84. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

24/2002 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula 2002tik 2004ra bitarteko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

FORU LEGEA, TOKI OGASUNEK NAFARROAKO TRIBUTUETAN PARTE HARTZEKO FUNTSAREN ZENBATEKOA ETA BANATZEKO FORMULA 2002TIK 2004RA BITARTEKO AURREKONTU-EKITALDIETARAKO EZARTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 259. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako toki entitateek beren eskumenak erabili eta helburuak bete ditzaten, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaie, Toki ogasunei buruzko Foru Legeak arauturik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera Nafarroako toki eraentzari berez dagokion gaia baita.

Horrez gain, Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeko 260. eta 261. artikuluek xedatzen dute Toki ogasunek Foru Komunitateko tributuetan parte hartuko dutela.

Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak ezartzen du, 2. artikuluan, lege honetan ezarritako baliabide ekonomikoak arautzearen helburua hauxe dela: legeek toki entitateei esleitzen dizkien eskumen eta eginkizunak betetzeko behar diren printzipio konstituzionalak, finantza aldetiko autonomia eta askitasuna alegia, benetan bete daitezen ziurtatzea.

Foru lege honek bere denbora muga du, 2002, 2003 eta 2004. urteak hain zuzen, Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen irailaren 21eko 20/2001 Foru Legeari jarraikiz.

Foru lege honek, lehenengo eta behin, toki entitateek Nafarroako ogasun publikoan parte hartzeko funtsaren zenbateko osoa ezartzen du eta, ondoren, zenbateko hori handitzeko sistema, transferentzia arruntak eta bestelako laguntzak deritzen kontzeptuetan. Gehikuntza hori Nafarroako Foru Komunitateko Kontsumorako Prezioen Indizearen igoera portzentuala adinakoa izanen da, hots, ekainetik ekainera bitartekoa adinakoa, urte horietako bakoitzerako, gehi ehuneko bia.

Ekitaldi bakoitzerako esleituriko partaidetzaren zenbatekoa, Nafarroako toki ogasunei buruzko Foru Legeko 123. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoarekin bat banatzen da, transferentzia arrunten, kapital transferentzien eta bestelako laguntzen bidez.

2002. urteko transferentzia arrunten eta bestelako laguntzen zenbatekoari dagokionez, abenduaren 268/1988 Foru Legeak ezartzen du aurrekontuen kargura hurrengo ekitaldira arte geroratu ez daitekeen gasturen bat egin behar eta behar adina dirurik ez dagoenean, eta gainera foru lege honetako xedapenen arabera kreditua handitzerik ez dagoenean, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat igorriko diola Nafarroako Parlamentuari kreditu-gehigarri bat eman dezan.

Transferentzia arruntak, Nafarroako toki ogasunei buruzko Foru Legeko 123.3 artikuluan xedaturikoarekin bat, udalen eta kontzejuen artean banatuko dira. Banatzeko formulak zuzentasun eta proportzionaltasun irizpideak kontuan hartu beharko ditu, aipatu printzipio nagusiak zehazten dituzten parametroetan oinarriturik.

Hori horrela, foru lege honek Transferentzia Arrunten Funtsaren banaketa dakar. Toki entitateen gastuaren adierazgarritzat jotzen diren aldagaien arabera banatuko da ehuneko 86 eta gainerako ehuneko 14 zerga bidezko dirusarrerak eta herrilurretako aberastasuna eskuratzeko ahalmena erabiltzeko mailaren adierazgarritzat jotzen diren aldagaien arabera. Zehazkiago, formula berriak bizilagun bakoitzeko gastu arruntaren, haren osaeraren, adinaren arabera sailkatutako populazioaren, langabeziaren, hiri lurzoruaren zabaleraren, zerga ahaleginaren eta herrilurren balio katastralaren arabera ponderaturiko populazio aldagaiak hartzen ditu oinarritzat, hots, lehen aipaturiko legezko aurreikuspenak hartzen ditu kontuan.

Arau honek tratamendu ezberdina du udaletarako eta kontzejuetarako, kasuan kasuko eskumenen arabera, udalen eta kontzejuen arteko eskumen eskuordetza eta horren ondoriozko baliabide esleipena deusetan galarazi gabe.

Dena dela, banatzeko formula berriak ez du xede orain arte indarra zuen sistema erabat haustea. Trantsizio prozedura bat du, bermea duena, eta erreferentzia 2001eko ekitaldian jasotakoa da.

Kapital transferentziei dagokienez, haien banaketa 2001-2003 toki azpiegituren hiru urtetarako planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legean eta 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko plan bereziari buruzko uztailaren 5eko 16/2001 Foru Legean ezarria da. Betiere Nafarroako toki ogasunei buruzko Foru Legeko 123. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoari lotua dago.

Funtsa banatzeko azkeneko kapituluari bestelako laguntzak deritzo eta bertan hiru hauek daude sarturik: Lehenbizikoa, Iruñeko Udalari "Iruñeko Hiriburutza Agiria" kontzeptuagatik dagokion zuzkidura; bigarrena, Nafarroako udalentzako diru konpentsazioa: parte bat 4.001etik 10.000 biztanlera bitarteko udalerrientzat "gastu aplikatuaren arabera ponderatutako biztanleria" delako aldagaiaren alderako konpentsazio gisa, eta gainerakoa 4.001etik 40.000 biztanlera bitarteko populazioa duten udalei, finantza efizientziaren kontzeptuan; eta hirugarrena, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 72.2 artikuluan interes komunak babestu eta sustatzeko osaturiko toki entitateen federazio edo elkargoendako laguntza ekonomikoei buruz dagoen aurreikuspena betetzeko zuzkidura ageri dira.

I. KAPITULUA

Funtsaren kontsignazioa

1. artikulua. Funtsaren zuzkidura.

Toki entitateek Nafarroako ogasun publikoaren tributuetan 2002ko ekitaldirako parte hartzeko Funtserako guztira 173.168.096 euroko zuzkidura ezartzen da, Nafarroako aurrekontu orokorretan agertuko dena.

2. artikulua. Funtsaren banaketa.

2002ko ekitaldirako esleituriko partaidetzaren zenbatekoa honelaxe banatuko da:

I.-Transferentzia arruntak: 107.262.089 euro.

II.-Kapital transferentziak: 46.560.293 euro.

A. Hiru urteko plana: 42.653.714 euro.

B. Plan berezia: 3.906.579 euro.

III.-Bestelako laguntzak:

A. Iruñeko Udalari, Hiriburutza Agiriagatik: 13.560.750 euro.

B. Nafarroako udalentzako diru konpentsazioa: 5.594.744 euro. Horietatik 1.096.557 euro 4.001etik 10.000 biztanlera bitarteko udalerrientzat "gastu aplikatuaren arabera ponderatutako biztanleria" delako aldagaiaren alderako konpentsazio gisa, eta 4.498.187 euro 4.001etik 40.000 biztanlera bitarteko populazioa duten udalei, finantza efizientziaren kontzeptuan.

C. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari: 190.220 euro.

3. artikulua. 2002. urterako kreditu-osagarriak.

Honako kreditu-osagarriak onartzen dira, 2001etik 2002ra luzatutako aurrekontuko kontusail hauetan aplikatuko direnak:

-5.591.865 euro, "Transferentzia arrunten funts orokorra" izeneko 212000-21210-4600-912100 kontusailaren kargura.

-706.959 euro, "Iruñeko Hiriburutza Agiria" izeneko 212000-21210- 4600-912103 kontusailaren kargura.

-291.671 euro, "Nafarroako udalentzako finantza-konpentsazioa" izeneko 212000-21210-4600-912104 kontusailaren kargura.

-9.917 euro, "Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntza" izeneko 212000-21210-4600-912102 kontusailaren kargura.

4. artikulua. Kreditu-osagarrien finantzabidea.

Aurreko artikuluan aipatutako kreditu-osagarriak, guztira 6.600.412 euro, 2001etik 2002ra luzatutako aurrekontuko kontusail honen kargura izanen dira: "Aurreko ekitaldietako superabitaren aplikazioa" izeneko 112000-11400-8700-000000 kontusaila.

5. artikulua. 2003. eta 2004. urteetarako aurrekontu-kontsignazioa.

1. 2003. eta 2004. urteetarako Nafarroako aurrekontu orokorretan, toki entitateek Nafarroako ogasun publikoan parte hartzeko funtsaren kontsignazioa honela banatuko da: transferentzia arruntak, kapital transferentziak eta bestelako laguntzak.

2. Kapital transferentziei dagokien kontsignazioa 46.560.293 eurokoa izanen da 2002. urterako. Horietatik 42.653.714 euro hiru urteko planari dagozkio eta 3.906.579 euro plan bereziari. 46.393.328 euro 2003. urterako. Horietatik 42.486.748 euro hiru urteko planari dagozkio eta 3.906.579 euro plan bereziari. 51.838.360 euro 2004. urterako. Horietatik 47.931.781 euro hiru urteko planari dagozkio eta 3.906.579 euro plan bereziari.

Kapital transferentziei dagokion kontsignazioa kontzeptuka sailkatuko da bigarren xedapen gehigarrian aipatutakoaren arabera.

2004. urteko plana hauetan aipatzen diren irizpideei jarraikiz egin eta banatuko da: uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legea, 2001-2003 toki azpiegituren hiru urtetarako planari buruzkoa; azaroaren 20ko 367/2000 Foru Dekretua, arestian aipatu foru legea garatzen duen Erregelamendua onesten duena; eta uztailaren 5eko 16/2001 Foru Legea, 2001-2003rako toki azpiegituren plan bereziari buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak 2004. urteko obren plana onesten ahal du honako foru lege hau onetsitakoan.

3. 2003. eta 2004. urteetan transferentzia arruntetarako eta bestelako laguntzetarako aurreikusitako zenbatekoa kontzeptu horietarako 2002. urtean aurreikusitako zenbateko bera izanen da, gehi Nafarroako Foru Komunitateko kontsumorako prezioen indizearen igoeraren portzentajea, urte bakoitza ekainetik ekainera hartuta, eta horretaz gain beste % 2 gehituz.

II. KAPITULUA

Transferentzia arrunten eta bestelako laguntzen esleipena

6. artikulua. Banaketa-formula ezartzeko adierazgarriak.

1. Transferentzia arruntetarako partaidetzaren zenbatekoak oinarritzat hartuko ditu banatzeko formula ezartzeko ondoren aipatzen diren adierazgarriak.

2. Ehuneko 62 banatuko da bizilaguneko gastu arruntaren arabera ponderaturiko populazioarekiko zuzeneko proportzioan. Gastu hori 1994ko eta 1995eko ekitaldietako toki entitateetako kontu bateratuen batez bestekotik lortzen da, populazio tarteen arabera gehiturik, eranskinean ageri den 1. taularen arabera.

3. Ehuneko 24 banatzen da toki enteen gastu arrunt funtzionalak kontuan harturik, gastu arrunt guztiarekiko proportzioan, 1994ko eta 1995eko ekitaldietako toki entitateen kontu bateratuen batez bestekoaren arabera, eranskinean ageri den 2. taulari jarraikiz.

a) Gastu orokorrei esleiturikoa osaeraren arabera ponderaturiko populazioaren arabera banatuko da. Ponderazio hori faktore hauek bilduz lortzen da:

-Hamar urte honetako populazioaren aldaketa. Ponderazioa aldaketa portzentualaren zati osoa izanen da, eta gehienekoa ehuneko 20.

-15 bizilagun edo gehiago dituzten populazio entitateen kopurua. Ponderazioa batetik goitiko populazio duten entitateengatik ehuneko 5ekoa izanen da; gehienekoa ehuneko 20 izanen da.

-Populazio sakabanatua. Ponderazioa udalerriko populazio sakabanatuaren populazio guztiarekiko portzentajearen zati osoa izanen da; gehienekoa ehuneko 20 izanen da.

b) Hezkuntza gastuetarako esleitua banatuko da udalerri bakoitzean 16 urte edo gutxiago dituen populazioarekiko zuzeneko proportzioan Foru Komunitatekoaren aldean.

c) Osasun eta gizarte zerbitzuetako gastuetarako esleitua honelaxe banatuko da:

-Ehuneko 40, gastuaren arabera ponderaturiko populazioa kontuan hartuz, artikulu honetako 2. idatz-zatian agintzen denari jarraikiz.

-Ehuneko 30, udalerri bakoitzean Enpleguaren Institutu Nazionalean hilero inskribaturik dauden langabeen urteroko batez bestekoarekiko zuzeneko proportzioan, Foru Komunitateko batez bestekoaren aldean.

-Gainerako ehuneko 30, udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituen populazioarekiko zuzeneko proportzioan, Foru Komunitateko populazio horren aldean.

d) Herrilan eta hirigintza gastuetarako esleitua banatuko da hiri lurzoru garbiarekiko zuzeneko proportzioan. Hori izanen da planoaren araberako zabaleraren (azalera grafikoaren) eta lurzatiek batuta duten zabaleraren (azalera alfanumerikoaren) arteko aldearen ondoriozkoa, Foru Komunitatekoaren aldean.

e) Kultura eta kirol gastuetarako esleitua honelaxe banatuko da:

-Ehuneko 70, gastuaren arabera ponderaturiko populazioarekiko zuzeneko proportzioan, foru lege honetako artikulu honetako 2. idatz-zatian agintzen denari jarraikiz.

-Gainerako ehuneko 30, udalerri bakoitzean 16 urte edo gutxiago dituen populazioarekiko zuzeneko proportzioan, Foru Komunitateko populazio horren aldean.

4. Transferentzia arrunten gainerako ehuneko 14 zerga bidezko dirusarrerak eta herrilurretako aberastasuna eskuratzeko ahalmena erabiltzeko mailaren adierazgarritzat jotzen diren aldagaien arabera banatuko da. Ondorio horietarako, eragile hauek asignatuko eta kenduko dira, hurrenez hurren.

Ehuneko 15 zerga ahalegin eta presioarekiko zuzeneko proportzioan esleituko da, portzentajeak aurreko kontzeptuei aplikatuz, ezarpen figuren pisuaren arabera, oinarritzat hartuz toki entitateen 1997., 1998. eta 1999.eko ekitaldietako kontuak. Ondorio horietarako, faktore hauek asignatuko eta kenduko dira, hurrenez hurren:

-Ehuneko 11, udal bakoitzaren Nafarroaren batez besteko zerga ahaleginarekiko zuzeneko proportzioan, udalerri bakoitzeko populazioaren arabera ponderaturik. Zerga ahalegintzat joko da lurralde kontribuzioagatik likidatutako eskubideek duten portzentajea, ordainarazpen horrek legez baimenduriko gehieneko tasa eta errekarguak eta, etxebizitzen kasuan, merkatuko balioaren zenbatespenak aintzakotzat hartuz lekarkeen dirusarreraren aldean.

-Ehuneko 4, udal bakoitzaren presio fiskalarekiko zuzeneko proportzioan esleituko da. Presio fiskaltzat joko da udal bakoitzaren jarduera ekonomikoengatik likidatutako eskubideek duten portzentajea, Nafarroa osorako zerga horregatik likidatutako eskubideen aldean.

Gainerako ehuneko 1, udal bakoitzaren herrilurretako ondasunen balio katastralarekiko zuzeneko proportzioan murriztuko da, kasuan kasuko udalerrian dauden kontzeju guztienetakoa barne, Foru Komunitateko udal guztienetakoaren aldean.

7. artikulua. 2. artikuluko I. ataleko hasierako esleipena. "Transferentzia arruntak" izenekoa.

1. Banatzeko formulak, lehengo artikuluan agindutakoaren ondoriozkoak, eranskinean ageri den 3. taulan biltzen diren aldagaiekiko zuzeneko proportzioan esleituko die hasiera batez udalei ekitaldi bakoitzerako transferentzia arrunten funtsa.

2. Udalerrian kontzejuak dauzkaten udalen kasuan, aurreko puntuan zehazten den formula aplikatzearen ondorioz udalari dagokion zenbatekoa murriztuko da, hasiera batez kontzeju bakoitzari bi kontzeptu hauen arteko aldea emateko:

a) Kontzeju bakoitzeko hiri lurzoru garbiaren udalerriarekiko proportzioa, aurreko zenbateko ondoriozkoaren ehuneko 29,49, eta,

b) Kontzejuko herrilurretako balio katastralaren udalerri osoarekiko proportzioa, herrilurretako balio katastralagatik udalari murrizturiko zenbatekoari aplikaturik.

3. Aldagaien balioak lortzeko, eranskinean ageri den 4. taulan aipatzen diren iturburuetara joko da.

8. artikulua. Transferentzia arruntei dagokien hasierako asignazioaren bermearen aplikazioa eta horren kalkulua.

1. Formula honen arabera udal eta kontzeju bakoitzak hartutako asignazioa ez da inoiz izanen 2001. urtean transferentzia arruntengatik jasotakoa baino gutxiago.

2. Banatzeko formula aplikatzeagatik berme hori lortzen ez dutenek bermea izan dezaten, bermatuak baino diru gehiago lortzen duten udal eta kontzejuei hasiera batez asignaturikoetatik behar diren diru-kopuruak kenduko dira, dagokien bermearen igoerarekiko proportzioan.

9. artikulua. 2. artikuluko III B) atalaren asignazioa, "Nafarroako udalentzako diru konpentsazioa" izenekoa.

1. 4.001etik 10.000 biztanlera bitarteko udalerrientzako zuzkidura populazioaren arabera banatuko da, zuzeneko proportzioan.

2. 4.001etik 10.000 biztanlera bitarteko udalerrientzako zuzkidura biztanleria ponderatuaren araberako proportzioan banatuko da, honela: 4.001 eta 10.000 biztanle bitarteko udaletarako, biztanleriaren proportzioan, biztanleria 1,08ren alderantzizko balioaz ponderatu dela; 10.001 eta 40.000 biztanle bitarteko udaletarako, 1,3ren alderantzizko balioaz ponderatu dela.

10. artikulua. 2. artikuluko III. ataleko gainerako kontzeptuen banaketa ("Bestelako laguntzak").

1. Iruñeko Udalari "Iruñeko Hiriburutza Agiria" delakoagatik eman beharrekoari dagokionez, bestelako laguntzen partaidetzaren zenbatekoa abenduaren 2ko 16/1997 Foru Legean xedatutakoaren arabera arautuko (agiri hori ematen duen foru legea).

2. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eman beharrekoa foru lege honetako 11. artikuluan transferentzia arruntetarako aurreikusi bezala ordainduko da.

11. artikulua. Behin betiko asignazioa.

Udal eta kontzeju bakoitzari esleituko zaion behin betiko kopurua aurreko artikuluetan ezarritakoa, hots, Nafarroako udalerriendako transferentzia arrunten eta finantza konpentsazioaren ingurukoa, aplikatzearen ondorioz ateratzen dena izanen da.

III. KAPITULUA

Erabiliko diren aldagaiak eta ordainketak

12. artikulua. Erabiliko diren aldagaiak.

1. Funtsa Nafarroako udalerrien artean nola banatuko den kalkulatzeko behar diren aldagaien balioak ateratzeko, foru lege honen eranskinean ageri diren iturriak erabiliko dira. Aldagaien erreferentzia urtea, banaketa egiten den urteko maiatzaren 1ean eskura dauden Estatistikako Institutu Nazionalaren udalerrietako biztanleriaren inguruko azkeneko datu estatistiko ofizialena izanen da. Erreferentzia urte horretako daturik ez bada, hurbileneko urtekoak hartuko dira.

2. Artikulu honetako 1. atalean adierazitakoa deusetan galarazi gabe, zerga ahalegina eta presio fiskala kalkulatzeko, toki ogasunei buruzko Foru Legearen arabera Toki Administrazioaren Departamentuan aurkeztu beharreko azken ekitaldiko kontuen espedientetik ateratzen diren aldagaien balioak hartuko dira, edo, bestela, ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazio espedientetik ateratzen direnak, Nafarroako toki ogasunei buruzko Foru Legearen 227.2 artikuluan eta lege hori aurrekontuen eta gastu publikoen arloetan garatzen duen irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren 84. artikuluan adierazi bezala. Hori guztia ezinezkoa bada, beste udal batzuek Toki Administrazioko Departamentura bidalitako datuak hartuko dira aintzat, eta hortik ateratzen den ahalegin fiskalaren eta presio fiskalaren gutxieneko balioaren % 70 aplikatuko da.

3. Aurreko zenbakietan ezarritakoa gorabehera, udal edo kontzejuen banaketa edo elkarketa prozesuak gertatzen direnean, horien ondorioz banaketan kontuan hartu beharreko aldagaien balioak aldatzen badira, aldagaien ondoriozko zenbatekoa birkalkulatuko da, banaketa egiten den unean dagoen administrazio egoerara egokitzeko, betiere administrazio egoera berri horren inguruko datu ofizialik ez badago.

13. artikulua. Ordainketa.

1. Toki entitateek Nafarroako ogasun publikoaren tributuetan Parte Hartzeko Funtsetik esleitzen den diruaren ordainketa lau zatitan eginen da ekitaldi bakoitzean; zehazki, hiruhileko bakoitzeko lehenbiziko hamabostaldian.

2. Lehenbiziko bi ordainketek aurreko ekitaldian jasotakoaren % 25 eginen dute.

3. Hirugarren ordainketan, toki entitate bakoitzari urte horretan dagokion behin betiko kopurua kalkulatuko da eta, aurreko bi ordainketetan jasotakotik abiaturik, kalkulatutakoaren % 75era iristeko falta dena ordainduko zaie. Laugarren hiruhilekoan gainerako dirua ordainduko da.

4. Udalek eta haien barreneko kontzejuek hitzarmena sinatua duten kasuetan, entitate horiendako ordainketak hitzarmenean ezarri bezala egiten ahalko dira, deusetan galarazi gabe banaketarako formula aplikatuz entitate bakoitzari hasiera batean dagokion ekarpenaren zenbatekoa.

IV. KAPITULUA

Kapital-transferentzien esleipena

14. artikulua. Kapital transferentzietarako diruaren banaketa.

Partaidetza-funtsean kapital transferentzietarako bideraturiko dirua, 2002., 2003. eta 2004. urteetarako hiru urteko planari dagokiona, uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legean xedatu bezala banatuko da. Izan ere, haren aplikazio aldia 2004. urtera arte luzatu da.

Partaidetza-funtsaren kapital transferentzietarako bideraturiko dirua, 2002., 2003. eta 2004. urteetako plan bereziari dagokiona, uztailaren 5eko 16/2001 Foru Legean eta hori garatzeko arautegian xedatu bezala banatuko da. Hortaz, haren aplikazioaldia 2004. urtera arte luzatu da.

15. artikulua. Hiru urteko planaren 2004. urteko Proiektuaren obra plana nola prestatu.

1. Hiru urteko planaren 2004. urteko Proiektuaren obra-plana plan zuzentzaileetan ezarritakoari jarraikiz eginen da, plan horietan aurreikusitako obrak sartuz, betiere haien aurrekontuak foru lege honetan finkatutako zuzkidurekin bateragarriak baldin badira.

2. Toki programazioko azpiegitura obrei dagokienez, 2001-2003 aldirako hiru urteko planean sartuta egon arren, kostu handia zela kausa, zatika egin ziren obrek lehentasuna izanen dute, betiere Nafarroako Gobernuak 2001-2003 aldirako hainbat obra planean sartzeko hartutako erabakiaren bidez onetsitako diru-kopuruaren heren bat, gehienez, egin arte, salbu eta lehenbiziko fasean sartutako azpiegitura amaitzeko falta den obra-zatia munta ekonomiko txikikoa denean, orduan oso-osorik sartuko baitira. Orobat, zenbait eskaeretan lehenetsita egon arren, eskaera osoaren kostu ekonomiko handia zela kausa obra zati bat baino sartua ez zuten toki entitateen obrak aurreko irizpideari jarraikiz sartuko dira planean.

Gainerako dirua 2001-2003 aldirako toki azpiegituren hiru urteko planean finantzatu gabe gelditu ziren obrak finantzatzeko izanen da, hartan lortutako kalifikazio-ordenaren arabera, baina alde batera utziko dira ezinbestean edo ustekabean etorri izateagatik finantzatu ziren obrak.

3. Toki Garapenerako inbertsioak 7/2000 Foru Legean aurreikusitako obra berberei aplikatuko zaizkie.

4. 2004. urteko planean sartzen diren obrak kudeatu eta burutzeko prozedura 2001-2003 toki azpiegituren hiru urtetarako planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legean eta horren garapenerako erregelamendua onetsi zuen azaroaren 20ko 367/2000 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, behar diren egokitzapenak eginda.

16. artikulua. Plan bereziaren 2004. urteko Proiektuaren obra plana nola prestatu.

1. Finantzatuko diren obrak hauexek dira: Goi presioko ur horniduraren plan zuzentzailea eta programazio lokalari buruzko obrak, uztailaren 5eko 16/2001 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

2. 2004. urteko plan bereziko obrak hautatu eta lehenesteko, bakoitzaren ekarpenen araubidea finkatzeko eta plana prestatu, garatu, kudeatu eta burutzeko prozedura, halaber, aipatu foru legean ezarritakoa izanen da.

Toki Programazioko obrei dagokienez, 2001-2003 aldirako Plan Berezian finantzatu ez zirenak hartuko dira aintzat, hartan lorturiko kalifikazioen ordenaren arabera.

3. Plan honen xede diren toki entitateei dagokienez, foru lege haren eranskinean edo, bestela, Nafarroako Parlamentuak onetsiko duen zerrendan adierazitakoari jarraikiko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Nafarroako Toki entitateek Nafarroako ogasun publikoaren tributuetan parte hartzeko Funtsaren transferentzia arruntak eta bestelako laguntzak emateko 1999., 2000. eta 2001. urteetan egindako banaketak behin betikoak dira.

Bigarrena.-2001-2004 urteetan, kapital transferentzietarako finkatu den diru-kopurua, eurotan, honako hau da, kontzeptuz kontzeptu:

A.-PLAN ZUZENTZAILEAK

IKASKETAK 10.100 60.702 60.702 60.702 60.102 242.208

PRESIO HANDIKO UR-HORNIDURA 1.177.660 7.077.879 7.077.879 7.077.879 8.137.704 29.371.341

IBAIEN ARAZKETA ETA SANEAMENDUA 707.000 4.249.156 4.249.156 4.249.156 3.906.579 16.654.047

HONDAKIN SOLIDUAK

TRATAMENDUA 126.250 758.778 758.778 2.797.159 3.606.073 7.920.788

BILKETA 186.850 1.122.991 1.122.991 846.797 1.839.098 4.931.877

IRUÑERRIKO MANK. HITZAR. 579.600 3.483.466 5.891.842 2.137.981 - 11.513.289

HONDAKIN BERARIAZKOAK - - - 1.824.709 300.501 2.125.210

PLAN ZUZENTZAILEAK, GUZTIRA 2.787.460 16.752.972 19.161.348 18.994.383 17.850.057 72.758.760

B.-TOKI PROGRAMAZIOKO INBERTSIOAK

PZan SARTU GABEKO UR-HORNIDURA 15.150 91.053 91.053 91.053 102.173 375.332

TOKIKO HORNIDURA- ETA SANEAMENDU-SAREAK 1.313.000 7.891.289 7.891.289 7.891.289 7.813.158 31.487.025

ELEKTRIFIKAZIOAK 25.250 151.756 151.756 151.756 144.243 599.511

ARGITERIA PUBLIKOAK 227.250 1.365.800 1.365.800 1.365.800 1.562.632 5.660.032

ZOLADURAK 883.750 5.311.444 5.311.444 5.311.444 17.526.577 33.460.909

UDAL ERAIKINAK 202.000 1.214.044 1.214.044 1.214.044 1.412.379 5.054.511

HILERRIAK 101.000 607.022 607.022 607.022 558.942 2.380.008

HERRIKO BIDEAK 101.000 607.022 607.022 607.022 691.164 2.512.230

TOKI-PROGRAMAZIOAN, GUZTIRA 2.868.400 17.239.430 17.239.430 17.239.430 29.811.268 81.529.558

C.-TOKI GARAPENA 40.400 242.809 242.809 242.809 270.450 998.877

D.-4050 PLAN ERANTSIA 1 6 6 6 6 24

E.-BERARIAZKO PLANA 1.000.000 6.010.121 6.010.121 6.010.121 - 18.030.363

F.-PLAN BEREZIA 350.000 2.103.542 3.906.579 3.906.579 3.906.579 13.823.279

GUZTIRA 7.046.261 42.348.880 46.560.293 46.393.328 51.838.360 187.140.861

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru lege honek indarra hartzearekin batera, Nafarroako toki entitateek Nafarroako ogasun publikoaren tributuetan parte hartzeko funtserako 2002. urtean esleitutako diru-kopuruak erregularizatuko dira, lege honetan adierazitakoari egokitzearren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatzeko behar diren arauak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako Aldizkaria Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, baina 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

E R A N S K I N A

1. Taula

40.000tik goiti: 1,42.

10.001etik 40.000ra bitarte: 1,30.

4.001etik 10.000ra bitarte: 1,01.

2.001etik 4.000ra bitarte: 1,12.

501etik 2.000ra bitarte: 1,12.

1etik 500era bitarte: 1.

2. Taula Gastu funtzionalak. Ehunekoa

Gastu orokorrak: % 41,86.

Hezkuntza gastuak: % 8,01.

Osasun eta gizarte zerbitzuetako gastuak: % 7,61.

Herrilan eta hirigintza gastuak: % 29,49.

Kultura eta kirol gastuak: % 13,03.

3. Taula Aldagaia. Ehunekoa.

Gastuaren arabera ponderaturiko pop.: % 64,92.

Osaketaren arabera ponderaturiko pop.: % 10,04.

16 urte edo gutxiago dituen pop.: % 2,86.

65 urte edo gehiago dituen pop.: % 0,55.

Langabeen kopurua: % 0,55.

Hiri lurzoru garbia: % 7,08.

Zerga ahalegina: % 11,00.

Presio fiskala: % 4,00.

Herrilurretako balio katastrala: % -1,00.

4. TAULA

Aldagaiak eta aplikatutako iturriak

1. Udalerri bakoitzeko populazioa. Estatistikako Institutu Nazionalak emana (urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa).

2. Udalerri bakoitzeko populazioaren aldaketa azken hamar urte honetan. Estatistikako Institutu Nazionalak emandako datuekin egina.

3. Kontzejurik gabeko populazio entitateen kopurua (15 biztanle edo gehiago dituztenena). Estatistikako Institutu Nazionalak emana.

4. Herriguneetatik kanpoko populazioa. Sakabanatutako populazioa. Estatistikako Institutu Nazionalak emana.

5. Udalerri bakoitzeko 16 urtetik beheitiko populazioa. Estatistikako Institutu Nazionalak emana.

6. Udalerri bakoitzeko 65 urtetik goitiko populazioa. Estatistikako Institutu Nazionalak emana.

7. Langabeen kopurua. Estatistikako Institutu Nazionalak emana.

8. Hiri lurzoru garbiaren azalera. Planoan ageri den azalera (azalera grafikoa) ken lurzatiek batuta duten azalera (azalera alfazenbakizkoa). Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emana. Erreferentzia urtea, udalerrietako populaziorako ematen den berbera.

9. Zerga ahalegina:

Lurralde kontribuzioagatik likidatutako eskubideak. udalek Toki Administrazioko Departamentuari igorritako kontuen likidazioetatik aterea.

Udal bakoitzaren hirilur kontribuzioaren sarrera potentziala. Udal bakoitzaren hirilur kontribuzioaren likidazio oinarria bider merkatuko prezioei egokitutako koefizientea, etxebizitzen kasuan. Biak Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emanak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak, bider legez ezarritako tasa gehienezkoa.

Udal bakoitzaren landalur kontribuzioaren sarrera potentziala. Udal bakoitzaren landalur kontribuzioaren likidazio oinarria. Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emana. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak, bider legez ezarritako tasa gehienezkoa.

10. Presio fiskala:

Jarduera ekonomikoen gaineko zergagatik likidatutako eskubideak. Udalek Toki Administrazioko Departamentuari igorritako kontuen lokidazioetatik aterea.

11. Herrilurren katastroko balioa. Nafarroako toki entitate bakoitaren herrilurren ondasunen katastroko balioa da eta horretatik heldu dena. Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emana. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0207405