84. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

22/2002 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

FORU LEGEA, INDARKERIA SEXISTAREN AURKAKO NEURRI INTEGRALAK HARTZEARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Indarkeria sexista, etxean eta bikotekideen artean gertatzen dena barne, arazo publikoa da, eta gizarte osoaren inplikaziotik eta hari aurrea hartzeko eta hura saihesteko baliabide guztiekin heldu behar zaio. Asmo horrekin, dagoeneko erabilgarri ditugun lege erantzunez eta biktima diren edo izan daitezkeenen eskura administrazioak jartzen dituen bitartekoez gain, erantzun bide horiek handitu eta neurri juridikorekin egokitzea da asmoa, bai eta prebentzio neurriak hartzea hezkuntzan, prestakuntzan, informazioan, gizarte sentsibilizazioaren esparruan, gizarte eta osasun arloetan, eta lan esparruan. Biktimen aldeko neurriak ezartzen dira, nahiz eta, betiere, biktima akzio penalez balia daitekeen.

Indarkeria sexistak eragindako gertaerak saihestea da helburua eta, gertatuz gero, erasoa eta haren ondorioak jasaten dituztenak -erasotzailearen nola biktimaren ardurapean egoteagatik- babestea.

Gai honetan adituak diren nazioarteko erakundeek, Nazio Batuek edo Munduko Osasun Erakundeak kasu, arazo hau salatu dute eta agintariak premiatu dituzte horrelakorik ez gertatzeko neurriak abian jartzera. Halatan, Nazio Batuek, Emakumeei buruzko Munduko Konferentzian, 1995eko irailean, bereziki aztertu zuten emakumeen kontrako indarkeria, eta berdintasuna, garapena eta bakea bezalako helburuak lortzeko oztopotzat eta giza eskubideez eta banakako askatasunez baliatzeko eragozletzat ere kalifikatu zuten

Generoko estereotipo sozialek, usadioz, gizon eta emakumeen arteko hierarkia sortu dute, eta emakumeen gaitasun eta baloreekiko gutxiespenak aurreiritziak eta estereotipoak eragin ditu, gizarteko desoreka eta ez berdintasun handien iturri bihurtu direnak. Generoko indarkeria misoginiaren eta emakumeen kontrako zuzengabekeria sozialaren erakusgarri muturrekoena da. Indarkeria mota honek ez du aintzat hartzen ez mugarik, ez gizarte klaserik, ez hezkuntza mailarik: erasotzailea zein erasoa jasandakoa, biak, hezkuntza maila altukoak edo apalekoak izan daitezke, gizarte klase batekoak zein bestekoak, hala frogatzen baitu azken urteotan eginiko estatistika ugarik.

Indarkeria sexista desagerrarazteko gizarte osoak eta erakunde publiko eta judizial guztiek hartu behar dute parte, herritar guztiek halako jokabideak errefusa ditzaten lortzeko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua.

Foru lege honen helburua da indarkeria sexistaren aurrean sentsibilizatu, hari aurrea hartu eta hura desagerrarazteko neurri integralak hartzea, bai eta eraso fisiko eta psikologikoetako biktimak babestea eta haiei laguntza ematea ere.

Ondorio hauetarako, indarkeria sexistatzat edo generoko indarkeriatzat jotzen da indarkeria edo eraso egintza oro, sexu baten nagusigoan oinarritua, kalte fisiko, sexual edo morala dakarrena edo ekar dezakeena; horren barruan, halako egintzen mehatxuak eta derrigortzea edo askatasungabetze arbitrarioa ere sartzen dira, jendaurrean nahiz bizitza familiar edo pribatuan gertatu.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru lege honetan aurreikusitako neurriak Nafarroako Foru Komunitatean edozein motatako generoko indarkeriaren biktima den pertsona orori aplikatuko zaizkio.

II. KAPITULUA

Sentsibilizazio neurriak

3. artikulua. Ikerketa eta jarduketa planak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak indarkeria sexistaren arrazoi, ezaugarri eta ondorioei buruzko azterlan eta ikerlanak egin eta bultzatuko ditu, bai eta hari aurrea hartu eta hura desagerrarazteko aplikatzen diren neurrien eraginkortasunaren gaineko ebaluazioari buruzkoak ere.

2. Egiten diren ikerlan eta ekintza plan integralen hedapen publiko nahikoa eginen da, eta, bereziki, arlo sozial, juridiko, hezkuntzazko, sanitario, polizial eta judizialean gaiarekin lotura duten profesional eta erakundeei helaraziko zaizkie.

3. Nafarroako Gobernuak urte anitzeko ekintza plan integralak igorriko ditu, indarkeria sexistaren aurka borrokatu eta biktimei ematen zaien arreta hobetzeko, Parlamentuak eztabaida eta onets ditzan.

4. artikulua. Informazioa eta sentsibilizazio soziala.

Nafarroako administrazio publikoek generoko indarkeriaren gaineko sentsibilizazio kanpainak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldekoak eginen dituzte. Horretarako, behar diren baliabide guztiak erabiliko dira, herritarrek oro har eta bereziki emakumeek behar adina informazio izan dezaten dauzkaten eskubideei eta dauden baliabideei buruz. Arreta berezia jarriko zaie landa inguruneko emakumeei, etorkinei, ezgaitasunen bat daukaten emakumeei eta babes gabetasun maila handiagoa gerta daitekeen kolektibo edo arloetako gainerako emakumeei.

2. Hedabide publikoek edo baliabide publikoekin diruz lagundutako hedabideek indarkeriaz jardutea eragin dezakeen irudi edo eduki laidogarririk programazioan emanen ez dutela bermatuko du Foru Gobernuak.

5. artikulua. Hezkuntza arlo neurriak.

1. Hezkuntza administrazioak eskola erkidegoari zuzenduriko jarduerak egitea sustatuko du, indarkeria fisiko eta psikikoko jokaera eta jarrerei aurrea hartzekoak, gatazkak aztertu eta ebazteko estrategietan sakontzera eta pertsona guztiekiko errespetuan oinarrituriko bizikidetasunerako ikastera bideratuak.

2. Hezkuntzaren arloan, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko, Nafarroako Gobernuak, urtebeteko epean, hezkuntza maila guztietan, hezkuntza curriculuma osatzen duten eduki, prozedura, jarrera eta balore guztiak generoko ikuspegitik egokituko ditu.

3. Hezkuntza materialak berrikusterakoan, arreta berezia jarriko da gizon eta emakumeei balio ezberdina ematea sustatzen duten aipamen edo ideiak jasotzeagatik berdintasun printzipioa urratzen dutenak kanpo uzteko.

4. Hezkuntzako profesionalen prestakuntza programetan, generoko indarkeria ikasgai berezi gisa sartuko da.

6. artikulua. Hezkuntza plan eta proiektuetako jarraibideak.

1. Hezkuntza administrazioak hezkidetzari buruzko aholkuak emanen ditu, ikastetxeetako eta irakasleei laguntzeko zentroetako orientazio lanei euskarria emateko.

2. Tutore-lanei buruzko planek, hezkuntza maila guztietakoek, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduei buruz gogoeta egiteko atal berariazkoak izanen dituzte; halaber, ikasketa eta lanbideei buruzko orientazioa emanen dute, betiere pertsonen gaitasun eta ahalmenetan oinarritua, eta ez sexu batekoa ala bestekoa izatean.

3. Ikastetxeko hezkuntza proiektuen ereduek, hezkuntza administrazioak prestatutakoek, beren determinazioetan pertsona guztien gorputzarekiko errespetuzko, auto-estimuzko, segurtasun pertsonaleko eta errespetu eta indarkeria ezean oinarrituriko giza harremanak praktikatzeko jarrerak garatzea sustatuko dituzten jokabideko jarraibideak emanen dituzte.

4. Hezkuntza administrazioak ikastetxe guztietan hezkidetzako proiektu berariazkoak egitea sustatuko du. Proiektu horiek pertsonen benetako garapen integrala lortzen laguntzeko jarrera, balore eta ahalmenak bermatu eta sustatuko dituzte.

7. artikulua. Profesionalen prestakuntza.

Indarkeria sexistari aurrea hartu eta hura desagerraraztearekin eta indarkeria horren biktimei babes eta laguntza ematearekin loturiko entitate publiko eta pribatuetako langile guztiek parte hartzeko moduko prestakuntza programak jarriko ditu abian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak.

8. artikulua. Elkartze mugimenduak eta agerpen kultural eta artistikoak laguntzea.

1. Foru Komunitateko administrazioak indarkeria sexistaren gaineko sentsibilizazio, aurre-hartze eta desagerrarazte jarduerak antolatzen dituzten elkarteen aldeko laguntza ekonomikoei buruzko plan berezi bat eginen du.

2. Nafarroako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartu eta hura deuseztatzeko sentsibilizazio sozialeko estrategiak proposatzen dituzten agerpen kultural eta artistikoak sustatuko ditu.

III. KAPITULUA

Aurreneurriak

9. artikulua. Nafarroako polizia kidegoen espezializatzea.

Nafarroako Gobernuak eta polizia kidegoak dauzkaten toki entitateek poliziei behar duten prestakuntza eta baliabideak emanen dizkiete eraginkortasun handiena lor dezaten generoko indarkeriari aurrea hartzen eta biktimak babesteko hartu diren neurri judizialak kontrolatzen; horretarako, unitate bereziak sortu ahal izanen dira.

10. artikulua. Arreta eta informazio iraunkorrak.

Foru Komunitateko administrazioak informazio, laguntza eta aholkularitza zerbitzu iraunkor bat ezarriko du. Zerbitzu horrek urrutiko kontrol pertsonaleko sistema bat izanen du, zeinak indarkeriaren biktimak berehala aurkitu eta haiei laguntza emateko teknologia aurreratuko gailu elektronikoak erabiliko dituen.

11. artikulua. Topalekuak.

Emakumeen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentu edo erakundeak elkartzeko lekuak edo topalekuak sortuko ditu, aita-amek adingabeei egiten dizkieten bisitak egiteko, bikotean indarkeria aurrekariak gertatu eta deuseztasun, bereizte eta dibortzio kasuetan. "Topaleku" horietan agintari judizialei behar diren txostenak igorriko dizkien langile espezializatuek eginen dute lan.

IV. KAPITULUA

Biktimentzako babesa eta laguntza

12. artikulua. Aholkularitza neurriak eta laguntza juridikoa.

1. Tratu txarren edo eraso sexualen biktima direnentzako aholku eta laguntza juridikoa laguntza juridikoko zerbitzu baten bitartez eginen da. Zerbitzu hori etenik gabeko guardia lokalizatuko araubidean emanen da.

2. Laguntzaren barruan gutxienez ere biktimentzako orientazioa eta behar diren lekuetara eta jarduketak egitera lagun egitea egonen dira, -hala nola, osasun zerbitzu, polizi egoitza, egoitza judizial eta abegi etxeetara-.

3. Zerbitzu horren erantzukizuna hartuko duen entitateak behar direnak eginen ditu bere berri eta dauzkan betekizunen berri emateko.

13. artikulua. Larrialdi zerbitzua.

Larrialdi zerbitzuak larrialdiko laguntza emanen die, eguneko 24 orduetan, tratu txarren biktima diren emakumeei eta horien karguko adingabeei, Nafarroa osorako telefono bakar baten bitartez.

Zerbitzu horrek abian jarriko ditu kasu bakoitzean behar diren laguntza, babes eta abegi baliabideak, eta biktimei berehalako babes eta laguntza emanen die.

14. artikulua. Osasun laguntza

1. Foru Komunitateko administrazioak osasun jarduketako jarraibide uniformeak bere baitan hartuko duen protokolo bat prestatuko eta banatuko du, bai arlo publikoan bai arlo pribatuan. Protokolo horretan, halaber, indarkeria sexistaren biktimei laguntza ematen berariaz esku hartzen duten erakunde ezberdinekin koordinatzeko prozedurak sartuko dira.

Aurreko lerrokadako protokoloa osasun sistemaren zentro eta zerbitzu guztietan erabiliko da eta zerbitzuen ardura duten langileentzat behar diren irizpide teknikoak jasoko ditu tratu txarrak jasan ohi dituen edo tratu txarrak jasateko arriskuan dagoen emakumearekin lan egitean bideratzeko: arriskuari aurrea hartu, antzemate goiztiarra egin edo modu jarraituan esku hartzea.

2. Protokoloak txosten eredu bat edukiko du; bertan osasun arloan jarraituriko jarduketak eta emakumea kasuan kasuko gizarte zerbitzu berariazkoetara deribatu ote den jasoko dira.

3. Eraso edo tratu txarrek eragindako kalte fisiko edo psikikoak egiaztatu edo haiei buruzko susmo oinarritua dagoenean, txostena guardiako epaitegira edo fiskaltzara igorriko da.

15. artikulua. Laguntza psikologikoa.

Indarkeriazko ekintzen edo eraso sexualen biktima diren emakumeei doako laguntza psikologikorako eskubidea aitortzen zaie: horren barruan, hasierako arreta eta prozesu terapeutikoak irauten duen bitarteko jarraipena sartuko dira.

Laguntza hori berdin emanen zaie indarkeria egoera bizi izan edo pairatu duten adingabeei.

16. artikulua. Etxebizitza eskuratzea.

Indarkeria sexistaren biktima izan eta egonaldia bukaturik abegi etxeetatik joaten diren emakumeek doako behin-behineko lojamendu bat edukitzeko laguntza ekonomikoetarako eskubidea izanen dute, haien gizarte- eta lan-egoerak hala eskatzen badu. Laguntza horien zenbatekoa eta haiek emateko prozedura erregelamendu bidez ezarriko dira.

17. artikulua. Gizarteratzea eta laneratzea.

1. Nafarroako Gobernuak indarkeria sexistaren biktima diren emakumeak kontratatzen dituzten enpresa edo entitateentzat, dirulaguntzen araubide bat ezarriko du, eta, emakumeok langile autonomo gisa jarriz gero, beraientzat.

2. Halaber, kolektibo hori, Nafarroako Foru Komunitateak garatzen dituen prestakuntza edo gizarteratze eta laneratze programetan lehentasunez eta berariaz sartuko da, baina horretarako izena eman beharko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroetan.

3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lehentasuna emanen dio kolektibo horri enplegua eskatzeko zerrendetan.

4. Aurreko idatz-zatietan jasotako jarduketak lehentasunez aplikatuko zaizkie abegi etxeetan dauden edo egon diren emakumeei etxe horietatik atera eta hurrengo bi urteetan.

V. KAPITULUA

Prestazio ekonomikoak

18. artikulua. Oinarrizko errenta.

Nafarroako Gobernuak prozedura laburtu bat ezarriko du oinarrizko errenta tramitatu, eman eta ordaintzeko indarkeria sexistaren biktima diren emakumeentzat; horretarako, legez ezarritako baldintzak bete beharko dituzte emakumeek. Prestazioaren eskubidearen aitorpena eta haren ordainketa interesdunak kasuan kasuko gizarte zerbitzuetan eskaria egin eta hilabeteko epean gauzatuko dira.

19. artikulua. Larrialdiko laguntzak.

1. Gizarte zerbitzuek zuzenean kudeatuko dute berariazko kontusail bat, larrialdiko laguntzetarakoa; haren xedea izanen da berehalako erantzuna ematea larrialdi sozialeko egoeran daudenei: batetik baliabide ekonomikorik eduki ez eta indarkeria sexistaren biktima izan diren emakumeei, eta bestetik emakumeei laguntzeko zentroetan, abegi etxeetan edo larrialdiko zentro edo zerbitzuetan dauden profesionalen irizpideen arabera laguntza jaso beharrean dauden emakumeei.

2. Laguntza horien motak eta zenbatekoak eta haien kudeaketa-araubidea erregelamendu bidez ezarriko dira.

20. artikulua. Eskola laguntzak.

Hezkuntza administrazioak faktore kualifikatutzat hartuko du familia inguruneko indarkeria diru baliabide eskasak dauzkaten familientzako laguntzak arautu eta ezartzerakoan, batez ere eskola, jantoki eta eskolaz kanpoko jardueretarako gastuei dagokienez.

21. artikulua. Gorputzeko lesioengatiko edo kalte fisiko edo psikikoengatiko laguntzak.

1. Indarkeria sexistaren ondorioz gorputzeko lesioak edo osasun-kalte fisiko edo psikiko larriak dauzkaten emakumeek, erregelamenduz ezarriko diren baldintza eta betebeharrak betez gero, eskubidea izanen dute diru kopuru bat ordainketa bakarrean jasotzeko. Diru kopuru hori bateragarria izanen da epai bidez ezar daitezkeen kalte-ordainekin edo legez eskura ditzaketen bestelako prestazio ekonomikoekin.

2. Laguntzak ezartzerakoan, bereziki hartuko da kontuan biktimaren egoera sozioekonomikoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Erakundeen arteko akordioak eta jarduteko protokoloak.

1. Nafarroako Gobernuak bultzatu eginen du foru lege honen xedea den arloan lan egiten duten erakundeen eta administrazio publiko eskudunen arteko akordioak egitea, arlo polizial, sanitario, sozial eta judizialean indarkeria sexistaren biktima direnei laguntza orotarikoa eta koordinatua emateko jardute eta kolaborazio bidea izan daitezen.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, Nafarroako Foru Komunitateak, dagokion eremuan, departamentuen arteko behar diren protokoloak eginen ditu indarkeria sexistari aurrea hartu eta hura desagerrarazteko.

Bigarrena.-Jarduketen jarraipena eta haiei buruzko informazioa.

Nafarroako Gobernuak urtero Parlamentura nahitaez ondokoak jasoko dituen txosten bat igorriko du:

a) Foru administrazioak indarkeria sexistari aurrea hartu eta haren biktima diren emakumeei babesa emateko erabili dituen giza-, laguntza- eta diru-baliabideak.

b) Aurkeztutako salaketen kopuruari buruzko informazioa.

c) Indarkeria sexistaren biktima diren emakumeei laguntza emateko foru administrazioak egindako jarduketak.

d) Arloan eskumenak dauzkaten erakude edo organismoei egin zaizkien neurri juridikoen proposamenak -neurri prozesalak nahiz substantiboak izan-, gaur egun antzematen diren gabeziak konpontzeko lege- eta administrazio-tresna egokienak abian jartzeko, hain zuzen ere indarkeria sexistaren arazoari erantzun arinagoa eta egokiagoa emateari begira.

e) Indarkeria sexistari buruz hasitako zigor prozedurak, haien zenbatekoa, zigor prozeduraren mota, egotzitako delitu edo falta eta foru administrazioak prozedura horietan izan duen esku-hartzea aipatuta, betiere anonimotasunaz baliaturik, ukituriko pertsonen intimitatea errespetatzeko.

f) Erasogileak berregokitzeko aurrera eramandako jarduketak.

Hirugarrena.-Indarkeria sexista desagerrarazteko plan integrala.

1. Nafarroako Gobernuak, foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, indarkeria sexista desagerrarazteko plan integral bat onetsi eta Parlamentura igorriko du.

Planak, gutxienez, aplikatuko den aldia, bilatzen dituen helburuak eta ekintza publikoaren arlo ezberdinetan hartu beharreko neurriak jasoko ditu, bai eta hura aurrera eramateko aurreikusitako diru-baliabideak ere.

2. Plana aldez aurretik jendaurrean jarriko da, hilabetez gutxienez, profesionalek, eragile sozialek, emakumeen taldeek eta, oro har, generoko indarkeriari aurrea hartu eta hura deuseztatzeko interesa duten pertsona guztiek egoki jotzen dituzten ekarpen eta iradokizunak aurkez ditzaten.

AZKEN XEDAPENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0207403