84. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

25/2002 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeari buruzko apirilaren 21eko 8/1987 Foru Legea aldatu eta Tuteran unibertsitate-ikasketak ezartzeari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA SORTZEARI BURUZKO APIRILAREN 21EKO 8/1987 FORU LEGEA ALDATU ETA TUTERAN UNIBERTSITATE-IKASKETAK EZARTZEARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa jaio izana, bai eta orduan onartu zen unibertsitate eredua bera ere, nafar gizartea modernizatzeko borondate politikoari zor zaio. Unibertsitate publiko baten eginbeharra, ordea, aldiro egokitu behar da, haziz doan gizarte-dinamismoak planteatzen dituen eskari eta beharrizanak garatu ahala hain zuzen ere, gizartearen garapenari uneoro modu eragingarrian laguntzeko, gizartearen zerbitzura dago-eta. Jakintzaren gizarte jaioberriak -hartarantz baikoaz- areagotu egiten du, gizartearen garapenerako giltza den aldetik, unibertsitate erakundearen garrantzia. Horregatik da hain garrantzitsua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren plangintza estrategikoa bat etortzea Foru Komunitateak bere erakunde publikoen bitartez ezartzen duen garapenerako estrategia orokorrarekin.

Gaurko egoeran beharrezkoa da Nafarroak neurriak hartzea oraindik ezkutuan dagoen lurralde- eta sektore-ahalmena sustatu ahal izateko eta gizarte garatuen eta berdinzaleen mailara indartsu heltzeko. Eta hain zuzen ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zeregin nabarmena izan dezake eta izan behar du helburu hori lortzerakoan.

Une honetan -hori erakusten dute argiro egindako azterlanek- zeharo bidezkoa da jadanik sustraiak bota dituen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskaintza osatzea eta Nafarroako Erriberaraino eramatea unibertsitatea, titulazioen egungo eskaintza zabalduz, egungo ekonomia- zein gizarte-jardueraren ondorioz eskaera handia duten titulazioetako batzuk -eta hartara aukera profesional zabala eskaintzen dutenak- bertan jarrita.

Horrekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortu zuen apirilaren 21eko 8/1987 Foru Legearen izpirituarekin bat etorriz -hartan espresuki esaten da haren helburuen artean dagoela "unibertsitatea hedatzea gizarte-bizitzan presente egon dadin"-, ematen du komenigarria dela foru lege horren helburuak erdiesteko neurriak hartzea.

Hori dena aintzat hartuta -eta unibertsitatearen autonomiarekiko eta Nafarroako Parlamentuak unibertsitateko organoei agindu eta onartutako zereginekiko errespetu osoa aitortuta-, ematen du unibertsitatea sortzeko baliatu zen tresna bera erabili behar dela hartan halako aldaketa bat egiteko.

Xede horretarako, hurrengo bi urteetan unibertsitate-ikasketak ezarriko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikastetxe berezien bitartez eta haietan erantzuna emanen zaie Nafarroako unibertsitate- ikasleen beharrei eta aukera profesionalei.

Artikulu bakarra.-Xedapen gehigarri bat erantsi zaio Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortu zuen apirilaren 21eko 8/1987 Foru Legeari. Hona xedapen horren testua:

"Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001Lege Organikoaren eta Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak horretarako hartuko dituen erabakien esparruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, foru lege honek indarra hartu eta bi urteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bertaratze ikasketa ofizialak ezarriko ditu Tuteran, lehentasunez unibertsitate eskolaren mailarekin, titulazioen eskaintza osatzeko, Nafarroako gizartearen hezkuntza premiak asetzeko eta eskualde horretako garapen sozioekonomikoa bultzatzeko egokiak direnak."

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira foru lege honi kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau betearazteko behar adina xedapen eman ditzan.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0207406