91. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

175/2002 FORU DEKRETUA, uztailaren 22koa, UTE Ambulancias de Navarra, S.L.-Transporte Sanitario de Aragón S.A. enpresan Juan Andrés Chasco Borobia ordezkari sindikalak eta CC.OO.etako ordezkari sindikalek Lizarra-Azagra eskualderako egindako grebarako deia dela eta, osasun-garraioaren funtsezko zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzen duena.

UTE Ambulancias de Navarra, S.L.-Transporte Sanitario de Aragón S.A. enpresako CC.OO.etako ordezkari sindikalek Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Lan eta Turismo Departamentuari ohar bat igorri diote, 2002ko uztailaren 16an. Horren bidez, enpresak Azagrako zentroan dituen langileen greba mugagaberako deia jakinarazi dute, 2002ko uztailaren 29an hasiko dena, goizeko 06:30etik, zerbitzu programatuarentzat, eta goizeko 9etan Larrialdi zerbitzuarentzat.

Bestetik, Juan Andrés Chasco Borobia jaunak, UTE Ambulancias de Navarra, S.L.-Transporte Sanitario de Aragón S.A. enpresako Lizarrako zentroko ordezkari sindikala den aldetik, Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Lan eta Turismo Departamentuari ohar bat igorri diote, 2002ko uztailaren 18an. Horren bidez, enpresak Lizarrako zentroan dituen langileen greba mugagaberako deia jakinarazi dute, egun bererako eta ordu beretan.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deia dela-eta, Osasun-garraioaren Zerbitzua ezin da erabat gelditu, izanez ere, botere publikoek bermatu beharreko osasun prestazio bat baita, eta beharrezkoa da zerbitzu hori betetzea, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen baita, eta hori kontuan hartuz pertsonen oinarrizko eskubideen aurka jotzen baita, hau da, erien bizitzeko eta integritate fisikorako eskubideen kontra.

Horretaz gain, funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuko 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f), 53 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, Foru Dekretu honen helburua da, 2002ko otsailaren 20an egindako greba-deiaren ondorioz, Nafarroako osasun-garraioaren arloan gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Zerbitzu horiek ezartzea ezinbestekoa da, ziurtatu beharra baitago osasun larrialdi eta premietan herritarrek behar den atentzioa izanen dutela. Hala behar du larrialdietako zerbitzuetan, baita mugitzeko zailtasunak direla-eta, garraioan esku-ohea edo gurpil-aulkia behar duten erien kasuan ere, ezin baitute erabili beste biderik ospitaleetara-eta joateko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira, eta hortaz, beharrezkoa da deituriko grebak dirauen bitartean zerbitzu horiek oso-osorik betetzea.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak, martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldeak, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 49.2. artikuluak xedatutakoa kontuan hartuz, Osasun kontseilariak proposaturik eta bi mila eta biko martxoaren lauean izandako bilkuran Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. UTE Ambulancias de Navarra, S.L.-Transporte Sanitario de Aragón S.A. enpresak Azagrako eta Lizarrako zentroetan dituen langileentzat 2002ko uztailaren 29tik aurrera mugarik gabe deitutako greban honako gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek errespetatuko dira:

a) Ehuneko ehunean bermatuko da Lizarra-Azagra eskualdeko Larrialdietako Planaren ibilgailuen zerbitzua.

b) Ehuneko ehunean bermatuko da Lizarra-Azagra eskualdeko larrialdietarako iraupen-baseetako ibilgailuen zerbitzua.

c) Ehuneko ehunean bermatuko da esku-ohean garraiatu behar diren erientzako zerbitzua, edozein delarik garraio horien zergatikoa.

d) Ehuneko ehunean bermatuko da ibiltzeko gurpil-aulkia behar duten erientzako zerbitzua, edozein delarik garraio horien zergatikoa.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak enpresetan horretarako izendatutako langileek bete behar dituzte. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak langileentzat onartzen dituen eskubideei.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera.

Iragarkiaren kodea: a0208217