92. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

153/2002 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Justizia zuzendari nagusiak emana. Lekualdatze lehiaketarako deia egiten du, Bake Epaitegietako Idazkaritza Multzoetako lanpostuak betetzeko Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioko ofizialen artean.

Justizia Administrazioan Justizia Administrazioko ofizialen kidegoko lanpostu hutsak daude, eta aurrekontua dute. Komeni da lanpostu horiek betetzea zerbitzuaren beharrak betetzeko. Hortaz, lekualdatze lehiaketarako deia egin behar da, ondoko arauek ezarritakoari jarraikiz: Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 455, 481 eta 494. artikuluak, 1970eko ekainaren 12ko Dekretuaren bidez onetsitako Udal Justiziako Idazkarien Erregelamendu Organikoa, eta Justizia Administrazioko Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Kidegoko Erregelamendu Organikoaren -otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuak onetsi zuenaren- IV. tituluaren III. kapitulua.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak lekualdatze lehiaketarako deialdia egitea xedatu du, I. eranskinean ageri diren lanpostuak betetzeko. Hona hemen lehiaketaren oinarriak:

O I N A R R I A K

Lehenengoa.-Eska daitezkeen lanpostuak.

1. Lehiaketa honetan parte hartu eta Justizia Administrazioko Bake Epaitegietako idazkarien lanpostu hutsak eskatu ahalko dituzte Justizia Administrazioko ofizialen Kidegoko funtzionarioek, beren administrazio egoera edozein izanda ere; egitekoak kenduta, etenaldian jarraitzen dutenek, ordea, ez dute parte hartzerik izanen.

2. Aditzera ematen da Bake Epaitegietako Idazkaritzen Multzoetarako eskaintzen diren lanpostuak Justizia Administrazioko ofizialek soilik bete ahalko dituztela, izan ere, ekainaren 12ko 1639/1970 Dekretuak, 7.000 bizilagunetik gorako Bake Epaitegietako Idazkarien Erregelamendu Organikoa onesten duenak, bizilagun gehiago dituzten herrietako lanpostuak betetzeko baimena ematen du soilik.

3. Bake Epaitegietako idazkari lanpostuak Justizia Administrazioko ofizialei esleitzeak ez du esan nahi esleipen-hartzaileen maila igoko denik ez eta kidegoa edo kategoria aldatuko denik ere.

4. Parte hartzaileek Ebazpen honen I. eranskinean ageri diren lanpostu hutsetako edozein eskatu ahalko dute, eskabideak aurkezteko epean baldintza orokorrak betetzen badituzte. Lanpostu hutsak identifikatzeko honako hauek erabiliko dira: destinoko zentroaren kodea, lanpostuen zerrenda (LZ) eta lanpostuaren hurrenkera zenbakia (LHZ).

Bigarrena.-Parte hartzeko eskakizunak eta baldintzak.

1. Justizia Administrazioko ofizialen Kidegoko funtzionarioek parte hartu ahalko dute, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, orain betetzen duten lanpostuaz behin betiko jabetu ziren egunetik urtebete igaro bada (249/1996 Errege Dekretuaren 57. artikulua, c letra).

2. Jardunean dauden funtzionarioek, eskaintzen diren organoetan behin-behineko destinoa badute, nahitaez parte hartu beharko dute lehiaketa honetan.

Lehiaketan destinoa lortzen ez badute, beren Kidegoari dagokion lanpostu batean arituko dira behin-behinekoz.

3. 249/1996 Errege Dekretuaren 34. artikuluaren b) eta c) letretan ezarritako borondatezko eszedentzietan (familia biltzeko eta norberaren intereseko eszedentzietan) dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartu ahal izanen dute, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzean, eszedentzia eman zitzaienetik gutxienez urte bi igaro badira.

4. 249/1996 Errege Dekretuaren 35. artikuluaren babesean seme-alabak zaintzeko eszedentzian dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartu ahal izanen dute, baldin eta azken behin betiko destinoaz jabetu zirenetik urtebete igaro bada.

5. Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak bete eta nahitaezko eszendentzian daudenek parte hartu beharko dute lehiaketa honetan, behin betiko lanpostua lortzeko. Lehiaketan parte hartzen ez badute edo lanposturik lortzen ez badute, gainerako lehiatzaileei esleitu ez zaien edozein lanpostutan arituko dira.

Nahitaezko eszedentzian daudenek, behin betiko lanpostu-kentzearen ondorioz lanpostua galdu dutenek eta Erregelamendu Organikoaren 34. artikuluaren a) puntuaren araberako borondatezko eszedentzian daudenek lehentasunezko eskubidea izanen dute, hurrenkera horretan, jarduneko zerbitzua utzi zutenean lanean ari ziren herrian, norberaren kidegoko lanpostu hutsa lehiaketarako lehendabizi iragartzen denean.

6. Oinarri honetako bigarren lerroaldeko 5. puntuan aipatutako lehentasunak egiaztatu egin beharko dira; horretarako, egoera administratibo horietara igaro izana azaltzen duten egiaztagirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera; aurkezten ez badira, ez da lehentasuna baloratuko.

Hirugarrena.-Baremoak.

Lanpostuak esleitzeko merezimenduak baremo honen arabera baloratuko dira:

1. Antzinatasuna eta euskara honela baloratuko dira:

a) Antzinatasuna.-Kidegoan lan egindako aldiengatik puntu bat emanen da urtebeteko, eta hori baino aldi laburragoengatik proportzioan neurtuko da (0,0027777 eguneko); hilabeteak 30 egunekotzat hartuko dira.

b) Euskararen ahozko zein idatzizko ezagutza. Nafarroako Foru Komunitateko eskualde euskalduneko eta mistoko lanpostuetarako, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluak ezarri bezala, euskararen ahozko eta idatzizko ezagutzak -Foru Komunitateko ziurtagiri ofizialaren bidez behar bezala frogatuta edo aurkeztutako titulua edo maila homologatuta-, ondorio hauetarako soilik, 6 puntura arteko balioa izanen du ziurtatutako mailaren arabera, otsailaren 16ko 249/1996ko Errege Dekretuak onetsitako Erregelamendu Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian ezarri bezala:

1. 2. hizkuntz eskakizuna: bi puntu.

2. 3. hizkuntz eskakizuna: lau puntu.

3. 4. hizkuntz eskakizuna: sei puntu.

Aipatu den 2. hizkuntz eskakizunaren egiaztagiri ofizialik ez dagoenez, organo eskudunek antolatzen duten azterketan frogatu beharko da maila hori. Horren ondorioz, dagokion egiaztagiria emanen zaie.

2. Antzinatasunaren eta euskara jakitearen balorazioa aurreko puntuan ezarritakoaren arabera eginen da; ez dira baloratuko agirien fotokopia konpultsatu gabeak.

Laugarrena.-Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko bake idazkarien iraungitzeko lanpostuetan eta Justizia Administrazioko ofizialen Kidegokoetan behin betiko destinoa duten funtzionarioek, zerbitzu berezietan daudenek eta lanpostua gordeta dutela seme-alabak zaintzen eszedentzian daudenek -nazio barnean, eskumenak transferitu gabe-, Ebazpen honen II. eranskinean ageri den V-1 ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 10 egun naturaleko epean edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko epe berean, baldin eta deialdia ez bada Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean batera argitaratzen. Eskabideak, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia zuzendari nagusiari zuzendurik, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Karlos III.a 2, 31002 Iruña).

2. Destinoa Justizia Administrazioko beste kidego batzuetan edo beste administrazio batzuetan duten funtzionarioek, baldin eta otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 34. artikuluko a) letran jasotako eszedentzian badaude Bake idazkarien edo Justizia Administrazioko ofizialen kidegoetan, lehiaketa honetan Bake idazkari edo ofizial gisa parte hartu nahi badute, Ebazpen honen II. eranskinean ageri den V-2 ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 10 egun naturaleko epean edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko epe berean, baldin eta deialdia ez bada Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean batera argitaratzen. Eskabideak, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia zuzendari nagusiari zuzendurik, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Karlos III.a 2, 31002 Iruña).

3. Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten gainerakoek, besteak beste: nahitaezko eszedentzian daudenek nahiz eta behin-behineko destinoa izan; lanpostua behin betiko kendu zaiela dagoeneko galdu dutenek; jarduneko egoerara itzultzeagatik behin-behineko destinoa dutenek; eta borondatezko eszedentzian daudenek -familia biltzeagatik edo norberaren interesagatik- Ebazpen honen II. eranskinean ageri den V-3 ereduaren araberako eskabidea erabili beharko dute, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 10 egun naturaleko epean edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko epe berean, baldin eta deialdia ez bada Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean batera argitaratzen. Eskabideak, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia zuzendari nagusiari zuzendurik, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Karlos III.a 2, 31002 Iruña).

4. Eskabideak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 38. artikuluan ezarritako eran ere bidal daitezke.

Postetxeetan aurkezten direnak bide hauetako bat erabiliz bidaliko dira:

a) Posta arruntaz: eskabideak aurkezteko epearen barruan eman beharko zaie sarrera Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.

b) Posta ziurtatu bidez: eskabidea kartazal ireki batean aurkeztuko da postetxean, han eguna eta zigilua jar ditzaten; lehiaketako partaideek postako zigilua daukan eskabidea bidali behar dute. Epea igarota, ez da eskaririk onartuko baldintza hori betetzen ez badu, gerora hori frogatzerik izan arren.

5. Norberaren interesagatik borondatezko eszedentzian daudenek administrazio publikoetatik bereizi ez izanaren adierazpena aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.

6. Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionarioak eskaera bat baino ez du eginen, nahiz eta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko lanpostuak eskatu. Lanpostuok agertuko dira deialdi honekin batera Justizia Ministerioak eta Andaluziako, Kanarietako, Kataluniako, Galiziako, Euskadiko eta Valentziako Autonomia Erkidegoetako organo eskudunek egiten dituzten deialdietan, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko.

Era berean, eskaera bakarraren bidez aukeratu beharko dute diharduten kidegotik parte hartzea edo eszedentzian egon arren dagokien kidegoa ez den batean jarduneko zerbitzura itzultzea.

Aurreko bi lerroaldeetan ezarritakoa betetzen ez duten funtzionarioak lehiaketa honetatik kanpo utziko dira.

Funtzionarioak eskatu eta lortutako destinoei uko egiterik ez dagoenez, lekualdatze lehiaketaren bidez zerbitzura itzuli denak destinoa lortuz gero, jardunean zegoen kidegoan eszedentzian geratuko da automatikoki. Horregatik, orain duen destinoa lanpostu huts gisa eskainiko da hurrengo lekualdatze lehiaketetan.

7. Egindako eskaera loteslea izanen da eskatzailearentzat, eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren.

8. Lanpostu baten kode informatikoaren eta literalaren transkripzioetan kontraesanik badago, azkenak izanen du lehentasuna, hots, lanpostuaren izenak. Lanpostuaren izena edo literala jartzen ez denean bakarrik deuseztatuko da eskaera, nahiz eta kodea jarri.

Bosgarrena.-Baldintzaturiko eskabideak.

Ofizial, laguntzaile eta agenteen Kidegoetako bi funtzionariok probintzia berean dauden lanpostu hutsak nahi izanez gero, aukera izanen dute euren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, destinoa biek probintzia berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta hori gertatu ezean, baldintzapeko eskaerak baliogabetu eginen dira. Baldintzapeko eskaera hori egiten duten funtzionarioek berariaz zehaztu beharko dute eskabide orrian eta, horretarako, baldintzapeko lanpostuak lehentasun hurrenkerako lehen tokietan jarri; baldintzarik gabekoak horien ondoren. Beste funtzionarioaren eskaeraren fotokopia aurkeztu beharko dute.

Eskabidean zehazten ez bada, lanpostuak hurrenkerako lehen tokietan agertzen ez badira edo bigarren lehiatzailearen eskabidearen fotokopia aurkezten ez bada, biek egindako eskabide baldintzatua deuseztatu eginen da.

Seigarrena.-Esleipenak.

1. Lanpostuak esleitzeko hurrenkera hirugarren oinarriko baremoen arabera lorturiko puntuazio osoaren ondoriozkoa izanen da.

2. Puntuazio osoan berdinketa gertatzen bada, funtzionarioaren mailara joko da hurrenkera erabakitzeko.

Zazpigarrena.-Esleituriko destinoen izaera.

1. Lehiaketa honen ondoriozko lekualdaketak borondatezkotzat hartuko dira, zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan jasotako ondorioetarako.

2. Esleituriko destinoei ezin izanen zaie uko egin.

Zortzigarrena.-Ebazpena eta lanpostuaz jabetzeko epea.

1. Deialdi hau ebazteko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departementuko Justizia zuzendari nagusiak behin-behineko Ebazpena emanen du, Justizia Ministerioarekin eta lekualdatze lehiaketarako deia egin duten autonomia erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta. Delako Ebazpena egun berean argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Gobernuko, Justizia Ministerioko, Justiziako Lurralde Kudeatzailetzetako, aipatu autonomia erkidegoetako eta Justizia Auzitegi Nagusietako eta Entzutegi Probintzialetako iragarki oholetan.

Halaber, iragarki oholetan jarriko da onartu eta baztertuen zerrenda, baztertzearen arrazoiak barne, eta akats materialak zuzentzeko epea.

2. Behin-behineko ebazpenean hauek adieraziko dira: destinoa esleitu zaienen jatorrizko lanpostua eta herria, administrazio egoera -jardunekoa ez bada- eta funtzionario bakoitzari esleituriko lanpostua, lantokia eta herria zehaztuta.

3. Lekualdatze lehiaketak ebazten dituen behin-behineko Ebazpenaren aurka alegazioak aurkeztu ahal izanen dira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamar egun naturaleko epean. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskea egin zitzaion agintariari aurkeztu beharko zaio eta deialdi honetako III. eranskinean azaltzen den eredua erabili beharko da. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, Justizia Ministerioarekin eta lehiaketarako deia egin duten autonomia erkidegoekin koordinatuta, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia zuzendari nagusiak Ebazpen bat emanen du lehiaketa behin betiko ebazteko. Ebazpen hori aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean. Aldi berean argitaratzerik ez badago, Estatuko Aldizkari Ofizialean egindako argitalpenaren egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko dira epeak.

Espresuki ebazten ez diren alegazioak ezetsitzat joko dira lehiaketaren behin betiko Ebazpena argitaratzean.

4. Destino berriaz jabetzeko epea 10 egun naturalekoa izanen da herri aldaketa dagoenean; destinoa herri berean bada, ordea, kargua utzi eta 3 egun naturalen barruan egin beharko da.

5. Kargua uzten den egunaren biharamunetik hasiko da destinoaz jabetzeko epea.

6. Ebazpenak jarduneko egoerara itzultzea badakar, jabetzeko epea behin betiko argitalpenaren egunetik hasiko da zenbatzen.

7. Ebazpena ezin bada aldi berean argitaratu autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasiko dira zenbatzen epeak.

8. Funtzionarioek dauzkaten baimen edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira destinoaz jabetzeko epeak, baldin eta lizentziak eteteko edo baliogabetzeko adinako ezinbesteko arrazoirik -behar bezala justifikaturik- ez badago.

Bederatzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hemezortzian.-Justizia zuzendari nagusia, José María Abad Alegría.

I. ERANSKINA

Entitatea: Justizia Administrazioa LZ: 45

Lanpostuaren izena: Bake Epaitegia (Udal multzoa). Herria: Baztan. Destinoaren kodea: 9323000031150. Lanpostu ofizialen kopurua: H. Hizkuntza: Ez. Informatika: Ez.

Lanpostuaren izena: Bake Epaitegia (Udal multzoa). Herria: Zangoza. Destinoaren kodea: 9323000031648. Lanpostu ofizialen kopurua: H. Hizkuntza: Ez. Informatika: Ez.

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: A0208103