu ditu herritarrei atentzio hobea emateko jarduerak.

Laguntzak emateko bi urtetarako deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateek 2002ko urtarrilaren 1etik 2003ko abenduaren 31ra bitarte plazaratzen dituzten ekimenak bultzatu eta aurrera eramatea.

Horrenbestez, eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 8ko 407/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturiko eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki entitate mailako zerbitzu publikoak berritu eta haien kalitatea sustatu eta garatzeko 2002. eta 2003. urteetan jarduerak egin ditzaten Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arau-emaileak onestea (Ebazpen honen I. eranskinean daude jasota).

2. Deialdi horrek sorturiko gastuaren finantza-araubidea Gobernuaren Erabakiaren bidez onetsi zen 2002ko ekainaren 10ean.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

5. Ebazpen hau Toki Administrazioko Kontabilitate Zentrora eta Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzura igortzea.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hemezortzian.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Juan Frommknecht Lizarraga.

E R A N S K I N A

Oinarri arau-emaileak

1.-Dirulaguntzen xedea.

Toki entitateen mailako zerbitzu publikoak berritu eta haien kalitatea sustatzeko ekimenak eta proiektuak 2002. eta 2003. urteetan bultzatzea, eranskin honetan ezarritako baldintzei jarraikiz eta deialdiaren 3. atalean aipaturiko jarduketa-eremuetan.

2.-Onuradunak.

Deialdi honetako laguntzak jaso ahalko dituzte toki entitateek, haien elkarteek edo taldeko proiektuetan parte hartzen duten toki entitateek, baldin eta banaka hartuta gutxienez 1.000 biztanle eta elkarrekin 2.500 baino gehiago badituzte.

Segmentazioa:

Diruz lagun daitezkeen inbertsioak, proiektuak eta jarduketak zehazteko, entitate onuradunak ondoren azaltzen diren taldeetan banatuko dira. Dena den, entitate batek populazioaren arabera egokitzen zaiona baino goragoko segmentu bateko inbertsio, proiektu edo jarduketa baterako laguntza eskatzen baldin badu, eskaeraren bidezkotasuna frogatu beharko du, udal egiturari (plantilla organikoari) antolaketa-heldutasunari edo biztanleriaren hurre-hurreko handitze nabariari buruzko irizpideak aipatuz.

Taldeak:

1.-1.000-5.000 biztanleko entitateak.

2.-5.001-10.000 biztanleko entitateak.

3.-10.001-100.000 biztanleko entitateak.

4.-100.000 biztanle baino gehiago dituzten entitateak.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa alde batera utzirik, mankomunitateen, udalen elkarteen edo entitate batzuen proiektuen kasuan, entitate parte-hartzaile guztien biztanleen batura izanen da segmentu horietako batean sartzeko irizpidea.

3.-Jarduketa eremuak.

(Argibiderako gidaliburuen zerrenda bat prestatu da, Toki Administrazioko Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuan edo Departamentu horren web-gunean (www.cfnavarra.es/info-local) kontsultatu eta har daitekeena.

3.1. Informazio eta komunikaziorako teknologiak (1., 2., 3. eta 4. segmentuetan sarturiko toki entitateentzat).

a) Informazioko datu-basea. 012 Info-Local.

Ordenagailua eta routerra erostea (bat entitate bakoitzeko), beharrezkoak baitira toki entitateetan "012 telefono bidez herritarrei atentzioa emateko udal zerbitzua" izeneko proiektuko informazio datu-basea ezartzeko, toki entitateek datu-base horietako informazioa eskura dezaten.

b) 012 Info-Local I.D.B. entitatean sartzea.

"012 Info-Local" proiektuko I.D.B. toki entitatearen arloetako lanpostuetan erabiltzeko behar den ekipamendua erostea, kontsultatu eta eguneratu ahal izateko.

c) Informazio guneak.

Toki entitate bakoitzarentzat informazio kiosko bat erostea, baldin eta 012ko informazioko datu-basean bildutako informazioa eta tramiteak sartzen badituzte, eta horretaz gainera, "Infolocal" logotipoa ikusgai jartzen badute (kioskoen sarea).

Bigarren kioskoa erosteko laguntza eman ahalko da baldin eta 15.000 biztanletik gorako entitatea bada, biztanleria sakabanatua badago eta proiektuak Nafarroako toki entitateen sektorearentzat interes orokorra badu.

d) Udal akreditazio sistema.

Txartelen bidez akreditatzeko udal sistema martxan jartzeko behar den ekipoa erostea, Toki Administrazioko Departamentuak diseinatutako txartelaren zehaztapen eta ezaugarrien arabera (92 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 2001-07-30ekoa). Informazio gune hauetan erabiliko dira: liburutegiak, igerilekuak, kiroldegiak... Horretarako ondoko osagaiak beharko dira: routerra, ordenagailua, txartelak pertsonalizatzeko inprimagailuak, txartel eta kamera digitalizatzaileak.

Instalazio bakar baterako dirulaguntza emanen da toki entitate bakoitzeko, akreditazio sistema hori bi lokal edo bulego baino gehiagotan erabiltzen denean izan ezik, kasu horretan, lehenbiziko instalaziorako, aurreko lerroaldean aipatu ekipamendu osoa erosteko dirulaguntza emanen da eta bigarrenerako, routerra eta ordenagailua.

e) Internet bidezko kudeaketa/tramitazio sistemak.

Internet bidezko kudeaketa/tramitazio sistemak ezartzeko behar diren ekipamendua eta softwarea erostea. Sistema horiek "Infolocal" logotipoa izanen dute agerian.

f) Informazio eta komunikaziorako teknologien gaineko bestelako inbertsio edo gastuak.

Herritarrei atentzio hobea ematearekin edo informazio eta komunikaziorako teknologien eskuragarritasunarekin erlazio zuzena duten helburuetarako ekipoak, software eta bestelako osagai beharrezkoak erostea.

3.2. Kalitatea eta antolakuntza.

Kalitate sistemak eta antolakuntza hobetzekoak ezartzeko jarduketak, adibidez planak eta proiektuak gai hauei buruz:

a) Estrategia korporatiboa:

-Egoeraren diagnostikoak.

-Modernizazio planak.

2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

b) Antolakuntza planak:

-Plantillen azterketa (lanpostuen azterketa, azalpena eta balorazioa).

-Lan-zamen banaketa, eginkizun eta betebeharren birbanaketa.

1., 2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

c) Kudeaketa ereduak:

-Zerbitzu Kartak egitea, kudeaketa eredu gisara. Kirol zerbitzuen karta ezartzeko bigarren fasea egiteko dirulaguntza eman ahalko zaie proiektu horren lehenbiziko fasea burutu eta prozesua bukatu nahi duten toki entitateei.

-Urteko kudeaketarako planak prestatu eta ezartzea.

1., 2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

d) Administrazio sistema argitzea:

-Prozedurak arrazionalizatu eta arautzeko eta prozesuak hobetzeko bideak ezartzea.

1., 2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

e) Herritarrei atentzioa emateko sistemak ezartzea:

Herritarrei atentzioa emateko bulegoak diseinatu eta ezartzea.

2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

f) Kalitatea eta bikaintasuna:

Udal kalitatearen gaineko planak garatzea, autodiagnostikoa eta EFQM ereduaren garapena, egiaztapen estandarrak (ISO, UNE...), bikaintasun-sariak...

2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

g) Toki Administrazioko Departamentuarekin batera ezarri diren edo ezartzen ari diren berrikuntza proiektuetarako laguntza.

-Toki Administrazioko Departamentuarekin batera ezarri diren edo ezartzen ari diren berrikuntza proiektuak garatu eta bultzatzeko jarduerak, adibidez (0-12 Infolocal, Kioskoen Sarea, Udal Akreditaziorako Txartela etab.).

1., 2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

h) Bestelako jarduerak:

Udalaren barn antolakuntzari eta zerbitzuen kalitateari loturiko bestelak jarduerak.

1., 2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateentzat.

Ez da dirulaguntzarik emanen deialdi honetako dirulaguntza jaso duen proiektu baten barruan ez dagoen ekipo informatikoa erosteko, ez eta 2001eko deialdian lagundutako proiektuetarako ere. Arau horretatik kanpo egonen dira bigarren kioskoen eta udak akreditaziorako txartelen erosketak eta kirol zerbitzuen kartak ezartzeko bigarren fasearen garapena, deialdi honetako 3.1.c), 3.1.d) eta 3.2.c) idatz-zatietan finkatu bezala.

4.-Balorazioa.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan ekimenak baloratzeko:

Irizpide orokorrak (60 puntu):

-Toki Administrazioko Departamentuarekin batera ezarri diren edo ezartzen ari diren berrikuntza proiektuetan parte hartzea, proiektu horiek Informazio Sistemekin eta Komunikazioaren Teknologiekin, hala nola kalitatearekin eta antolakuntzarekin lotura badute: 30 puntu.

-Jarduketetarako Plan global egotea: estrategia korporatiboko planak, modernizazio planak, arau globalen azterlanak. (2., 3. eta 4. segmentuetako toki entitateen betebeharra). 1. segmentuari atal honetarako ezarritako gehieneko puntuazioa emanen zaio automatikoki): 10 puntu.

-Proiektuen zentzuzkotasuna, haien egokitasuna ezarritako segmentazioari eta bideragarritasuna: 10 puntu.

-Populazio guneen edo instalazioen sakabanatzea: 10 puntu.

Irizpide berariazkoak (40 puntu):

-Proiektuaren eragina antolakuntzan eta herritarrengan: 15 puntu.

-Proposamenen balorazio teknikoa eta ezaugarriak: proiektuaren helburuak, irispidea, antolakuntza, lan plana, metodologia, adierazleen kontrola, ebaluazioa eta jarraipena: 15 puntu.

-Proposatutako ekimena berritzailea izatea: 10 puntu.

Proiektu bakoitzak hartutako puntuazioarekin zerrenda bat eginen da, laguntzak banatzeko erabiliko dena.

Laguntza eskariek dagoen kreditua gainditzen badute, ondoko irizpide hauei jarraikiz emanen dira dirulaguntzak (irizpide horiek azaldutako hurrenkera berean aplikatuko dira):

-Baremoko puntuazioa.

-Berdinketarik baldin bada, lehentasuna emanen zaie Departamentuak bultzatutako proiektuetan parte hartzen duten toki entitateen eskaerei.

-Berdinketak irauten baldin badu, biztanleriaren irizpidea erabiliko da.

5.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Honako dirulaguntza hauek emanen dira gaikako arlo bakoitzerako:

5.1. Informazio eta komunikaziorako teknologiak:

a) Informazioko datu-baseak.

Lehen ekipoa erosteko gastuaren % 100erainokoa, baina gehienez 2.200 euroko dirulaguntza.

b) 012 IDB toki entitatean sartzea.

IDB sartzeko behar den ekipo informatikoa erosteko kostuaren % 100erainokoa. Gehienez 6.000 euro entitate bakoitzeko.

c) Informazio guneak.

Laguntzak irizpide hauen arabera emanen dira:

-Jartzen den lehen informazio gunerako % 100eko dirulaguntza, gehienez ere 10.800 eurokoa.

-Bigarren informazio gunerako % 50eko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 5.400 euro.

d) Udal akreditaziorako txartelak.

-Routerra eta ordenagailua erosteko, 2.200 euro gehienez.

-Inprimagailu, txartel digitalizatzaile eta kameraren kostuaren % 50 ordainduko da, horrela banaturik: kontzeptu bakoitzerako gehienez, 1.650 euro, 420 euro eta 240 euro, hurrenez hurren.

e) Internet bidezko kudeaketa/tramitazio sistemak.

Inbertsioaren % 50erainoko dirulaguntza, gehinez 3.0000 euri entitate bakoitzeko.

f) Informazio eta komunikaziorako teknologien gaineko bestelako inbertsio edo gastuak.

Balioaren % 100erainoko dirulaguntza, baina betiere 6.000 eurotik beheitikoa.

Urte batean, informazio eta komunikaziorako teknologien arloarengatik toki entitate bakoitzak hartuko duen gehieneko dirulaguntza 24.000 eurokoa izanen da.

5.2. Kalitatea eta antolakuntza.

a) Estrategia korporatiboa:

Dagokion kostuaren % 50erainoko dirulaguntza, 12.000 euro gehienez.

Sakabanatze geografikoaren kasuetan edo 5.000 biztanletik gorako entitateenetan, kostuaren % 75erainoko dirulaguntza eman ahalko da, 12.000 euroko dirulaguntza gainditu gabe.

b) Antolakuntza planak.

Dirulaguntza % 50ekoa izanen da, gehienez 5.000 euro. Jarduketen plan global baten barruan badago, 6.000 euroko dirulaguntza eman ahalko da.

Sakabanatze geografikoaren kasuetan edo 5.000 biztanletik gorako entitateenetan, kostuaren % 75erainoko dirulaguntza eman ahalko da, aurreko idatz-zatian finkatutako muga gainditu gabe.

c) Kudeaketa ereduak.

% 75eko dirulaguntza emanen da, gehienez 9.000 euro.

d) Administrazio sistema argitzea.

% 50eko dirulaguntza, baina gehienez 6.000 euro.

Sakabanatze geografikoaren kasuetan edo 5.000 biztanletik gorako entitateenetan, kostuaren % 75erainoko dirulaguntza eman ahalko da, 6.000 euroko dirulaguntza gainditu gabe.

e) Herritarrei atentzioa emateko sistemak ezartzea.

% 75eko dirulaguntza emanen da, gehienez 9.000 euro.

Sakabanatze geografikoaren kasuetan edo 5.000 biztanletik gorako entitateenetan, kostuaren % 100erainoko dirulaguntza eman ahalko da, 15.000 euroko dirulaguntza gainditu gabe.

f) Kalitatea eta bikaintasuna.

% 50eko dirulaguntza, baina gehienez 6.000 euro.

% 50eko dirulaguntza, baina gehienez 6.000 euro.

Sakabanatze geografikoaren kasuetan edo 5.000 biztanletik gorako entitateenetan, kostuaren % 75erainoko dirulaguntza eman ahalko da, 6.000 euroko dirulaguntza gainditu gabe.

g) Toki Administrazioko Departamentuarekin batera ezarri diren edo ezartzen diren berrikuntza proiektuentzako laguntza.

% 100eko dirulaguntza emanen da, gehienez 3.00 euro.

h) Bestelako jarduketak.

% 50eko dirulaguntza, baina gehienez 9.000 euro.

Sakabanatze geografikoaren kasuetan edo 5.000 biztanletik gorako entitateenetan, kostuaren % 75erainoko dirulaguntza eman ahalko da, 6.000 euroko dirulaguntza gainditu gabe.

Urte batean, kalitate eta antolakuntzaren arloarengatik toki entitate bakoitzak hartuko duen gehieneko dirulaguntza 24.000 eurokoa izanen da.

6.-Agiriak, eta eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

6.1. Agiriak.

Laguntza jasotzeko eskaerak horretarako diseinatutako ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Toki Administrazioko Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuan edo Departamentu horren web-gunean (www.cfnavarra.es/info-local) kontsultatu eta har daiteke.

Eskaera eredu horrekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Informazio eta komunikaziorako teknologien gaineko jardueretarako:

-Lan ildoak edo proiektua garatzeko faseak: bi urteko iraupena duen proiektua bada, urte bakoitzeko faseak eta fase bakoitzaren aurrekontua zehaztuko dira.

-Faktura, edo horrelakorik izan ezean, aurrekontua eta jarduera noiz hasiko den zehazten duen agiria.

-Horretaz gain, informazio eta komunikaziorako teknologien gaineko bestelako inbertsioak edo gastuak egiten badira, laguntzaren xede den ekimenari buruzko txostena aurkeztu beharko da. Horretan azalduko dira gutxienez ezaugarri teknikoak, aplikazio esparrua, abantailak, haren ezarpenaren bidez eskuratu nahi diren helburuak, kokapena, etab.

b) Kalitate eta antolakuntzari buruzko jardueretarako:

-Eskatutako laguntzaren xede den proiektuari buruzko txostena, non gutxienez azalduko baitira:

.Helburuak.

.Lan ildoak edo proiektua garatzeko faseak. Bi urteko iraupena duen proiektua bada, urte bakoitzeko faseak eta fase bakoitzaren aurrekontua zehaztuko dira.

.Aurreikusitako giza eta teknika baliabideak.

.Aurreikusitako helburuen betetze-mailaren adierazleak edo neurgailuak.

.Proiektua burutzeko beharra edo komenigarritasuna (aitzindariak, aurreko esperientziak...).

.Proiektua jarduketa plan orokorrago batean sartzea, edo aurretik egindako ekimenen jarraipena izatea, edo aurrerago egin beharreko beste lan batzuen aitzindaria.

-Proiektua betetzeko aurrekontua.

-Egiteko epea.

Proiektuan toki entitate bat baino gehiago biltzen badira, ongi azalduko dira bakoitzaren parte-hartzearen portzentajea eta gastua edo diru ekarpena.

Eskatutako dokumentazioaren aurkezpena errazteko, fitxa batzuk prestatu dira, diruz lagun daitekeen atal bakoitzari buruzko informazioa biltzeko. Fitxa horiek Toki Administrazioko Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuan edo www.cfnavarra.es/info-local web-gunean har daitezke.

6.2. Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak aurkeztuko dira Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legean aurreikusitako lekuetako batean. Eskabideak aurkezteko epea 60 egunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Deialdia ebatzi ondoren aurrekontua agortu ez bada, Toki Administrazioko Departamentuko zuzendari nagusiak eskabideak aurkezteko beste epe bat ireki ahalko du. Kasu horretan ezin izanen da dirulaguntza eskatu aurreko epean aurkeztutako jardueretarako.

7.-Ebazpena.

Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuak baloratuko ditu jasotzen diren eskabideak eta ebazpen proposamena bidaliko dio Toki Administrazioko Departamentuko zuzendari nagusiari.

Eskabideak hobeki baloratzeko, Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuak aholkularien laguntza jasotzen ahalko du. Era berean, toki entitateei eskatzen ahalko die aurkeztutako agirietako informazioa osatu edo hobetzeko. Halaber, toki entitatea ados badago, zilegi izanen da jarduketa plana zuzentzea, bidezkotasun eta bideragarritasun irizpideei jarraikiz.

Laguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa azalduko da. Bi urteko proiektua bada, laguntza bi ekitaldietan nola banatzen den zehaztuko da.

Dirulaguntza eman ala ez eman eta haren zenbatekoa, edozein kasutan ere, Toki Administrazioko Departamentuaren aurrekontuetan horretarako dauden kredituen kopurua ikusi eta gero erabakiko da.

8.-Ebazteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta 30 eguneko epean ebatziko dira. Epe horretan ebazpenik jasotzen ez bada, ezetsitzat joko dira.

9.-Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren ebazpenean onetsitako garapen-aldien ziurtapenei dagozkien inbertsio eta gastuak ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen egiaztatzea faktura eta ordaindu dela frogatzen duten agirien bidez.

Proiektuaren, proiektu-aldien, garapen prozesuaren eta ondorioen ebaluaziorako txostenak aurkeztea. Bi urteko proiektua bada, ekitaldi horretako aldiei buruzkoa izanen da informazio hori.

Inbertsioei, gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz, hala nola haien kostuari eta haiekin zerikusia duten bestelako alderdiei buruz Toki Administrazioko Departamentuak eskatzen dituen agiri edo informazio guztiak ematea, idatziz edo euskarri informatikoan.

Kontzeptu berarentzako dirulaguntza jaso baldin bada bestelako Administrazio, entitate edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik, horren berri ematea Toki Administrazioko Departamentuari, emandako dirulaguntzen zenbateko osoa aurreikusitako inbertsio edo gastuaren % 100 baino handiagoa ez dela egiaztatzeko.

Osatzen diren komite eta batzordeetan parte hartzea, hala ezartzen den proiektuetan, egindako jarduerak gainbegiratu eta ontzat emateko.

Dirulaguntza jaso aurretik frogatzea Nafarroako Ogasun Publikoarekin zorrik ez duela.

Egindako proiektuari loturiko eztabaida eta batzarretan parte hartzea, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko Departamentuaren bidez, hala eskatzen badu.

Laguntzen xedeko jardueren publizitatea egin edo zabaltzerakoan, Toki Administrazioko Departamentuak horretarako dituen logotipoa eta anagrama erabiltzea. Halaber, aipatuko da proiektu horren laguntzaile edo babeslea dela.

10.-Laguntzak jasotzeko epea eta modua.

Emandako dirulaguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, behar diren fakturak edo burututako faseen ziurtapenak eta proiektuaren ebaluazio eta ondorioei buruzko txostena aurkeztutakoan. Horri erantsiko zaio jarraipen batzordeen oniritzia, hala behar duten proiektuetan.

Proiektu bat edo haren aldi bat laguntza eskatzeko aurkeztutako plangintzan aurreikusitako epean bukatu ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da. Hau da, proiektu bat edo haren aldi bat ez bada gauzatzen edo ezartzen aurkezturiko plangintzan adierazi bezala, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da dagokion portzentajean.

11.-Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, datu faltsuak emateak, edo laguntzaren xedea Toki Administrazioko Departamentuaren baimenik gabe aldatzeak, ondorioz ekarriko dute laguntza galtzea eta jasotako zenbatekoak itzultzeko beharra. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako laguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe legeetan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

12.-Bateraezintasunak.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek zilegi izanen dute helburu bererako bestelako administrazio, entitate edo erakunde publiko nahiz pribatuen dirulaguntzak jasotzea, baldin eta dirulaguntza guztien zenbatekoak proiektu edo jarduera bakoitzarentzat aurreikusitako inbertsio edo gastuaren % 100 gainditzen ez badu.

Deialdi honetako dirulaguntzak onartzeko, Toki Administrazioko Departamentuak kontuan hartuko du, bakar-bakarrik, ordura arte dirulaguntzarik jaso ez duen inbertsio, proiektu edo jardueraren zatia. Dirulaguntzak eman ondoren, Toki Administrazioko Departamentuak laguntza berriak aitortzen baldin badizkio inbertsio, proiektu edo jarduera berari, dirulaguntzak aztertuko dira eta, hala behar izanez gero, haien zenbatekoa aldatuko, aurretik ezarritako muga, % 100ekoa, ez gainditzeko.

Iragarkiaren kodea: A0207131