84. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko ekainaren 10ekoa, Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariak emana, Nafarroako Kontuen Ganbararen zerbitzuko kazetari-itzultzaile izateko lanpostu huts bat oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Kontuen Ganbarako lehendakariak, 2002ko ekainaren 10ean,

EBATZI DU:

Lehena.-Nafarroako Kontuen Ganbararen zerbitzuko kazetari-itzultzaile izateko lanpostu huts bat oposizio bidez betetzeko deialdia onestea, ebazpen honi erantsitako oinarriei jarraikiz.

Bigarrena.-Deialdi hau "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamarrean.-Lehendakaria, Luis Muñoz Garde.

NAFARROAKO KONTUEN GANBARAREN ZERBITZUKO KAZETARI-ITZULTZAILE IZATEKO LANPOSTU HUTS BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Ondoko hauek izanen dira deialdi honen

O I N A R R I A K

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Kontuen Ganbararen zerbitzuko kazetari-itzultzaile lanpostu huts bat oposizio bidez eta txanda irekian betetzea. Kazetari-itzultzaile lanpostuko oinarrizko eginkizunak, alde batetik, Kontuen Ganbarako kazetari lanpostuko berberak izanen dira, eta, bestetik, horri gehituko zaio kazetaritzako testuen eta testu juridiko-administratiboen itzulpen lana.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, Nafarroako Kontuen Ganbarako funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin eta, zehazki, lanpostu honetarako ezarritako eginkizunak beteko ditu, horien artean ondoko hauek: Nafarroako Kontuen Ganbararen eta komunikabideen arteko harremanak, Nafarroako Kontuen Ganbarako prentsa, argitalpen eta protokolo zerbitzuak eta aipatu diren itzulpen lanak.

1.3. Lanpostua egungo sailkapenaren araberako A mailakoa da eta horri dagozkion lansariak izanen ditu, bai eta Kontuen Ganbarako indarra duen plantilla organikoan zehazten diren osagarriak ere.

1.4. Izangaia, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Kontuen Ganbaran sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanposturako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dagoen funtzionarioak bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea aukera dezake.

1.5. Lanaldia Nafarroako Kontuen Ganbarako organo eskudunek ezartzen dutena izanen da, eta organo horiek aldatu ahalko dute zerbitzuko beharren arabera.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Nazionalitate espainiarra edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa izatea.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Informazio Zientzietako lizentziatu titulua, Kazetari titulua edo Goi Mailako Kazetari titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

d) Euskarako Gaitasun Agiria (E.G.A.) -Goi Zikloa- izatea, edo ofizialki baliokidea den beste tituluren bat.

e) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Aurreko baldintza horiek deialdi honetako zazpigarren oinarrian ezarri epe eta moduan egiaztatu beharko ditu lanpostua ateratzen duen izangai onartuak, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituela ulertuko da. Halaber, izangaiek 2.1. oinarriko baldintzak hautapen prozedura osoan bete beharko dituzte, izendapena egiten den arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Kontuen Ganbarako Erregistro Orokorrean (Ansoleaga kalea, 10, 31001, Iruña) aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta horietan izangaiek adierazi beharko dute ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek egoki deritzeten erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte eta, akatsik izan bada, zuzendu, behin-behineko zerrenda Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun baliodunen epean.

4.3. Ezarritako epearen barruan eskabiderik aurkeztu ezean, Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazten duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.4. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

4.5. Izangai bazterturik ez badago zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailearen osaketa, eraketa eta jarduketa.

5.1. Hona hemen epaimahaia osatuko dutenak:

Mahaiburua:

-Luis Ordoki Urdazi jauna, Nafarroako Kontuen Ganbarako idazkari nagusia.

Ordezkoa: Francisco José Etayo Salazar jauna, Nafarroako Kontuen Ganbarako legelaria.

Mahaikideak:

-Felipe Rius Saleta jauna, Nafarroako Gobernuko Goi Mailako Kazetari tituluduna, E.G.A. tituluaren jabe.

Ordezkoa: Pedro María <Pellejero Goñi jauna, Nafarroako Gobernuko Goi Mailako Kazetari tituluduna, E.G.A. tituluaren jabe.

-Carlos Gil Martínez jauna, kazetaria eta Nafarroako Parlamentuko Prentsa, Argitalpen eta Protokolo Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: María Antonia Uriz Ayestarán andrea, Nafarroako Gobernuko Goi Mailako Kazetari tituluduna.

-Inma Errea Cleix andrea, Informazio Zientzietako lizentziatua eta Iruñeko Udaleko itzultzailea.

Ordezkoa: Juan José Balerdi Usabiaga jauna, Nafarroako Gobernuko Goi Mailako Kazetari tituluduna, E.G.A. tituluaren jabe.

Mahaikide idazkaria, hitz eta botoarekin:

-Ignacio Cabeza del Salvador jauna, Nafarroako Kontuen Ganbarako auditorea, Nafarroako Kontuen Ganbarako Langileri Batzordeko ordezkaria.

Ordezkoa: Francisco Javier Sesma Masa jauna, Nafarroako Kontuen Ganbarako auditorea, Nafarroako Kontuen Ganbarako Langileri Batzordeko ordezkaria.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaiko kideek ezin izanen dute parte hartu, eta halaxe jakinaraziko diote Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 28. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe. Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak elkartu beharko dira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei dei egin ahalko die proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.6. Ariketak baloratzean erabateko adostasunik ez badago, epaimahaiak kide bakoitzaren kalifikazio partzialak batuko ditu eta gero kide kopuruaz zatituko. Emandako puntuazioen artean ehuneko berrogeiko edo gehiagoko aldea badago, bakoitzak eman dezakeen gehieneko puntuazioa aintzat hartuta, puntuaziorik altuena eta baxuena automatikoki baztertuko dira eta gainerako kalifikazioen batez besteko puntuazioa aterako da.

5.7. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sortzen diren zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak ebatziko ditu.

6. oinarria.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2002ko azaroan hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren. Gero, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, arauzko moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenbiziko ariketa:

Teorikoa, idatziz azaldu beharko dira, lau orduz gehienez, zozketa bidez ateratako bi gai; horietako bat gai zerrendaren lehen zatikoa eta bestea bigarren zatikoa.

Bigarren ariketa:

Teorikoa, idatziz azaldu beharko dira, lau orduz gehienez, zozketa bidez ateratako bi gai; horietako bat gai zerrendaren hirugarren zatikoa eta bestea laugarren zatikoa.

Hirugarren ariketa:

Praktikoa, gehienez ere lau orduz, bi kasuri buruz idatzi eta gero epaimahaiaren aurrean ahoz defendatu beharko da. Kasu horiek oposizioko programako gaien ingurukoak izanen dira, bai eta kanpoko kontrolerako erakunde publiko bateko Komunikazio Kabinete baten jardueren ingurukoak ere.

Laugarren ariketa:

Itzulpen proba. Gehienez ere lau orduz bi itzulpen ariketa egin beharko dira gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara. Testuak Nafarroako Kontuen Ganbarako eginkizunen ingurukoak izanen dira. Izangaiek hiztegia erabili ahalko dute proba hau egiteko.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, eta honela banatuko dira ariketen arabera:

Lehen ariketa:

Gehienez ere 25 puntu. Gai bakoitzak 12,50 puntu gehienez.

Bigarren ariketa:

Gehienez ere 25 puntu. Gai bakoitzak 12,50 puntu gehienez.

Hirugarren ariketa:

Gehienez ere 25 puntu. Kasu bakoitzak 12,50 puntu gehienez.

Laugarren ariketa:

Gehienez ere 25 puntu. Kasu bakoitzak 12,50 puntu gehienez.

Ariketa bakoitza baztertzailea izanen da. Hori horrela, baztertu eginen dira ariketaren batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak, bai eta edozein gai eta kasutan 0 puntu izaten dutenak ere.

6.4. Izangaiek oposizioko ariketak idatziz garatu eta epaimahaiaren aurrean irakurriko dituzte, jendaurreko ekitaldi batean.

Kasu praktikoak irakurri ondoren, epaimahaikideek egokiak iruditzen zaizkien galderak egin ahalko dizkiete izangaiei, eta gero kalifikatu.

6.5. Epaimahaiak deialdiaren 5.6. oinarrian ezarritako moduan kalifikatuko ditu ariketak.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Kontuen Ganbarako iragarki oholean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo ariketa non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiriren bat aldean eraman beharko dute. Azaltzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira. Halaber, epaimahaiak ezarritako egunean ariketak irakurtzera agertzen ez direnak ere oposiziotik kanpo utziko dira.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten minusbaliatuentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azkeneko ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Kontuen Ganbarako iragarki oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda lortutako puntuazioaren arabera, oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak baturik.

7.2. Epaimahaiak Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariari igorriko dio oposizioko ariketak gainditzen dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, bai eta puntu gehien dituen izangaiaren aldeko izendapen proposamena ere.

7.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Nafarroako Kontuen Ganbarako Erregistro Orokorrean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen balio bereko agiriarena.

b) Deialdiaren 2. oinarriko c eta d idatz-zatietan eskatutako tituluen fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak egindako txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela frogatzen duena.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, minusbaliotasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela adierazten duen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

e) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

7.4. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta beren jarduketa guztiak baliorik gabe geratuko dira, eskabidea faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

7.5. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.2 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Kontuen Ganbarako funtzionario izendatuko ditu, kazetari-itzultzaile lanetan aritzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Kontuen Ganbarako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 7.5 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bai eta bere oinarrien eta Kontuen Ganbarako lehendakariak izendapenari buruz hartzen duen erabakiaren aurka, ondoren aipatzen diren errekurtso hauetako bat jarri ahalko da, indarra duen araudiari jarraikiz:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Deialdi hau aplikatzeko gainerako egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Kontuen Ganbarako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean. Gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Auzitegi Nagusian.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

............... J/A-k, adinez nagusia, ........... zenbakiko Nortasun Agiri Nazionala (edo nortasun agiri baliokidea), 19.....(e)ko ..........(a)ren ........(e)an jaioa, .........(e)koa (.........), ..............(e)ko nazionalitatea, helbidea ..........(e)n (........), ........... kalean, .......... posta kodea, eta ............ telefonoa.

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

Nafarroako Kontuen Ganbararen zerbitzuko kazetari-itzultzaile baten lanpostua oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen duela.

Karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Ez duela indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez dela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren bigarren oinarrian adierazitako titulazioaren jabe dela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

Hala denean:

Minusbaliotasuna duela, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Beste orrialde batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik-norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak).

Azaldutakoaren ondorioz,

Hauxe eskatzen du: eskabide hau onartu eta Nafarroako Kontuen Ganbararen zerbitzuko kazetari-itzultzaile baten lanpostua oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea.

Iruñean, 2002ko .............. (a)ren ....(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

LEHENENGO ZATIA

Komunikazio gaiak

1.-Komunikazioa eta informazioaren egintza. Kontzeptuak. Masen komunikazioa: teoriak eta eskemak. Informazioaren eginkizun soziala.

2.-Informazioaren inguruko zuzenbidea. Informazioaren egintzaren ondorio juridikoak. Komunikabideei buruzko legeria. Erantzun eta zuzentzeko eskubidea.

3.-Informaziorako eskubidea. Informaziorako eskubidearen subjektua eta objektua. Informazio eta iritziak ikertu, zabaldu eta jasotzeko eskubidea.

4.-Informazioa eta giza eskubideak. Ohorea, intimitatea eta norberaren irudia errespetatzeko eskubidea. Printzipioak eta mugak. Legezko araubidea.

5.-Informatzaileen eskubideak. Informatzailearen askatasuna eta erantzukizuna. Kontzientzi klausula eta sekretu profesionala.

6.-Informazioaren deontologia. Informazioa eta egia. Objektibitatearen kontzeptua. Informazioaren egiazkotasuna eta arau hori haustea. Kode deontologikoak.

7.-Iritzi publikoa. Definizioa eta ebaluatzeko metodoak. Ezaugarriak, erabilera eta iritzi-azterketen lege esparrua.

8.-Kazetaritza idatziaren generoak. Informazioa, kronika, erreportajea, elkarrizketa, etab.

9.-Ikus-entzunezko informazioaren teknikak. Ezaugarriak. Teknikak. Bilakaera.

10.-Eguneroko prentsa. Jatorria eta egungo egoera. Munduko eta Espainiako eguneroko prentsaren ezaugarriak. Azken berrikuntzak. Hedapena. Aurreikuspenak.

11.-Egunerokoa ez den prentsa. Bilakaera eta egungo egoera. Munduko eta Espainiako egoeraren ezaugarriak. Argitalpen berezituak.

12.-Irratia. Komunikabide horren bilakaera eta gaur egungo egoera, munduan eta Espainian. Eduki informatiboak. Irrati-entzuleak. Aurreikuspenak.

13.-Telebista. Komunikabide honen bilakaera eta gaur egungo egoera, munduan eta Espainian. Eduki informatiboak. Teleikusleak eta audientziak.

14.-Berri agentziak. Nazioarteko agentziak. Espainiako agentziak, gai orokorretakoak eta berezietakoak. Aurreikuspenak.

15.-Erakundeen publizitatea. Espainiako erakunde eta enpresa publikoen jarduera publizitatarioa. Helburuak eta erabiltzen diren baliabideak. Alderdi ekonomikoak.

16.-Erakunde publikoen komunikazio kabineteak. Helburu eta eginkizunak. Erabiltzen diren baliabideak. Espainiako erakundeetan nola ezarri diren.

17.-Komunikazioaren inguruko aholkularitza eta irudi enpresak. Ematen dituzten zerbitzuak. Espainian eta atzerrian nola ezarri diren.

18.-Informazio enpresak. Komunikabideen inplikazio ekonomikoak. Multimedia enpresak. Komunikabide garrantzitsuenen jabetza Espainian.

19.-Harreman publikoak. Komunikazioaren prozesuekiko harremana. Erakunde publikoetan eta entitate pribatuetan duten tokia.

20.-Irudi korporatiboa eta diseinua: irudi korporatiboa, sinbologiaren ikuspegitik. Erabilera eta aplikazioak. Diseinu grafikoaren eginkizuna komunikabideetan. Elebitasuna sinbolo grafikoetan.

21.-Informazioaren dokumentazioa. Kontzeptua. Dokumentazio zentro baten eginkizunak eta antolamendua. Azterketa eta lengoaia dokumentalak. Informazio eta dokumentazio arloko puntako teknologiak eta euskarri berriak.

22.-Informazioaren teknologiak. Bilakaera, gaur egungo egoera eta aurreikuspenak.

BIGARREN ZATIA

Gai orokorrak eta fondo publikoen kontrolari buruzkoak

1.-Espainiako konstituzioa. Oinarrizko edukia eta konstituzioaren printzipioak. Aldarrikatzen dituen funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak.

2.-Koroa. Erregeak konstituzioaren arabera dituen eginkizunak. Erregearen botereak. Gobernuarekiko eta Gorteekiko harremanak. Berrespena. Ondorengotza. Erregeordetza.

3.-Gorte nagusiak. Diputatuen kongresua. Senatua. Eraketa eta funtzionamendua.

4.-Konstituzioaren defentsa juridikoa. Konstituzio Epaitegia. Osaera, izaera eta eginkizunak. Botere judiziala: organoak eta prozedurak.

5.-Espainiako gobernua. Antolaketa. Gobernuko presidentea eta presidenteordea. Ministroen Kontseilua. Ministerioen antolaketa.

6.-Estatuko administrazio zentrala. Antolamendua eta eginkizunak. Dirusarrerak eta gastuak. Defentsa eta segurtasuna. Inguruko organoak.

7.-Justizia administrazioa. Konstituzioaren araberako eginkizunak. Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra. Beste organo batzuk.

8.-Estatuaren lurralde antolaketa: autonomia erkidegoak. Espainiako estatuaren izaera, lurralde banaketaren ikuspegitik. Autonomi erkidegoen ekinbidea.

9.-Autonomia estatutuak. Izaera. Ezaugarriak. Edukia. Prestatu eta aldatzeko prozedurak.

10.-Administrazio zentralaren eta autonomia erkidegoen arteko harremanak. Eskumenen banaketa. Legegintzarako ahalmena.

11.-Espainiako ekonomia. Garapenerako dinamika. Ekoizpen sektoreak. Indize ekonomikoak. Aberastasunaren banaketa. Europako Batasuneko beste herrialde batzuekin alderatzea.

12.-Espainiako hauteskunde sistema. Hauteskundeetarako gaitasun pasibo eta aktiboa. Hauteskunde administrazioa. Hauteskunde orokorretarako deialdia. Hauteskundeetako kanpaina. Kongresurako eta Senaturako erabiltzen den hauteskunde sistema. Hauteskunde prozedura.

13.-Elebitasuna gizartean. Gizarte elebidunak. Normalizaziorako politikak. Elebitasuna Espainian.

14.-Kudeaketa publikoaren kontrola gizarte demokratikoetan: barne eta kanpo kontrola.

15.-Kontrol publikoaren egungo joerak. Aurreikuspenak.

16.-Kudeaketa publikoaren kontrola Espainian: Kontuen Epaitegia. Antolaketa eta eginkizunak.

17.-Kontuen Epaitegia eta kanpoko kontrolerako organo autonomikoak. Eskumenak eta harremanak.

18.-Fondo publikoen kanpoko kontrola egiten duten erakundeen egitura: organo kolegiatuak eta pertsona bakarreko organoak, beren arteko diferentziak.

19.-Kontuen Epaitegiak eta botere legegilearekin eta exekutiboarekin dituzten harremanak.

20.-Kanpoko kontrolerako organoek egiten duten lana. Sektore publikoaren auditoriako printzipio eta arauak.

21.-Fondo publikoen kontrola eta gizartea. Lan fiskalizatzailearen komunikazioa. Gardentasuna fondo publikoen kudeaketan.

22.-Europako Batasuneko Zuzenbidea: kontzeptua, ezaugarriak. Iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

23.-Europako Batasunaren antolamendua. Batzordea. Parlamentua. Kontseilua. Auzitegia. Eskualdeen Batzarra. Bakoitzaren osaera, eginkizunak eta eskumenak. Haien erabakien ondorioak.

24.-Europako Kontuen Epaitegia. Osaera, eginkizunak eta eskumenak. Estatuetako eta eskualdeetako kontuen epaitegiekin dituen harremanak.

HIRUGARREN ZATIA

Nafarroari buruzko gai orokorrak

1.-Nafarroa XVI. mendera arte. Erreinuaren sorrera eta eraketa.

2.-Nafarroa Gaztelako Koroan sartzea: historia, izaera juridikoa eta ondorioak. Kultura eta gizartea.

3.-XIX. mendeko gertakari politikoak. Lege Itundua: inguruabarrak eta ondorioak. Karlistadak. Pertsonaiak.

4.-Nafarroa XX. mendean. Mende horretako lehen hereneko jarduera politikoa eta gizarte egoera. Estatutuen inguruko planteamenduak. Bigarren Errepublika. Gerra zibila 1936-1939. Nafarroa frankismo garaian. Industriaren bilakaera eta krisia.

5.-Trantsizio politikoa Nafarroan. 1973tik 1984ra bitarteko gertakari politiko eta sozialak. Alderdi eta koalizio politikoen bilakaera. Hauteskundeen emaitzak.

6.-Azken urteotako Foru Komunitatearen historia. Nafarroako gertakari publikoak 1984. urtetik aurrera. Hauteskundeen emaitzak.

7.-Nafarroako geografia. Lurraldearen banaketa geografikoa. Klima. Lurraren erabilera. Biztanleria.

8.-Nafarroako hiri sarea. Iruñeko eta Iruñerriko hirigintza bilakaera. Beste hirigune batzuk. Hirigintza planeamenduaren egungo egoera.

9.-Nafarroako egitura ekonomikoa. Ezaugarriak. Indize ekonomikoak. Finantza sistema. Barruko eta kanpoko merkataritza.

10.-Lehen sektorea. Bilakaera eta ekoizpen faktoreak. Aurreikuspenak.

11.-Industri sektorea. Nafarroako industri egituraren bilakaera. Ezaugarriak. Azpisektore garrantzitsuenak. Azpiegitura. Aurreikuspenak.

12.-Zerbitzuen sektorea. Sektore horren ezaugarriak eta bilakaera. Azpisektoreak. Aurreikuspenak.

13.-Foru Komunitateko sektore publikoa. Foru Administrazioaren egitura. Erakunde autonomoak eta enpresa publikoak. Haien jarduera ekonomiko-finantzarioaren kontrola.

14.-Nafarroako toki entitateen sektorea. Oinarrizko araudia. Egitura. Udalak, kontzejuak eta gainerako toki entitateak. Haien jarduera ekonomiko-finantzarioaren kontrola.

15.-Nafarroako osasun sistema. Oinarrizko osasun laguntza. Ospitale sistema. Zonifikazioa. Prebentzio neurriak.

16.-Nafarroako hezkuntza sistema. Mailak eta ereduak. Unibertsitateko ikasketak. Ikerkuntza. Helduen prestakuntza.

17.-Nafarroako kultur ondarea. Ondare historiko-artistikoa. Ezaugarriak. Zainketa eta erabilera. Donejakue bidea Nafarroan. Azalpena; kultur eragina.

18.-Kontuen Ganbararen egoitza historikoa: Iruñeko Ansoleaga kaleko eraikina. Estiloa eta berezitasunak.

19.-Gaur egungo kultura eta artea. Literatura. Musika. Pintura. Arkitektura. Beste arte batzuk. Nafarroako kulturaren inguruko erakunde eta pertsona ospetsuak XX. mendean.

20.-Euskal kultura. Euskal kulturaren ondarea Nafarroan. Euskarari buruzko legezko xedapenak. Hezkuntzako hizkuntz ereduak. Zonifikazioa. Euskarak Nafarroan gaur egun duen egoera.

21.-Euskarazko itzulpenaren historia eta literaturarekin duen erlazioa. Itzulpena eta literatura euskararen historian. Euskaratik eta euskarara egiten diren itzulpenen egungo egoera.

22.-Nafarroako komunikabideak (I). Sorrera eta garapena. Enpresa egitura. Eduki informatiboak.

23.-Nafarroako komunikabideak (II). Biztanleen erabilera ohiturak. Egunkari, irrati eta telebisten hedadura.

LAUGARREN ZATIA

Nafarroako erakundeak

1.-Foru araubidea. Foruaren kontzeptuaren adiera historikoak. Ituna, Nafarroako Foruen oinarri. Historian izan diren foru-itunen azterketa.

2.-Nafarroako erakundeak 1979ra arte. Erreinu independientearen erakundeak. Erreinuko konstituzio araubidea: Gorteak; Erregeordea eta Errege Kontseilua; Erreinuko Diputazioa. Foru Diputazioa. Foru Administrazio Kontseilua.

3.-1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretua. Lantzeko prozesua. Foru Parlamentua: osaera, hautapena, eskurantzak eta jarduketa garrantzitsuenak. Foru Diputazioa: osaera, hautapena eta eskurantzak.

4.-Foru hobetzea (I). Sorrera eta oinarrien lanketa prozesua. Negoziazio prozesua. Itun izaera. Atariko Tituluan biltzen diren printzipioak.

5.-Foru hobetzea (II). Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Aginteak. Eskumen motak. Justizia Administrazioa. Estatuarekiko eta autonomia erkidegoekiko harremanak.

6.-Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Eginkizunak. Osaera. Erregelamendua eta barne gobernua. Funtzionamendua. Kontuen Ganbara. Legegintzarako biztanleek eta udalek sustaturiko ekinbideak.

7.-Nafarroako Gobernua. Gobernuko lehendakaria: hautapena, eginkizunak, erantzukizuna. Kontseilariak: izendapena, eginkizunak, erantzukizuna. Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legea.

8.-Foru Komunitateko lege xedapenak. Foru Legeak: onesteko eta aldarrikatzeko ekinbidea eta izapidea. Foru Dekretuak. Parlamentuak 1983az geroztik onetsitako lege garrantzitsuenak.

9.-Nafarroako Kontuen Ganbara: aurrekariak. Sorrera eta bilakaera Nafarroako Erreinuaren garaian. Indargabetzea.

10.-Kontuen Ganbararen berrezarpena. 1979ko Errege Dekretua. Berrezartzeari buruzko 1980ko Foru Araua. Foru Hobetzean bildutako arauak.

11.-Nafarroako Kontuen Ganbara arautzen duen 1984ko Foru Legea: antolaketa eta eginkizunak. Kanpoko kontrolerako beste organo batzuen aldean dituen berezitasunak.

12.-Kontuen Ganbarak Foru Komunitateko botere legegilearekin eta exekutiboarekin eta beste erakundeekin dituen harremanak. Kontuen Ganbara eta Nafarroako toki entitateak.

13.-Kontuen Ganbarak Kontuen Epaitegiarekin eta kanpoko kontrolerako gainerako organoekin dituen harremanak.

14.-Kontuen Ganbarako txostenak. Txostenak egiteko prozesua. Txosten motak. Gomendioak.

15.-Kontuen Ganbara eta bere lanaren berri ematea. Txostenen berri ematea. Komunikabideekin dituen harremanak.

16.-Nafarroako Kontseilua: sorrera, araudia eta eginkizunak.

17.-Arartekoa: sorrera, araudia eta eginkizunak.

18.-Hauteskundeetako legeria. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. Udal hauteskundeak. Kontzejuetako hauteskundeak. Horietako bakoitzerako deia eta aplikatu beharreko legeria.

19.-Estatuarekin egiten diren hitzarmen ekonomikoak. Jatorria. Izaera. Beste autonomia erkidego batzuen finantza sistemarekin dauden diferentziak eta antzekotasunak. Indarra duen hitzarmen ekonomikoa: edukia eta berritasunak.

20.-Foru Komunitateko aurrekontuei buruzko arauak. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea eta aurrekontuen legeak. Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea egin eta onesteko prozesua. Aurrekontu exekuzioa. Kontu-hartzailetza. Kontu Orokorrak.

21.-Kontratazio administratiboaren araudia. Nafarroaren eskumenak. Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko Foru Legea. Oinarri izan diren printzipioak, egituraren eta edukiaren azalpen laburra.

22.-Foru Komunitateko funtzio publikoa. Nafarroaren eskumenak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Edukiaren azalpen laburra. Erregelamendu bidezko garapena.

23.-Nafarroako sinbologia eta zeremoniala. Nafarroako ikurrak: legezko araudia. Agintarien arteko mailaketa. Erakundeetako festak. Elebitasuna sinbologia ofizialean.

24.-Irrati-hedapenaren eta telebistaren araubidea. Nafarroako eskumenak. FM emisoreen adjudikazioari buruzko araudia. Udal irrati-emisoreak. Tokiko telebista-emisoreak.

Iragarkiaren kodea: A0206949