92. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko apirilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzen du "Tuterako Ekialdeko Saihesbidearen alternatibetarako Azterlan irizpide-anitza" delakoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, eta jendaurrean jartzen du uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeak agintzen duena eta Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko prozedura betetzeko.

2002ko otsailaren 27an Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari bidali zion "Tuterako Ekialdeko Saihesbidearen alternatibetarako Azterlan irizpide-anitza" delakoa, haren barnean behar den Ingurumenaren gaineko Eraginaren azterlana ere zelarik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren deklarazioa egin eta kasurako Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zedin.

Dokumentu honen helburua da hainbat alternatiba zehaztu eta baloratzea, Tuteratik kanpo NA-134 (Ebroko ipar ardatza) eta N-232 (Bilbo-Bartzelona) lotu beharraren problema konpontzeko.

Esan dezagun, aurrena, airatu diren soluzioetako edozein deklaratu litekeela Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat, zeina baita proiektu bat Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat onesteko behar den lehenbiziko egintza administratiboa. Bide da, beraz deklarazio horren espedientea bere osoan hartzea, eta airatu diren alternatiba guztiak hartzea UPSeko osagaitzat eta proiektua bera jartzea jendaurrean, bai ondoren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiteko eta bai, ondoren, jendaurrealdiaren ondorioz hautatzen den alternatiba hori UPStzat onesteko ere.

I.-Egin beharreko saihesbidearen helburuak eta aztertu diren alternatiben deskripzio azalekoa.

Azterlanak dioenez, egin beharreko saihesbidearen helburua da Nafarroa ia osoko bide sareak (salbu eta Ebrotik hego aldera dauden hamar herriek) N-232 errepidearekin duten lotura osatzea, Nafarroak errepide hori baitu Zaragoza eta Mediterraneoarekiko lopide, Tuterako etxegunean barrena pasatu beharrik gabe.

Nafarroak, eta bereziki Ebro ibaiko ipar ertzeko herriek, on dute lotura egokia izatea Ebro ibaiko ezker hegitik Logroño eta Tuteraren artean, horrela ez dadin N-232 horretara trafikorik desbideratu. Lotura bide hori NA-134 da, eta haren gainean hainbat ekintza egin dira trazadura hobetu eta haren gaitasuna handitzeko (besteak beste zenbait saihesbide).

Halatare, dio azterlanak, errepide ardatz horrek Tutera inguruan baitu bukaera, horren ondorioa da trafiko guztia edo Los Abetos-en Castejónen barrena desbideratzen dela N-232ra -eta hortaz N-232 hori gainkargatzen da lotune horretatik Tuterara bitarteko tartean- edo Tuterako etxagunean barrena pasatu behar duela Zaragoza eta Mediterraneora joateko.

Hortaz, eta pasabide hori galarazteko, pentsatu da errepide bat egitea NA-134 (Tutera-Ejea de los Caballeros errepidearekiko gurutzagunetik) N-232rekin lotzeko Tuterako hego ekialderako punturen batean, N-232 horrek Fontellasen duen lotunetik hurbileko glorieta batean hain zuzen. Prospekziozko ikerketen bidez, kalkulatzen da proposatzen den bidean barrenako trafikoa 4.900 ib./d-koa izanen dela

Hartarako, printzipioz hiru alternatiba aztertu dira, zeinetako biren aurrekariak bi trazadura dira, EDER partzuergoak -1. alternatiba- eta Nafarroako Erribera Behereko Eskualdeko Hirigintza Arauen (EHA) aurreproiektuak -3. alternatiba- denbora batean proposatu zituenak (Lurraldearen Antolamendurako Departamentuak sustatzen ditu arau horiek).

1 eta 2. alternatibak, funtzionalki ikusita diferentzia gutxi baitituzte, nahiz eta trazaduran batzuk izan, Tuteratik erabat kanpo pasatzen dira, eta saihesbide baten kontzeptu klasikoa islatzen dute. Biek, hegoaldetik hirigintza bokazio argia duten terreno batzuen ertzetik doazela, hiriko gaurko bizileku eremuetatik urrutiko puntu batean trenbidea gurutzatzera egiten dute, eta handik, ibilbideko azken tartera jotzen dute: Tutera-Ejea errepidearekiko gurutzagunera, behin Ebro ibaia gurutzatu ondoren.

3. alternatibak aurreko bi horiek ez bezalako trazadura hartzen du. Bereziki lehenbiziko tartean, zeinak, trenbidearen mendebalera doala Tuterako eremu urbanoen hurbilagoko puntu batean gurutzatzen baitu eta hortaz sarbide berriak faboratzen baititu Tuterako mendebal saihetsetik. Alternatiba honi, zeinetan biribilgune itxurako lau lotune maila bereko aurreikusten diren, inplizituki "hiri-bide" esaten zaio azterlanean, eta Erribera behereko EHAen aurreproiektuko hasierako trazaduraren aldaera bat da, haren ordezgarria (4. alternatiba, balorazioan aintzat hartu ez dena).

Aipatu hiru alternatiba horiei esleitzen zaien balorazioa honelakoa da, azterketa irizpide-anitza egin ondoren:

-1. alternatiba: 8,86.

-2. alternatiba: 8,66.

-3. alternatiba: 7,85.

Azterlanak, beraz, 1. alternatiba garatzea proposatzen du, nahiz eta 2. alternatibarekiko aldea txikia den. 3. alternatibari buruz, berriz, hau besterik ez du adierazten: "alternatiba hau aukeratzeko ezinbesteko baldintza litzateke saihesbidea hiri-bidetzat hartzea, gero batean Tuterako hiri sarean integratzekoa, eta hortaz ez litzateke gehiago errepide saihesbidea izanen".

Ondoren beste lau soluzio aurkeztu dira:

-1-a alternatiba.

-3-a alternatiba.

-3-b alternatiba.

-3-c alternatiba.

1-a alternatiba 1. alternatibarekin bat dator luzeraren hirutik bitan, azken tartean trazadurako aldaketa bat barne dela, Tutera-Tauste errepidea gurutzatu ondoren.

3-a eta 3-b alternatibak 3. alternatibaren aldaerak dira, alde gutxikoak: lehenbiziko tartean trenbidetik hurbilago doa bien trazadura.

3-c alternatiba 1 artikulu eta 3.aren arteko erdibideko soluzioa da: lehenbiziko tartean 1. alternatibako trazadurak bat egiten du eta ondoren, trenbidea gurutzatuta, 3. alternatibako trazadura hartzen du.

II.-Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoetak.

Airatu den proposamena, lurralde testuinguru zabal batean ikusita, arrazoizkoa eta beharrezkoa da. Azterlanean egiten den abiaburuko azterketak beharrezkotasun hori begietaratzen digu, izan ere gaur egun eremu horretan NA-134tik N-232ra trafikoa aldatzeko Tuterako etxagunean barrena pasatu beharra baitago, Tuterako zubitik hain zuzen, hura baita Tuterak ipar ekialdean Ebroko ezker ertzeko bide sistema osoarekin duen lotura bakarra, eta beraz bai ertz horretako jendegune guztiekin (Valtierra, Arguedas, Cabanillas eta Fustiñana, eta horiez gainera bai eta Ejea de los caballeros eta Tauste ere). Egiten den proposamena, ikuspegi horretatik, ez du hutsik eta helburua errepide saihesbide hutsa egitea balitz, 1, 1-a edo 2. alternatibetako edozeinek ongi balio luke.

Hori horrela delarik, aipa dezagun orain 3. alternatiba, edo "EHA alternatiba aldatua" delakoa, azterlanean inplizituki "hiri-bide"tzat hartua, zeinari buruz esaten baita denboraren joanarekin saihesbidea izateari utziko liokeela eta beraz galduko litzatekeela oraingo saihesbide helburua.

Honetaraz gero, esan behar da "EHA" delako proposamenak, zeinaren ondoriozkoa baita 3. alternatiba, agerian utzi nahi zuela bere hasierako formulazioan komeni zela saihesbidetik Tuterara eta hango ekipamenduetara iristea errazagotzea, uste baitzen trafikoaren parte handixko batek hiria bera zuela helburu; horrela ulertuko litzateke "Tuterako Bigarren Zubia" baliagarriagoa izatea kanporagoko saihesbide baten osagai balitz baino. Horrek sortarazten ditu "barneragoko" alternatiben (3, 3-a eta 3-b) eta "kanporagoko" alternatiben arteko diferentzia funtzionalak; praktikan, trenbidea non pasatu baita giltza: hiritik urrutiko puntu batean, edo alderantziz hurbileko batean, horrela faboratzeko sarbide berria izatea saihesbidetik hirira.

Halatare, 3. alternatiba azterturik, aitortu behar da haren trazadura, lehenbiziko tartean, beharrik gabe eta okerrak eginaz eta haien aprobetxamenduari kalte garbia eginaz zeharkatzen dituela gero batean hirigintza esku-hartzeak izan litzaketen terrenoak eta alternatiba horretan proposatzen diren biribilguneak ez direla inolaz soluzio egokia bide-adar horrek bere gain hartu behar dituen eginkizunetarako. Gauzak horrela, egokitzat jotzen da 3. alternatibari gutxiagoko puntuazioa ematea, ustez eta proiektaturik dagoen bezala, ez dela behin betiko soluziotzat hartu behar.

Halatare, 3-a alternatiba hartu liteke aintzat haren trazadura zehatzago betetzen baititu hasierako trazaduraren, EHA trazaduraren, baldintzak, trenbidetik askoz hurbilago doalarik eta horretaz askoz gutxiago zatikatzen baititu aprobetxatzeko moduko terrenoak. Beti ere lehen aipatu baldintzak bete behar lirateke. Nolanahi ere, eta bereziki bide berri horren saihesbide funtzioa gal litekeen tarteetan, komeni litzateke ez izatea inolako loturarik bide berri horrekin eta babesteko erregelamenduek agintzen duten baino handiagoko eraikitze distantzia ezartzea. Neurri horrek, bistan da, bidearen eraginpeko azalera handitzea ekarriko luke alternatiba horretan, saihesbidea eta hiriko bilbea lotu beharrak, trenbideko gurutzagunetik hurbil eta aurretik, aintzat hartzea justifikatuko luke.

3-b alternatibari dagokionez, ikuspegi funtzional batetik ez du ezer berririk aportatzen 3-a alternatibaren gainetik; aitzitik, baditu desabantaila batzuk, trenbidea gurutzatzeko hautatu den puntua dela medio, alternatiba hori Tuterako planean "Tarazonica" delakoaren trenbidearekin parez pare aurreikusten den bidetik urruntzen baita, zeinarekin, itxura batera komeni bailitzateke saihesbidea lotzea.

Azkenik, 3-c soluzioari gagozkiola, 1 eta 3. alternatiben "erdibidekoa" baita, badirudi bi helburu iritsi beharrez itxuratu dela: saihesbidea izatea eta Hirirako sarbide berria izatea; helburu hori, bistan da, 1, 1-a eta 2. alternatibekin ere irits daiteke, nahiz eta trazadura luzeagoa den. Erdibideko alternatiba horren trazadura, behin trenbidea gurutzatu ondoren, hiriaren hego-ekialdeko saihetsera hurbilduko litzateke, eta erraztu eginen luke beraz -orain ez bada bai behintzat epe ertain batera- eta ibilbide labur baten bidez gainera, sarbide berria egitea, zeina lehen aipatu Tutera-bide harekin lot litekeen. Sarbide berriaren soluzio honek, ordea, badu eragozpen bat, bai alternatiba honexetatik egiten bada eta bai besteetatik egiten bada: soluzio hau gauzatzeko, izan ere, berriz gurutzatu behar litzateke trenbidea; eremu horretako topografia ikusita, gainera, trenbidearen sestra ikusita eta planeamenduan aurreikusten diren bizileku eremuetatik hurbil antza dagoelarik, baliteke trazadura, azken tartean, lubakian joan behar izatea eta hartara trenbidea pasatzeko lur azpiko pasabideren bat behar litzateke.

Azkenik, eta zein ere soluzio hautatzen den azken fin batean, komeni litzateke aukera hori ere aztertzea, trenbidea lur azpiko pasabide baten bidez gurutzatzea, eta terrazako beheitieneko mailetan barrenako trazadura bat emanaz, indusketa lanak ahal den neurrian gutxitzeko. Hartara, eta hori posible balitz, toki gehiago izango litzateke eremuan garatu beharreko erabileretarako eta ez litzateke lubetarik egin behar.

Hala bada: eskaini diren trazadura alternatibak eta haien oinarri diren ikuspegi eta premisak ikusita, komeni da oraindik ez lehenestea haietako bat, harik eta espedientearen jendaurrealdiaren eta toki entitateei eman beharreko entzunaldiaren emaitza jakin arte.

III.-Ingurumenaren gaineko gogoetak.

Ingurumenaren Kalitaterako Zerbitzuak txostena egin du hasieran proposatu hiru alternatiben gainean; bertan, espedientearen helburua eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzeko tramiteetarako aurkeztu den dokumentazioa aipatuta, zeinak ikusita zehaztuko baita zein den alternatibarik egokiena eta zer zehaztapen ingurumenaren gaineko oinarri izanen diren kasurako Eraikuntza Proiektua idazteko, honako hau ematen du aditzera:

Alternatibak zehazteko hainbat alternatiba hartu behar dira kontuan:

-Gaur egun eraikitzen ari den glorietatik abiatu behar dira proposamenak, Tuterako saihesbidearen eta N-232 errepidearen hego ekialdeko lotunearen ondoan, eta NA-134ra iritsi, NA-125-rekiko gurutzagunearen ondoan.

-Trazadurak gutxitu behar ditu Ureztalurren, eraikinen eta nekazaritza-abeltzaintza instalazioen gaineko eraginak.

-Trenbidearekiko gurutzaguneak maila banakoa behar du.

Ebro ibaia pasatzeko, ibai hori gutxi erregulatua baitago, Tuterako jendegunearen eta Tausteko ubidearen jatorrian den uharkatxoaren arteko puntu bat hartu behar da, kontuan hartuta lehenbiziko terrazan uholdearen bir-gertatze arriskuko aldia 500 urtekoa dela.

-Ebro ibaia, bi ertzetan ezpondak dituela, ez dauka uhamil kasuetako funtzionamenduaren azterlan hidraulikorik.

Behar den bezalako soluzioa eman behar zaie errepide, landa bide nagusi eta ardibideekiko gurutzaguneei.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren azterlanak deskribatu egiten ditu proiektua eta haren ekintzak eta ingurumen hartzailearen inbentarioa egin ere bai. Ingurumen baldintzen artean aipagarriak dira Montes de Cierzotik Ejea-rako ardibideak osatzen duen korridore ekologikoa eta batez ere Ebro ibaiak osatzen duena, BIL ES 2200040, hainbat erreserba eta lekune natural dituena. Hala ere alternatiben eraginpeko eremuan ez dago habitat interesgarririk edo lehenetsi beharrekorik eta Ebro ibaiaren Plan Bereziak, uztailaren 27ko 1014/1999 Foru Aginduak onetsiak, aukera ematen du interes orokorreko azpiegiturak egiteko.

Beste alde batetik, azterlanak definitu, ezaugarritu eta konparatzen ditu aintzat hartu diren alternatiba bakoitzaren bai eraikuntza aldian nola esplotazio aldian sortzen diren eraginak eta kasuan kasuko Ingurumenaren gaineko Eraginak aipatu eta ebaluatzen ditu.

Zehazten ere du zein neurri zuzentzaile ezarri behar zaizkion exekuzio proiektuari, ingurumena begiratzeko programa zehaztu gabe utzirik. Hauek dira neurri zuzentzaileen eskakizun nagusiak:

-Faunarentzako pasabidea lortzea, bai ibaiaren ertzetan nola Montes de Cierzotik Ejearako ardibidean.

-Proiektuko tartearen drenabideak eta azaleko urak ureztatze saretik bereiz edukitzea.

-Neurri efikazak hartzea kalitate akustikoa defendatzeko ingurune minberetan.

-Ondare Arkeologikoaren gaineko eraginak aurretik galaraztea.

-Maileguen indusketa lekuak behar den lekuetan ezartzea, lehendik ari ziren esplotazioak lehenetsiz.

Ingurumen Hartzailearen gaineko Eraginen balorazioa egin delarik, alternatiben analisi eta konparazio irizpide-anitza egiten da, irizpide ekonomiko eta funtzionalak ponderatuki sartuz, eta bai ere proposamenen mugakide den populazioaren sentikortasuna kontuan hartuz ere. Horren guztiaren ondorioa da 1. alternatibari irizten zaiola egokiena.

Orotara, ezarritako proposamen eta zehaztapenak onargarritzat jo daitezke, zeren hasieran proposatu diren hiru trazaduretako edozein bideragarria izango litzateke ingurumen aldetik. 3. alternatibak, eta gutxiago 2. alternatibak, kostu handiagoa izango luke aisia, produkzio, josteta eta bista erabilerei dagokionez, Tuterako etxagunetik hurbilago baitago.

Ondoren aurkeztutako beste alternatibak, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzako ikuspegitik aztertuta, dokumentu erantsi batean bildu beharko dira, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlan eta guzti, zeina, ustez, beste alternatibetakoaren berdina izanen baita, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baino lehen, erabaki honetan, besteak beste jendaurrean eta azpiegituraren eragina zuzenkien hartzen duten toki entitateen entzunaldi tramitean jartzen baita.

Hori horrela, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko apirilaren 17an egindako txostena gogoan, eta uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legea eta kasurako aplikatu behar diren beste arauak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik,

ERABAKI DUT:

1. Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzea du "Tuterako Ekialdeko Saihesbidearen alternatibetarako Azterlan irizpide-anitza" delakoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, aipatu Foru Lege hartan agintzen dena betetzeko.

2. Departamentu horri adieraztea UPSa onetsi baino lehen honako txostenak aurkeztu beharko direla:

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena Ondare Historikoaren gainean.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena ureztalurren gaineko eraginari buruzkoa.

3. Espedientea Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hilabete batean jartzea aldi berean jendaurrean eta proiektuko azpiegituraren eragina zuzenkien hartzen duten Udalen entzunaldian. Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegiko kalea, 1-2, Iruñea), eta zilegi izanen da epe horretan nahi adina alegazio aurkeztea idatziz.

4. Espedientea, epe berean, jendaurrean edukitzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako ere, legeek agintzen dutenarekin bat.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea luzatzea harik eta espedientea Erabaki honen azalpen zatiko III. atalean aipatzen den dokumentazioarekin osatu arte.

6. Erabaki hau jakinaraztea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eta Tutera, Fontellas, Arguedas, Valtierra, Cabanillas eta Fustiñanako udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren Idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0206543