84. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

23/2002 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, alargun pentsioetarako laguntza bereziei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

FORU LEGEA, ALARGUN PENTSIOETARAKO LAGUNTZA BEREZIEI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44.17 artikuluak xedatutakarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa bereganatua du gizarte laguntzaren arloan. Horren ondorioz, Nafarroako Parlamentuak Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea onetsi zuen.

Aipatu foru legean, gai horretan egin beharreko lehentasunezko jarduketen barruan, baztertutako pertsonen bergizarteratzea bultzatzeko neurri gisa hartzen da. laguntza ekonomikoa.

Nafarroako gizarte bazterkeriaren aurkako planak ezartzen du oinarrizko errenta egokitu egin behar dela, Nafarroan errenta horretaz baliatzen diren familiek egun dituzten behar eta ezaugarrietara hain zuzen ere, eta pobrezia larrian dauden familia horiei gutxieneko dirusarrera batzuk bermatu behar zaizkie.

Estatuko batez besteko soldatarik altuenetakoa daukagu: 253.000 pezeta. Nafarroan, 26.013 alargun daude 61.349 pezetako batez besteko pentsio batekin; horietan, ehuneko 88k ez du lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen, eta ehuneko 10 besterik ez dago 70.000 eta 100.000 pezetako tartean. Datu horiek argi erakusten dute egoera, eta ezberditasun horiek deuseztatzeko ekintza politikoak lehenbailehen abian jartzea justifikatzen du.

Bestalde, Nafarroan, batez besteko pentsioa, 2001eko uztailaren 1ean, 101.367 pezetakoa zen, eta nabarmena da alde handiak daudela pentsio batzuen eta besteen artean.

Beraz, emakume eta gizon alargunekiko diskriminazioa dago, hala Nafarroan nola Estatu osoan. Gure erkidegoan, diskriminazio hori konpontzerik badago, alargun pentsio gutxienekoei laguntza osagarria emanez, pentsio horiek eta lanbide arteko gutxieneko soldata berdindu arte.

Foru lege honen helburua da alargun pentsio baxuenak hobetzea; bestalde, Nafarroako Parlamentuak behin eta berriz gizarte gaien arloan erakutsi duen kezkaren erakusgarri da.

1. artikulua. Pentsioaren zenbatekoa.

1. Alargun pentsioak jasotzen dituztenen baliabide ekonomikoak ez badira heltzen lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 100era, horretara heltzeko egin arte zenbat behar den, horrenbestekoa izanen da prestazio osagarri honen zenbatekoa.

2. Urtero ezarriko da zenbat diru jasoko duen prestazio osagarri hori jaso behar duen pertsona bakoitzak.

3. Premiazko produktuak eskuratu ahal izateko, prestazioa honela eman ahal izanen da: zuzeneko laguntza gisa eta, modu subsidiarioan, onura fiskal gisa edo "gauzatan", erregelamenduz ezartzen denari jarraikiz.

2. artikulua. Prestazio osagarria eskatu dutenen eta prestazio horren titularraren erantzukizuna.

Interesa duten pertsonak, betiere, eskabidean jartzen dituzten datuen erantzule izanen dira. Nafarroako Gobernuak, emaniko informazioa benetakoa dela egiaztatzeko, datu guztiak begiratuko ditu, berak dituen fitxategiak erabilita.

3. artikulua. Prestazio osagarriaren etetea.

Alargun pentsioaren prestazio osagarria amaitu eginen da, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 100 gainditzen badu alargun pentsioa edo bestelako edozein pentsio jasotzen duen pertsonak.

4. artikulua. Aurrekontuan esleitutako diru kopurua.

Alargun pentsioaren prestazio osagarriari aurre egiteko, kasuan kasuko kontusailaren edo gastu fiskalaren kargura diru kopuruak esleituko dira; hain zuzen ere, foru lege honetako 1. artikuluan ezarritako betebeharrei aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren diru kopuruak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat prestatuko du Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legea aldatzeko, alargunen berezitasunei aurre egite aldera.

Bigarrena.-Gizarte Ongizate kontseilariari esku ematen zaio foru lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Hirugarrena.-Foru lege honek 2003ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0207404